Sarri, gazteei asko kontsumitzea, etengabe erosten aritzea edota beti gauza berriak eskuratu nahi izatea leporatzen zaie. Txikitatik horixe ikusi eta bizi izan dutela dio Lourdes Muelak eta helduen egitekoa dela haiei bestelako ereduak eta kontsumitzeko bideak ezagutaraztea.
Kontsumoan eta entretenimenduan oinarritutako demokrazia itxurako diktadura perfektua” deskribatu zuen Aldoux Huxleyk 1932an, Brave New World liburuan. 82 urte igaro dira ordutik, eta badirudi autore ingelesak betebetean asmatu zuela etorkizunaren iragarpenean. Kontsumotik kontsumismora, XX. mendearen amaieran beste jauzi bat eman zuen Zygmunt Bauman pentsalari poloniarrak. Likidotasunaren kontzeptuan oinarrituz, kontsumo gizartearen helburua behar berriak sortzea dela esan zuen, behintzat aldi batez, pertsonen arreta erakartzea, entretenitzea eta liluratzea, dena aldakorra, arina eta behin-behinekoa baita: “Kontsumismoa ez da ondasunak metatzea, baizik eta horiek erabiltzea eta gero horiek alde batera uztea ondasun berriei leku egiteko”.
Jantzi berriak, sakelako berria, telebista berria, kotxe berria, ordenagailu berria, etxe berria… Erosi, erabili, bota… Erosi, erabili, bota… Erosi, erabili, bota… Noiz arte jarri ote dezake ibilian gurpil horrek? Gizakiaren kontsumo-nahi guztiak asetzeko beste ematen al du lurrak? Ekologiaren, humanitateen nahiz zientziaren hainbat arlotatik uneotan planetak eman dezakeena baino gehiago kontsumitzen dugula ohartarazten dute. hik hasi aldizkarirako egindako elkarrizketa batean Yolanda Jubeto ekonomialariak eta EHUko irakasleak zioenez, “bizi-eredu honekin jarraitzen badugu eta planetaren mugak ez baditugu errespetatzen, gero eta arazo larriagoak izango ditugu”. Ildo berean mintzatzen da azken aldizkarian Jesus Mari Mujika Filosofiako eta Etikako irakaslea ere; ezinbestean, gutxiagorekin bizitzen ikasi beharrean gaudela dio. Instituzio politiko eta aginte ekonomikoko eremuetatik, ordea, kontrako ideiak bidaltzen dituzte etengabe eta krisi ekonomikotik ateratzeko gakoa kontsumoa sustatzera bideratzen dute.
Elkarren aurka dauden mezuak entzuten ditugu behin eta berriz: alde batetik, derrigorrez gutxiago kontsumitu beharrean gaudela bizirik iraun nahi badugu, behintzat; bestetik berriz, kontsumitzeko, kon-tsumoak egingo gaituela zoriontsu, eta gainera, horrela bakarrik aterako garela krisitik. Ideia kontrajarriak uneoro. Eta ez da erraza zurrunbilo horren erdian bidea egiten asma-tzea, ez helduontzat eta are gutxiago gazteentzat. Baina egon daiteke erdibiderik: kontsumo arduratsua eta kontzientea.
Argia, ura, elikagaiak, arropa, altzariak, petrolioa… guztiok kontsumi-tzen dugu, askotan ohartu ere egin gabe. Kontsumoa jarduera normala eta beharrezkoa da Lourdes Muela gizarte berrikuntzaren eta iraunkortasunaren arloan diharduen Ortzadar enpresako kideak dioenez. Beste kontu bat da, ordea, kontsumismoa, hau da, neurririk gabe kontsumitzea. Besteak beste, Kontsumobiderentzat egiten du lan Ortzadarrek, eta haur zein gazteekin kontsumoarekin loturiko saioak egiten dituzte. Muelak azaldutako eran, bi xede nagusi dituzte: batetik, gazteei kontsumoa eta kontsumismoa bereizten laguntzea; eta bestetik, kontsumo kontzientziaduna eta arduratsua bultzatzea gazteen artean.
Gabonetan, beherapenetan, uda aurrean, kurtso hasieran… Kontsumora bideratutako mezuak etengabeak dira. Komunikabideetatik, saltokietatik, aisialdi-guneetatik, eta hein batean, baita instituzioetatik ere kontsumorako deia egiten da eta erosteko erraztasunak ematen dira. Mezu horietako askoren jomugan gazteak daude, eta sarri, haiei leporatzen zaie asko kontsumitzea, etengabe erosten aritzea edota beti gauza berriak eskuratu nahi izatea. Baina Muelak gogorarazten duen moduan, neurriz kanpo kontsumitzea ez da bereziki nerabe edo gazteen gauza, gizarte osoarena baizik: “Gaurko helduek beste gizarte mota bat ere ezagutu zuten, hain kontsumista ez zena eta eskasia handiagoa zegoena; gazteek ordea ez, eta askotan ez daukate bestelako eredurik. Kontsumo gizartean jaio dira eta etxetik hasita horixe ezagutu dute. Haientzat normala da uneoro kontsumitu nahi izatea”.
