Ikasturteko bigarren greba eguna egin zuten Nafarroako irakasleek
Kalitatezko hezkuntza publikoaren alde, ikasturteko bigarren greba eguna egin zuten Nafarroako irakasleek joan den urriaren 29an LAB, Steilas, ELA, CCOO, UGT, ANPE eta Afapna sindikatuek deituta. Goizez zein arratsaldez manifestazioak egin zituzten Iruñean eta sindikatuek deialdiaren arrakasta azpimarratu zuten.
Lau eskaera nagusi egin dizkiote sindikatuek Nafarroako Gobernuari: ikasgela bakoitzean gehienez egon daitezkeen ikasleen ratioa jaistea, irakasleen soldatak igotzea, lan gainkarga arintzea eta behin-behinekotasuna apalduta, lantaldeak egonkortzea. Nafarroako Gobernuak, berriz, bi proposamen nagusi egin dizkie sindikatuei: ratioak “era progresiboan” jaistea eta irakasleen lan burokratikoa arintzea. Sindikatuen ustez, Hezkuntza Departamenduak bueltan egindako proposamena ez da aski, eta, beraz, negoziazioek aurrera jarraituko dute datozen asteetan.