Nola zaindu lau urte eta erdiko semea aitak etxetik 8 orduz lan egin behar duenean, amak beste 8 orduz lanera irten behar duenean, aitona-amonarik ez beste laguntzarik gabe eta eskolak itxita daudenean? Konfinamenduan lana eta familia uztartzea ekuazio zaila izan da familia askorentzat, batez ere osasungintzako eta elikagaien salmentako langileentzat. Haatik, izan dira ekuazio hori askatzea lortu duten familiak. 

Kontziliazioa eta konfinamendua oso gaizki konjugatzen duen ekuazioa da. Lehen ere seme-alaben zaintza, lana eta norberaren denbora kudeatzea ez da gai erraza familia gehienen kasuan, eta koronabirusak eragindako hiru hilabeteko alarma-egoerak zaildu egin du ekuazioa etxe gehienetan.

Lerro hauek idaztean ere, bizpahiru buelta egin dituzte kazetariaren seme-alabek gurasoek bulegotzat hartua daukaten etxeko gelara. Eskolak ixtearekin batera erabaki zuen egitasmo pedagogikoak bere langileek etxetik lan egingo zutela, eta ordenagailua hartuta etxean instalatu zen, bada, kazetaria. Bikotekidearen ordenagailuaren ondoan paratu zuen berea, hark lehendik ere etxetik egiten baitu lan, jardunaldi murriztuarekin. Baina ez 5 eta 2 urteko alaba eta semea egun osoan etxean dituela, zaharrenak eskolan eta txikienak goizez aitona-amonarenean egiten duen denbora probesten baitu aitak bere lanerako, hori eta familia iratzarri aurretik 6retan jaikita loari kentzen dion tartea. Alarma-egoera piztu zenetik ordea, egunari lanerako tarteak lapurtzea zailago bihurtu da. Ordenagailua piztearekin batera hasten dira haurren joan-etorriak:  Puzzle berriagatik liskar batengatik lehenengo; euria goian behera ari duela-eta aitak sandaliak kentzeko esan dielako gero, eta irtenaldiaren aurretik bularra hartzeko hirugarrenik. 10 lerro idazterako hiru sartu-irten egin dituztela-eta, aitak kalera daramatza haurrak. Egunero bezala, auzoan barrena bueltaxka egingo dute arkumeak zenbat hazi diren ikusteko; ahuntzei jaten emateko edo astoari berriketa pixka bat emateko. Inguruko fauna eta flora berdeskubritu ditu familiak, eta horra konfinamenduak eman dien lezioetako bat.Kazetariaren bikoteak ere etxetik ateratzerako bere korreo elektronikoa errepasatu du, eta email bat erantzuteko hartu dituen bi minutuak aski izan dira neba-arrebek, hortzak garbitzearen aitzakian, bainugela ureztatzeko.

Gero eta beso gehiago, kontziliazioa errazago
Kazetariaren zailtasunak anekdotan gelditzen dira beste lan-esparru batzuetan konfinamendua eta kontziliazioa konjugatzeak izan dituen zailtasunen aurrean: osasungintzako langileen kasuan eta lehen beharretako saltokien arloan, esate baterako. Auzokide duen erizaina eta alabaren gelakide baten ama —saltoki handi bateko langilea bera— buruan izan ditu kazetariak itxialdiak iraun duen aste luzeetan, eta behin amaituta, euren bizipenaz galdetu die lerro hauek idazteko. Ixiar Aierbe lehen arretako pediatriako erizaina eta bi urte terdiko Pello semaren ama —ama bakarra— eta Gorane Urdangarin 4 urte terdiko seme Irairen guraso da Isaac Casanovasekin batera. Adjektibo berberarekin erantzun diote zer moduz galderari: “Oso gogorra izan da”. Pandemiaren une beltzenean, larrialdi egoera bereziki gogorra izan den garaietan, izan da euren etxeetan ere egoera zailena, lan-eremuetako tentsioagatik. “Bizi izan duguna oso gogorra izan da”, dio erizainak. Haatik, urrutira joan gabe herrian bertan topatu ditu kazetariak konfinamendua ongi eraman duten familiak ere, kontziliazioa ondo antolatu ahal izan dutenak eta esperientzia positibotzat gordeko dutena beste askorentzat galdua izan den udaberri honetakoa. Intza Barandiaran, Edu Rodriguez eta Orkatz, Unai eta Etxahun hiru anaien etxean galga jartzeko baliatu dute itxialdia eta Beatriz Barriola eta Alaitz Arenzanaren urtebeteko alaba Julek gozatu egin du esperientzia, Bilboko pisutik Barriolaren familiaren etxera, onerako izan baita aldaketa, gurasoek lana lasaitasunean egiteko aukera izan duten bitartean aitona-amonek goxatu baitute txikia. Lau familiek kazetariaren herri berean igaro dute konfinamendua, baina bizipen desberdina izan dute guztiz.


