Haurdunaldiko ohiko kontroletan aldaketak eragin dituzte COVID-19aren kontrako neurriek, erditze-aurreko prestaketan eta erditzea artatzeko protokoloetan ere eragin dute. Maialen Albistur emaginak argitu ditu zein diren aldaketak, eta zehaztu du haurdunetan patologia gehiago nabaritzen ari direla, itxialdiaren ondorioz.
Haurdunaldian galdera asko etortzen ohi zaizkio emakumeari, batik bat, lehen haudunaldia eta erditzea diren kasuetan. Nolakoa izango da erditzea? Dena ondo joango al da? Zer egin, zer ez egin? Koronabirusaren ondorioz bizi ditugun garaietan are galdera gehiago datozkio ama izango denari: nola eragiten du COVID-19ak haurdunaldian? Zer aldaketa eragin ditu haurdunaldiko arretan eta erditze-protokoloetan? Maialen Albistur Euskadiko emaginen elkarteko Gipuzkoko eledunari egin dizkio Hazik Hezik galdera horiek guztiak. Prebentzioan jartzen du emaginak arreta: "Alarmarik gabe, aurretiazko neurriak hartzea da garrantzitsuena".
Haurdunak arrisku taldekotzat kontsideratzen al dira COVID-19aren pandemian? Koronabirusak gogorrago eragiten al die haurdunei haurdun ez daudenei baino?
Erakunde batzuek haurdunak arrisku taldekotzat hartzen dituzte, baina beste batzuek, ez. Kontua da haurdunaldian emakumeak fisiologikoak diren aldaketa asko jasaten dituela, batzuk begi-bistaz ikusten direnak eta beste batzuk ikusten ez diren arren oso garrantzitsuak direnak, hala nola, immunologikoak, arnas aparatukoak eta kardiobaskularrak. Haurdunaldiko aldaketa horiek erraz dezakete emakumeak COVID-19aren forma larrienak pairatzea. Garrantzitsuena, emakumeek osasun erakundeen gomendioak jarraitzea eta haurdunaldian ahalik eta osasuntsuen eta aktiboen mantentzea da.
Haurdunaren kontrol arruntean zer-nolako aldaketa eragin du pandemiak? Otsailetik martxora aldaketa zorrotzak egin ziren, martxotik hona, zer aldaketa egin da? Eta nola egiten dira gaur egun haurdunaren mediku-kontrolak?
Haurdunaldiko ohiko kontroletan aldaketak egon dira COVID-19ren pandemia dela-eta. Eskualde bakoitzak bere neurriak hartu ditu denbora honetan, neurri zorrotzenak martxotik ekainera izanik. Eskualde gehienetan, haurdunaldiko jarraipenaren protokoloan kontsulta kopurua murriztu zen eta emakumeak askotan bakarrik joan behar izaten zuten kontsultetara, pertsonen arteko kontaktua ahal zen neurrian saihesteko. Ekainetik aurrera, eskualde askotan, protokoloak birmoldatu dituzte, kontsulta gehiago jarri dituzte eta leku gutxi batzuetan emakumeak beste pertsona batekin joan daitezke, gutxienez ekografietara.
Haurdunak bakarka joan behar du kontrol horietara, ekografiak ikustera...?
Eskualde batzuetan emakumea beste pertsona batekin joan daiteke ekografietara, baina errealitatea da eskualde gehienetan oraindik emakumea bakarka sartzen dela ekografia kontsultetara.
Erditze-aurreko prestaketa egiten ari al dira haurdunak? Nola ari zarete haurdunak prestatzen erditzerako?
Erditze-aurreko prestaketan ere aldaketa asko egon dira. Martxoan, osasun-zentro gehienetan prestaketa-saioak bertan behera utzi zituzten eta osasun-zentro gutxi batzuetan saio presentzialak online saioekin ordezkatu zituzten. Ekainetik aurrera, osasun-zentroetako gelen gehieneko edukierak neurtu dituzte eta, osasun-zentro batzuetan (gutxiengoetan) online saioez gain, saio presentzialak ere eskaintzen hasi dira. Hala ere, pandemiaren bigarren olatu honekin, saio presentzial horiek berriz ere murriztu egin dira leku batzuetan, kutsatze-indizearen arabera.
