Zubietan (Donostia) eraiki duten erraustegiak osasunean izan ditzakeen ondoriekin kezkatuta daude inguruko herrietako biztanleak. Andoaingo, Lasarte-Oriako eta Usurbilgo 39 amek bularreko esnearen laginak eman dizkiote Herbeheretako ToxicoWatch laborategiari erraustegia martxan jarri aurretik, eta martxan jarri ondoren ere emango dizkiote. Helduen zein umeen osasuna bermatzea nahi dutelako egin dute.

Zubieta Lantzen Donostian eraiki duten eta laster martxan jartzekoak diren erraustegiaren aurka sortu zen herri mugimendua da eta ekimen berri bat jarri du martxan: erraustegiaren isurkinak neurtu eta ikertuko ditu Herbeheretako ToxicoWatch fundazioaren eta Eusko Jaurlaritzak akreditutako Geyser enpresaren laguntzaz. Arrautzen, landareen, lurraren eta uraren laginak hartu dituzte orain, erraustegia martxan jarri aurretik, eta urtero-urtero laginak hartzen jarraituko dute, erraustegiaren isurkinak neurtzeko eta aldeak ikertzeko. Zehatzago esanda, neurtuko dutena zera izango da: erraustegiak isurtzen dituen metal astunak eta dioxinak nola metatzen diren bizirik dauden elementuetan. Europa mendebaldean ez da horrelako neurketarik egin aurretik, alegia, errauste planta martxan jarri aurretik. Horregatik da oso interesgarria hemen egin dena eta egingo dena, zero momentuan neurketak egitea, alegia, une hori errepikaezina baita.

Ikerketa are interesgarriagoa bilakatu da, beste lagin batzuk ere hartu direnean Herbeheretako ikerlariek hala eskatuta: ama-esnearen laginak. Usurbil, Lasarte-Oria eta Andoaingo 39 amek eman dute bularreko esnearen lagina, hori ere ikertua izan dadin.

Hala laginaren bilketak nola jarraitutako prozedurak, ekimen xume bezain sakona sortu du edoskitzen ari diren emakume hauen inguruan. HAZI HEZIk horretaz hitz egiteko elkartu ditu Lide Arriaga, Ainhoa Arrozpide, Koruko Eguren eta Onintza Gartzia bularra ematen ari diren amak eta Maider Usabiaga Zubieta Lantzeneko kidea eta bilketan bideratzaile izan dena. Bera izan zen beste bi ama eta bideratzailerekin batera bularra ematen ari ziren ama taldearengana joan eta guztia azaldu zietenetako bat: ikerketaren helburua ama-esnearen laginak hartzea zela, gero horiek Herbeheretako ToxicoWatch ikerlariei bidaltzeko, haiek ikertu ditzaten eta urtez urte jarraipena egin dezaten. Amek berehala eman zioten baiezkoa parte hartzeko proposamenari. Lide Arriagak dio ideia zoragarria iruditu zitzaiola, “benetan kezkatuta bainago erraustegiaren kontuarekin, are gehiago orain, umeak izan ondoren –bi semeren ama da, bata bi urte eta erdikoa eta bestea lau hilabetekoa–. Ondo iruditzen zait jakitea erraustegiak eragingo digun ala ez eta zein puntutaraino. Horregatik animatu nintzen parte hartzera”. Koruko Egurenek galdera bat egin zion bere buruari: “Zergatik ez? Ama-esnearen kasuan ez dakite oraindik erraustegiak eraginik izango duen ala ez, baina jakin egin nahi dugu. Orduan, zergatik ez? Nire eskuetan dagoen gauza xume bat eginez agian gauza asko jakin ditzakegu”.

