Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Eusko Legebiltzarra osatzeko hauteskundeak izan dira irailaren 25ean. Hauteskundeetara aurkeztu diren alderdi nagusiek zaintzaren eta kontziliazioaren gainean zein iritzi duten eta zein proposamen zehatz planteatzen dituzten jakiteko, hainbat galdera helarazi dizkie HAZI HEZIk hauteskunde aurrean.

1. Zaintzaren inguruan zein da zuen alderdiaren jarrera? 
2. Lana eta familiaren zaintza uztartzeko zein neurri 
zehatz proposatzen dituzue?
3. Eta kontziliazioa parekidea izan dadin zein neurri 
hartuko zenituzkete?
4. Haurren zaintzarako instituzioetan (adib. haur-eskolak) zer-nolako politika bideratuko duzue?

EAJ:
(*Alderdi honek galdera guztiak jarraian erantzun ditu)

Zaintzaren oinarrian beti adin txikikoen interes gorena babestea da gure helburua, Nazio Konbentzioak dioenarekin bat eginez. Zaintzak guraso bien inplikazioa behar-beharrezkoa du, zaintzaile bikoitzaren ereduan oinarrituta egon behar du. Egitura familiarrak, familia bizitzaren ibilbideak eta familia barneko harremanak aldatzen ari diren heinean, familia eta haurtzaroa babesteko estrategia integral bat garatzeko beharra ikusten dugu.

Aurreko puntuan aipatutako estrategia integrala garatzeko instituzioen arteko estrategia egonkorra eta garrantzi handikoa abiarazi behar da, haurtzaroaren eta familien alde, herrialde gisa adostu beharreko hitzarmen baten bidez. Gure ustez, hitzarmenak kontuan eduki behar dituen ekinbideak, besteak beste, hauek dira, eta horrela batzen ditu gure programak:
- Jaiotzengatik edo seme-alaben adopzioengatik laguntza ekonomikoak hobetu: lehen seme-alabagatik urteroko bat, 400-900 euro artean; bigarren seme-alabagatik, 3 urterokoa (gaur 2 dira), 400 eta 900 euro artean; hirugarren edo hurrengo seme-alabengatik, zazpi urterokoa, 400 eta 900 euro artean; erditze edo adopzio anitzengatik, gutxienez 2.000 euro; nazioarteko adopzioengatik, gutxienez 2.000 euro.
- Seme-alaben jaiotzagatik diru-laguntzak Foru Aldundietako Ogasunek oinordekoei emandako zerga kenkariekin bateragarri egin.
- Gutxieneko baliabide ekonomikoak bermatu seme-alabak dituzten familiei, haur pobreziari aurrea hartuz.

Lan bizitzan, pertsonalean, familiakoan eta zaintza eginkizunetan erantzunkidetasuna bateratzen langunduko duten ekimenak gara-tzeko konpromiso sendoa hartzen du Euzko Alderdi Jeltzaleak. Horretarako, familia eta lan erantzunkizunen eta zaintza eginkizunen artean kontziliazioa laguntzeko eta seme-alabak dituzten familia guztiek haur arreta zerbitzu eskuragarriak, arrazoizkoak eta kalitatezkoak jaso ditzaten laguntzeko ekimen zehatzak jasotzen ditugu gure programan.

Honako hauek dira gure programan jasotzen ditugun ekimen zehatzak:
- Gobernu espainiarrak kontziliazioari emandako laguntzak Eusko Jaurlaritzaren osagarriekin bateragarri egin, amatasun eta aitatasun baimenei dagokienez.
- Lan bizitza eta familiarra batera-tzeko egungo laguntzen bideragarritasuna eta mailakako egokitzapena aztertzea, umearen lehen 12 hilabeteetan eszedentziak, guraso bien erantzunkidetasuna eta beharrizan bereziak dituzten familientzat jardunaldi murrizketak lehenetsiz.
- Eusko Jaurlaritzak heldutako bideari bultzada ematea lan ordutegiak arrazionalizatzeko, eragile sozialekin elkarlanean.
- Haurtzaindegien 50 proiektu pilotu sustatzea lan zentroetan eta 0-3 urte bitarteko haurren eskolatzea indartzea, Hezkuntza Sailarekin elkarlanean 400 postu berri eskainiz.
- Haurreskolak patzuergoko zentroen kopurua handitzea (eta, bere kasuan, 400 plaza berri hornitzea), zentroen irekiera egutegi eta ordutegia zabaltzea, seme-alabak dituzten familia guztiek erabili ahal ditzaten.
- Haurreskolak partzuergoan familien partaidetza ekonomikoaren irizpideen egungo araudiaren aldakun-tza eta plazak emateko irizpideen berrikuspena.
- Haur arreta zerbitzuetan eskainitako zerbitzuaren kalitatea hobe-tzea.
- Haur hezkuntza zentroetan sartzeko beken estaldura eta zenbatekoa handitzea.
- Lan zentroetan haur zaintzarako ekipamendu sare bat sustatzea, 50 proiektu pilotuz osatutako sare bat garatuz, eta lantokietan haurtzaindegiak euskal enpresekin, udalekin eta foru aldundiekin lankidetzan.
- Sozio-hezkuntzako eta eskola laguntza programa osagarriak martxan jartzea.

