Praktika filosofikoa bultzatzeko euskaraz prestatu den lehen Haur Filosofia materiala argitaratu dute Arizmendi ikastolak eta Filosofia Faktoriak. Eleberri bat eta gidaliburua lagun, haurrei beren kabuz pentsatzeko erronka eskaintzea da helburua.

Gaur egun asko baloratzen da nork bere kabuz pentsatzea, kritikoa izatea eta jasotzen den informazio uholdearen aurrean erne egotea. Abilezia horiek garatzen laguntzen du praktika filosofikoak. Horren jakitu izanik, material interesgarria bezain erabilgarria argitaratu dute Arizmendi ikastolak eta Filosofia Faktoriak. Batetik, Matthew Lipmanen 8-10 urte bitarteko haurrei zuzendutako Kio eta Gus eleberri filosofikoa itzuli eta egokitu dute. Eta bestetik, horren osagarri, egile beraren lanean oinarrituta, Munduaren aurrean harritzen gidaliburua ondu dute irakasleentzat. Material biekin ikasgela ikerketa-komunitate bihurtzea bultzatu nahi dute. Horretarako, elkarrizketa filosofikoa eta haur eta nerabeen pentsamendu konplexua bultzatzeko ariketak proposatzen dira. 

Urteak daramatza Filosofia Faktoriaren sortzaile Miren Camisonek Arizmendi ikastolan haurrentzako filosofia tailerrak eta prestakuntza ikastaroak ematen. “Gogoetarako eta elkarrizketarako gaitasuna garatzen lagundu nahi dugu, bizitza pertsonalean eta kolektiboan eragiteko”, dio Camisonek. “Eta material berri honek bide hori jorratu nahi duen orori laguntza emango dio”. 

Matthew Lipman Fhilosophy for Children (Haurrentzako filosofia) hezkuntza proposamenaren egilearen lanean oinarritu dira material hau egiteko. “Eleberria 8-10 urte bitarteko haurrei zuzendua da eta ikuspegi euskaldunetik moldatu dugu, guretik abiatuz munduaren irakurketa kritikoa eta gogoeta egiten ikas dezaten”. Horrekin batera, eleberriaren osagarria da irakasleentzat edo adin horretako haurren bidelagun direnentzat prestatu duten gidaliburua: Munduaren aurrean harritzen. “Konfiantzaren Pedagogia garatzen duen hezitzaile oro haur eta gazte filosofiaren aukera metodologikoaz trebatu dadin egokitu eta euskaratu dugu Lipmanen lana”, zehazten du Camisonek. “Beste hitz batzuetan esanda, metodologia filosofikoa lantzen duen materiala da”. 

Eleberriaren irakurketa 

Kio eta Gus eleberriaren protagonistak fikziozko bi haur dira. Gusek pertzepzioaren desgaitasun bat dauka, ez du ongi ikusten. Baina, halere, munduan murgiltzeko duen gaitasunaz harro dago eta ez du bere buruaz gupidarik. Kiorekin dituen elkarrizketetan sendo agertzen da. Haur biek mundua esperimentatzeko eta ulertzeko duten modua ez da berbera. “Interesgarriena haurrei edo ikasleei ikuspegi ezberdintasun horiek erakustea da”, Camisonek dioenez. “Kontura daitezen, ikusmenaren pribilegioa dutenek, ez dutela horregatik munduaren funtzionamenduaren ezagutza zorrotza zertan izan”. 

Haurrek txandaka irakurri ditzakete eleberriko pasarteak. Taldekako irakurketan haurrak irakurketa, hizketa eta entzutearen konbinazioan sartzen dira. Ondoren, helduak elkarrizketan jarraitu beharreko testuingurua finkatu dezake, eta aldi berean, haurrei hausnarketarako elkarrizketa eredu bat eskaintzen die. “Irakurketaren ondoren, haurrei eskatzen zaie zehaztea zer iruditzen zaien interesgarria irakurtzen ari diren pasartean. Horrek elkarrizketarako gaiak izendatzeko aukera ematen du”, azaldu du Camisonek. “Sortzen den elkarrizketaren bidez, irakasleak, ongi deritzonean, gidaliburuak eskaintzen dituen ariketak, elkarrizketa eta ikerkuntza proiektuak sar ditzake. Horrela, zenbait gai lantzeko eta hizketagai duten pasartearen esanahia argitzeko behar diren pentsamendu trebetasunak indartuko dituzte”. 

Gidaliburuaren orriz orrikoa

 Gidaliburuaren hasieran metodologiari eskainitako kapitulu bat dago eta bertan zehazten da nola erabili eta landu eleberri filosofikoa ikasgelan, zein den irakaslearen rola, eta zer egin daitekeen ikasle guztiek elkarrizketa filosofikoan parte har dezaten. Ondoren, eleberriko atalen lanketarako elkarrizketa filosofikoak, ariketak, ikerkuntza proiektua, zoologia eta literaturako proposamenak, jolasak eta ariketa artistikoak eskaintzen dira. Lipmanen euskarazko bertsio honi Camisonek idatzitako Artearen bidez pentsatzen eranskina gehitu diote. Eranskinak Kio eta Gus eleberrian agertzen diren gaiak hainbat arte diziplinen bidez sakontzeko aukera eskaintzen du. 

Kapituluak irakurriz eta horiei buruz hitz eginez, haurrei beren kabuz pentsatzeko erronka eskaintzea da xedea, eta haurrak arrazoitzera animatu nahi dira.