Solasladira elkartutako hirugarren amak ere, Ainhoa Arrozpidek, ez zuen zalantzarik egin proposamena heldu zitzaionean: “Lehendik ere oso argi neukan errausketa kaltegarria dela, bai ekonomikoki, baita hondakinen kudeaketa ikuspegitik xahuketa onartezina iruditzen zaidalako, eta hori guztia gutxi balitz gehitu nahiko nioke osasun aldetik ere kezka handia sortzen didala, ikerketa asko baitaude jada kaltegarria dela ziurtatzen dutenak. Horregatik, prest nago esne lagin pixka bat Herbeheretako laborategi batera bidaltzeko, han aztertua izan dadin. Eta prest egongo naiz baita ere hemendik urtebetera berriro egin behar denean emateko, baldin eta bularra ematen jarraitzen badut”. Onintza Gartzia bi alaben ama da eta erraustegiaren aurka lan asko egin ez duenaren sentsazioa dauka: “Ez dut sentitzen gauza asko egiten ari naizenik eta pena hori daukat. Orduan, gauza xume honekin lagundu nezakeela ikusi nuenean, parte hartzea erabaki nuen, dudarik gabe. Egia esan, pila bat eskertzen dut talde hori lanean egotea”. 
Ama-esnearen lagina emateko prozedura osoan oso gustura eta lasai sentitu direla azpimarratu dute denek: “Oso sinplea izan da, konplikaziorik gabekoa eta beti oso goxo tratatuak izan gara”, dio Korukok. Bilera batean prozesu osoa nola izango zen azaldu zieten, esnea nola eta noiz atera behar zuten, esnea jasotzeko ontzitxoak banatu zizkieten, izozteko materiala ere bai eta hurrengo egunean itzuli ziren esne izoztuarekin. “Dena oso argia izan da, berme guztiekin. Dokumentu bat jaso genuen non esaten zen guk ematen genuen esne lagina ToxicoWatch laborategiko ikerketa batean erabiliko dela eta ez beste ezertarako edo beste asmo batzuetarako” gehitzen du Korukok. Maider Usabiaga bideratzaileak azaltzen duenez, “laginetan anonimotasuna gorde da eta ama-esneak laborategian erabakitzen diren kriterio eta irizpideen arabera nahastu eta taldekatuko dituzte”. Ainhoak gaineratzen du eroso sentitu direla, “ez gara herriko plazan jarri esnea ateratzen eta nahi dugun ontzian ekarri eta jaso. Berme osoekin egin dugu eta alde horretatik eskertu egiten diet borondatezko lanketa honetan aritu direnei”.

Esne ontzitxoak ematearekin batera, galdetegi bat ere bete zuten amek. Galdeketa horretan beraien elikadura ohiturak zein diren, zein garbitasun produktu erabiltzen dituzten, zein kosmetiko, non bizi diren, inguruan enpresa kutsagarriren bat badagoen eta abar galdetu zitzaien. “Galdetegiak zer pentsatua ematen zuen, konturatzen baitzara zure bizitzan zenbat gauzek eragiten duten”, dio Ainhoak. “Hala da, badirudi hainbat gauzek ez dutela zerikusirik, baina osotasunean hartuta bai, dena hor dago eta denari eragiten dio”, gehitzen du Korukok.

Maider Usabiaga pozik dago laginaren bilketak izan duen harrera onarekin: “Oso lan polita eta atsegina izan da. Ez genekien amek nola erantzungo zuten: beraiengana gerturatutakoan ez genekien nola hartuko zuten, zer irudituko ote zitzaien... eta jaso duguna izugarrizko energia positibo pila izan da. Bularra ematen ari diren amak oso kontaktuan daude etorkizunarekin eta lezio bat eman digute”. Bideratzaile lanetan aritu direnak ere emakumeak eta amak dira, bularra ematen aritutakoak, “eta oso polita izan da. Zeren proiektu honek badu ahalduntze alderdi bat. Ama izateak eta bularra emateak naturarekin zuzeneko harremanean jartzen gaitu, lurrarekin oso kontaktu handian, eta bereziki sentiberak gara horrelako gauzekin. Eta gure artean hau antolatu ahal izatea, gure esku dagoena egitea, oso polita izan da”.

Ama-esnea elikaduraz gain, lotura eta harremana delako
Gauza bat da arrautzetaz eta letxugaz hitz egitea, baina beste bat ama-esneaz. Nahi edo ez, modu berezian ukitzen gaituen gaia da. “Sei hilabetera arte hori bakarrik hartzen dute bularra ematea erabakitzen duten amen umeek”, dio Onintzak. “Baina elikaduraz gain, askoz ere gehiago da bularra”. Hor daude kontaktua, lotura, begirada, elikadura emozionala, segurtasuna... “Bere zailtasunak eta gogortasunak ditu, baina oso gauza berezia da bularra ematea. Onura asko ditu amarentzat, umearentzat...” gehitzen du Ainhoak. “Eta hor kanpoko faktore batek eragitea oso gogorra iruditzen zait. Onura horiek guztiak ematen jarraitu nahiko nuke eta nire ondorengo usurbildar eta gipuzkoar guztientzat gauza bera desio dut. Orduan, asko kezkatzen nau errauste planta batek hor eragitea eta hori kaltetzea. Ematen jarraitu nahiko nuke, ama-esnea ez delako elikagai soila, bularrarekin beste hainbat gauza ere transmititzen zaizkiolako umeari. Egunen batean titiari agur esateko unea iritsiko da, baina guk erabaki beharrean kanpo faktore batek eragitea gogorra da. Alegia, ama-esnea kaltegarria izatera iritsi daiteke beste batzuen erabaki oker eta arduragabekeriagatik? Errauste planta inposatu diguten agintarien jokabidea oso larria dela uste dut”.

