Gogoangarria izango da 2020ko udaberria 180 graduko aldaketa eragin duen pandemia bizi izan dugulako mundu osoan COVID-19aren eraginez. Pandemiari aurre egiteko hartutako neurrietako bat izan da konfinamendua: denok etxean, itxita, atera ezinik. Familia txikiak zein handiak, landa eremukoak zein hirietakoak, txiroak zein aberatsak. Pertsonak adina bizipen.
Urrun iduri luke itxialdian egondako egunak pasa zirela, iragana dela, ahanzten ari garela. Baina ez da hainbeste denbora pasa: udaberriaren hasieran hasi zen konfinamendua eta urtaro osoa iraun du. Martxoaren 30etik apirilaren 9ra izan zen erabateko itxialdia Hegoldean. Aurretik, ordea, umeak jada etxean zeuden atera gabe, eta konfinamenduaren ondoren ere itxialdia luzatu egin zitzaien umeei. Deseskalatze faseak kalera ateratzeko aukera eman du, murriztutako askatasuna berreskuratu dute umeek, helduek zein adinekoek. Iparraldean, ordea, egoera bestelakoa izan da, itxialdiak iraun duen bitartean umeek ordubetez kalera ateratzeko aukera izan baitute, nahiz eta askatasuna mugatu izan. Baina oraindik ere ziurgabetasuna handia da. Zaila da osasun datuen erritmoan dantza egitea, eta are zailagoa egunerokotasuna antolatzea: eskola, aisialdia, lana, oporrak, ospakizunak, festak, kultur ekitaldiak, kirol jarduerak eta abar. Ezer ez da segurua orainaldian, eta etorkizunean ere ez dirudi.
Horrexegatik, urrun iduri lukeen arren, berriz ere konfinatzeko aukerari inork ez dio aterik itxi. Agian bai, agian ez. Akaso bizipen horiek berriro ere bizitzea egokituko zaigu, edo ez. Ataka horretan, HAZI HEZIk itxialdiko une haietan hainbat familiatan izandako bizipenak ekarri nahi ditu gogora, alde batetik une gogoangarriek behar duten lekua izateko eta, bestetik, familia desberdinen errealitatea ezagutzeko, horrek zaintza- eta laguntza-sareak sortzen lagundu baitezake.
Aldaketa baten atzetik bestea
Kale hutsetan isiltasuna nagusi zen egunetan etxe barruetan elkarbizitzak, mugimenduak eta harremanek betetzen zuten espazioa zein denbora. Hori izan zen lehendabiziko aldaketetako bat: etxeko martxaren aldaketa. “Gure etxeko oreka pikutara joan zen” dio Garbi Longartek. Erandion bizi den irakaslea da eta telelana egitea egokitu zitzaion berari. Bikoteak elikadura alorrean lana egiten duenez lanera joaten jarraitu zuen itxialdian eta 8 eta 10 urteko bi alaba dituzte. “Gure egunerokotasuna berrantolatu behar izan genuen. Nire kasuan, eskolako haurren familiekin harremana mantentzea izan zen lehentasuna, eta aldi berean, alabekin egotea eta etxerako lanetan laguntzea. Bat-batean nire telefonoa zentralita bat zen: e-mailak, whatsappak, deiak... Gogoratzen naiz egun batean ni mugikorretik familia batekin berbetan nengoela, aldi berean telefono finkotik alaba txikiaren andereñoa neuri deika ari zela zelan geunden galdetzeko, eta une berean alaba zaharrena bideokonferentzia batean zegoen Ingeleseko irakaslearekin. Zer zen hura? Zer desoreka? Zer sentsazio? Konektatu barik ni oso deskonektatuta sentitu nintzen. Hau da, gure erritmoa guztiz aldatuta, batez ere gure biorritmoa".