Gogorra izan da: kontziente nintzen umearekin nengoen denboran ezin niola kalitatea eskaini
 

Ixiar Aierbe



Ixiar Aierbe eta Gorane Urdangarinen kasuan, erizaina lehena eta saltoki handi bateko langilea bigarrena, lanean bizi izan duten tentsioa etxean kudeatzea izan da lan nekezena. “Oso gogorra izan da, sekulakoa, eta nik tentsio eta ziurgabetasun handiarekin bizi izan dut pasatako guztia— hasi da kontatzen Ixiar—. Lanarekiko eta birusarekiko beldurrik gabe egin dut lan, erizaina naiz eta momentu zailetan badakit non egon behar dudan, beraz, arduraz hartu dut egoera, muga jarri eta neure buruarekin lanketa egin nuen, lanera banindoan beldurrik gabe joan behar nuen. Baina material falta, etengabe egoera, protokolo, antolamendu eta zeregin berrietara egokitu beharrak dakarren tentsio eta egonezin hori semearekin kudeatzea egin zait zailena”. Etxera itzuli eta lanean jarraitu behar zuen, protokoloak irakurtzen… “Gogorra izan da: oso kontziente nintzen umearekin nengoen denboran ezin niola nahi nuen kalitatea eskaini”.

Goranek ere antzeko bizipena deskribatzen du. Pandemiaren aurretik jardunaldi murriztua bazuen ere saltoki handian, larrialdi-egoeran jardunaldi osoa egin beharra izan du arrisku taldeko lankideen bajak kubritzeko: “Hasierako hilabete hartan ia hiru kilo jaitsi nituen kolpean, estresagatik. Oso giro arraroa eta tentsio handikoa izan da lanean bizi izan duguna, jendea beldurrez zetorren erosketak egitera, eta giro hori kutsatu egiten zen. Etxera iritsi eta ezin deskantsatu, ezin tentsioa gainetik kendu, gizona etxetik lanean eta haurra telebista aurrean… Oso zaila izan da egoera”. Goizeko 6etarako joaten zen lantokira, gizona 8etarako lanean hasten zen eta semea jaiki orduko bideo-bileraren batean zegoen aita: “Semea jaiki, musu batzuk eman, gosaldu… eta nik lanera joan behar nuen; zer egin behar nuen semearekin?” dio Isaacek.

Gurasoek bizi zuten larritasuna haurrek arnasten zuten, bi kasu hauetan bereziki lehen asteetan bizi zuten urduritasuna semeek, nahiz eta bi umeak txikiak izan. 2 urte eta erdi ditu Ixiarren seme Pellok eta amonak zaindu du ama lanean izan denean: “Hasieran, neronek tentsio handiena nuen momentuan aurkitzen nuen umea alteratuen, nerbioso bera ere. Eskolarik gabe, bat-batean etxean, nik nekarren tentsioa… hasieran gaizki kusi nuen umea; denborak aurrera egin ahala, egoera lasaitu denean, neu ere lasaitu naizenean, umea ere hobeto ikusi dut”. Baita Gorane eta Isaacen semea ere: “Deseskalada errazagoa egin zaigu. Nik lan ordutegia jaitsi dut, mugitu gaitezke, aitona-amonengana joan gaitezke, esku gehiago ditugu laguntzeko… dena errazagoa da, eta umea gusturago dago. Gainera, aitona-amonen falta sumatzen zuen, barneratua zeukan aitona arrisku-taldekoa zela eta ezin zuela berarekin egon, ‘orain bai aitona, gerturatu naiteke zuregana eta ez zaizu ezer pasako’ esaten dio”.

Tentsioarekin batera emozio asko kudeatu beharra izan dituzte lehen lerroan lanean aritu diren langileek, gaitzari berari beldurra, ziurgabetasuna, estresa, haserrea… eta batez ere ezintasuna. Nola zaindu egun osoa etxean den 4 urte eta erdiko semea aitak 8 orduz etxetik lan egin behar badu eta amak etxetik kanpo beste horrenbeste egin behar dituenean, eskolarik gabe, aitona-amonen ez beste inoren laguntzarik gabe? “Hasieran bai, koloranteekin hamaika esperimentu eta eskulan egin genituen, semea bera eskertuta eta pozik zegoen, “ze ondo” zioen, “orain denbora pila bat dugu etxean elkarrekin gauzak egiteko” baina tentsioa eta lan-orduak zaildu ahala, egoera ere korapilatu egiten da.  “Behin baino gehiagotan egin dut lanetik etxera itzuli eta negar, semea telebista aurrean botata ikusirik, ezintasunagatik”. Baina zer egin, lanean ez laguntzarik ez erraztasunik ematen ez dizutenean? Euren bizkar gelditu da haurraren zaintza osoa, eta momentu batzuetan hain muturrekoa izan da egoera, egoera kudeatzeko gabe aurkitu direla familiak: “Tentsioaren ondorioz, egoera kudeatzea zaila izan da, eta neure burua erreminta gabe aurkitu dut”, dio. Ixiarrek; “geldialdi batean gabezia horiek betetzeko premia aurrez aurre jarri dit egoerak”. Goranek ere halatsu dio: “Banekien zer ez nuen nahi nire semearentzako, baina ideia eta errekurtso gabe aurkitu gara. Errazera jotzen baduzu, telebistara, gero hori kentzen lanak, baina ze alternatiba daukazu 24 ordu betetzeko, eguna joan eta eguna etorri?”.


