Esne Berriketan liburua eta Harrijasotzailea Peru harri museo-parkea, Leitzan.
Kilo batekin jaio zen Arantxa, amaren aurrenengo alaba. Maria Etxetxiki emaginak esan omen zion ikusi zuenean: “Hau da ume mirrina eta itsusia!”. Bederatzi hilabeteak kunplituta jaio arren, arratoi txiki baten antzekoa atera zitzaion, erkina eta beltx-beltxa. Ekonomikaren aldamenean edukitzen zuten zapata-kaxa batean goatatan bilduta, eta amaren esnea koilaratxo batekin ematen zioten ahora. Aitari, egunero-egunero, lanetik bueltan, odol pixka bat ateratzen zion praktikanteak, umeari sartzeko. Aita ezkaratzera iristerako hasten omen zen negarrez haurra. “Kostako zain nik higatik adina hik nigatik egiten!” esaten zion aitak gerora, orratzei zien beldurragatik. Kiloa baino ez zen, baina aurrera atera zen Arantxa, aitaren odoleko eta amaren esneko umea.
Liburua: Esne Berriketan (Elkar, 2025).
Egilea: Uxue Alberdi eta Begoña Durruty.
Artelana: Harrijasotzailea, Peru harri museo-parkea, Leitza.
