Gasteizko Odon de Apraiz ikastetxean, Odon Kantuz ekimena sortu dute.
Gasteizko Odon de Apraiz ikastetxean, Odon Kantuz ekimenaren bidez, abendutik maiatzera hilero euskal kantu bat lantzen dute; eta hilabeteko azken ostiraletan, ikasleek, irakasleek eta familiek elkarrekin abesten dute kantaldian. Horrela, euskal kantutegi tradizionala berreskuratzeko eta belaunaldi berriei helarazteko bidea egiten dute.
Ixiar Mateos Gasteizko Odon de Apraiz ikastetxeko HH3ko irakaslea eta Euskara Batzordeko kidea da, eta beste lau irakaslerekin batera, Odon Kantuz izeneko egitasmoa kudeatzen du. 2018. urtean jarri zuten martxan ekimena ikastetxean, eta Mateosen hitzetan, proiektuaren muina erraza bezain esanguratsua da: “Ekimen honen helburua da, Euskal kantutegi tradizionalean ditugun abesti eta kantuak hartzea eta umeei erakustea. Izan ere, azken urteotan abesti horien transmisioan galera bat somatu dugu, eta Araban Bagare bezalako kantuak, adibidez, gaur egungo ume askok ez dituzte ezagutzen. Horregatik, egiten duguna da kantu tradizional horiek hartu eta ikasleekin landu”.
Behar horri erantzuteko, ekimena Euskararen Egunean abiatzen dute, abenduan, eta maiatzera arte luzatzen da: Euskara Batzordeko kideek hilabetero kanta bat lotzen dute, ikasturte amaieran kantutegi edo errepertorio txiki bat osatzeko. Kantu bakoitza eskolako egunerokoan txertatzen dute, gelaz gela, eta hilabeteko azken ostiraletan, kantaldia egiten dute.
Ikasleentzat ere esperientzia aberasgarria izaten da gurasoak ekimenean euskaraz parte hartzen ikustea
Ixiar Mateos, Odon de Apraiz ikastetxeko irakaslea eta Euskara Batzordeko kidea
Komunitatean mpartekatzeko egitasmoa
Mateosek argi dauka Odon Kantuz ez dela ikasgelan hasten eta amaitzen den ekimena. Kantu tradizional horiek ikasleekin lantzeaz gain, helburua komunitatearekin partekatzea ere badela gaineratu du: “Gaur egun eskoletan aniztasun handia dago, eta agian etxe batzuetan kantu horiek abestuko dira, baina beste batzuetan ez dute lekurik; hizkuntzak berak ere ez duelako beti leku handirik”. Horregatik, ekimena gurasoentzat ere irekia dago. Aurrez kantuak bidaltzen dizkiete etxean landu ditzaten, eta kantaldia egiten duten egunetan, ikastetxera hurbiltzen dira haurrekin eta irakasleekin batera kantatzera. “Egia da ekimen honek komunitatea batzeko balio duela ikasleak, irakasleak eta gurasoak elkarraraziz eta modu honetan, gurasoei ere espazio bat eskaintzen diegu”, adierazi du Mateosek.
Maiatzean, ikasturte amaierako kantaldian, gurasoek erabakitzen dute zein abesti landu nahi duten Mateosek azaldu duenez, eta egun horretan, haiek izaten dira eszenatokira igotzen direnak. Gainera, azken kantaldia ez dute beti ikastetxean egiten: ikasturte amaieran kantua eskolatik kanpora ere ateratzen dute, eta Zaramaga auzoan barrena egiten dute kantaldia, auzoari ere entzuteko aukera zabalduz: “Urte osoan zehar, maila ezberdinetako haurrak izaten dira oholtzara igotzen direnak, eta rolak txandakatzen joaten dira: batzuk aurkezpena egiteaz arduratzen dira, beste batzuk abesteaz, besteak dantza egiteaz, eta gainerako guztiak oholtzaren beheko aldean egoten dira, entzuten eta abesten, gurasoekin batera. Maiatzeko kantaldian, ordea, gurasoek dute haien proposamena pentsatzeko, prestatzeko eta oholtzara igotzeko ardura, eta asko hunkitzen diren unea izaten da. Horrez gain, ikasleentzat ere esperientzia aberasgarria izaten da gurasoak ekimenean euskaraz parte hartzen ikustea”.

Kantuak aukeratzearen zailtasuna
Urteek aurrera egin ahala, kantuen aukeraketa zailtzen doala aipatu du Mateosek, izan ere, aukeratzen dituzten abestiekin irizpide bat mantentzen ahalegintzen dira: “Batetik, generoaren auzia dago: aspaldiko kantak direnez, batzuetan uste dugu genero ikuspegitik ez direla guztiz egokiak. Horrez gain, erreferentzia diren emakumeen kantuak bilatzea eta aukeratzea ere zaila egiten zaigu; badira erreferentziak, baina sarritan kostatu egiten zaigu topatzea edo hautatzea”.