EH BILDU:
1. Zaintza lanena sistema guztia mantentzen duen zutabea da, zain-tzarik gabe ez bailegoke sistema produktiboan aurrera egiterik. Zain-tza lanak, ordea, nagusiki emakumeen bizkar erortzen dira, aitortu gabeko lana izateaz gainera, ordaindua denean ere gaizki ordaindua eta erabat prekarizatutako lana izanik.
Sistema produktiboaren eta erreproduktiboaren arteko banaketa gainditzea ezinbestekoa da berdintasun errealaren bidean urratsak ematen hasteko; eta honetan, zaintza lana lehentasunezkoa da: arduren banaketa, egindako lanaren duintzea, eta baimenen intrasferibilitatea.
2. Zaintzarako zerbitzu publikoak garatu. Zaintza esparruan dauden lanak ikusarazi, legeztatu, ordaindu. Zahar-etxeetako langileen lan baldintzak duindu eta dependiente-zaintzaile ratioak hobetu. Haur eskolen doakotasuna eta unibertsaltasuna garatzeko neurriak hartu. Zaintzarako diru-laguntzak indartu, gizonezkoak zaintza lanetara integratzeko neurriekin batera.
Familia ereduak eta hauen baitako harremanak ere errebisatu behar dira, bai eta jendartean daudenak oro har, generoen baitako ardura banaketa gainditzen hasteko.
3. Zaintzarako baimenak intrasferibleak eta ordaindutakoak izatea kasu guztietan. Gainera, lanaldi murriztuetarako baimenak errebisatzea, izan ez daitezen emakumeak hauei heltzen dietenak nagusiki. Horrekin batera, etxeko eta etxetik kanpoko arduren banaketa ekitatiboan urratsak ematen hastea, akordio sozial eta ekonomiko berriak eraikiz horretarako. Sentsibilizazioa eta informazioa lantzea ezinbestekoa izango da honetarako.
4. Hezkidetza plan integrala hezkuntza-sistemarako, eta hezkidetza curriculumean txertatu.
Sentsibilizazioa, hezkuntza-sisteman 0 urteetatik hezkidetza parekidea ematen hasita: rol eta estereotipoak gainditzeko lanketa, arduren banaketa, lana eta enpleguaren arteko apurketa, parekidetasunaren oinarriak edozein delarik ere irakasgaia.

ELKARREKIN AHAL DUGU:
1. Nagusiki emakumeek egiten dituzten zaintza lanak bisibilizatu, sozialki baloratu eta ekonomikoki balioa eman nahi diegu. Izan ere, lan horiek normalki eremu pribatuan egiten dira eta ez dira ordaintzen. Lan horien artean leudeke haurren, adinekoen nahiz edozein eratako dependentzia dutenen zaintza. Era berean, gizonen eta emakumeen artean pareko erantzunkidetasuna bultzatu nahi dugu. Auzi hau programako hainbat ataletan modu transbertsalean lantzen da, baina Berdintasunaren eta Politika Feministen atalaren barruan epigrafe zehatz bat eman diogu.  
2. Erantzunkidetasunari dagokionez, gizonezkoek bizitza laborala eta pertsonala kontzilia ditzaten, neurri positiboak hartuko dira. Kontziliazioa, ekitatea eta erantzunkidetasunaren mesedetan lan-araudi berri bat martxan jartzeko egingo dugu lan. Horretarako, ezinbestean, enpresa mundua inplikarazi behar dugu, eta lortu behar dugu neurri horiek ez soilik emakumeengan fokalizatuta egotea, horrek haien ibilbide profesionalean eragin negatiboa baitu eta baita haien etorkizuneko prestazio sozialetan ere. Era berean, haurren lehen urteetako etxeko nahiz eskolako bizitzarako laguntzak eta baliabideak handitzeko neurriak sustatuko dira. 
3. Lehen neurria amatasun eta aitatasun baimenak berdintzea izango da: derrigorrezkoak eta transferiezinak izango dira. Edozein kasutan, gure programan bada atal espezifiko bat erantzunkidetasunaren eta kontziliazioaren ingurukoa.
4. Gure proposamena da titulartasun publikoa duten zentroak hedatzea, 0-3 arteko eskolatzeak dituen premia guztiak ase arte. Arlo honetan, modu estrategikoan hezkidetzako plan espezifiko bat sustatu nahi dugu, hezkuntza ez-sexistara iristeko lehen urrats gisa. Beste alde batetik, eskoletako jantokietan eskaintzen diren menuetan ere eragin nahi dugu (tokiko produktuak, garaikoak, etab.), beti ere familien aukera askatasuna eta zentroen autonomia errespetatuz.  

