RAMON AGIRRE | AKTOREA
Gure ikastola, Donostiako Artzai Onaren (artean Buen Pastor) plazako pisu batean zegoen. Zehatzago esanda, Lacasa familiaren etxeko egongelan. Donostia erdialdeko etxeak haundi samarrak dira eta altzaririk gabeko gela hartan (andereñoarena zen aulki bakarra) egoten ginen, lurrean eserita, adin desberdinetako mutil eta neska mordoxka.
oizean behin baten batek besoa jaso eta baimena eskatuta (Andereño, joan leiket komunera?) altxatu eta gelatik alde egiten bazuen, agerian uzten zuen zoru puska egurrezkoa zela ohartzen ginen. Eta, hara! oholen arteko arrakalak arkatzen mina-mutur beltz, gorri eta urdinez beteta zeuden. Neretzat etengabeko jolasa bihurtu zen mina puska haiek hatzazalez ateratzen saiatzea. Eta egurrezko itsaso hartan arrantza egiteko amua zenbat eta luzeago, hobe. Orain badakit zergatik ez dudan sekula hatzazalei kosk egiteko ohiturarik izan.
Barka! Ez dizuet gure andereñoa aurkeztu. Karmele Esnal du izena. Guretzat Andereño Karmele, edo Andereño! zerbait esan edo galdetu nahi genionean. Noizean behin bisitaren bat izaten genuen ikastolan. Andereñoren laguna ote? Nobiyua? Ba zen bat sarritan etortzen zena eta neri beldur pittin bat ematen zidana. Dexenteko beldurra. Hogei urte beranduago nere lankide izango zen eta den Olatz Beobideren aita. Iñaki. Andereño Karmele oriotarra izaki. Egingo nuke Benito Lertxundi gaztea ere pasatu zela noizbait. Eta Jarrai antzerki taldean ibili zela kontuan hartuta, Ramon Saizarbitoria ere ez zen urruti ibiliko. Nobiyuak. Galdetu behar diot egunen batean… Baina bisitari nagusia, ile zuri, sotana beltz eta musikarekin etortzen zena, Nemesio Etxaniz, Don Nemesio. Artista eta apaiza. Don Nemesio azaldu eta gu kantuan hastea dena bat zen. Beti ekartzen zuen abesti berriren bat. Eta guk jo ta ikasi.
Batuketa eta kenketak egiten ere ikasi genuen. Eta beste zenbait gauza. Nago eragiketa matematikoak ere kantuz egiten genituela eta andereño Karmele eta bere lagunak eta nobiyuak oso metodo modernoak erabiltzen ari zirela jakinean edo oharkabean.
Buen Pastorreko (orain Artzai Ona) ikastola hartara joan ginenak zorte haundia izan genuela iruditzen zait.
Ezinezkoa deritzagu programazio kodifikatu eta zehatzaren arabera ibiltzea: halako egunetan, halako ordutan... baina horrek ez du esan nahi boluntarismo eta espontaneismo hutsetan ibili behar dugunik
Imanol Urbieta