Markel Baroja | EBETE hizkuntza zerbitzuetako kirol saileko arduraduna

Ikasleek euskara maila egokia lortzea da eskolaren helburuetako bat, baina, maiz, ez da aski eskolan egiten den lanarekin. Haurren eta gazteen euskalduntzea indartzeko, aproposak dira eskolaz kanpoko jarduerak; kirola, besteak beste. Kirol jardueretan euskara indartzeko lanean ari da EBETE elkartea.

 

Ikasgelatik harago, eskolaz kanpoko jardueretan ere euskararen erabilera sustatzea du helburu EBETE elkarteak, eta, horretarako, esparru egokia da kirola, askotariko espazioa delako eta nolabait eskolaren eta eskolaz kanpoko eremuaren arteko zubi lana egiten duelako. “Kirol jardueretan euskara indartzen. Entrenatzaileentzako material praktikoa” izeneko gida argitaratu du elkarteak. Euren lanari buruz aritu da Markel Baroja, EBETE hizkuntzako zerbitzuetako kirol saileko arduraduna.

 

Kirol jarduerak euskalduntzeko lanean ari zarete EBETEn. Zertan ari zarete, zehazki? 

EBETEk diseinatutako kirol proiektua aurrera eramaten ari gara, Bizkaiko 22 herritan. Kirola oso erdaldunduta dago Bizkaian, eta erronka handia dugu. Kirola esperientzia positiboekin lotzen da, eta uste dugu umeek euskara esperientzia positibo horiekin lotzeak euskararekiko duten pertzepzioan eragiteko balio duela. Bestalde, garrantzitsua da euskara ez lotzea eskolarekin soilik, eta gizartean bestelako espazio bat behar duela ikusaraztea. Kirola aniztasun handiko espazioa da, askotariko jendea biltzen duena eta adin tarte zabala hartzen duena. Gainera, kirola euskara sustatuko duen tresna indartsua izan liteke eremu soziolinguistiko erdaldunetan. Kirolak hizketarako eta komunikaziorako tarte ugari eskaintzen ditu, hizkuntzarekin lotura duten egoera asko sortzen baitira kirolean.

 

“Kirol jardueretan euskara indartzen. Entrenatzaileentzako material praktikoa” izeneko liburuxka argitaratu duzue. Zer helburu du material horrek? 

‘Entrenatzailea zara; beraz, entrenamendua euskaraz egin behar duzu’ esaldia lausotu nahi izan dugu, eremu erdaldunetan entrenamendu osoa euskaraz egitea exijentzia gogorra izaten delako. Gidak entrenamenduetan pixkanaka euskara txertatzen lagundu nahi du.

 

Entrenatzaileek lan handia egin dezakete ildo horretan, baina ez dira bakarrak, ezta? 

Ez. Kirolariek euskararekiko duten pertzepzioan eragin dezaketen zazpi atmosfera identifikatu ditugu guk, eta guztietan eragin nahi dugu: zuzendaritza taldeak, entrenatzaileak, kirolariak, komunikazioa, ekimen sozialak, gurasoak eta erreferentziazko pertsonak. Gurasoekin eta erreferentziazko pertsonekin, aurrerago hasiko gara lanean.

 

Erreferentziazko pertsonen artean kirolari profesionalak sartuko dituzue? 

Kirolari profesionalak eta gertuko erreferentziazko pertsonak sartu nahi ditugu. Goi mailako profesionalen maila berean jarri nahi ditugu herrietako taldeetako kirolariak. Haurrek harreman handiagoa dute herriko kirolariekin, ezagunak zaizkie, espazioak partekatzen dituzte… Horiekin, errazagoa da helburuak lortzea.

 

Hiru urte igaro dira egitasmoa martxan jarri zenutenetik. Ikusi al duzue emaitzarik?

Zuzendaritza talde batzuei hainbat irizpide ezartzen eta norabidea zehazten lagundu diegu, eta, pixkanaka, ohitu dira zenbait gauza euskaraz egitera. Entrenatzaileen kasuan, jarraipena ez dugu guk egiten; baina liburuxka helarazi diegu, eta batzuek entrenamenduetan euskara erabil dezaten lortu dugu. Kirolarien artean ikusi ditugu, batez ere, aurrerapausoak. “Hitzez jolastu” izeneko dinamika abiatu genuen, eta, hala, lehiaketen ostean, entrenatzaileek haurrei elkarrizketak egiten dizkiete. Eremu erdaldunetako umeak pozik eta, batzuetan, urduri ere ikusten ditugu, mikrofonoaren eta kameraren aurrean euskaraz hitz egiten dutenean, eta ahalegin handia egiten dute ongi hitz egiteko. Nik uste dut hori lorpen handia izan dela; irakasleei maiz entzuten diegu ez dutela lortzen umeek euskaraz hitz egiteko ahalegina egitea. Aurrerapauso handiak eman dira, eta ikusten ari gara, denborak aurrera egin ahala, euskara maila hobetzen dutela haurrek eta gazteek.


Bi bide euskara sustatzeko

“Kirol jardueretan euskara indartzen. Entrenatzaileentzako material praktikoa” izeneko liburuxkan, bi bide proposatu ditu EBETEk: bide urdina eta bide horia.

Bide urdina 

Bide urdinean, lau ataletan banatu dute entrenamendua, eta proposamen zehatza egin dute: entrenamendu osoa euskaraz egin beharrean, euskararen presentzia bermatzea entrenamenduetan. Lau atal bereizi dituzte: harrera, beroketa, teknifikazioa eta lasaitzea.

Bide horia 

Bide horian, berriz, subjektiboagoak diren alderdiak sartu dituzte eta hiru erronka zehaztu dituzte: lehenik, entrenatzailea euskaraz entzutera ohitzea umeak; bigarrenik, umeek entrenatzailearekin harremanak euskaraz izatea, eta, azkenik, kirolariek euren artean euskaraz egiteko aukerak sortzea.