Konkolotx, euskaraz eta elkarrekin, 0-3 etapa ureztatzen ari da
Helburu bera izanik, xamurragoa izaten da elkartuta aurrera egitea. Iparraldean euskarazko murgiltzea txiki-txikitatik bermatzea du xede Konkolotx elkarteak eta horren bueltan elkartu dira hainbat haurtzain-etxe eta hainbat haurtzaindegi. Frantseserako joera gero eta handiagoa den honetan, euskarazko oasi txikien arteko zubia eraiki dute. 0-3 urte bitarteko etapan euskara ureztatzeko lanean ari dira, behin hazia jarrita, gerora ere familiek euskararen aldeko hautua egingo duten itxaropenez.
Gizapediaren arabera hauxe da Konkolotx hitzaren definizioa: “Bizkarrean pertsona bat eramateko modua, haren besoak lepoaren eta haren hankak gerriaren inguruan jarriz, eta besoekin eutsiz”.
Ongi adierazten du euskarazko eskolatzeek, eta euskarak oro har, Iparraldean duten egoera. Horrelaxe ari baitira hezitzaileak eta irakasleak: euskara bizkar gainean hartuta aurrera egiten, bidea nekeza izan arren, ilusioz eta haurrekin batera jostari. Egoera ez baita erraza eta horrelakoetan ohikoa denez, bidea xamurragoa da helburu bera dutenek bat eginez gero. Horixe egin zuten 2022ko abenduan Lapurdiko, Behe Nafarroako eta Zuberoako hainbat haurtzaindegik eta haurtzain-etxek: elkartu egin ziren eta Konkolotx elkartea sortu zuten denek batera eta elkarren babesean aurrera egiteko. Bi helburu nagusi finkatu zituen elkarteak bere sorreran: Ipar Euskal Herrian haurtzaindegietan eta haurtzain-etxeetan harrera euskaraz egiteko aukera eskaintzea eta haien artean sarea osatzea.
Lehen haurtzaroan euskarazko murgiltzea eskaintzeak duen garrantziak bultzatuta elkartu ziren Miarritzeko Ohakoa, Baionako Luma, Lakarrako Ttinka, Hendaiako Txiki Txoko, Ziburuko Ttuku Ttuku, Azkaingo Kilima, Angeluko Xoko Tipi eta Mauleko Xübükota. Horiek osatzen dute Konkolotx. Guztira, bost haurtzain-etxe eta hiru haurtzaindegi dira.
Ipar Euskal Herrian euskarazko haurtzainen zerbitzua ez da % 5era heltzen. Eta erakunde publikoei 0-3 adin tartean haurrak euskaraz hartzeko apustua egin dezaten eskatzen die Konkolotxek. Arlo profesionalean ere gabezia handiak dituzte; euskarazko prestakuntzarik ez denez, apenas dagoelako hezitzaile profesional euskaldunik. Orain, Konkolotxen euskarazko formazioa jasotzen ari dira eta ekinean ari dira bai Seaskarekin eta baita tokiko prestakuntza zentroekin ere.
Konkolotx osatzen duten zortzi egituretatik hiru ezagutu ditu Hik Hasik: Mauleko Xübükota haurtzain-etxea, Azkaingo Kilima haurtzain- etxea eta Lakarrako Ttinka haurtzaindegia.
Sortzerik ez izatea beldurgarria izaten ahal da Zuberoarentzat eta euskararen geroarentzat
Lüxi Agergarai, Mauleko Xübïkota haurtzain-etxeko haurtzaina
Mauleko Xübükota
2016an zabaldu zituen ateak Mauleko Xübükota haurtzain-etxeak. Hiru haurtzain aritzen dira bertan lanean eta 2 hilabete eta 2 urte arteko hamabi ume hartzen dituzte guztira, gehienez ere hamarreko taldeetan. Astelehenetik ostiralera izaten dute zabalik 7:30etatik 18:30ak arte eta, ondoren, 19:00ak arteko tartea garbiketa egiteko baliatzen dute. Haurtzain bakoitzak lau egunez egiten du lan astero eta familia bakoitzak erabakitzen du haurrek zenbat ordu pasatuko dituzten haurtzain-etxean.