PSE-EE:
1. Tradizionalki, zaintza lanak emakumeen ardura izan dira, eta lan ikusezina egin dute gizarte honetan, nahiz eta era berean lan hori nahitaezkoa izan mundu “produktiboaren” funtzionamendurako. Emakumea mundu “produktibo” horretan sartzeak, kasu askotan, emakumeak bere lan-jarduna bikoiztea ekarri du: alde batetik, zaintza lanak egiten jarraitu du; eta bestetik, lan ardura “produktiboak” hartu ditu. Lasaitasun ekonomiko handiagoa izan dutenek, egoera hori konpondu dute emakume pobreagoak kontratatuz, kasu askotan modu irregularrean. Eta beste batzuetan, familiek euren familiarteko laguntza-sarera jo dute, normalki sare horretako emakume-kideetara. 
Euskal sozialiston ustez, zaintza lanak genero ikuspegia kontuan hartuta kudeatu behar dira, derrigorrez. 
Etxeko edo familiako eremuan zain-tza lanak egitea gizonen eta emakumeen ardura da, neurri berean; beraz, erantzunkidetasuna sustatzea lehentasunezko betebehar politikoa da. Era berean, zaintza lan horiek familiako edo etxeko eremutik kanpokoak direnean, ardura publikoa da lan horien profesionalizazioaren eta duintasunaren alde egitea.  
2. Gure hauteskunde programan Familien Laguntzarako Itun bat egitea proposatzen dugu, arau-sek-torial multzo bat garatzeko hainbat eremuri eragingo diotenak: laguntza ekonomikoei, fiskalitateari, erantzunkidetasunari, zaintzari, etxebizitzari eta lan munduari.  
Neurri horietako bat seme-alaben jaiotzagatik edo zaintzagatik ematen diren laguntzen zabalpena da; edota politika fiskala politika familiarrerako edo sozialerako erreminta bilakatzea, IRPFan dauden kenkariak homogeneizatuz. Horrez gain, etxeko zain-tzarako zerbitzu profesionalizatuak garatzeko plan bat martxan jartzea proposatzen dugu, eta lanaren eta familia bizitzaren arteko kontziliazio neurriak txertatzea negoziazio kolektiboan. 
3. Aurrez aipatu dugun bezala, euskal sozialistok uste dugu genero ikuspegia presente eduki behar dela edozein kontziliazio neurri planifika-tzerako orduan, baldin eta zaintza lanak soilik emakumeen ardura izaten jarrai dezan nahi ez badugu. 
Horregatik, Familien Laguntzarako Itunerako proposatzen ditugun neurrietako batzuek etxeko lanak eta zaintza generoen artean banatzeko sentsibilizazio eta formazio ekintzak martxan jartzeari egiten diote erreferentzia edota zaintzen ekonomia sozialki prestigiatuko duen politika bat egiteari.
Garrantzitsua da soldata berdintasunerako legea eraginkorra izatea, edota amatasun nahiz aitatasun baimenagatik  har daitezkeen hilabeteen luzapena aztertzea. Hala, PSE-EEk estatuko administrazioari presioa egingo dio norabide horretan lan egin dezan.  
4. Haur-eskolek emaniko zerbi-tzuak aztertzea proposatzen dugu, gurasoen lan ordutegietara egokitzeko; eta hezkuntza adiministrazioarekin lankidetzan, eskolaz kanpoko nahiz aisialdi komunitariorako laguntza programak garatzearen alde egiten dugu.

