Maider Segurola, Euskadi Irratiko esatariaren iritzi artikulua.
Banekien lehenago edo beranduago gertatuko zela. Ez dakit non piztu den lehen txinparta, ez nuke jakingo esaten zein neurri duen garrak, atzera bueltarik ba ote dagoen edo benetakoa ote den larrialdia ere… baina alerta guztiak piztu zaizkit derrepente. Bai baitakit kea dela suaren lehen seinalea. Eta bai, azkenean ere kea sartu zaigu etxean. “Qué erraldoia” izan zen aurrena. Eraikuntza blokeekin nork dorre altuagoa egin jolasean ari zirenean hala bota zion semeak alabari, egindako eraikinaren altuerarekin liluratuta. Gerora entzun dizkiet "qué polita" eta "qué goxoa" bezalakoak ere, erdi broman eta jolasean. Nahikoa bai, lehen kearen seinaleak suarekin jolasean hasiak direla ohartarazteko. Non dago su itzalgailua?
Arnasgune ez den herri batean bizi gara, euskaraz. Bertan jaio eta hezi naiz ni ere eta egunerokoan darabilkidan hizkuntza maitatzen irakatsi didate etxean. Maitatzen baino areago: hizkuntza bat bihotzean izate hutsak ez du balio mihian bizirik dantzatzen ez badugu, horixe etxeko lezioa. Suz inguratuta eta kez betetako herri batean hazi arren, nire paisaje lingustiko pertsonalean euskara eta euskaraz arnastu dut erosoen. Orain ordea, niri dagokit etxetik jaso ditudan balio eta hizkuntza hautuak gure hurrengoei transmititzea eta hor hasi zaizkit orain arteko ziurtasun guztiak zartatzen.
Duela 40 urte ere euskara ez zen inondik ere nagusi gure herrian eta egun, beste hamaika hizkuntzarekin elkarbizi arren gazteleraren presentzia are indartsuagoa dela iruditzen zait. Guraso gisa mingarria zait entzutea gure txikiak elkarren arteko harremanak eraikitzen hasi diren honetan, gaztelerak zein toki duen, bai baitakit orain hartutako hizkuntza ohiturak nekez aldatuko dituztela aurrerago. Nik gaztelerarekin izan dudan segurtasun ezik ez diet opa nire seme-alabei, baina euskaraz pentsatu eta euskaraz ameste hutsarekin ez dut konformatu nahi. Euskaraz bizi daitezen nahi dut. Bide horretan, etxeko ohitura eta diskurtsoez gain, euren aisian ere euskarak tokia izan dezan ahalegintzen gara; izan herriko kultur elkarteak antolatzen dituen ekintzetan parte hartuz edo sentsibilitate linguistiko bera dugun familiekin planak eginez. Baina etsipenez aitortzen dut badakidala azken finean euren aukera izango dela nola harremanduko diren ingurukoekin.
Suz inguratuta bizi gara baina quéak ez diezaiela ez paisajea lausotu eta ezta euskaraz arnastea galarazi ere.