BIGARREN HAZI HEZI DAUKAZU ESKU ARTEAN. GURASOAK MUNDURATU BERRI DEN HAURRAREN ERRITMOETARA BEZALA, GU ERE HASI GARA ERRITMO BERRIRA EGOKITZEN. IRAILA GUZTIONTZAT DA EGOKITZAPEN HILA, FAMILIENTZAT, ESKOLENTZAT ETA HAURRENTZAT.

Egokitzapenaren gaia jorratu dugu Hazi Hezi hiruhilabetekariaren bigarren zenbaki honetan, familia eta eskola elkartu ditugun hitzorduan. Iraila, besteak beste, egokitzapen hila izaten baita etxe askotan. Haurra, familia eta hezitzaileak egoera berrira ahalik eta era samurrenean moldatu daitezen, lasaitasuna, gardentasuna eta konfiantza dira maistrek eta gurasoek mahai gainean ezarri dizkiguten klabeak.

Egokitzapena, alabaina, ez da soilik eskolaren eta familiaren artean gertatzen den prozesua, eta ondoko orrialdeetan ere beste atal batean irakurri ahal izango duzu egokitzapenari buruz, elkarrizketaren atalean, hain zuzen ere. Rafael Cristobal Psikiatrian doktore eta Huheziko irakaslea elkarrizketatu dugu oraingo honetan. Doktoreak heziketaren oinarrizko bi printzipio ezartzen ditu: horietan lehenak egokitzapenarekin du zerikusia; gurasoak, lehen-lehenik, haurraren erritmoetara moldatzea proposatzen du, horrek ekarriko baitu, Cristobalen arabera, haurra geroago gurasoen erritmoetara moldatzea. Kontuan izan beharreko bigarren printzipio gisa, umearengan konfiantza edukitzea oinarrizkozat jotzen du irakasleak, hau da, umea susmopetik atera eta haren eskariak egokiak direla pentsatzen hastea proposatzen du. Konfiantza dugu hizketagai, berriro ere.

Egokitzapena samurra izan dadin, hezitzaileek eta gurasoek euren arteko konfiatza beharrezko jotzen dute; eta Cristobalek, berriz, gurasoek haurrarengan konfiantza izatea beharrezko ikusten du guraso eta seme-alaben arteko harreman lasai baterako.  Konfiantza, lasaitasuna eta gardentasuna, egokitzapenerako ez ezik, bidelagun onak dira hezkuntzan.