Ez da gauza bera jolasean dabilen umeari “zatoz eta hasi jaten” esatea edo “zer iruditzen zaizu orain jateko tarte bat hartzen badugu eta gero jarraitu jolasean?”. Hitz egiteko beste modu bat da, eta xedea ez da guk edo besteak nahi duena lortzea, baizik eta harremana eta lotura sendotzea. Komunikazio Ez Bortitza izenarekin ezagutzen den ‘hizkuntza’ da
KEB, Komunikazio Ez Bortitza. Izenak berak atzera eragiten die batzuei: “Bortitza? Ni ez naiz bortitza. Horrek ez dauka nirekin zerikusirik”. Eta hala da, bortitza jotzearekin, min ematearekin edo erasotzearekin lotzen dugulako sozialki. Garbi ikusten da hori indarkeria dela. Baina begirada batek ere min eman dezake batzuetan, edo goxo esandako hitz batzuen azpian intentzio mingarria egon daiteke, eta isiltasuna bera ere ezpata baino zorrotzagoa eta hotzagoa izan daiteke kasu batzuetan. Hori guztia ere bortizkeria dela zioen KEBn sortzaile Marshall Rosenberg-ek, zaplasteko batek baino min handiagoa egin dezakeelako begirada batek. “Min txiki-txiki bat baldin badago, talka minimo bat, elementu bortitzen bat egon daiteke”, zioen Marshallek. Horregatik, bortizkeria zer den eta ez-bortizkeria zer den ondo bereizi zituen.
Gehitzen zuen gizaki guztiok nolabait errespetutik, begirunetik eta goxotasunetik aritzeko gaitasun guztiak dauzkagula, denok, eta denok abiatzen garela hortik. Eta aldi berean, guztiok momentu batzuetan guretzat garrantzitsuak diren alderdi batzuk zaintzeko estrategia eraginkorrak topatzen ez ditugunean, denok, inor ez da libratzen, bortizkeriara jotzen dugula.
Horregatik, abiapuntu horretatik abiatzea proposatu zuen Marshallek: denok ditugu bi platerak, ez-bortizkeriarena eta bortizkeriarena, gutxiago edo gehiago, estilo batean zein bestean, indartsuago edo suabeago. Eta berak plater ez-bortitza erabiltzeko eredua asmatu zuen, edo hobeto esanda, bizitzeko filosofia bat: Komunikazio Ez Bortitza.Bizitzeko filosofia honek harremanak eta gatazkak beste modu batera ikusteko eta kudeatzeko betaurrekoak eta baliabideak ematen ditu. Pertsonen arteko gatazketan alde batera zein bestera tiraka aritu beharrean, bakoitzak lortu nahi duenaren alde aritu beharrean, harremana zaintzeari ematen dio garrantzia. Eta harremanak zainduta, berdinetik berdinera eta errespetutik arituta, bizitzak beste kolore bat hartzen du.
Asertibitatea eta enpatia,
KEBren bi erremintak
Behin jakinda bortizkeria eta ezbortizkeriatik aritu gaitezkeela, nola kudeatu nahi dugu hori? Zein jarrera hartu nahi dugu? Zer egin dezakegu ahalik eta kalitate handieneko konexioa eta harremanak lortzeko? Galdera horiei erantzuteko erremintak eskaintzen ditu KEBk. Helburua ez da jokaera, pertsona edo egoerak aldatzea, baizik eta pertsonen arteko konexio kalitatea hobetzea.
Bi erreminta nagusi eskaintzen dizkigu horretarako: asertibitatea eta enpatia, biak ere oso tresna boteretsuak. Asertibitatea norberak bere burua ezagutzea da, zer pasatzen zaion jakitea, hori adieraztea eta kudeatzen jakitea. Norberaren autoezagutzarako erreminta da, norberarenetik abiatuz jokatzera iristeko. “Zer pasatzen zait niri jarri naizen bezala jartzeko?”, “zer pasatzen zait niri beste pertsona horrek hori esaten didanean?”. Hori argitzeko gakoak ematen ditu KEBak.
Bigarren erreminta enpatia da. Helburua kalitate oneko konexioa bilatzea baldin bada, garrantzitsua da bestearen bizipenetara gerturatzea, bestea bere jarrera, jokaera eta bizipenekin zer esan nahian dabilen ulertzeko eta ezagutzeko. Beste pertsona bere osotasunean ulertzeko gakoak ematen ditu KEBk, hura ebaluatzera, epaitzera edo aldaraztera mugatu gabe.
