Haurra erdigunean jartzeak eta haren erritmoa errespetatzeak berebiziko garrantzia du. Ideia hori itsasargi gisa hartuz, eta konfiantzaren pedagogia landuz, haurra bere ikasketa prozesuaren protagonista, lemazain, bihurtu da Usurbilgo Udarregi ikastolan. Irakasleak eta etxekoak bidelagun, enbatak kudeatzen eta, batez ere, barealdiak gozatzen ikasten dute egunez egun.
Haurra bakarra da, bizirauteko beharrezkoak diren gaitasun guztiekin jaiotzen da eta testuinguru egokia eskaintzen badiogu, berez garatzen joango da. Ideia horretatik abiatzen dute eguneroko jarduna Usurbilgo Udarregi ikastolan, Nekane Alduntzin Haur Hezkuntzako ikasketa buruak eta Ane Mendizabal Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako aholkulariak azaldu dutenez.
“Konfiantzaren Pedagogia haurrarekiko begirada berezia da. Berezko gaitasunak dituela oinarri hartuta, horiek garatzeko konfiantza eta segurtasuna behar dituela ulertzen dugu”, dio Mendizabalek. Haurra erdigunean jartzen dute haren ezaugarriak, erritmoak eta beharrak aintzat hartuz. Eta, bide horretan, testuinguruak (denboraren kudeaketak, helduaren rolak, espazioak eta materialak, familiak eta komunitateak) garrantzi handia hartzen dute, horien arabera haurraren erantzuna aldatuko delako. “Konfiantzaren Pedagogia aplikatzeko, testuinguruak baldintza jakin batzuk bete behar ditu. Espazioak eta materialak haurren behar eta erritmoei erantzuteko prestatuak daude. Mugimendua lantzeko gunea dugu, adierazpen plastikorako gunea, eraikuntzarako gunea, gune sinbolikoa, esperimentaziorako gunea… Gune txikietan antolatuta dauden espazio irekiak eskaintzen dizkiegu. Elkarrekintza bultzatzen duten espazioak dira, ongi definituak daude eta batzuk, berariaz prestatuta: material jakin batzuekin, adibidez. Material horiek ezaugarri zehatzak dituzte: naturalak dira, askotarikoak dira, gauza asko egiteko aukera ematen dute eta haurren eskura jartzen dira beti. Ordenak eta estetikak ere garrantzi handia hartzen dute”, zehaztu du Alduntzinek.
Jolasa, guztiaren oinarrian
Haur Hezkuntzako etapan jolasa lehenesten dute Udarregi ikastolan. Jolasetik abiatzen dira eta jolasa da ikasketa prozesuaren ardatza. Hainbat espaziotan helburu jakinak dituzten proposamen zehatzak egoten dira, baina, orokorrean, haurrek aukeratzen dute non eta zertara jolastu nahi duten, eta jolasetik abiatuta joaten dira esperimentatzen eta ikasten.
Bestalde, harrera uneak garrantzi berezia hartzen du Udarregin. Ikastolara iristean haur eta familia bakoitzari denbora eskaintzen ahalegintzen dira eta ondoren ikasleek adin tarteak nahasita egoteko aukera izaten dute. Hori oso aberasgarria da Mendizabalek adierazi duenez: “Hor gertatzen diren elkarrekintzak eta harremanak oso bereziak izaten dira”. Horrekin batera autonomia eta erabakitzeko gaitasuna azpimarratu nahi izan ditu: “Haurrak autonomia landu behar duela sinesten dugu. Bestela, zer egin jakin gabe helduak esango dionaren zain egoten dira zenbait. Nora joan nahi duten pentsatzea eta erabakitzea erronka izaten da batzuentzat”. Garrantzitsua da, beraz, txikitatik erabakitzeko aukera izatea eta autonomia lantzea. Horregatik erabakitzen dute haurrek non eta zertan aritu nahi duten. Beste zenbaitetan, ordea, helburu zehatzak dituzten jarduera gidatuak egiten dituzte.
Alderdi emozionalari ere erreparatu dio Mendizabalek: “Ikasketa prozesua esanguratsua eta arrakastatsua izateko alderdi emozionala lantzea garrantzitsua da. Erritmoak errespetatuz alderdi emozionala lantzen dugu, ez iristearen sentipenak autoestimuan eragina izan dezakeelako bestela. Haurraren eta helduaren arteko komunikazioa zaintzeari eta etortzen direnean zer moduz dauden galdetzeko tarte bat hartzeari garrantzia ematen diogu”.
Naturarekin kontaktua izateak ere berebiziko garrantzia du eta hori dela-eta abiatu dute aurten Udarregin Baso-eskola proiektua. Horrekin lotu du Alduntzinek bat-bateko jolasa: “Oso garrantzitsua da. Ekintza gidatuak egiten ditugu baina benetan garrantzitsua dena barru-barrutik ateratzen den jolasa da motibazioarekin lotura duelako”.
