AGUSTIN ZUBIKARAI BEKA IRABAZI DU ‘AMEK EZ DUTE IDAZTEN’ LANAREKIN. HARI DETEKTIBESKO BATETIK, AMATASUNAREN ETA ARTE SORKUNTZAREN ARTEKO HARREMANAZ GOGOETA EGITEA DU XEDE
Amek ez al dute idazten? Zer esan nahi duzu izenburuarekin?
Esaldia ez da nirea, Susan Suleiman idazlearena baizik. ‘Amek ez dute idazten, idatzita daude’, dio berak, aditzera emanez amatasunaren inguruko diskurtsoak, historikoki, ama ez zirenek idatzi dituztela, gizonek, finean. Amen ahotsa, XIX. edo are XX. mendera arte, isilarazita egon da, beti izan da beste bat ama on edo txar bat izatea zer zen diktatu duena.
Amatasunaren eta arte sorkuntzaren arteko harremanaz gogoeta egin nahi duzula esan izan duzu. Aurrera dezakezu nolakoa den harreman hori?
Anbibalentea. Berez, ekintza kontrajarriak dirudite. Nork dauka astia eta gogoa sorkuntzaren ur handitan barneratzeko bi urtez ez duzunean hiru orduz jarraian lo egin? Nola dedikatu goiz oso bat “hitz zehatzaren” bila inguruan umeen kaosa zabaltzen denean? Baina beste alde batetik amatasuna ere artea egiteko lehengaia izan daiteke, esperientzia zinez aberats eta iraultzailea den heinean.
Funtsean, artea sortzeko eta umeak sortzeko bulkada leku beretik dator, leku intimo eta misteriotsu batetik, arrazoiarekin azaldu ezin dena. Arrazoia baliatuz bakarrik argi daukat ez nukeela idatziko (zertarako hainbeste lan!) ezta umerik edukiko ere (zertarako hainbeste ahalegin!).
Ama gazte batek bere haurrak hiltzen ditu, horra zure nobela detektibeskoaren abiapuntua. Euskal literaturan gutxi jorratuko zen gai hori… Zergatik hartu duzu hain abiapuntu krudela?
Muturreko kasu bat hartu dut, amatasun idealaren kontra jotzen duena erabat. Muturrekoa da, baina gertatzen da. Gaur egun, gure inguruan, badaude beren haurrak hiltzen dituzten amak. Eta ezin dugu ulertu, psikiatra batek ama hori gaixorik dagoela konfirmatu dezan baino ez dugu nahi. Baina hala da beti? Abiapuntu interesgarria irudi-tzen zitzaidan amatasunaren inguruko oinarrizko galdera batzuk egiteko.
Zu ama eta idazlea zara. Nola kudea-tzen edo elkarlotzen dira bi langintzak?
Hasieran gaizki, alaba nagusia jaio zenean pentsatu nuen ez nuela sekula berriro idazteko denbora eta grina topatuko. Gerora buelta eman diot egoerari, onartu dut nahi baino gutxiago idazteko eta irakurtzeko denbora dudala, baina daukadan denbora apur hori aprobetxatu nahi dudala nire identitatearen parte ezinbestekoa ere baden atal hori zaintzeko. Hala ere, zailtasunak baditut noski. Batzuetan umea haur-eskolan utzi dut, negarrez, etxera itzuli eta idaztera jartzeko. Erru sentimendua ez da makala horrelakoetan.
Amatasunaz dezente idatzi izan da euskal literaturan. Irakurle bezala, zein liburu interesatu izan zaizu esparru horretatik?
Ez dut uste asko idatzi denik, eta ez zait izenburu aipagarririk bururatzen emakumeak idaztera jarri diren arte. Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik, panpox mugarri da alde horretatik. Eta gogoan dut inpresio handia eragin zidala Arantxa Iturberen Ai, ama memoria edo saiakera liburu horrek ere.
Eta erdaretako literaturan, amatasuna ildo duen zein liburu gomendatuko zenituzke?
Azken hamarkadetan boom antzeko bat egon da gaiaren inguruan, eta gaiari buruzko liburu on asko irakurri ditut. Bi gomendatuko ditut: saiakera bat, Adrienne Rich-en Of Woman Born, eta eleberri labur bat, No mama no, Verity Bargate britainiarrarena.