Zer gertatzen da gatazka baten aurrean? Normalean batek bestea aldatu nahi izaten du, bestea gaizki ari dela pentsatzen duelako, horrela ez lukeela aritu behar iruditzen zaiolako eta arrazoirik ez duela uste duelako. Ondorioz, berari ondo iruditzen zaizkion soluzioak planteatzen ditu.
Horren aurrean, aukeratu beharra dago: nola kudeatuko dugu gatazka edo egoera bat? Nirearekin irteten, zurearekin irteten edo zurea eta nirea zainduko dituen irtenbide bat bilatzen? KEBk hirugarren aukerara garamatza.
KEBk fokua harremanean jartzen du, sintonia edo bat-egite horretan, hortik soluzioak kasik bakarrik edo esfortzurik handirik gabe etorriko direlako. Eta gainera, irtenbide horiek bi aldeak zainduz etorriko dira.
Tresna zehatzak ekitera pasatzeko
KEBk adierazpen zintzorako bidea irekitzen du, eta asertibitatearekin eta enpatiarekin jokatzeko, gatazka baten aurrean lau urrats proposatzen ditu: egoera aztertzea, emozioei behatzea, beharrak identifikatzea, eta ekintza zehatzak finkatzea.
Egoera: gustukoa edo ez gustukoa den gertaera zehatzen deskribapena.
Emozioak: mezulariak dira. Emozioak pista bat ematera datozkigu, abisu edo mezu bat ematera, guretzat inportanteak diren behar horiek ase edo ase gabe dauden esatera. Auto bateko aurreko paneleko argi gorria bezala. Autoan argi gorria pizten zaigu gasolina falta zaigula adierazteko, edo olioa, edo errepidea izoztuta dagoela... Gasolinaren argi berdea pizten bada, badakigu erregai-tanga beteta dagoela eta autoak eramango gaituela. Orain, gorria pizten baldin bada, erregai-tanga betetzeko gelditzen gara. Emozioek argi gorri eta berde horien funtzioa betetzen dute. Argi berdea emozio atseginak dira —ez positibo eta negatiboak— eta guretzat garrantzitsuak diren alderdiak beteta, ase daudela esaten digute. Aldiz, emozio desatseginek —argi gorriak— “kontuz” esaten digute, guretzat garrantzitsua den edo gure bizitza ondo joateko beharrezkoa den zerbaitek arreta behar du, zaintza behar du; mesedez, gelditu eta konpondu hori.
Beharrak: gizakiok behar batzuk ase nahian gabiltza, eta uneoro-uneoro gure jokaera, jarrera, emozio, epaiketa edo kritika guztien atzean behar batzuk aldarrikatzen ari gara, behar horiek zaintzeko bidea topatzen ari gara.
Ekintza zehatzak: behin emozioen bidez ase gabe daukagun beharra zein den jakinda, hurrengo urratsa da hori asetzeko ekintza zehatza erabakitzea: zer ekintza zehatz egin, eskatu edo kudeatu nahi ditugu guk geuk edo besteei eskatuta, behar horiek asetuta eduki ditzagun?
Posible da, naturalki atera daiteke
“Hori oso zaila da”, “hori nola egingo dut momentuoro?”, “ni ez naiz gai izango”, “nik ezingo dut”. Sarritan entzuten dira horrelakoak, irakurri edo aditutakoa egunerokotasunean praktikan jartzeko unean ez delako erraza suertatzen. Nerea Mendizabal KEBko hezitzaileak askotan entzun ditu horrelakoak eta ez du iritzi bera: “Sarritan konturatu gabe, naturalki jokatzen dugu horrela, ikastarorik egin gabe eta ezer ikasi beharrik gabe. KEB deitu gabe, horren baitan esandakoa naturalki ateratzen zaigu. Irudikatu 0-1 urte bitarteko haur baten gurasoak: hor dabiltza gauean hamar mila aldiz jaikitzen, bularra ematen, kasu egiten... Umea negarrez hasten den bakoitzean gurasoak hausnartzen hasten dira: ‘nola sentitzen ote da? Agian aspertuta egongo da? Ez, agian gose da’. Nola sentitzen den imajinatzen dute: ‘Eta zer beharko du? Agian titia. Agian kolikoa izango du. Ez, nekakuta dago. Badakit, agian deskantsua beharko du’. Eta martxan jartzen dira gurasoak umeari hori emateko, daukan beharra asetzeko: titia ematen, kulunkatzen, entretenitzen... Ekintza zehatzak ari dira aurrera eramaten umearen beharrak asetzeko. Eta hori dena naturalki ari dira egiten, gustoz, pentsatu gabe, automatikoki, KEB dela jakin gabe”.