Heldua bidelagun
Irakasle funtzioa baino, bidelagun papera hartzen du helduak eta ikasketa prozesu horretan, garapen horretan laguntzen du, baina gehiegi esku hartu gabe. Begirada periferikoa aipatu du Mendizabalek: “Begirada periferikoa da gakoa. Gertatzen dena ikustea lortu nahi dugu, baina zuzenean esku hartu gabe. Behatu eta haurraren seinaleetara adi egon behar dugu”.
Era berean, ikasketa prozesua esanguratsua izatea, ikasten ari diren horrek zentzua izatea oso garrantzitsua da Alduntzinek esan duenez: “Esanguratsua ez bada, ez dute barneratzen. Haien interesetatik abiatzen gara eta egiten dugunak haien bizipenekin lotura izatea oso garrantzitsua da. Hipotesiak egiten dituzte, kontrastatzen dute eta ideiak eta pentsamenduak eguneratzen dituzte esperientziarekin loturak eginez. Erronkak jartzen dizkiegu etengabe eta haien pentsamendua zalantzan jar dezaketen galderak planteatzen dizkiegu”.
Haur Hezkuntzan matematika eta irakurketa-idazketa prozesua lantzen dituzte, baina nola egiten dute Haur Hezkuntzako haurrek ikasketaprozesu hori? Alduntzinek du erantzuna: “Badira matematika edo irakurketa eta idazketa lantzeko helburuz egiten ditugun jarduerak baina, batez ere, eguneroko esperientziekin lantzen ditugu arlo horiek”. “Arduraduna nor den galdetzen dugunean, adibidez, eta izenen zerrenda begiratzen dutenean, irakurketa eta idazketa lantzen ari dira”, gaineratu du Mendizabalek. Eraikuntzak egiten dituztenean edota serieak osatzen dituztenean, berriz, ia oharkabean lantzen dute matematika.
Behatu, jaso eta ebaluatu. Horretan aritzen dira etengabe Udarregiko irakasleak. Eta ebaluazioak ez die ikaslearen maila kognitiboari edo lorpen akademikoei begiratzen. Orain testuinguruaren ebaluazioak hartu du garrantzia Alduntzinek azaldu duenez: “Ebaluazio hezigarria egiten dugu eta testuinguruaren ebaluazioak garrantzi handia hartu du. Espazioak eta materialak ebaluatzen ditugu, horiek umeen garapenean nolako eragina duten, motibagarriak diren ala ez… Denboraren antolaketak haurrarengan izan duen eragina eta helduaren esku hartzea egokia ote den ere ebaluatzen dugu”.
Eta etxean zer?
Haurrengan eta haien gaitasunengan konfiantza izatea oso garrantzitsua dela dio Alduntzinek: “Askotan euren kabuz egiten dituzte gauzak. Kezkak eta zalantzak izaten ditugu maiz, noiz egingo ote duten hau edo bestea, baina konfiantza izatea eta gai direla adieraztea ezinbestekoa da. Bai gure aldetik eta baita familien aldetik ere. Etxean egiten dutena baloratzea oso garrantzitsua da, horrek euren autoestimuan eragina duelako. Lehen lasaiago egiten zituzten gauzak eta orain dena hain gidatua eta antolatua dagoenez, nolabait galdu egiten dituzte autonomia eta erabakitzeko gaitasuna. Euren kabuz egin dezaketena egiten uztea oso garrantzitsua da. ‘Nik ez dakit hori egiten’ esaldia gero eta gehiago entzuten dugu eta hori presioaren ondorio da”.
“Hezkuntza sistemak horretan ere badu zer hobetua. Izan ere, etapatan aurrera doazen heinean, dena zurrunagoa da, exijentzia maila altuagoa da. ‘Ongi dago’ eta ‘gaizki dago’ moduko balorazioak egiten dituzte eta garrantzitsua da gauzak egiteko modu asko daudela barneratzea”, dio Mendizabalek. “Gauzak bere kabuz egiten baditu, haurra ahaldundu egiten da. Baina egungo bizimoduak eta denerako dugun presak, ez dute batere laguntzen. Haurrei dena egina emateko joera dago”, gaineratu du Alduntzinek.
Komunitatearen garrantzia nabarmentzen dute Udarregi ikastolan, familia eta eskola testuinguru osagarriak baitira umearentzat. “Guk gurasoak behar ditugu eta gurasoek gu behar gaituzte”, azpimarratu du Alduntzinek. Mendizabalek familiekin konfiantzazko harremanak eta lotura sortzea berebizikoa dela adierazi du: “Garrantzitsua da gurasoek gugan eta guk haiengan konfiantza izatea. Konfiantzaren Pedagogiarekin asko irabazi dugula esango nuke. Familiak gelara hurbiltzen dira eta haurrek familiaren eta eskolaren artean konfiantza dagoela eta gurasoak ikasketa-prozesu horren parte direla ikusten dute. Leku seguru batera datozela barneratzen dute”.
Etxean, berriz, garrantzitsua da umeekin gaudenean presente egotea eta kalitatezko denbora eskaintzea. Beharrezkoa da une horiek zaintzea, haiekin jolastea eta, nola ez, alderdi afektiboa lantzea. Eredu izateak garrantzi handia du, umeek helduok egiten duguna ere ikasten baitute imitazio bidez.