Haurdunei COVID-19aren beldurra erantsi zaie, erditzeari sarri izaten zaion beldurrarekin batera. Protokoloetan edo arretan, nola ari zarete emaginak COVID-19aren beldurra lantzen? Nabaritu al duzue beldur hori?
Bai, emakumeek eta familiek beldur diote COVID-19ak haurrarengan izan dezakeen eraginari. Halaber, emakumeek askotan izaten dituzten zalantzak honakoak izan ohi dira: erditzean beste pertsona batekin egon daitezkeen eta jaio ondoren haurra eurekin geratuko den edo ez.
Beldur eta zalantza horiek, informazio eguneratua eskainiz lantzen ditugu, bai kontsulta presentzialetan, telefonoaren bestaldetik edota erditze-aurreko prestakuntza-saioetan.
Erditzeari begira, zertan aldatu da protokoloa? Erditzeetan, ikusten ari zarete COVID-19ari aurre egiteko neurriek eraginik izan dutenik?
Erditu aurretik, emakumeei PCR proba egiten zaie, leku batzuetan erditze-gelan sartu aurretik (ingreso egunean) eta, beste leku batzuetan, ginekologoarekin izan ohi dituzten azken asteko kontsultetan.
Gaur egun, gure autonomia erkidegoan emakumeak erditzean beste pertsona batekin egon daitezke eta erditu ondoren, haurra eta ama beti elkarrekin daude, arrazoi medikuak egon ezean.
Eta, ospitaleko egonaldian, musukoarekin egon behar da. Leku askotan, erditze-geletan, osasun-profesionala gelatik kanpo badago, musukoa kentzeko aukera ematen diete emakumeei. Gainera, jaiotze momentuan (egozpenean) emakumeari musukoa kentzeko aukera ematen zaie ospital batzuetan.
Erditze-ostean eta ospitalizazioan aldaketa handiak egon dira? Bisitak jaso al ditzakete familia berriek?
Erditze ondorenean bisitak debekatuta daude oraingoz eta normalean neurri hori positiboki bizitzen dute familia berriek. Egonaldiak ohikoak baino motzagoak izaten ari dira, ospitalean egon daitekeen kutsatze-arriskua jaisteko. Erditu duen emakumeak PCR proban positibo ematen badu, ospitale gehienetan, erditze-osteko ohiko geletan egon beharrean, gune berezietan egoten dira ospitaleko egonaldian.
Haurrak jaioberrien unitatean gelditu beharra izanez gero, COVID-19ak eragin al du protokoloan aldaketarik?
Haurrak jaioberrien unitatean gelditu behar badute, ospitale batzuetan bisitetan mugak jartzen ari dira, gurasoetako bat bakarrik sartuz aldi bakoitzean. Gainera, unitatean zehar joan-etorriak mugatzen dituzte askotan, neonatosen dauden haurrak babestearren.
Beste aldaketa nabarmenik eragin al dute koronabirusa kontrolatzeko neurriek?
Leku batzuetan, emakume haurdunetan patologia gehiago nabaritzen ari dira, tentsio arterial zifra altuagoak, haurdunaldiko diabetes kasu gehiago, gehiegizko pisu irabazia, etab. Honetan guztian konfinamenduak eragin zuzena izan duela dirudi eta baliteke, baita ere, emakumeek haurdunaldian izan duten jarraipen murritzagoak ere eragina eduki izana.
Erditze-osteko emaginen bisitak eta edoskitze-taldeak normaltasunez ari al dira orain?
Pandemiaren lehen olatuan emakume askok zioten erditze ondorenean ez zutela momentuan behar zuten arreta jaso osasun-zentro batzuetan. Gaur egun, osasun-zentro guztietan emaginak erditze ondorengo kontsultak eskaintzen dizkie emakumeei. Talde jarduerei dagokienez, osasun-zentro batzuetan edoskitze-taldeak eta erditze ondorengo taldeak online bidez eskaintzen ari dira, maiz zentroetako gelen edukierak oso mugatuta daudelako era presentzialean egiteko.