Komunikazio estrategia batzuk zainduz gero, harremana hobetuko litzateke.
Haurrek asmo onez esandako “txikikeria” batekin haserre handiak harrapatzen dituzte maiz, helduak eskatzen dionaren atzean, agindu bat sumatzen duelako. Komunikazio estrategia batzuk zainduz gero, harremana hobetuko litzatekeela dio Leyre Cano psikopedagogo eta komunikazioan adituak.
Seme-alaben hazieran gauza askotarako prestatzen dugu geure burua guraso moduan: loa, edoskitzea… Badakigu, ondoren, kasketak ere etor daitezkeela eta nola-hala surfeatzen ditugu horiek ere… Baina gai puntualetatik harago, arnas luzeko gai batzuetan, sarritan, ez dugu arretarik jartzen eta etxeko giroa “ona” eta “ez hain ona” izatearen arteko diferentzia marka dezakete kontu horiek, adibidez, komunikazioaren gaiak. Normalki ez da guraso moduan pentsatzen eta lantzen dugun afera bat, seme-alaben eta gurasoen artean naturalki atera behar duela iruditzen zaigu… eta beti ez da horrela izaten. Leyre Cano psikopedagogian eta komunikazioan aditua den aholkulariak “ongi” eta “ez hain ongi” egotearen arteko diferentzia marka dezaketen gako batzuk eman dizkigu, gure seme-alabekiko komunikazioan zaintzea garrantzitsu izan daitezkeenak.
Zer esan nahi dugu eta nola adierazten diegu?
Helduon arteko komunikazioan ere gertatzen da, baina, Canoren arabera, gurasoen eta seme-alaben arteko komunikazioan, abiapuntutik oso kontuan izan beharreko faktorea da helduok hitzez esan nahi dugun hori eta haurrek jasotzen duten hori ez datozela beti bat.
Haurrek oso antena finak dituzte eta hitzez esaten diegunak baino gehiago adierazten die, askotan, gorputzarekin eta komunikazio ez berbalarekin adierazten diegunak. Beraz, hitzak baino gehiago dira zaindu behar ditugun gakoak
Askotan, asmo onez esandako “txikikeria” batekin haserretzen zaizkigu umeak: “Hotza egiten du eta jantzi berokia” esatean, adibidez. Cano: “Arazoa ez da beti berokia; arazoa, kasu askotan, agindua da; seme-alabek beti aginduak jasotzen aritzearen sentsazioa izaten dute”. Beraz, komunikazioa zainduz, asmo onez esaten diegun hori, asmo onez hartzeko estrategiak bilatzea izango litzateke gakoa:
Galderak lagungarriak dira
Haurrak etengabe ari dira aginduak jasotzen eskolan eta etxean. Estrategia moduan, aginduak eman ordez, galderak pausatzea proposatzen digu Canok: “Zer falta zaizu etxetik ateratzeko?”. Galdera irekiak egitea, ordea, ez da galdeketa egitea, aholkulariak zehazten duen eran: “Epaiketa eta kritika kutsu gabeko galdera irekiak dira lagungarriak”.
Umorea erabili
Helburua, benetan, haurrak berokia janztea edo gela jasotzea, hortzak garbitzea… baldin bada, agindu kutsua kendu eta umoretik adieraztea proposatzen du psikopedagogoak: “Helburua ez da gurasoa haurraren gainetik gelditzea, beraz, irabazle-irabazle irteera bat bilatu behar dugu, eta horretan, umoreak beti laguntzen du”.
Epaiketek komunikazioa eteten dute
Gurasoa, behin eta berriro gauza bera eskatzeaz nekatzen den moduan — “20 aldiz eskatu dizut gela jasotzeko eta ez duzu jaso”—, haurra behin eta berriro gauza bera entzuteaz nekatzen da, eta, are gehiago, esan edo eskatu arren, betetzen ez denean, estrategia aldatzeko ordua dela dio Canok: “Gure komunikazioaren zenbatekoa hartzen du aginduak emateak, eskariak egiteak, edo bronka botatzeak? Erabakitzeko espazioa utzi behar diegu adin hauetan, neurrian. Konexio-uneak egon behar dira eta entzunak eta ulertuak sentitu behar dira”.