Izan ere, urte gutxiren buruan asko aldatu dira gauzak: gaur egungo gazteen guraso eta aitona-amona zenbaitek akaso ez zuten etxean telebistarik ezagutuko, ezta argindarrik edota ur-berorik ere; ordenagailurik, sakelako telefonorik nahiz bideo-kontsolarik ere ez zuten izango; eta orain pertsona gehienek izan ditzaketen arropen hamarretik batekin pasako zuten urtea. Gaur egun oso bestelakoak dira kontuak. Baina, benetan behar ote dugu daukagun guztia? Kontsumitzen dugun dena premiazkoa al dugu eguneroko bizitzarako? Galdera horien inguruan hausnartzeko bitartekoak eskaintzen dizkiete gazteei Ortzadarreko kideek. Kontsumitzen duten bakoitzean kontsumo horren inguruan pentsaraztea dute xede: “Adibidez, guk esnatu orduko argia pizten dugu. Ia konturatu gabe egiten dugun zerbait da. Hasieran eguneroko ekintza soilak izan daitezkeen horietan arreta jartzen saiatzen gara gu”. Nondik dator energia? Zenbat kostatzen da? Hemen edo beste herrialderen batean ekoizten da? Nola garraiatzen da? Zer eragin du horrek ingurumenean? Eta ekonomian? Eta prozesu horretan guztian parte hartzen duten pertsonen lan- nahiz bizi-baldintzetan? Horrelako edo antzeko galderak planteatzen dizkiete gazteei eta horien inguruan pentsarazi. Argi dute ez dela samurra, are gehiago, gizartetik jasotzen diren mezuak kontrako norabidea markatzen dutenean. Hala ere, uste dute garrantzitsua dela gazteei kontsumoaren inguruko kontzientzia piztea. “Guk informazio argia ematen diegu, eta azaldu egiten diegu zein den guk kontsumitzen ditugun produktu eta zerbitzuen bizi-zikloa. Informazio hori oso garrantzitsua da kontsumo kontzientea eta arduratsua zergatik egin behar den ulertzeko”.
Baina nola har dezakete gazteek kontsumo arduratsuaren kontzientzia? Badute eredurik? Edota etxean, kalean, eskolan juxtu kontrakoa ikusi eta bizi dute? Teorian gauza bat ikasi arren gero horrek eguneroko bizi-
tzan islarik ez duela ikusten badute, zein eragin izan dezake horrek? Sistematik bultzatzen den ereduak laguntzen ez badu ere, gazteei kontsumitzeko beste modu eta bide batzuk ere badaudela erakustea gomendatzen du Muelak; hala nola, bidezko merkataritzako dendak, gobernuz kanpoko erakundeak, tokian tokiko produktuak, bertako ekoizleak… “Behintzat zein aukera dauden erakutsi behar diegu, kontsumitzeko eta bizitzeko modu desberdinak daudela, eta behin informazioa izanda, gero eurek hartuko dute erabakia”.
Elikadura, berrerabilpena eta birziklapena, arropak, energiaren eta uraren zikloa, kontsumitzaileen eskubide eta betebeharrak, Internet eta bideo-jokoak… kontsumoari lotuta gai ugari eta era askotakoak jorra daitezke gazteekin. Horietako batzuk ezagunak dira nerabeentzat eta eskolan zein etxean ere lan-tzen dituzte. Aldiz, beste batzuk ez dituzte ezagutzen. Horietako bat da eskubide eta betebeharrei loturikoa. Nola erosi behar da? Lehen irakurrian galdera sinplea dirudi, baina sakonera joanez gero, ertz asko ditu. “Gai berria da gazteentzat: agiria gordetzea, garantia, produktuen etiketak irakurtzea, iraungita dauden edo ez begiratzea, bueltak kon-
tatzea… Gauza errazak dirudite egunero egiten ditugulako, baina ez dira ezagutzen eta garrantzitsuak dira”. Marken inguruan ere ezezagutza handia dagoela uste du Muelak. Gazteengan eragin handia dute gainera, eta adituaren aburuz, haiekin hitz egin eta markak desmitifika-tzen saiatu behar genuke helduok. Bere esanetan, gazteei azaldu eta ikusarazi behar litzaieke marka ez dagoela, ezinbestean, kalitatearekin lotuta. Ildo berean, publizitateak jendearen emozioekin zer-nola jokatzen duen gogoeta egitea ere garrantzitsua dela irizten du.
Bizirik gauden unetik kontsumitzen ari bagara ere, aisialdia da zuzenean kontsumismoarekin lotzen den eremuetariko bat. Helduek nola, gazteek ere hala hautematen dute aisialdia. Badirudi kontsumitu gabe ezin dela aisialdirik igaro. Muelaren esanetan, gazteek aisialdian kontsumitu gabe ere ondo pasatzen jakin dezaten ereduak behar dituzte eta txikitatik horretarako aukerak eskaini behar zaizkie. Seme-alabekin gauza horiei buruz hitz egitea funtsezkoa dela azpimarratzen du Ortzadarreko kideak, eta txikitatik, etxean bertan hasita, kontsumoan ere hezi egin behar direla haurrak, egunerokotasunak horretarako aukera ezin hobea eskaintzen baitu.