Haur guztiak elkarrekin egoten dira, espazio berean. “Niniak euren txokoan izaten ditugu eta handiagoak gela osoan, baina errespetua bada haien artean”, adierazi du Lüxi Agergarai Xübükotako haurtzainak. Sorreratik izan da Agergarai Xübükotan: “Behe Nafarroan izan nintzen aurrez lanean, baina aukera suertatu zen Maulen haurtzain etxea zabaltzeko eta nire euskalkian, xiberotarrez lan egiteko. Aukera polita izan zen”. Xübükota zabaldu aurretik, ez zen 0-3 urte bitarteko euskarazko eskaintzarik Zuberoan, frantsesez besterik ez, eta arrakastatsua izan da orduz geroztik egin duten ibilbidea: 2022an, adibidez, 22 familiari ezezkoa eman behar izan zieten tokirik ez zutelako. Alde ona eta txarra ditu horrek Agergarairen hitzetan: “Pozgarria da familiek euren haurrek euskaraz entzun dezaten nahi izatea, baina haurrak hartzeko aukera galtzea pena handia da”. Eskaerak behera egin zuen ondoren, sortzeak asko apaltzen ari baitira Zuberoan Agergaraik azaldu duenez: “Sortzerik ez izatea beldurgarria izaten ahal da Zuberoarentzat eta euskararen geroarentzat”.
Apartamentu batean egiten dute lan eta espazioa txikia gelditzen ari zaienez, 2025eko irailean etxe handiago batera joango direla aurreikusi dute eta, modu horretan, bi ume gehiago hartu ahal izango dituzte. Euskal Hirigune Elkargoaren politika linguistikoko batzordearen laguntza jaso dute horretarako.
Azkaingo Kilima
Haurtzain-etxea da Azkaingo Kilima ere. 2020ko azaroan ireki zuten eta Xübükotan bezala, denera 12 ume dituzte. Etxe handia dute, baratza, kanpoko espazioa erabiltzeko aukera… Lau haurtzainek egiten dute lan Kiliman eta bi hilabete eta erdi eta 3 urte bitarteko haurrak hartzen dituzte gaur egun, baina 6 urte bitarteko haurrak har ditzakete. Ordutegiari dagokionez, 8:00-18:00 bitartean izaten dute zabalik. Haurtzainak langile independenteak direnez, bakoitzak adosten du ume bakoitzaren familiekin batera zein ordutegi izango duen. Hala azaldu du Isha Iribarren Kilimako haurtzainak: “Independenteak gara, baina elkarrekin egiten dugu lan eta behar dugu koherentzia bat izan. Horregatik badugu harrera proiektu bat gure lan koadroa ematen duena”. Kanpoko espazioak erabiltzeari garrantzi handia ematen diote Kilimako haurtzainek eta herrian zehar asko ibiltzen dira: parkera doaz, tarteka autoa ere hartzen dute urrunago joateko…
Xübükotan bezala haur euskaldunak eta euskaldunak ez diren haurrak hartzen dituzte, baina orain euskaldun gehiago hartzen saiatzen ari dira: “Ohartu gara frantsesak gain hartzen duela fite eta saiatzen ari gara ahalik eta euskaldun gehiago hartzen eta euskaraz ez dakiten bizpahiru sartzen, hizkuntza beregana dezaten. Erdaldunei euskararekiko sentsibilizazioa izatea eskatzen diegu, hori gure politikaren barnean baita. Gure helburua haurrek ikastolarako edo eskola elebidunerako bidea egitea da eta horra bideratzea ere gure lana da”. Horrekin batera, leku goxoa dutela, umeak etxean bezala egoten direla eta gurasoekin gertuko harremana dutela azpimarratu du Hiribarrenek.
Lakarrako Ttinka
Haurtzaindegia da Lakarrako Ttinka. Bost urte dira ateak zabaldu zituela eta bertako zuzendaritza lanak egiten ditu Leire Bidartek. Zortzi ordu ditu astero horretarako eta gainerako denbora haurrekin pasatzen du. Bost hezitzaile dira denera eta egunero horietako hiru izaten dira haurtzaindegian. Hemen ere ez dute denek egunero lan egiten.