Kontua da beti ez dela naturalki ateratzen eta hori aztertzea interesgarria deritzo Mendizabalek: “Naturalki, gustoz eta ikastarorik egin gabe ateratzen zaigu ia edonori gure beharrak ase daudenean, ondo gaudenean, egoera animiko onean gaudenean, presiorik eta agobiorik ez daukagunean, beste mila konturekin trabatuta ez gaudenean, eta haurrak erraza jartzen digunean. Ez baita gauza bera 'zator afaltzera' esan eta 'bai banoa' erantzun eta berehala etortzea, edo zortzigarren aldiz esan eta oraindik telebista aurrean jarraitzea. Ez dugu berdin erantzuten batean zein bestean”. Baldintza kaskarrak dauzkagunean, argi gorria piztuta, gizaki gisa denoi ateratzen zaigu garrasi egitea, epaitzea, mehatxatzea, errudun sentiaraztea, muturtzea, une horretan kasurik ez egitea... Eta horrek gelditzea eskatzen du. Gelditu —ahal bada momentu kritikora iritsi baino lehen—, hausnartu, argitu eta trabatuta geldituz gero, laguntza eskatu, “autoko argi gorria piztean tailerrera eramaten dugun bezala”, dio Mendizabalek.
Tailerrean mekanikoek egiten duten lana KEBn lagunek, gurasoek, irakasleek, terapeutek, formazio-laguntzaileek... egin dezakete. “Ideiak eta espazioak partekatzeak bizipen horiek barneratzen laguntzen dute, eta horretarako daude guraso-eskolak, liburuak, entzungo diguten lagunak, eskatu diezaiekegun lagunak eta abar, erreminta horiekin entzuten eta bidea egiten laguntzen digutenean”. Besteak beste, KEB euskaraz lantzeko material sortu hau eskura dago: Elkarrekin hazi liburua, Zutani jolasa, Zutani aplikazioa eta KEB gida.
Hizkuntza berrian hizketan
Hiru gatazka-egoera ikusiko ditugu jarraian, KEBren lau urratsen bidez, nola bideratu daitezkeen ikusteko.
1- Oheratzeko ordua:
Egoeraren deskribapena: "Gaueko 9ak dira, umea oheratzea nahi dut, ohean saltoka darrai eta trabatuta nago, aurrera jo ezinik".
KEBren ikuspegitik, intentzioa edo helburua bat egitea edo konexioa denez, xedea ez da umea aldatzea, egoera hori berriz ez errepikatzea edo soluzio bat topatzea. Hori ere nahi izan dezakegu, baina lehentasuna hor jartzen badugu aurkako efektua lortu dezakegu. Konexioa sustatzea nahi dugunean: "Zer pasatzen zait niri? Zergatik da niretzat hain inportantea umea 9etan oheratzea? Zer gertatzen zaio nire haurrari ez kolaboratzeko?"
Abiapuntua norbera da, ni: emozioak begiratu, beharrak ikusi, ekintza zehatzak zehaztu eta galdera zehatzak egin. “Lehenengo nire buruari begiratzea ez da egoismoa” argitzen du Mendizabal KEBn adituak. “Hori solidaritatea da. Lehenengo nik argitu behar dut, nik neure burua ulertzen ez badut, ezin dudalako umea ulertu”.
Emozioen behaketa: norbere buruari galderak eginez, sentitzen dugunaz ohar gaitezke: "Zer gertatzen zait niri? Gaueko 9ak dira eta haurra oraindik ohean saltoka dabil, pijama jantzi gabe eta bihar eskolara joan behar du. Eta nik ezin dut gehiago. Nola daude nire sentsazioak, nire emozioak? Zein sentimendurekin nago orain? Desesperatuta, aztoratuta, akituta, kezkatuta, porru eginda..."