Aldaketa horrek familia guztiei eragin zien, eta denak ez dira zailtasun berdinekin topatu. Ordizian bizi den Nerea Eliasek kontatzen du goizeko 8:30ean ateratzen zirela gurasoak eta bi alabak etxetik ikastolara joateko eta iluntzeko 8etan itzultzen zirela, afaldu eta berehala lotara joanez. “Pentsa, beraz, nola aldatu zen gure egunerokoa konfinamenduaren eraginez!”, bat-batean lauak 24 orduz etxean. Eliasek exijentzia handiarekin bizi izan zituen: “Amatasuna lehen ere exijentzia handiko lana da eta itxialdian exijentzia hori gutxienez hamar aldiz biderkatu zela iruditzen zait: gu ERTEn, telelana egin beharra, umeen eskolako lanak, hasieran eskulanak egiteko eta produzitzeko zegoen behar handia...”.
Konfinamenduak familien eguneroko martxa aldatu zuen: egunetik gauerako antolaketa guztia berregin beharra zentzu guztietan
Etxetik atera ezinik eta beste herri batera joan ezinik egoteak alaba ikusi gabe egotea ekarri zion Antton Iturberi. Urretxun bizi da, banatuta dago eta 14 urteko alaba amarekin bizi da Ordizian. “Hasieran denbora gutxiko kontua izango zela pentsatu genuen, eta alabarengana ez joatea erabaki genuen erantzukizunagatik”. Erabaki hori hartuta kontzientzia garbiarekin geratu zen, gauzak egoki egiten ari zen sentipenarekin, eta hala, konfinamendu garaian alabarekin bideokonferentzien eta whatsappeko bideodeien bidez komunikatu zen Iturbe. “Eta aitortzen dut gogorra egin zitzaidala. Egunero hitz egin dugu, baina ukitu gabe, elkarri gauza gehiago kontatzeko aukerarik gabe... pena da”. Alaba eta biak paseatzeko ohitura handia zuten eta paseo horretan pixkanaka ateratzen ziren kontuak, elkarrizketa horietan oinarritzen zen bien arteko erlazioa. “Baina horrek denbora eskatzen du”, dio Iturbek. "Gauzak kontatzeko denbora behar da, elkarrizketa tonto baten erdian ateratzen baitira kontu interesgarriak eta politak. Eta horren falta sumatu dut, bai, galtzen ari nintzela sentitzen nuen".
Gauza bera gertatzen zaio Xua Lasagabaster 3 urteko umeari. Urtarrilaren 19an iritsi zen Usurbila Picassenteko (Valentzia) kartzelatik gurasoak han utzita. Otsailaren 26an izan zuen lehendabiziko aurrez aurreko bisita eta geroztik, pandemia tarteko, gurasoak ikusi gabe dago.
Malabareak egiten, eta halere ezin
Etxeko erritmo aldaketa horretan pisu handiko pieza izan da lana eta etxeko zereginak kontziliatzea. Inoiz baino malabare gehiago egin behar izan dira aurretik egindako antolaketa guztia bertan behera erori denean. Mikel Agirrek dio ekuazioa ezin dela askatu. “Guraso biok lanera joan behar izan dugu, seme-alabek etxean egon behar izan dute, ez zen komeni haurrak aitona-amonekin uztea... eta gainera, bi seme-alabetako batek autismoa dauka”.
Malabareak egiten hasi eta bat-batean eskuko pilotak banaka erortzen zitzaizkiola sentitu zuen Belen Piñas usurbildarrak ere. Donostiako Ospitaleko Oftalmologia Zerbitzuan egiten du lan, ama bakarra da eta 9 urteko alaba du. 82 urteko amaren laguntza izaten du Izaro alaba zaintzeko. Pandemiaren ezaugarriak eta haien osasun arazoak kontuan hartuta, hirurak arrisku taldean kokatzen dira. “Osasungintzako langilea izanik, lanera joan beharra neukan”, dio egoera azalduz. “Alabak biriketako gaixotasun bat dauka eta konfinamendua hasi eta berehala gaixotu egin zen. Ama ere ondoezik egon zen egun horietan eta gure etxera ekarri nuen. Asteburu batean lanera joan gabe egon nintzen, biak zaintzen. Astelehenean lanera joan beharra neukan eta handik etxera deika aritu nintzen sarri-sarri biak etxean gaixorik utzita joan nintzelako. 10 egun pasa genituen horrela, eta ondoren nik baja hartu nuen COVID-19aren sintomak nituelako. Proba egin zidaten eta negatibo eman zidan”. Berriro ere lanera itzuli zen Piñas, osasun arloko langilea izanik ezin baitzuen baimenik hartu, eta ama etorri zen alaba zaintzera. Sintomak sentitu eta proba egin bitarte horretan amarekin eta alabakarekin distantzia mantetzen zuen, eta alabari gogorra egin zitzaiola dio. “Esaten nion ezin ninduela besarkatu eta ezin zidala musurik eman eta gogorra egiten zitzaion. Ez nintzen isolatuta egon, baina distantziak mantenduta bai. Astebete edo hamar egun egon ginen horrela eta behin proba egin eta negatibo emandakoan, ‘eman besarkada handi bat orain’ esan nion Izarori”.
