Azken urteotan, IKT baliabideek zeharo aldatu dute gure gizartea eta lan egiteko era. Eraldaketa hori eskolako funtzionamenduan ere islatu da, eta, gaur egun, konpetentzia digitala gure hezkuntza-sistemako ardatzetako bat bilakatu da. Irakasle askok baliabide berriak bilatu, eta prestakuntza jasotzen jarraitu behar izan dute, testuinguru berrira egokitzeko. Horietako askok tresna bikaina aurkitu dute komikian ikasleak euskaraz idaztera motibatzeko. Ikasgeletan IKT baliabideak aukera didaktiko gisa gero eta gehiago erabiliko direla kontuan hartuta, komikiak modu birtualean sortzeko zenbait aplikazio aztertuko ditut artikulu honetan.


Komikia beste hizkuntza bat da. Irakurlearen konplizitatea behar duzu, poesiaren oso antzekoa da

Josema Carrasco


Gaur egungo gazteek ez dute lehen bezainbeste irakurtzen, "kontsumitzeko errazagoak" diren beste produktu asko dituztelako; esate baterako, telesailak, filmak, Youtubeko bideoak eta beste plataforma batzuk. Eduki horiek, gehienetan, ingelesez edota gaztelaniaz kontsumitzen dituzte. Horrexegatik, irakasle askoren hitzetan, gero eta nekezagoa da ikasleak euskal literaturara hurbiltzea. Estimuluz inguratuta bizi dira, eta irudia gailendu da gizartean. Dudarik gabe, euskaraz irakurtzearen eta idaztearen aldeko aldarrikapena egin behar dugu eskoletan; baina kontziente izan behar dugu egungo testuingurua asko aldatu dela. Gazteek, oro har, asko maite dute IKT baliabideak erabiltzea, eta, horrexegatik, eskaintzen dut horien bitartez literaturara hurbiltzeko proposamen hau.

Komiki birtualak

Komikiak dira irudia eta letrak hobekien uztartzen dituen genero literarioa; irudiak letrak besteko garrantzia du testu mota honetan, eta ikasle gaztetxoenak literaturara hurbiltzeko parada ezin hobea ematen digute. Komikia gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari da bizi garen irudiaren kulturan. Hasieran, azpiproduktutzat hartu zen, entretenitzeko eta gazteak motibatzeko. Sortzaileen ideia eta irudien ontzi gisa baino ez dute balioetsi kritikariek, baina irakurlearekin duen harreman komunikatiboagatik ere nabarmentzen da. Horrez gainera, irakurketa erraza eta irudimenik gabea eskaintzen digute beste literatura mota batzuen aldean. Orain arte, komiki bat idazteak nolabaiteko gaitasun artistikoa eskatzen zuen, testuak idazteko abileziaz gain. Denbora luzea behar izaten zen testu-genero hau gelan lantzeko; izan ere, ardura handiagoa eskatzen zuen marrazketak testuaren ekoizpenak baino. IKT baliabideak erabilita, komiki birtualak egin ahal ditugu egun. Horiei esker, ikasleek erraztasun handia izango dute istorioak sortzeko, aparteko abilezia informatiko edota artistikorik izan gabe. Tresna teknologikoen bitartez, istorio ugari sortu ahal izango dituzte oso modu sinplean, ordenagailu bat eta Internet konexioa baino ez dute behar izango-eta, istorioaren testuarekin bat datozen ehunka irudi birtual topatzeko. Horrela, irakasleek idazmenaren lanketan eta komikiaren berezko ezaugarrietan jarriko dute indarra, betiere IKT baliabideek sortzen duten motibazioaz baliatuta.