Beharrak identifikatu: Emozioak behatzeak, zer behar dugun konturatzera eramango gaitu: "Zer behar dut nik momentu honetan? Zer zaindu nahian nabil? Zertarako balio dit umea 9etarako ohean egoteak?" Motibo eta arrazoi anitz egon daitezke: deskantsua beharra, norberarentzat garrantzitsuak diren beste alderdi batzuei ere lekua egin nahia, zeren "konturatzen naiz haurra oheratzen ez bada ez diedala alderdi horiei heltzen (adibidez, bikotearekin egoteko denbora eduki nahi dut, pelikula bat ikusi nahi dut, biharamuneko gauzak aurreratu nahi ditut...)".
Beharrak norberarenak dira, nahiz eta sarritan esan “umeagatik ari naiz, bestela ez du nahiko lorik egingo eta hurrengo egunean ez da ongi ibiliko”. Kasu horietan ere norberaren beharrak daude: "Nire beharra da nire esku dagoena egitea umeak nahiko lo egiten duela ziurtatzeko".
Ekintza zehatzak finkatzea: batetik, zer akzio, zer estrategia, zer ekintza eraman dezakegu aurrera behar horien ardura eta zaintza norbere esku hartzeko eta ez uzteko bestearen mende? “Gose naiz” esaten badut, ekintza zehatza jatea da. “Deskantsua behar dut” esaten badut, “gaur siesta egingo dut”. Ekintzak zehaztu egin behar dira. Eta norberak egitekoak izateak besteari exijentzia kendu eta askatasunera eramaten lagunduko digu. “Zeren hori da guraso bezala edo edozein harremanetan hartzen dugun kartzelarik handiena”, ohartarazten du Mendizabalek. “Askotan pentsatzen dugu nire beharrak asetzeko zuk ulertu egin behar nauzula, zuk kontuan hartu behar nauzula, zuk lagundu egin beharko zenidakeela, zuk, zuk, zuk. Zuk egiten ez baduzu nik ezin dut lasai egon, ezin dut deskantsatu, ez dakit zer egin...". Besteak nire beharretan kolaboratzea nahi izan dezaket, baina ez da nire beharren arduraduna”.
Bestetik, norbere ekintza zehatzak egiteaz gain, besteei ere eskaera zehatzak egin diezaizkiet. Haatik, eskaera ez da exijentzia. “Nik deskantsatu egin nahi dut eta zuk ere lo egin behar duzu. Orduan, orain utzi salto egiteari eta segi lotara” exijentzia da. Norbere beharra asetzeko modu hori bakarrik dagoela uste baldin badugu, exijentzia bihurtzen da. Exijentziarik gabeko eskaera posible bat hauxe litzateke: "Momentu honetan oso nekatuta nago, porru eginda nago. Niretzat inportantea da deskantsatzea eta indarberritzea eta zuri ere lo ordu nahikoak eskaintzea. Horregatik, ohean salto egiteari utzi, pijama jantzi eta ipuinarekin astea proposatzen dizut. Ondo?”
Eskaerak aukera bat baino gehiagotara irekita egotea esan nahi du eta baita baietza edo ezetza entzuteko irekita egotea ere. Ezetza bada ez du esan nahi horrela gelditu behar denik. Beste bide bat irekitzen da: “Ezetz esaten didanean, zeri ari da baietz esaten? Zer zaindu nahian dabil? Berak ezetz esateko arrazoiak edo motiboak ulertu ditzaket? Behar horiek zaintzen baldin baditut, prestatuago egon daiteke nik eskatzen diodan hori aintzat hartzeko?
Eta hori bestearen alderdia lantzea litzateke, zu, enpatiarekin lotutakoa. Kasu honetan umea ulertzen saiatzen da gurasoa: “Zer gertatatzen zaio? Porru eginda dago eta halere hor jarraitzen du ohean saltoka. Zer emozio ari da bizitzen? Zein sentsazio dauzka? Saltoka biziki dabil, oso pozik, kontent, eta ohera sartzeko esaten diodanean negarrez hasten da, garrasika, haserre, zatituta, inpotentziarekin, frustratuta... Zer behar ase nahian dabil?”