Osasuna jokoan dagoenean
Etxean konfinatuta egon gara kutsatze arriskua gutxitzeko, baina batzuek etxetik kanpora atera behar izan dute lanera joateko. Horrek beldurra eragin die batzuei, ardura beste batzuei, arriskuaz jabetu dira batzuk eta erantzukizunez bizitu dute beste batzuk. Piñasen kasuan denetik pixka bat. “Nire kasuan, ospitalean lan eginda, kutsatu eta gaixotasuna etxera ekartzeak kezkatzen ninduen. Sintomak nituen, COVID-19a eduki nezakeen eta etxean neukan panoramarekin...”. Beregatik ez zeukala hainbesteko beldurrik dio, baina bai amagatik eta alabagatik. “Amak eta Izarok gehiago kezkatu naute, haiekiko daukadan erantzukizunak. Bai, amak asko kezkatzen ninduen. 82 urte ditu eta lagunek esaten zidaten ezin nuela nire etxera ekarri eta zerbait egin beharko nuela. Kontzientziako pisuarekin geratzen nintzen. ‘Zerbait gertatzen bazaio amari nire kulpagatik?’. Eta hori izugarria da”. Piñasen kasuan beste norbaiten ardura edukitzeak asko eragin dio. “Argi eta garbi daukat bakarrik egon izan banintz, prest egongo nintzela koronabirusarekin gaixotutakoekin lan egiteko, zereginean erne eta tinko”.
Isabel Ramosek dio ez dela horretan pentsatzen jarri. Erandion bizi da hiru seme-alabekin, banatuta dago eta supermerkatu batean egiten duenez lan, onartu zuen lanera joan behar zuela, “osasun arloan lan egin izan banu joan beharko nukeen bezala. Hori bai, neurriak hartu ditut: etxera sartu aurretik oinetakoak erantzi, arropa guztia aldatu, dutxatu... hori bai”.
Arrisku egoeran zeuden pertsonek beste begi batzuekin bizitu dute egoera. Ramosek gauez egiten du lan supermerkatuan eta 70 urteko pertsona bat etortzen zen gauez umeekin egotera. “Aparteko beste gela batean egiten zuen lo, ez zeukan umeekin kontakturik, maskara, eskularruak eta gelak eman nizkion, gela desinfektatzen nion, baina ez zuela etortzen jarraitu nahi esan zidan, eta ulertu nuen”.
Piñasen ama Lucia Sanfacundok gaixotzeko beldurra izan du. “Kezkatuta nago gaixotu naitekeelako koronabirusa duten pertsonekin kontaktuan egonez gero. Alaba gaixotu daiteke ospitalean lan egiten duelako eta gu kutsatu”. Komunikabideetan gaixoak artatzeko material nahikorik ez zegoela entzun zuen, eta 80 eta 50 urteko bi pertsona baldin bazeuden gaixorik eta batentzako adina material, 50 urtekoa artatuko zutela. “Hori entzunda, gaixotzen baldin bazen hil egingo zela pentsatzen zuen eta beldur zen, bai” dio alabak.
Umeen bizipenak
Zer dakizu koronabirusaz?
Izaro (9 urte): Batez ere zaharrei eta jada gaixotasun bat dutenei kalte egiten dien birus bat da, baina edozeini egin diezaguke kalte. Txerto bat ari dira esperimentatzen. Eskuak ondo garbitu behar dira eta eztula egitean besoa jarri behar da.
Lea (9 urte): Aitonak eta amonak kezkatzen naute, batez ere haiek hartu dezaketelako koronabirusa. Guk agian gainditu dezakegu, baina aitonak eta amonak zailago izango dute. Eta horrek kezkatu egiten nau.