Horixe da, hain zuzen ere ama hauen kezka. Lidek ere horretaz pentsatu izan du: “Nik ere momentuz nire umeari titia ematen jarraituko dut, nahiz eta erraustegia martxan jarri, badakidalako esperientziaz elikatzea baino askoz ere gehiago dela. Baina hemendik urte batzuetara ikerketen emaitzek badiote ama-esnearen toxiko maila nabarmen igo dela eta haur jaioberri bati hainbeste toxiko ematea txarra dela bere garapenerako, izugarrizko bihotzeko minez eta guztiz nire borondatearen aurka formulako esnea ematea erabakiko nuke. Eta erabaki hori nire baitatik kanpo datorren erraustegi horregatik izateak sekulako amorrua eta pena emango lidake. Tristea eta erabat bidegabea iruditzen zait. Bularra emateko eskubidea eta gozamena lapurtzea iruditzen zait. Zer esanik ez gaur egun zientifikoki frogatuta daudenean ama-esneak dituen onurak formulako esnearen aurrean. Eskubide bat kentzea da”. Erabat ados daude denak Lidek esandakoarekin: “Inork ez dauka eskubiderik hor kalterik egiteko, hor eskua sartzen hasteko, hori umearen eta bion arteko kontu bat da”, gaineratzen du sutsuki Ainhoak.

Egoerak galderak sorrarazten dizkio Korukori ere: “Hain ume txikia izanda, nik argi dut bularra emango diodala. Baina, kezka sortzen dit. Zer ari naiz ematen? Kalitatezko esnea ematen al diot? Gaur egun bai, baina hemendik denbora batera... Besterik ez daukan ume batek ez du kalitatezko bularreko esnea hartzeko aukerarik izango?”.
Onintzak dio berak ez duela planteatzen bularrik ez ematea erraustegia hor dagoelako, eta “horretarako  jarraitu egin behar da lanean, ahal den neurrian gauzak demostratzen, zer kalte eragingo duen jakiten, beste lurraldeetan zer gertatzen ari den informatzen eta abar. Zeren ikusten ari baikara hainbat lurraldetan erraustegiak ixten ari direla; eta hemen? Gainera Usurbilen, lehenengo atez ateko herria izanda, hainbeste birziklatzen den herri bat, jada ohitura osasuntsuak edo ohitura onak hartuta dauzkan herri baten ondoan jartzea? “.

“Niri mingarria egiten zait kutsatzea alternatiba dagoenean”, gaineratzen du Ainhoak. "Zergatik hartu arrisku hau, jadanik badaudenean beste erraustegietan egindako azterketak, zeinak kaltegarriak direla frogatzen duten? Zergatik arriskatuko gara hori gerta daitekeen ala ez jakitera? Horrek ikaragarrizko amorrua ematen dit, ikusteak agintariak zer arduragabekeriarekin ari diren jokatzen guztion osasunarekin. Eta kezkatu egiten nau. Hondakinak kudeatzeko beste alternatibarik ez balego, agian onartu egin beharko genuke. Baina jakinik alternatibak badaudela, Gipuzkoak trantsizio bat igaro zezakeela azken fase hori beste era batera kudeatuz, bada, oso mingarria iruditzen zait gure osasunarekin eta gure ondorengoenekin jokatzea. Ikaragarrizko mina ematen dit, alternatibak egon badaudelako”.

Argi ikusten dute bularreko esnea kalitatezkoa izateko borrokatu behar dela. "Eta ez gurea bakarrik, inguruko guztiena baizik. Osasunaren alde hitz egiten ari gara, baita erraustegia defendatzen dutenen osasunaren alde ere. Zeren, beraiek zer uste dute, beraiei ez dietela eragingo? Beraiek arnasten dutena desberdina izango dela?”, galdetzen du Lidek.