Bestetik, ekimenarekin zortzi urte daramatzatenez, batzuetan ideiak amaitzen zaizkiela ere aitortu du Mateosek: “Batzordean orain arte jubilatzera doazen kideak egon dira, eta haiek pista eta proposamen gehiago ematen dizkigute; aldiz, irakasle gazteagoak garenok, transmisio hori pixka bat galdu dugula sentitzen dugu, eta irakasle gazte askok ere ez dituzte dagoeneko kantu horiek hainbeste ezagutzen”.
Hala ere, tradizioari eutsi arren, gaurkotzeko aukerak ere bilatzen dituzte. Abenduan, esaterako, Erramun Martikorenaren Xorieri abestia prestatu zutela kontatu du Mateosek, baina gaur egun Izarok kantatutako bertsiora ekarriz: “Gaurkotuta dauden euskal kanta tradizionalak gurera ekartzen ahalegintzen gara, eta horren bidez egiten dugu ikasleenganako transmisioa”.
Gaurkotuta dauden euskal kanta tradizionalak gurera ekartzen ahalegintzen gara, eta horren bidez egiten dugu ikasleenganako transmisioa
Ixiar Mateos, Odon de Apraiz ikastetxeko irakaslea eta Euskara Batzordeko kidea
Egilea eskolara ekartzen dutenean
Hilabete batzuetan, kantua lantzea ez da abestia ikastearekin eta kantaldian partekatzearekin amaitzen. Mateosek kontatu du, tarteka kantuaren egilea ikastetxera ekartzen saiatzen direla, ikasleek abestiaren atzean dagoen pertsona ezagutu eta kantua beste modu batean kokatu dezaten: “Halako bisitek hurbiltasun handia ematen diote ekimenari; izan ere, bere ibilbidea duen, bere historia eta karrera egina duen, eta euskal kulturan erreferentzia den pertsona bat ikastetxera etortzeak ilusioa eta harrotasuna sortzen ditu. Nolabait, gure txikitasunetik ere gauza politak egin ditzakegula erakusten digu”.
Otsailean, esaterako, Araban Bagare abestia landu zuten, eta Gontzal Mendibil ikastetxera joan zen haurrekin batera kantatzera. Horrelako bisitek ekimenari beste indar bat ematen diteola adierazi du Mateosek: “Ikasleek ordura arte ikasgelan eta etxean landutako kanta, bat-batean, sortzailearekin partekatzen dute, eta esperientzia polita eta hunkigarria bihurtzen da”.

Ikasleen egunerokoan geratzen dena
Horrelako kantuak gelan lantzeak egunerokoan eragina duela nabarmendu du Mateosek, baita ikastetxeko ikasle txikienen artean ere: “Ni HH3ko irakaslea naizenez, nire umeek askotan eskatzen didate gelan Xorieri abestia jartzeko, eta ikasle guztiak abesten hasten dira. Azken batean, kantua asko lantzen baldin bada, eta gainera gurasoak gero ikustera etortzen baldin badira, beraientzat esperientzia oso aberasgarria da. Ekimen honekin, abestiak buruan geratzen zaizkie, eta askotan esaten digute behin eta berriz jartzeko, ikasleei pila bat gustatzen baitzaie”.
Askotan ahaztu egiten zaigu zer nolako garrantzia duen abesteak, elkartzeak eta komunitatea egiteak. Azkenean, abestiak berak esaten duen bezala, kantatzen ez duenak ez dauka zorionik
Ixiar Mateos, Odon de Apraiz ikastetxeko irakaslea eta Euskara Batzordeko kidea
Kantatzen ez duenak zorionik ez du
Odon Kantuz ekimenak zortzi urteko bidea du egina eta Mateosek adierazi du helburua proiektuari eustea eta jarraipena ematea dela: “Egin dugun bidea aintzat hartuta, pozgarria da, gainera, ekimena auzoan eta hirian zehar zabaldu dela ikustea; eta Odon de Apraiz ikastetxean aritu diren irakasle batzuk beste ikastetxe batzuetara joandakoan, ideia eraman eta han zabaldu dutela ikustea ere bai”.
Baina, funtsean, ekimenak ikastetxeko komunitatean utzi duen ikasgaia beste leku batean kokatzen du Mateosek: “Askotan ahaztu egiten zaigu zer-nolako garrantzia duen abesteak, elkartzeak eta komunitatea egiteak. Azkenean, abestiak berak esaten duen moduan, kantatzen ez duenak zorionik ez du; eta hori dela eta, abesti hori abesten dugu kantaldi amaiera guztietan”.