Jule (5 urte): Koronabirusak beldur pixka bat ematen dit, baina ez hainbeste. Niri beldurra ematen didana da guk edo gure familiako norbaitek edukitzea eta hiltzea.
Nola pasa duzu konfinamendua?
Izaro: Amonarekin oso gustura. Baina batzuetan aspertuta jolasteko lagunik gabe egon naizelako, haien falta sumatu dut. Bideokonferentziak egin ditut lagun batzuekin eta horrela behintzat elkarren aurpegiak ikusi ditugu.
Lierni (8 urte): Batzuetan aspertu egin izan naiz. Lagunek ere apurtxo bat aspertuta zeudela esaten zidaten. Denok berdina egiten genuen: telebista ikusi, jolastu, telebista ikusi, jolastu... Ahizparekin batzuetan ongi eta beste batzuetan haserretu egin izan gara.
Jule: Etxean sartuta aspertu egin gara.
Lea: Gehin gustatu zaidana familiarekin egotea izan da, zeren ikastola eta lana daukagunean ez baikara asko egoten.
Zer da gehien faltan sumatu duzuna?
Izaro: Musuak, besarkadak, kanpora ateratzea jolastera, lagunak eta familiakoak.
Jule: Laguntxoak ikustea, andereñoa, ikastola, plaza... gauza asko. Gehien-gehiena Anderren, nire lagun txintxo baten falta igarri dut. Asko maite dut eta haren hutsunea igartzen dut.
Lea: Nire lagunak, ikastola, kaleko aire freskoa eta igerilekua. Udaberria denez seguraski igerilekura joango ginen, baina koronabirusagatik ezin gara joan. Horrek amorratu egiten nau.
Zer egin nahi duzu konfinamendua bukatutakoan? (Konfinamendu garaiko desioak)
Izaro: Kanpoan ibili denbora asko, lagunak ikusi eta besarkadak eta musuak eman.
Lierni: Kalean ibili egun guztian.
Jule: Lehenengo gauza ikastolara joan eta Anderri musu bat eman nahi diot, asko maite baitut eta harekin egon nahi baitut.
Lea: Bost txiribuelta egingo ditut segidan. Etxean ez daukagu txiribueltak egiteko nahiko lekurik, bost jarraian eginez gero berogailuarekin jotzen dugu.
Ainhoa Oihartzabalek ere bazituen kezkatuta egoteko motiboak konfinamenduaren hasieran. Minbiziaren aurkako tratamendua bukatu berritan, arrisku taldean zegoen itxialdiaren hasieran. Gerora egindako analisiak eta probak ongi atera ziren eta apirilaz geroztik ez dago arrisku taldean. Horrek hasierako beldurrak eta kezka gutxitu eta egoera lasaiago bizitzeko aukera eman dio. Hori bai, konfinamendurako neurriak hartu behar izan zirenean, ez zitzaien batere kosta. Etxean oso argi eduki zuten: “kito, isolatzera goaz”. Oihartzabal konturatzen zen inguruko jendeari, bizilagunei, seme-alaben ikaskideei eta familiei... gehiago kosta zitzaiela, baina beraiei aurretik bere gaixotasunarekin bizitutakoak erraztu egin zien konfinatzea. “Azken finean, bi urteko tratamenduaren ondoren osasun arloko hizkuntza geureganatua geneukan guk, eta baita kutsatzearen kontzeptua bera ere. Zeren bi urte horietan konfinamenduan esaten dituzten neurriak bete ditugu. Hain erradikalki ez agian, jendearekin egon ezina ez, baina eskuak garbitzearena, adibidez, bai. ‘Eskuak garbitu behar ditugu guregatik, baina baita ama babesteko ere’ zioten seme-alabek. Edo familiakoren bat gripearekin baldin bazegoen, ezin zuen etorri gure etxera edo guk ezin genuen joan”. Ospitalean gelatik korridorera ateratzeko maskara jantzen zuen Oihartzabalek eta seme-alabak horretara ohitu ziren. “Beraz, maskara ez da gauza berria izan beraientzat. Mediku eta erizain guztiek erabili izan dute niregana gerturatzean. Hortaz, ez zaigu hain arrotza egin parafernalia hau. Kontua da orduan ni nintzela gaixoa eta babestu beharrekoa, eta orain, ordea, edonor. Gogortasun gehiagorekin agertu da arriskua”.