Emozio horiek pistak ematen dituzte hipotesiak egiteko: “Agian egun osoan hara eta hona bueltaka ibili ondoren gurasoekin momentu goxo bat pasatzeko gogoa edukiko du eta ez dio bukaerarik jarri nahi hoberenean dagoenean. Eutsi eta gozatu egin nahi du lo egiteak baino gehiago asetzen duelako maitasun edo konexio iturri horrek”. Edo “agian berak ere hainbat gauza erabaki nahiko ditu”.
Behin puntu honetara iritsita, umeak ohe gainean saltoka jarraitzen badu ere, geure buruaz eta besteaz deskubritutakoak beste jarrera batean jar gaitzake: “Maitea, gaueko 9etan ohean sartu behar duzula esanez natorrean eta zuk saltoka jarraitu nahi duzunean, imajinatzen dut gure arteko momento hau amaigabea izatea nahiko zenukeela. Eta ni ohera joateko esaten hasten naizenean zapuztu egiten zarela eta inpotentzia handia sentitzen duzula. Hori da gertatzen zaizuna?”. Agian hori da gertatzen zaiona edo ez: “Ez, gertatzen zaidana da beti zuk nahi duzuna egin behar dela”. Orduan ez du hainbeste zerikusi gure arteko konexioarekin, baizik eta bere erabakiek ere lekua edukitzea nahi duela.
Behin beharrak ulertuta, bakoitzaren beharrei lekua eman diezaiekegu, bai batenari eta bai bestearenari. Amaieran, aukera bat baino gehiago egon daitezke:
- “Egia, egun osoan bueltaka gabiltza eta ez da ezer gertatzen ordu erdi bat gehiago luzatzen baldin badugu, nik ere familia konexio honi lekua egin nahi diot. Egia da, goazen beste ordu erdi bat gozatzera eta ordu erdi beranduago egingo dugu oheratzea”.
- “Orain arteko ordutegia mantendu nahi dut eta zer iruditzen zaizu afaltzeko ordua pixka bat aurreratzen badugu eta afal ondoren denbora gehiago eskaintzen badiegu gure arteko jolasei?
Irtenbide bat baino gehiago egon daitezke, eta interesgarria da helduak hasieratik ez jartzea soluzioa edo proposamena, baizik eta beraiei uztea.
2- Senide guztiek plan bera
ala desberdina?
Egoeraren deskribapena: seme-alabak txikiak zirenean familia osoak elkarrekin egiten zituen asteburuko planak. Orain, koskortu direnean, lagunekin egin nahi dituzte planak edo ez dute gurasoekin joan nahi. Horrek gatazka sortzen du familian, gurasoentzat familia zoriontsua familia osoa elkarrekin doana delako. Kohesio hori apurtuta gatazka sortzen zaiei gurasoei.
Emozioak eta beharrak: "Niretzat garrantzitsua izan daiteke familia osoak elkarrekin planak egitea eta horregatik elkarrekin mendira joatea nahi dut. Baina hori badin bada modu bakarra nire familia ideala izateko, eta nire semeak edo alabak ez baldin badu hori onartzen, nola zainduko ditut nik neure beharrak? Bilatu ditzaket beste modu batzuk? Lehengoa ez baldin badaukat, nola ulertu dezaket familia egiturak lotuta jarraitzen duela nahiz eta semea edo alaba gurekin ez etorri? Eta familiako erlazioak elikatzen jarraitzen dudala? Nola sentitu eta zaintzen dut nire behar hori?"
Ekintza zehatzak finkatzea: “Lagunekin egon nahi baldin baduzu, ongi. Aldi berean, gustatuko litzaidake ostiral gauetan gurekin afaltzea. Zer deritzozu?. Ez da nik nahi nuen guztia, ezta berak nahi zuen guztia ere, eta guraso zein seme-alaben amaren zein semearen beharrak kontuan hartuta, hauxe litzateke bide posible bat: lagunekin egoteaz gain, familian zaudenean zuretzat erakargarria den zerbait egitea gustatuko litzaizuke? Agian mendiara joatea une honetan ez da zure interesekoa? Akaso gustatuko litzaizuke lagunen bat gonbidatzera mendira etortzeko? Beharbada aspertuta zaude anai-arrebekin eta gurasoekin planak egiteaz?”
3- Gurasoen arteko talkak
Egoeraren deskribapena: guraso bat “polizia ona” da eta bestea “polizia txarra”. Batek zigorra erabiltzen du umeekin eta bestea horren aurkakoa da. “Beti ni naiz txarra” dio batek eta horrek txispak sortzen ditu.