Ttinkak 7:00etatik 19:00 arte zabaltzen ditu ateak. Euskarazko eta hurbileko zerbitzua, inguruko beharrei egokitutako zerbitzua, eskaintzea izan zuten helburu hasieratik. “Guk ireki genuenean bazen hemen Baigorri-Garazi eskualdean haurtzaindegi bat, baina oso berandu irekitzen zuen, 8:30etan. Guraso askorentzat ordutegi hori ez zen egokia haietako askok kostaldean lan egiten dutelako eta goiz abiatu behar dutelako edo laborariak direlako eta goizez badituztelako lanak egiteko”, azaldu du Bidartek. Gainera euskarazko zerbitzua ez zegoen bermatuta: “Badakigu haurtzaindegi horietako langile batzuk euskaldunak direla, baina haien ikuspuntua da konfiantzazko harremana izateko haurrei ama hizkuntzan hitz egin behar zaiela. Beraz, guraso gehienak frantsesak izanik, haurrei batez ere frantsesez egiten diete”. Bestelako eredua proposatzen du Ttinkak: “Uste dugu ume denei euskaraz egiten ahal zaiela eta posible dela haurren segurtasuna bermatzea eta gurasoekin konfiantzazko harremana sortzea nahiz eta etxeko hizkuntza euskara ez izan. Guk lortzen dugu”.
Ohartu gara frantsesak gain hartzen duela fite eta saiatzen ari gara ahalik eta euskaldun gehiago hartzen
Isha Hiribarren, Azkaingo Kilima haurtzain-etxeko haurtzaina
Egunero 12 haur har ditzakete Ttinkan. Denera 17 daude matrikulatuta, baina hezitzaileen antzera, ez dira denak egunero joaten. Ordutegiak familien beharren araberakoak izaten dira eta horren arabera moldatzen dute haur bakoitzak haurtzaindegian pasatzen duen denbora.
0-3 urte bitarteko haurrak doaz Ttinkara, baina baimena dute 6 urte bitarteko haurrak hartzeko eta asteazkenetan, adibidez, eskolarik ez denez, anai-arreba txikiagoak Ttinkan dituzten haurrak han egon daitezke. 6 urte bitarteko haurrak hartzeko baimena baldin badute ere, 4 urtetik azpikoak hartzen dituzte adin horretatik gorakoek bestelako beharrak dituztela ikusi dutelako.
Haur guztiak elkarrekin egoten dira eta modu horretan elkarrengandik ikasten dutela azpimarratu du Bidartek: “Elkar zaintzen ikasten dute; bizikletan dabiltzanean lurrean den ninia ez zapaltzen, adibidez. Oinarrizko gauzak dira, baina besteari kasu ematen ohitzen dira”. Haurtzaindegira joatea iraultza handia dela dio Bidartek: “Gurasoek behar dute gogoan ukan ikasketa prozesu handia dela eta aldaketa handia dela umeentzat hona etortzea, bereziki nini txikien kasuan”.
Haur gehienek euskara ekartzen dute etxetik; familiak osoki euskaldunak edo elebidunak izaten dira, normalean. Baina izan dute bestelako kasurik ere, Bidartek azaldu duenez: “Ukan ditugu haur batzuk etxeko hizkuntza osoki frantsesa zutenak eta euskara hemen deskubritu dutenak. Ez da trabarik horretarako; familiei esaten diegu nola pasatuko diren gauzak, eta galdetzen diegu haurtzaindegira iristen direnean trantsizioa egiteko haurrari lehen hitza euskaraz egitea haurrek ikus dezaten gurasoek badakitela hemen euskaraz arituko garela eta gurasoak horrekin ados direla. Horrek haurraren begirada aldatzen du eta onartzen du gero egun osoz gurekin euskaraz hitz egitea, nahiz eta guk eguneroko informazioak trukatzeko gurasoekin frantsesez egin. Haurrak badaki, beraz, frantsesez badakigula, baina berari euskaraz egiten diogula. Gurasoek hitz batzuk ikasten dituzte eta euskarazko hiztegia lantzeko liburu batzuk ere prestatzen ditugu. Izan ere, proiektua ez da soilik haurtzaindegia; gurasoek proiektua onartu behar dute eta bertako parte izan behar dute”.