Baserria edo pisua, loteria jaustearen pareko
Zurrubilo hori dena etxean kudeatu behar horretan, ez da gauza bera izan baserri batean bizitzea, hiri bateko pisu txiki batean edo Iparraldean bezala egunean ordubete ateratzeko aukera izatea. Baserrian bizitzeak —urrutira joan ezin bazen ere—, 100 metro inguruan belarra zapaltzeko, haizea hartzeko eta pauso batzuk emateko aukera ematen du. “Edota euritan bustitzeko” gehitzen du Oihartzabalek. Beteluko baserri batean bizi da bikotearekin eta bi seme-alabekin. “Askatasun falta denok sumatu dugu, ezin genuen nahi genuen tokira joan edo nahi genuen jendearekin egon, baina behintzat arnasa hartu eta gorputza mugitu bai, eta mugimendu aukera hori edukitzeak asko ematen du”.
Aiako Irureta-Haundi baserrian bizi den Rosa Alkain ere ederki jabetzen da horretaz. Beti dago toki gehiago; ataria, baratzea... “Zorteko gara eta horrelako egoera batean baserrian bizitzeak alde onak ditu. Kanpora ateratzeaz gain, kanpoko lanak ere egin daitezke: zuhaixkak eta egurra moztu, baratzean aritu, belarra moztu...”. Alkainek garbi ikusten ditu abantaila horiek, baina ez daki seme-alabak horren kontziente ote diren: “Nik uste dut oraindik ez direla kontziente zer den kaleko etxe batean bizitzea, ez baitute bizitu zer den etxe batean itxita egotea”.
Ramosek ere hiru seme-alaba ditu, baina ez da baserri batean bizi, Erandioko pisu batean baizik. “Ez daukagu balkoirik. Sukaldearen ondoan terraza ttiki bat dago, baina ezin da balkoitzat hartu. Dena dela, ez naiz kexatzen, zeren etxea ez da txikia, hiru logela eta bi bainugela ditu, eta beste asko etxe txikiagotan daude”. Edonola ere, egoerak ez duela prestatu gabe harrapatu dio. “Lehen ere egoten ginen etxean eta ohituta geunden denok elkarrekin sukaldatzen eta abar. Errutina onak genituen, bitarteko asko ditut. Kontua da itxialdian ordu gehiago izan zirela eta igerilekura joatearen hutsunea igarri dugula, eta baita gehiago mugitzearena eta espazio irekietan ibiltzearena ere".
Eskolako lanen katramila
Eskolako lanak izan dira konfinamenduaren katramilatako bat. Batetik, hainbat familiari asko iruditu zaizkiolako eta bestetik guraso askori irakasleen paperean jartzea ez zaielako bidezkoa iruditzen. Kontua da hainbat familiatan estres eragile izan direla etxerako lanak eta batzuk saiatu direla neurria hartzen. Longartek, Haur Hezkuntzako irakaslea izanik, alaben irakasle eta lankide dituenei hasieratik jakinarazi zien deskantsu telematikoa izango zutela alabek. “Ez nituen goizeko 8etan esnatzen, argi neukalako deskantsurako momentua ere izan behar zuela konfinamenduak, familian egoteko eta eguneroko arintasunean lortzen ez diren momentuak lortzeko”. Horrez gain, etxerako lanak teknologiaren inbasioarekin lotzen ditu Longartek. “Oso inbaditzailea izan da. Gu gure ikuspegi pedagogikotik pantailak gutxiestearen aldekoak izanda, baliabide bakarra ordenagailua izatea gehiegi egin zaigu. Erakarpen hori neurtzeko beharra sentitu dugu etxean. Gure etxean pantailarik ez zuten ukitzen astean zehar, eta bat-batean pantaila izatea komunikaziorako eta lanerako tresna, erabat itogarria egin zaigu. Eta inkoherentea, aldi berean”.
