Eder Etxebarria Rojo, Baionako Bernat Etxepare Lizeoko irakaslea den hikhasitarraren iritzi artikulua.

 

Hezkuntza ez da soilik irakastea, elkarrekin bizitzen ikastea ere bada.

 

Gaur egungo hezkuntza sistemak dituen erronken artean izango genituzke ikasleen motibazioa eta parte-hartzea piztea eta irakatsitakoari zentzua ematea. Izan ere, gazteek eduki akademikoak ez ezik bizitzarako gaitasunak garatzeko espazioak behar dituzte. Kooperatibismoa oso lagungarria izan dakiguke, ekonomia-eredu bat baino, bizitzeko eta ikasteko modu bat ere badelako. Elkarlana, ardura partekatua eta erabaki kolektiboak ardatz dituzten dinamikek hezkuntza-esperientzia sakona eta eraldatzailea bihur dezakete.

Kooperatibismoak eta hezkuntzak lotura zuzena dute. Irakaskuntza kooperatiboa ezaguna da pedagogian, baina kooperatibismoa urrats bat harago doa. Alegia, ez da talde-lana soilik, baizik eta antolatzeko eta erabakitzeko modu oso bat. Ikasleek kooperatiba baten funtzionamendua esperimentatzen dutenean, demokrazia eta ardura soziala praktikara eramateaz gain, ekonomia jendarte-eraldaketarako lanabesa izan daitekeela deskubritzen dute.

Halaber, ikasle kooperatibak sortuz hezkuntza-komunitatea osatzen dutenen arteko inplikazioa eta elkar-ezagutza sustatzen dugu, izan irakasle, ikasle, familia edo herriko eragile. Ez dezagun ahaztu Euskal Herriak kooperatibismoarekin izan duen eta duen lotura estua. Balio kolektiboen, auzolanaren eta euskararen bidez komunitatea indartzeko bide gisa ulertu izan da gurean. Euskaratik eta euskaraz eraikia den, inklusioa eta aniztasuna bultzatzen dituen eta begirada kritikoa izango duten ikasleak sortu nahi dituen hezkuntza sistema batek kooperatibismoa besarkatu eta haren ardatzetako bat bihurtu beharko luke.

Helburu horiek erdiestearren Etxepare lizeoko Enpresen Kudeaketa sailean “Ikasle Kooperatibak” izeneko proiektua abiatu dugu, non ikasleek ekonomia sozial eraldatzaileko jarduera bat garatuko duten Euskal Herri osoko zenbait eragilerekin elkarlanean. Esperientzia horrek etorkizuneko arazoei erantzun kolektiboak aurkitzen lagunduko diela sinetsita gaude. Hala bedi.