Zigorrak
Beste baliabiderik ez daukagunean, zigorretara edo “ondorio moduan ezkutaturiko zigorretara” jotzen dugu gurasook, desarmaturik, eta zigorrek hitz goxoek baino gehiago funtzionatzen dutela iruditzen zaigu. Baina zehaztapen bat egin du Canok: “Zigorrek epe motzean funtzionatzen dute, zigorraren eta mehatxuen bidez, akaso momentu zehatz horretan guk nahi dugun hori egitea lortuko dugu, baina gure seme-alabei beldurretik eta xantaiatik erlazionatzen irakasten diegu horrela. Boomerang bat da, eta, halako batean, bueltan etorriko zaigu zigorraren edo mehatxuaren efektua, gauzak zerbaiten truke egiten direla irakasten baitiegu”.
Zigorrek epe motzean funtzionatzen dute, zigorraren eta mehatxuen bidez, akaso momentu zehatz horretan guk nahi dugun hori egitea lortuko dugu, baina gure seme-alabei beldurretik eta xantaiatik erlazionatzen irakasten diegu horrela. Boomerang bat da, eta, halako batean, bueltan etorriko zaigu zigorraren edo mehatxuaren efektua, gauzak zerbaiten truke egiten direla irakasten baitiegu
Haserreari leku egin
Baina haurrek ez dute beti ongi hartuko helduak asmo onez esandakoa. “Normala eta naturala” da hori Canorentzat, eta, are gehiago, sanoa da umeak euren gustukoa ez den zerbait entzuten dutenean haserretzea: “Oso goxo eskatuagatik ere —“bihotza, hotza egiten du eta jantzi berokia, mesedez”—, muga txiki bat ezartzen ari gatzaizkio haurrari, eta ez du zertan txarra izanik gure haurra muga horrekin haserretzea edo frustratzea, bere gogoaren kontrako zerbait eskatzen ari baikatzaizkio. Horrelako kasuetan haserretzea ez da txarra, ez luke arazo izan behar; okerragoa izango litzateke haserrea irenstea”, psikopedagogoaren aburuz. Gakoa haserreari lekua egitea eta inor mindu gabe askatzen asmatzea izango litzateke, adituaren arabera. Beraz, aurrerago joan aurretik, galde diezaiogun geure buruari: “Gure etxean haserrearen espresioa bermatzen al da? Uzten al diegu gure seme-alabei haserretzen? Nola? Eta nola haserretzen gara gu?”. Canoren aburuz, sanoa da haurrek euren barne-indarra ateratzea, eta mugaren aurrean haserretzea: “Batzuetan, ez haserretze horrek gure haurrak gehiegi irensten ari direla adieraz dezake. ‘Oso txintxoak’ diren haur horiengan ere arreta jarri behar dugu, eta geure buruari galdetu behar diogu zer den txintxoa izatea. Guri kasu egiten digutenean, txintxoak dira eta, egiten ez digutenean, ez dira txintxoak? Zer ari gatzaizkie eskatzen haurrei? Nolako harremana nahi dugu?”.
Haserrea eta bortizkeria bereizi
“Gauza bat da haserretzea eta beste bat haserretu garelako norbait mintzea. Haurrari erakutsi behar diogu bortizkeriak ez daukala lekurik”. Psikopedagogoaren arabera, “ez bere burua ez beste inor mindu gabe, eta ezer hondatu edo puskatu gabe, haserrea adierazteko baliabideak eman behar dizkiegu haurrei; are gehiago, haserreaz gain, emozioak espresatzeko bideak eman behar dizkiegu”. Baliabiderik eraginkorrena, honetan ere, helduaren eredua da: “Kanporatzen al dugu geure haserrea ala irentsi egiten dugu? Eta kanporatzekotan, nola egiten dugu, oihuka? Esaten diegunarekin baino gehiago erakusten diegu gure jarrerarekin, eta zer esanik ez, emozioen kudeaketan”. Hitza jarri Haserretzea, bere horretan, arazo ez bada ere, ñabardura batekin ulertu behar da baieztapen hori: “Moduak zaindu behar ditugu; haserrea nola adierazten dugun zaindu behar dugu, baina etengabe edo egunero haserretzen baldin bagara, horri ere arreta jarri behar diogu, eta aldaketarako pausoak eman beharko genituzke”. Adibidez: goizero-goizero haserretzen baldin bagara arroparen kontuarekin, lasai gauden une batean gaiaz hitz egitea gomendatzen digu psikopedagogoak: “Zer ari zaigu gertatzen? Arropa da, ala ase gabeko beste behar bat dago haurraren haserrearen atzean? Izan ere, haserrearen emozioak ase gabeko behar bat adierazi ohi du. Agindu tonuan hitz egiten diegu etengabe, eta eurek goxotasuna jasotzeko behar emozional ikaragarria daukate”.