Ramosen kasuan seme-alaba bikiek 6 urte dituzte eta ez dute eskolatik lanik izan, proposamenak salbu. “Koaderno bana erosi nien idatzi nahi zutenean idazteko, errezetak idazteko, hozkailuan arbel bat daukagu...”. 11 urteko alaba ongi moldatu dela dio. “Zorionez nahiko autonomoa da, etxerako lanak eguneratuta eduki ditu eta ez nuen gainean egon behar izan. Gainera ez da nire lana hori; alegia, etxerako lanak egiten aritzea beraiekin. Uste dut egokiagoa dela bitartekoak ematea: liburuak, entziklopediak, ni irakurtzen ikustea... Eta lanerako giroa eskaintzea: argi egokia, mahaia garbi, jostailuak eta panpinak beste leku batean... “Ulertzen dut ume batzuek laguntza beharko dutela, baina nik uste dut beraiek ikasi eta egin behar dituztela etxerako lanak, beraiek ikasi behar dute antolatzen, zeren biharko egunean lan bat daukatenean, ez diet nik antolatuko euren lana. Lagundu behar zaie, baina ez dena egin. Ama batzuei zera entzuten diet: ‘Bihar azterketa daukagu’. ‘Barkatu? Azterketa umeak dauka, nik ez daukat azterketarik’. Gauzak nahastu egiten ditugu batzuetan”.
Alkainek ere hasieran bonbardaketa sentitu zuen etxerako lanak zirela-eta, eta seme-alabei lasaitasuna transmititu zien. “Neurria hartu genion eta ahal genuena eta genekiena egin genuen. Zaharrenari, 15 urtekoari ordutegia jarri zioten DBHn, 8:00etatik 14:00etara, eta orduan, beste biei ere (12 eta 10 urtekoak) ordutegia jarri nien etxean, egunero bi ordu. Lan asko bidali zizkieten, arduraz hartu zituzten eta egin zituzten, baina ahal zutena, ito gabe. Neu ere ez naiz abila ordenagailuarekin eta nahiago izaten dut beste gauza batzuk egin beraiekin eta dakidana irakatsi”. Makarroiak egiten, arropa zabaltzen, tortilla egiten... horrelakoak erakusten aritu da Alkain. Eskolako jangelan lan egiten duenez, konfinamenduan ez zuen lanera joan beharrik izan eta seme-alabekin egoteko aukera izan zuen. 12 urteko alabak laguntza berezia behar du ikasketetarako eta eskolan irakasle laguntzaile batek laguntzen zion horretan. Konfinamendu garaian etxean jarraipena izan zuela dio amak. “Lehendik ere ari ginen lanean, enpatia handia genuen irakasle laguntzailearekin eta aurretik landutako hartu-emanak asko lagundu die bien arteko bideodeiak egiten eta harreman mantentzen. Alde horretatik ez dugu inolako kexarik”.
Zailtasun gehiagorekin topatu dira Mikel Agirre eta haren familia. Autismoa duen semeak konfinamenduan ordubetez paseo bat emateko aukera izan zuen behar bereziak dituelako, baina ez zen nahikoa haren kasuan. “Gure semeak ez du arrazoitzen, ezin diogu azaldu ezin duela parkera joan edo ezin duela nahi duen lekuan ibili. Ordubete horrek antsietatea gehitzea eta areagotzea ekarriko zukeen, mesede egin beharrean”. Egoerari aurre egiteko errutina batzuk egiten saiatu ziren, Pausokatik bildatzen zizkien gidalerroei jarraituz eskolako martxa zertxobait jarraitzen. Errutinaren eta mugimenduaren bidez egoerak bideratzen saiatu dira gurasoak, “baina ez da erraza. Bat-batean hezitzaile bihurtu behar izan dugu, eta gu ez gara hezitzaileak, gu bere gurasoak gara. Ezagutzen dugu gure semea eta badakigu nola jokatu, baina baldintza hauetan ez da erraza”. Gainera, lanera joan beharrak egoera zaildu die. “Teorian hartu ditzakegu baimenak, baina nola? Zein baldintzatan? Konfinamenduan etxean gelditu beharra izan dugun denbora guztia errekuperatu beharra daukagu. Beraz, aitona-amonekin utzi behar ditugu bi umeak, ez daukagu beste irtenbiderik. Eta jakitun gara aitona-amonek ezin dituztela haurraren beharrak guk bezala bete, are gutxiago hezitzaileek egiten dituzten gauzak egin. Ahal dutena egiten dute, eta gainera, gaitzaren beldurra dute”.