Komikiaren ezaugarriak

Komikiaren erabilera eraginkorra izan dadin, beharrezkoa da testu-genero honek dituen ezaugarriak eta egiturak ezagutzea. Baliabideari zukua atera ahal izateko, ezinbestekoa da ongi programatzea eta komikiaren hizkuntza menderatzea; horrez gain, kode-sistema luze batek ordezkatzen du. Informazio-fluxu handia transmititzeko gai da, eta irudikapena ahalbidetzen du. Komikia oso moldagarria da, eta aukera ematen du haurrek eta gazteek marrazketan eta idazketan oinarritutako narrazioak adierazteko eta interpretatzeko.

Tresna baliagarriak

Ondorengo lerroetan, komikiak sortzeko hiru programa ikusiko ditugu. Bakoitzaren ezaugarriak eta abantailak aipatzea izango da helburua, baita bakoitzaren erabilgarritasuna aztertzea ere.

1) MAKEBELIEFSCOMIX: ikasle gaztetxoei zuzenduta dago. Oso tresna intuitiboa da, eta erabiltzeko erraza. Lehenengo komikiak sortzen hasteko aproposena. Irudi eta baliabide mordoa eskaintzen ditu programak, klik gutxi batzuetan komikiak egin ahal izateko. Guztiz doakoa da, eta ez du aparteko informatika mailarik eskatzen. Zortzi urtetik gorako ikasle gazteei zuzenduta dago. Sorkuntzak gordetzeko aukera ematen du, ondoren online editatu ahal izateko; posta elektronikoz parteka daiteke, eta inprimatu.

2) PIXTON: komiki birtualak sortzeko programarik osoena. Istorioak sortzeko irudiak, agertokiak, testu motak, objektuak eta abar eskaintzen ditu. Hamar urtetik gorako ikasleentzako egokiagoa; izatez, nolabaiteko oinarrizko maila informatikoa eskatzen du. Egindako istorioak partekatzeko, taldean lan egiteko eta sorkuntzak inprimatzeko aukera ematen du. Doako bertsioak baliabide ugari eskaintzen dizkigu, nahikoak eta soberakoak eskola mailarako, baina "premium" aukera erosteko modua ere badago

3) STORYBOARD THAT: aurreko bi aukeren artean dago. Pixton baino sinpleagoa da (doako bertsioa), baina Makebeliefscomix-ek baino aukera gehiago eskaintzen ditu. Komikiak oso modu errazean prestatzen dira, minutu gutxi batzuetan. Doako bertsioa nahiko mugatua da, ikasle bakoitzak egin ditzakeen komiki eta bineta kopuruari nahiz irudi, argazki, kontu eta abarri begira. Baina prezio merkean baliabide interesgarri ugari eskuratzeko aukera ematen du. Beraz, paregabea da komiki birtualek ikasleak idaztera motibatzeko eskaintzen diguten aukera. Betiere, aipatutako aplikazio eta tresnei erabilera egokia ematen badiegu, jakina, eta jarduerak aldez aurretik ondo prestatzen baditugu. Taldearen beharretara moldaturiko programazioa egitea erabakigarria izango da, arrakasta-baliabideak izan daitezen. Funtsezkoa da taldea ezagutzea eta haien beharren arabera konfiguratzea. Benetan diotsuet: behar bezala erabiliz gero, arrakastaren berme dira!

 


Bibliografia 

- AREA MOREIRA, M. (2007). Algunos principios para el desarrollo de buenas prácticas pedagógicas con las TICs en el aula. Comunicación y pedagogía: Nuevas tecnologías y recursos didácticos.

- ARROYO SAGASTA, A.; CAMACHO ROMERO, A.; IRUSKIETA, M.; MARITXALAR ANGLADA, M. (2019). IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan. ISBN: 978-84-8438-693-3.

- GOROSTIAGA MANTEROLA, A.; HARANBURU OIHARBIDE, M.; ALONSO ARBIOL, I.; BALLUERKA LASA, N. (2008). Hizkuntza idatziaren didaktika Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. Euskal Herriko Unibertsitatea.

- ARROYO SAGASTA, A. (2017). Docentes y escuelas que aprenden en la Red: estudio sobre competencia digital, entornos personales de aprendizaje y entorno organizacional. UNED, España.