Emakume askori kezka sortzen dien gaia da: egokia al da haurdunaldian kirola egitea? Fetuari min emateko arriskurik ba al da? Ariketa fisikoa egitea oso komenigarria da baita haurdunaldian ere, baina garrantzitsua da egiten dugun hori emakume bakoitzaren eta haurdunaldiko etaparen arabera egokitzea. 

Gero eta gehiago dira haurdunaldian kirola egitera animatzen diren emakumeak. Garrantzitsua eta oso komenigarria da haurdunaldian zehar ariketa fisikoa egitea, baina, kasu bakoitzaren arabera egokitu beharra dago. Anabel Urkiola zoru pelbikoan eta arlo neurologikoan espezializatuko fisioterapeuta da eta Loratuz fisioterapia zentroko arduraduna, eta ezer egiten hasi aurretik ongi informatzeak berebiziko garrantzia duela dio: “Emakume gehienek lehenengo eta azkeneko hiruhilekoan kirola egiteari uzten diote, beldurragatik. Ez dakitena da, ariketa fisikoak, karena ezartzeari laguntzen diola eta umetokiaren eta karenaren arteko konexioa bermatzen duela”.

Haurdunaldian bizimodu aktiboa izateak, gizentasunarekin eta sedentarismoarekin lotutako arriskuak saihesten ditu. Hori bai, ezer egiten hasi aurretik, oso garrantzitsua da balorazio bat egitea, ariketa fisikoa egiteko programa pertsonalizatua egitea eta alarma seinaleei arreta jartzea, horietakoren bat agertuko balitz ariketa fisikoa eteteko. Sabeleko mina, arnasa hartzeko zailtasunak, likido amniotikoa galtzea, giharretako ahulezia, pelbisean edo bularren mina sentitzea, buruko min handia, umetokiko uzkurdura goiztiarrak, zorabioak, umearen mugimendua gutxitzea, baginako odol-galerak, neke izugarria… Horiek guztiak alarma-seinaleak dira eta baten bat agertuz gero, medikuarengana joatea gomendatzen da. Haurdunak neurriak hartzea eta kontraindikazioak zein diren jakitea oso garrantzitsua da.

Komeni dena eta ez dena
Haurdunari gehien komeni zaizkion kirol motak hauek dira: oinez ibiltzea, igeri egitea, bizikleta estatikoa, inpaktu txikiko ariketa aerobikoa, yoga egokitua, pilates egokitua eta haurdunentzako entrenamendu espezifikoa. Urkiolak azaldu du zertan datzan entrenamendu mota hau: “Fisioterapeuta batek egindako programa pertsonalizatua da. Profesional horrek, emakumearen egoera aztertzen du, eta haurdunaldiko etaparen arabera egokitzen du. Hirugarren hiruhilekoan, adibidez, elastikotasuna lantzera eta tentsioa murriztera bideratutako ariketak izango dira”.

Lehenengo hiruhilekoan, berriz, helburu jakin batzuk ezarriko dira, eta ariketak horien arabera planteatuko dira. Helburu horietako batzuk hauek izan daitezke: postura egokiak mantentzea, indarra handitzea, gorputzaren osaera mantentzea edo hobetzea, korearen eta zoru pelbikoaren tonua orekatzea, gaitasun aerobikoa lantzea…

Badira saihestu beharreko kirolak ere: kontaktuzko kirolak, erorketak izateko arriskua duten kirolak, sabeleko traumatismoa eragin dezaketen kirolak, urpekaritza, parakaidismoa, hot yoga, hot pilates, 2.000 metroko altueratik gorako entrenamendua edota karga handiak altxatzea, besteak beste.  

Fetuari min emateko beldurrez kirola egiteari uzten dioten edo kirolik egiten ez duten emakumeak badira, eta hori informazio faltagatik izaten dela dio Urkiolak: “Animatzeko esango nieke, onurak amarentzat zein umeentzat direlako. Emakumea entrenatzen ari denean, ez baitu soilik berak entrenatzen”. Umeari ere mesede handia egiten dio. 


Zer onura dakar haurdunaldian egokitutako kirola egiteak?

Amarentzat:

- Gaitasun metabolikoak eta bihotzeko eta biriketako gaitasunak hobetzen ditu.
- Haurdunaldiko diabetesa izateko arriskua murrizten du.
- Erditzeko prozesuak errazten ditu.
- Amaren egoera fisikoari eusten dio eta egunerokotasuneko ekintzetan nekea murrizten du.
- Pisu irabazia kontrolatzen laguntzen du.
- Antsietaterako eta depresiorako tolerantzia hobetzen du.
- Gorputzaren irudia hobetzen du.
- Lunbarretako mina saihesten du.

Umearentzat:

- Fetuaren garapen psikomotorea handiagoa da. 
- Nerbio sistemaren heltzea hobea da. 
- Karenaren bideragarritasuna hobetzen du. 
- Likido amniotikoa handitzen du.
- Jaiotzean pisua normala izatea bultzatzen du. 
- Garapen neurologikoa hobetzen du.
- Orientazioa eta lasaitzeko gaitasuna hobetzen ditu.