KEBk ez du defendatzen guraso biak ados egotea hezteko moduan. Guraso bakoitzak bere motxila du: bere gurasoak, bere haurtzaroa, bere eskolatzea, bere lagunak, bere ikasketak... eta biek elkarrekin guraso izatea erabakitzen dute. "Baina biak berdin pentsatzea gura nahi izatea, biek hezteko estilo berberak eduki nahi izatea eta muga berberekin hezi behar dutela pentsatzea ezinezkoa den gauza bat nahi izatea da", azaltzen du Mendizabalek. "Gauza guztietan ados egon behar dutela pentsatzeak izugarrizko bortizkeria iturri batera garamatza. Hori pentsatzea bakarrik bortitza da, ados egon behar dugula pentsatzeak autoexijentziara eta bestearen exijentziara eramaten baikaitu".
KEBk ez daukagula ados egon beharrik esaten du. Egiaz, ados ez egotea aukera izugarria da elkar gehiago ezagutzeko. Gainera, adostasun horrek ez du balio, bikoteak eztabaidatzen ez baldin badu ere, seme-alabek jasotzen dutena da bat onena dela eta beste txarrena; batek bestea baztertu, kritikatu, arbuiatu egiten duela. Eta hori bortizkeria da.
Helburua ez da ez ados egotea, nik nahi dudana egitea edo zuk nahi duzuna egitea, baizik eta erlazioa, komunikazioa eta konexio kalitate altua izatea, nahiz eta desberdin pentsatu, nahiz eta beharrak asetzeko modu desberdinak izan. Fokua ez da soluzio on bat topatzea, nik nahi dudana lortzea, baizik eta elkar hobeto ezagutuz konexio hori lortzea, eta konexio horretatik abiatuta soluzio desberdinak topa daitezke.
Adostasuna lortzea baino onuragarriagoa da begiratzeko modua aldatzea: "Nola begiratzen diot nire seme-alaben aita edo amari? Nola begiratzen diot bikotekideari? Nola begiratu nahi diot nahiz eta ikuspegi desberdinak eduki, nahiz eta jokatzeko modu desberdinak izan?"
Begidara goxo eta errespetuzkotik, berdinetik, maila berean jarrita, gure seme-alaben guraso onenak gara konpetentzian jarri gabe, goazen ikustera nola kudeatu dezakegun desberdintasun hori. "Nola sentitzen naiz nire bikoteak umeei garrasi egiten dienean eta zigortzen dituenean? Sabeleko mina ematen dit, ezin dut ikusi nik harreman goxoak nahi ditudalako, eta gustatuko litzaidake nire bikoteak goxo jokatuko balu. Era berean, nik ere pazientzia galtzen dut eta begiradarekin ez dela ondo ari adierazten diot, neuk ere beste era batera epaitu edo zigortzen dut. Ez naiz hain desberdina nire bikotearekiko. Hori umiltasunez onartu dezaket: Konturatu naiz hainbat alditan ari naizela zuri eskatzen horrela ez aritzeko, eta jabetu naiz nik ere horrela jokatzen dudala zurekin eta batzuetan haurrekin ere b ai. Sentitzen dut, hainbeste inporta zaidan gauza hau beste modu batera kudeatzeko gai ez naizelako izan, eta konturatu naiz horrek zuregan arrastoa utzi duela. Abiapuntu hori edo beste hau, oso desberdinak dira: Hitz egin behar dugu, zeren nola jarri zaren lehen!”.
Beraz, lehendabizi norberarena errekonozitu, gero enpatia adierazi: “Agian balore batzuk eskaini nahi dizkiezulako jokatzen duzu horrela, zure seme-alabak inporta zaizkizulako”.
Eta gero, eskaera zehatza: “Horrekin batera, etxean garrasiak entzuten ditudanean zure edo nire aldetik, kezkatu egiten naiz, niretzat garrantzitsua delako elkar maite garenean gauzak zaintzea, eta uste dut eraginkorragoa dela beste modu batera egitea. Niri gustatuko litzaidake beste modu batera egitea. Zer egin dezakegu? Nola ikusten duzu?". Eta ondoren, ekintza zehatzak adostu beharko ditugu.