Beroan eta hotzean
Askotan liskar baten erdian zaila da zentzuz jokatzea —bai haurraren eta baita gurasoaren kasuan ere—, eta une horietan emozioak baretzen jarri beharko genituzke indarrak lehentasunez. Cano: “Haurraren haserrearen aurrean, kasu askotan, eraginkorragoa da isiltzea edo ezer ez egitea, hitz egitea baino”. Beroaldian haurra sostengatzea da helburua: “Sute bat dago, eta gurasoak askotan sute horri gasolina botatzen dio; lehenengo pausoa gasolinarik ez gehitzea izango dugu”. Haserrealdian sumindu den haurrak eustea beharko du, heldua ondoan egotea eta eustea. Haserre hori, beste batzuetan, kanpotik edo eskolatik etorriko da, eta etxean lehertu egingo da: “Haur asko eskolatik zamaturik etortzen dira eta etxean lehertzen dira. Ez da komeni gurasoak haserre hori elikatzea, egokiagoa litzateke sostengua eskaintzea, haurrak haserrea husteko premia du, eta irakatsi behar diogu, baita ere, etxetik kanpo ere haserrea espresatu dezakeela modu egokian”. Ondoren, hotzean, familia bileran edo une lasaiago batean, argituko dugu gertatukoa eta berriro ez gertatzeko estrategiak bilatuko ditugu.
Elkarbizitzako gaiak hitz egin behar dira seme-alabekin, hotzean eta lasaitasunez, tarte bat hartu behar da elkarrekin hitz egiteko
Maitasunari ere leku egin Komunikazioa, ordea, haserrearen kudeaketa baino askoz gehiago da: “Ondo gaudenean ere ondo egote hori nabarmendu egin behar dugu, eta harremana eta lotura sendotzeko oso garrantzitsua da maitasunari hitza jartzea. Izan ere, eguneroko liskarrekin eta talkekin harremana gastatu egiten da eta garrantzitsua da barealdian gaudenean maitasuna adieraztea. Adin hauetan, umeek askotan pentsatzen dute eurekin haserretzen baldin bagara, ez ditugula maite, eta garrantzitsua da maitasuna esplizitu egitea”.
Jolastu gehiago
Harremana elikatzeko eta elkarrekin berriro konektatzeko, psikolopedagogoak enpatia eta ludikotasuna gomendatzen ditu: “Konexioa hobetzeko, jolastu haiekin. Batzuetan zaila da, nekeagatik edo zeregin asko ditugulako etxean edo ez zaigulako euren jolasa gustatzen, bada egin kilimak, barre egin, dantzatu, ukitu eta konektatuko gaituen hori elikatu”. Baina haurrarekin konektatzeko, lehendabizi, helduak bere buruarekin konektatu behar duela argi utzi du Canok, oro har, gaurko gizarteko helduok hegaldi moduan funtzionatzen baitugu: “Geure buruarekin konektatu behar dugu helduok lehendabizi, eta gure kontzientziatik presentzia zaindu behar dugu: nola nago ni, eta zer ari zait gertatzen haurra entzuten dudanean? Haurrarekiko komunikazioa zaintzeko presentzia eta kontzientzia emozionala behar ditugu”. Horrek ekarriko digu benetako entzute sakona: “Seme-alabekin komunikazio ona nahi badugu, haurra benetan entzun behar dugu, eta hitz egiten jarrai dezan akuilu lana egin, galdera irekien bidez. Komunikazioa zaintzea, harremana zaintzea izango da”.