Noraezean sentitu direla aitortzen du, inoren laguntzarik edo deirik jaso gabe euren kabuz gauzak begiratzen eta bilatzen. “Behar bereziak dituzten haurren kasuan zerbitzu sozialen egitekoa litzateke haur horiek zer moduz dauden galdetzeko deitzea eta egoera honetan zein eskubide aitortzen zaizkien jakinaraztea. Baina guk ez dugu dei bakar bat ere jaso”.
Konfinamenduko irakaspenak
“Hezteko modu asko daude”
Hezteko modu asko daude eta nik uste dut ni irakurtzen ikusten baldin banaute etxean liburuak baldin badaude edo errealitateko gauzak kontatzen badizkiegu ere hezten ari garela”. Aurreko batean Save The Children erakundeko bazkide egin zen Ramos eta seme-alabei azaldu zien beste leku batzuetan nola bizi diren umeak, guk koronabirusa daukagula orain baina beste leku batzuetan azken urteetan gerran egon direla eta mantarik ez dutelako hotzak baldin badaude hil egiten direla umeak. “Orduan, gauden egoeran gaudela ere, gu pribilegiatuak garela esaten saiatzen naiz. Noski, hori dena euren mailara egokituta kontatzen diet, errudun sentimendurik sortu gabe, hori aldatzeko zer egin dezakegun pentsatuz. Jakin dezatela beste errealitate batzuk badaudela eta balora dezatela daukatena”.
“Aukera bat izan daiteke”
“Aukera bat izan daiteke muturreko egoera bat elkarrekin bizitzea alabak eta biok, elkarrekin aurre egiteko aukera izatea eta betiko bion arteko gauza bat izatea, etorkizunean gogoan izango duguna: nola bizitu genuen, nola atera ginen aurrera... lezio bat bezala”, hausnartzen du Iturbek.
“Lanbide guztiak dira inportanteak”
“Nik goi mailako ikasketak ditut eta une honetan formazio handirik behar ez duen lan batean ari naiz Bilboko Corte Inglesen. Baina konfinamenduan, erizainen, medikuen, su-hiltzaileen eta polizien lana bezala, lan garrantzitsua izan da gurea”, dio Ramosek. “Oso gaizki ordaindutako lanak dira batzuk eta hobeto ordaindu beharko liratekeenak. Egoera honek apaltasun ariketa bat egitera eraman nau, lan guztiak direla inportanteak jabetzeko”.
“Barruko onena atera dezakegu”
“Badaukagu elkarrengandik zer ikasia, eta hori oso polita da. Seme-alabak ere badoaz ikasten”, egiten du gogoeta Oihartzabalek. “Bizi dugun egoera zaurgarri hauetan gure barruko onena ateratzeko garaia dela ikasi dugu gurean nire gaixotasunarekin. Eta hori lasai egiteko, etxeko guztiak elkar zaindu behar garela, nork bere burua zaindu behar duela eta erantzukizunez jokatu behar dugula. Era berean, ziurgabetasunean eta ezjakintasunean gaudenez, ezin dugu espero dena ulertzea eta kontrolatzea. Dakiguna egitearekin aski”.
“Ez diot ezer onik ikusten”
82 urteko Lucia Sanfacundok argi dauka: “Ez diot ezer onik ikusten”.
“Doluan bezala, etapak bizitu ditugu”
“Etapa batzuetatik pasatzen zara, doluan bezala”, dio Piñasek. “Hasieran ukazioa, ez da posible, ez zaigu iritsiko. Behin iritsitakoan harridura, nahasmena, ez genekien zer zen. Beldur pixka bat ere bai. Ospitalean denok egon gara urduri, zer gertatuko zen jakin gabe, nola eragingo zuen jakin gabe, lanean leku batetik bestera aldatuz non bukatuko genuen arrastorik gabe, gure armairuak hustutzen logela bihurtzeko prest edukitzeko, protokoloak etengabe aldatzen... estres batean, gauero negar egiten. Ondoren, barneratu egiten duzu eta azkenean ohitu egiten zara”.