PP:
1. Euskadiko Alderdi Popularrean uste dugu presazko lehentasunetariko bat demografiarena dela. Gero eta zahartuago dagoen populazioari buelta eman beharrean gaude. Izan ere, oraintxe bertan Euskadik ezingo lieke nagusien pentsioei aurre egin Espainiako gainontzeko lurraldeen solidaritatearengatik ez balitz. Eta hori lortzeko ezinbestekoa da gurasoei haurren zaintzarako erraztasunak ematea. Krudela da bikote gazteei umeak edukitzeko eskatzea, horretarako beharrezko denborarik eta dirurik ez badute. Eta, demografia alde batera utzita, adinekoek eta desgaitasunen bat duten pertsonek ere behar dute zaintza. Beraz, belaunaldi horri (30 eta 55 urteen artean, gutxi gorabehera) bizitza erraztea lehentasunezkoa ez ezik presazkoa ere bada Euskadiko Alderdi Popularrarentzat, eskakizun guztiak belaunaldi horren gain jartzen baitira: ekonomikoak, sozialak, laboralak eta zaintzari dagozkionak.
2. Gurasoen ikuspuntu subjektibotik, laneko eta familiako bizitzaren arteko kontziliazioa auzi emozionala da, sentimentala, entrega eta debozioa eskatzen dituena. Baina politikoon ikuspuntu objektibotik, bi faktoreren mende dagoen auzia da: denbora eta dirua. Alegia, gurasoek denbora behar dute haurrak zaintzeko; eta dirua ere behar dute umeek behar dituzten zaintzak lasaitasunez eskaini ahal izateko. Denbora lanean igarotzen badute nahikoa diru edukitzeko, kontziliazioa oso zaila egiten da. Denborari dagokionez, Alderdi Popularrak lan ordutegi arrazoizkoagoak proposatzen ditu, bestelako lan-formulen promozioa, gurasotasun baimenak luzatzea eta guraso bienak parekatzea, eskola publikoetan aisialdi zentroak jartzea umeen opor egunak gurasoenekin bat ez datozen aldietarako. Alderdi ekonomikoari dagokionez, berriz, dagoeneko asmatuta dagoena asmatzen ez ibiltzea defendatzen dugu guk, baizik eta euren helburuak bete dituzten hainbat herrialdek duten sistema aztertzea eta Euskadin ezartzea gure aukera ekonomikoen arabera. Eta aukera ekonomiko horiek asko dira, euskal administrazioak ia urtero superabita izaten  baitu (2015ean 660 milioi euro baino gehiagokoa). Gainera, alderdi ekonomikoari dagokion atal honetan, lege bat erredaktatzearen alde ere egiten dugu. Lege horrek, orain arte aipatutako alderdiak ez ezik, foru aldundiekin akordioa eginez, haurren zaintzarekin lotutako gastu guztien (dentista, betaurrekoak, eskolaz kanpoko klaseak eta derrigorrezko hezkuntzaz haragoko gastu akademikoak) IRPFaren deklarazioaren desgrabatzea jasoko luke. Hala, gaur egun existitzen diren kuotak  gaindituko lirateke eta kontzeptu guztiak espezifikoki jasoko lirateke. 
3. Berdintasuna, gurasoek egiten duten zaintzan, legez ezarria dago. Ezkontzen diren bikoteak kode zibileko 66. artikuluari loturik daude: Ezkontideak berdinak dira eskubideetan eta betebeharretan. 67. eta 68. artikuluetara ere atxikiturik daude. Horietan azkenak hala dio: Era berean, etxeko ardurak eta euren gurasoen, seme-alaben nahiz beren kargura dituzten bestelako pertsona mendekoen zaintza partekatu beharko dute. 
Baina legeaz harago, benetako berdintasuna bermatzea, nahiz eta hamaika lege egin, pertsonen esku dago. Eta Alderdi Popularrak exiji-
tzen duena pedagogia bizia eta jarraitua da, eta hezkuntza prozesuetan lehentasunezko trataera izatea gai honek. 
4. Sozializazio eta hezkuntza zentroek, bizitokiari dagokienez nahiz ekonomikoki, Euskadiko haurren ardura duten guztien eskura egon behar dute. Alderdi Popularrak defendatzen du, sozializazio adinean (0-3 urteetan) hori lortzeko modurik eraginkorrena eskola-txekea edo txeke sozializatzailea dela. Hori da modua gurasoek nahi duten zentroa aukeratzeko, izan inguruan dutelako nahiz haren funtzionamenduak konfiantza eragiten dielako, izan haur eskola bat nahiz zentro pribatu bat. Eta, esan bezala, udako hilabeteetarako zentro publikoetako aisialdi espazioen premia azpimarratzen dugu, gurasoen eta haurren oporrek bat egiten ez dutenean, zaintza arazoari konponbidea emateko.