Uste dugu ume denei euskaraz egiten ahal zaiela eta posible dela haurren segurtasuna bermatzea eta gurasoekin konfiantzazko harremana sortzea nahiz eta etxeko hizkuntza euskara ez izan. Guk lortzen dugu
Leire Bidart, Lakarrako Ttinka haurtzaindegiko haurtzaina
Lanbide prekarioa
Lanaldi luzeak, lansari apalak… lanbidea prekarioa da oro har, eta hori duintzea oso garrantzitsua da Konkolotxentzat. Euskarazko zerbitzua zabaltzeko langile gehiago ere behar dira eta ez da erraza izaten langile euskaldunik topatzea, lanbide prekarioa dela baitiote denek ere. Baldintzak ez dira onak, nahiz eta azkenaldian hobetu egin diren Bidartek adierazi duenez: “Hastapenetan oso lansari apalak genituen. Haurtzaindegien kasuan lansarien erreforma izan da eta dezente hobetu dira. Hori biziki lagungarria da lanbidearen ezagupenerako eta langile berriak erakartzeko, haurtzaindegietako langileak erakartzeko orohar ez baita erraz eta, are gutxiago, euskaldunak erakartzeko. Haurrekin lanean ari gara eta ez da edozein eratara egin behar; formakuntza behar da eta lanbideak aitortza merezi du. Egiten dugun lanak lansari biziki ona merezi du”.
Horrekin lotuta duen kezka azpimarratu du Hiribarrenek: “Sortzeak apaldu dira eta galde gutxiago da, beti dugu kezka bihar lana izango dugun ala ez, nahiz eta erraten den tokiak falta direla, are gehiago euskaraz”.
Zer ekarri die Konkolotxek?
Guztiei ere, babes handia ekarri die denei Konkolotxen inguruan bilduta egoteak. Xübükota zabaldu aurretik, Angeluko haurtzain-etxea ezagutzera joan ziren Agergarai eta lankideak eta Angelun aipatu zieten Konkolotxen sartzeko aukera: “Guretzat berri oso ona izan zen eta bertan sartu behar genuela pentsatu genuen”, dio Agergaraik. Konkolotxen egoteak langileen arteko ezagutza eta beste errealitate batzuen ezagutza ekarri die eta baita formazioak euskaraz egiteko aukera ere. “Familia berri bateko kide sentitzen gira”, dio Agergaraik. Orain, zalantzaren bat izanez gero, badute nora jo eta babesa sentitzen dute.
Saretzeko eta elkarlanean aritzeko gogoak bultzatuta egin zuen bat Kilimak Konkolotxekin. Agergaraik bezala, orain babes handiagoa sentitzen dutela dio Hiribarrenek ere: “Esperientziak trukatzeko tokia dugu, galderak egin ditzakegu, geure kezkei buruz hitz egin…”. Hiribarrenek azaldu duenez, ez dute lan egiteko modua aldatu, “baina oso interesgarria da besteek nola lan egiten duten ikustea. Haurtzain-etxeetan bakoitzak bere proiektua du eta berezitasun anitz eta lan egiteko manera anitz dira”. Saretze hori oso positiboa dela dio.
Beharrezkoa iruditzen zitzaigun sare baten sortzea, ikusten genuen beharrezkoa zela Iparraldeko beste haurtzaindegi batzuekin elkartzea gure boza gehiago entzunarazteko eta gure artean elkar sostengatzeko. Konkolotxek elkar ezagutza eta besteen egoera hobeki ulertzeko aukera eskaini dizkigu
Leire Bidart, Lakarrako Ttinka haurtzaindegiko haurtzaina
Konkolotxen egoteaz gain, Kilima elkartearen barnean da Kilima haurtzain-etxea eta elkarte horrek berak kudeatzen du haurtzain etxea. “Hezitzaileok, gurasoek eta herriko jendeak osatzen dugu elkartea. Haurraren izen-ematea egitean, zuzenean elkarteko kide bihurtzen dira gurasoak”, azaldu du Hiribarrenek. Kilima elkarteak ekintzaren bat antolatzen du urtean behin eta modu horretan finantzazioa lortzen dute. Izan ere, Azkaingo herriak du atxikia hezkuntzako konpetentzia, baina Kilimari ematen dion laguntza ez da aski.