Eraiki da, baina...
Errauste planta eraikita dago eta horrek beste puntu batean kokatu ditu erraustegiaren inguruko herrietako biztanleak: martxan ez jartzea edota gelditzea da helburua hemendik aurrera. Korukok dio ikusi, jada, egunero ikusten dutela eta bisualki hunkitzen duela. Ados dago Lide: “Umea haur eskolara eraman eta jaisterakoan hor ikusten dut erraustegia eta kezkaz begiratzen dut; kerik ba ote dagoen, ez ote dagoen... Gogorra da kezka horrekin bizi beharra egunero. Martxan dagoen bitartean etengabeko kezka horrek nire zoriontasunean kalte handia egiten du”.

Etxeetatik, ikastolatik, haur eskolatik, kiroldegitik... leku askotatik ikusten dute erraustegia usurbildarrek. Ume kozkorragoek eraikitzen ikusi dute, lehen zuhaitzak bakarrik zeuden lekuan poliki-poliki, adreiluz adreilu eraikina nola altxa den ikusi dute. Denbora horretan galderak egiten aritu dira, eta hemendik aurrera txikiagoek ere galdetuko dute zer den hori. “Eta hor kontraesanak daude. Etxean zaborra gaika bereizten ikasten ari dira eta kozkorragoek jada barneratuta daukate beren egunerokotasunean hori ikusten dutelako. Gure seme-alabek bi edo hiru hilabetean behin errefusaren ontzia aterako dute, kantitate gutxi, eta hain gutxi aterata, erraustegian zer eta zenbat erretzen den galdetuko digute. Oso gogorra da zu arduratsua izan eta besteen arduragabekeriarekin ondorioak jasatea”.

Baikorrak izateko motiboak badaude
Egoera larria iruditzen bazaie ere, itxaropenari ateak itxi gabe daude ama hauek. Ongi kokatuta daude eta badakite zer den egin behar dena: lehenbailehen gelditu. “Badirudi eraiki aurretik egon zela aurka egiteko indar bat, orain onartu egin dela eta kito. Eta nik uste dut ezetz. Egoera horri aurka egiteko ekimen txiki eta erraz bat izan da geurea: hartu esne laginak, aztertu eta ea zein ondorio ateratzen diren”, dio Korukok. Onintzak gaineratzen du informazioa edukitzea garrantzitsua dela, “informazioa, kontrainformazioa, txostenak eta abar. Informatuta egon behar dugu ahaldundu gaitezen”.

Baikor dago Ainhoa: “Ni oso baikorra naiz, gai honetan arrazoiak eta argudioak aldekoak ditugulako. Denbora da kontua. Urte batzuk beranduago ez zen eraikiko. Baina eraikita egonda ere, geldiarazi edo ez dela beharrezkoa ikusiarazi behar dugu. Nik beti esaten edo entzuten den esaldi bat darabilt buruan: 'eman nahi duzun mundua'. Alegia, niri gurasoek utzi didaten mundu berdina utzi nahiko nioke nire semeari, edo ahalko balitz hobea. Eta nik oso garbi daukat errauste planta honekin nire ondorengoei ez diedala mundu hobea utziko, oztopo bat izango dela bide horretan".

Irmotasuna da ama hauek transmititzen dutena. Hori da Maider bideratzaileak ikusi duena beraiekin bildu denean. “Ama talde honek etorkizunerako ikuspegia aldatzen laguntzen du, eredu dira. Kontua da zer egiten dugun, nola ikasten dugun munstroarekin bizitzen, zeren egunero ikusten dugu hor. Horren aurrean hainbat joera egon daitezke: ostrukarena egitea, kezketan itotzea –horrek ez digu bizitzen lagunduko–... Eta ama hauek erakutsi edo transmititu didatena da kezketan ito beharrean okupatzea, preokupatu partez okupatzea. Zer egin dezakegun ikusi eta hor egon. Eta nik uste dut hemendik aurrera inportantea izango dela, egin dezakeguna egin eta hor egotea. Zeren beste toki batzuetan ere erraustegiak egon egon dira eta itxi ere egin dira hainbat kasutan. Zenbat eta gehiago egoten garen hor, eta neurtzen dugun eta frogatzen dugun edozer gauza zigorgabe ezingo dela egin, aukera gehiago edukiko ditugu kontuan hartuak izateko eta erraustegia ixteko, egin behar dena egiteko edo beraiek ere kontu gehiagorekin kudeatzeko planta hori”.