Ttinkak, berriz, Konkolotxen sorreran parte hartu zuen. Hala azaldu du Bidartek: “Beharrezkoa iruditzen zitzaigun sare baten sortzea, ikusten genuen beharrezkoa zela Iparraldeko beste haurtzaindegi batzuekin elkartzea gure boza gehiago entzunarazteko eta gure artean elkar sostengatzeko. Konkolotxek elkar ezagutza eta besteen egoera hobeki ulertzeko aukera ekarri dizkigu. Ez da gauza bera haurtzaindegi euskaldun bat kostaldean edo barnealdean eta ez da gauza bera haurtzaindegi bat izatea edo haurtzain etxe bat izatea. Haurrekin egiten dugun oinarrizko lana berdintsua den arren, sistema eta funtzionatzeko era desberdinak dira”.
Guztiek hartzen dituzte inguruko herrietako haurrak, ez baita herri bakoitzean haurtzaindegi edo haurtzain-etxe euskaldunik. Konkolotxen helburua zerbitzua handitzea eta familiek haurrak euskaraz murgiltzeko aukera etxetik hurbilago izatea da. “Behar da Konkolotxen lanean segitu haurtzaindegi eta haurtzain etxe euskaldun gehiago izateko. Murgiltzea behar da garatu bai ala bai txiki-txikitatik, euskararen tokia txikitzen ari baita kanpoko jende aunitz etortzen ari delako”, azaldu du Bidartek.
Behin haurrak Konkolotxeko haurtzain- etxeetatik eta haurtzaindegietatik ateratzen direnean, bada galtze bat euskarazko matrikulazioetan eta kolegioan galtze hori oso nabarmena izaten da. “Baina lehen haurtzarotik 0-3 bitarteko murgiltzera jende gehiago bideratzen baldin badugu, familia gehiago joanen dira murgiltzera. Eta gehiago baldin bada, nahiz eta gero galdu, oinarria hobea izanen da”, esan du Bidartek.
Konkolotxek gogotsu jarraituko du lanean oinarri hori sendotzeko helburuz eta oasi txiki horiek baso zabal bihurtzeko ilusioz.
Hainbat egitura
Konkolotxen badira haurtzaindegiak eta badira haurtzain-etxeak ere. Horien arteko aldeak azaldu ditu Leire Bidart Ttinka haurtzaindegiko zuzendariak:
Haurtzaindegiak: familiek euren irabazien araberako ordainketa egiten dute, hor barnean sartzen dira haurren otorduak eta pardelak. “Zailtasunetan diren familientzat erraztasun handia da. Hemen familia xume anitz dira eta biziki ontsa da zeren euskara denen eskura ekartzen du”, dio Bidartek. Familiek ordaintzen dutenaz gain, Familia Aferen Kutxa Nazionalak (CNAF gisa ezagutzen denak) emandako dirua jasotzen dute. Laborarien Kutxak (MSAk) ere ordaintzen du zati bat eta, azkenik, Euskal Hirigune Elkargoaren laguntza jasotzen dute.
Formazioari dagokionez, berriz, gutxienez urtebeteko formazioa behar da haurtzaindegietan lan egiteko, eta hezitzaile askok gerora ere formazioa jasotzen jarraitzen dute.
Haurtzain-etxeak: haurtzain-etxeak, salbuespenak sabuespen, gurasoek finantzatzen dituzte %100 eta familia guztiek prezio bera ordaintzen dute. Departamenduak gehienez ere lau haur atxikitzeko baimena ematen die haurtzainei eta gurasoak dira haurtzain horien enplegatzaileak. Gurasoek prezio bat ordaintzen dute haurra haurtzain-etxean izaten duten ordu bakoitzeko eta eguneko gastuak ere haiek ordaintzen dituzte. “Haurtzaina gaixotzen baldin bada, gurasoentzat ez da zaintzarik”, azaldu du Bidartek.
Haurtzaina izateko aski da 80 orduko formakuntza labur baten egitea, baina Konkolotxen dauden haurtzain-etxeetan badira Lehen Haurtzaroko Diplomak eta formazio zabalagoa duten haurtzainak.
Horrez gain, Iparraldean etxeko haurtzainak ere badira:
Etxeko haurtzainak: euren etxean hainbat haur hartzen dituzten pertsonak dira. Kasu horietan ere lau haur har ditzakete gehienez. Lakarran bazen etxeko haurtzain euskaldun bat Ttinka zabaldu aurretik eta Ttinka kudeatzen duen elkarteko kide da orain. “Horrek erran nahi du posible dela egitura berriak sortzea lekuan direnak kaltetu gabe”, azpimarratu du Bidartek.