Oso giro arraroa eta tentsio handikoa izan da lanean bizi izan duguna
 

Gorane Urdangarin 


Hain zuzen ere , koronabirusak eragindako krisiaren kudeaketan agerian gelditu da, are gehiago, zaintza-lanen egoera zaila: eskolak itxi, telelana ezarri, lehen beharretako langileak lanera lehendabizi, ondoren besteak… eta ez da proposamenik, araurik, apenas egiturazko laguntzarik ezarri haurren (ezta adinekoen nahiz behar bereziak dituzten pertsonen) zaintzarako, eta familia nuklearrek euren gain hartu beharra izan dute haurren zaintza, Gobernuak ahaleginak eta neurriak lan eta merkatura bideratuak izan baitira Madrilgoaren kasuan bereziki. MeCuida izeneko paketea sustatu du Madrilek, telelana, lan jardun murriztua eta ordutegi malgua bultzatuz, baina enpresen esku gelditu da osoki berau ezartzea ala ez.

Familia zabala eta ordutegi malgua
Egoera eramangarriagoa egiteko, nahiz eta lanean tentsioa bizi, haurra zaintzeko beso gehiago bilatzea izan da Beatriz Barriola eta Alaitz Arenzanak konfinamenduari aurre egiteko aurkitu duten formula. Bilbon bizi badira ere urtebeteko alaba Julerekin, konfinamenduak Ataunen harrapatu zituen Beatrizen gurasoen etxean, eta bertan gelditzea erabaki zuten, familia zabalaren abaroan errazagoa izango zelako lana eta haurraren zaintza uztartzea: “Konfinamendua oso erosoa izan da guretzako, Alaitzek eta biok lana egin genezakeen alaba gurasoek zaintzen zuten bitartean, eta gero kalitatezko denbora pasa genezakeen umearekin, nire amaren laguntza ere erabatekoa izan baita otordu eta abarrekin”. Irakaslea da Beatriz Bilboko institutu batean, eta artista Alaitz. Biei estresa eta urduritasuna eragin dizkie lanak, artistaren kasuan egoera gogorra izan delako kultur-munduko langileentzako, eta irakaslearen kasuan, egun batetik bestera eskolak online-testuingurura egokitu behar, ikasleak zaindu behar… “Oso estresantea izan da irakasle-lana, ikasleei 24 orduko atentzioa eman beharra sentitzen nuen; eurek idazten bazidaten momentuan erantzun beharra... Gelan daukagun aniztasunari aurrez aurre erantzutea zaila bazen, online aurrera egitea oso zaila izan da, ikasle askok eskolak jarraitzeko material eta babes gabezia handia baitzeukaten, gainera. Baina alaba denbora guztian hain ondo eta zaindua ikustea lasaitasun handia da.” Alabaren erritmora moldatu dira etxeko helduak, goizetan aitonak etxeko lorategitxoan 7 kilometro egiten zituen bi amak lanean ari ziren bitartean, amonak otorduak etabarrak prestatu eta behin itxialdia amaitu zenean pasian atera du goizero biloba, eta osaba ere etxean zuen kontuak egiteko. “Alaba zaintzeko beso gehiago edukitzea izan da guk lan egin ahal izateko gakoa”.

Beatrizen guraso eta anaiaren laguntzaz gain, Bilbotik Atauna, natura ere aliatu garrantzitsua izan da behin kalera ateratzeko aukera izan dutenetik alaba zaintzeko. “Egunero mendi-aldera ibilaldiak egin ditugu, animalia asko eta denetariko landareria ikusi du, Bilbon ez dauka horretarako aukerarik, eta horrek guztiak asko lagundu dio garapenean, bai umorean, jendearekikoan”.

Intza Barandiaran eta Edu Rodriguezentzako formula galga ezartzea izan da. Konfinamendua konpromisoak eta eskolaz kanpoko jarduera mozteko baliatu eta benetan inporta zaienari heltzeko baliatu dute. “Ni konfinamendu guztian lanean aritu naiz — arrisku egoeran dauden pertsonei laguntzeko baratzaintza tailer okupazionalean hezitzaile— etxetik kanpo jardunaldi erdiz, baina Edu hilabetez etxean egon da lanera joan gabe, hiru umeekin, eta guretzat inportanteak diren zereginetan aritu gara: atarian txabola egin, txukuntzen, margotzen…” Esperientzia ona izan da familiarentzako, lanetik ez zekarten tentsiorik; semeak uneoro guraso batek atenditzeko aukera zuten; gustuko zeregin batean aritu dira denak etxe atarian, kanpoan… “Eztabaidak ere izan dituzte anaien artean, baina ez da orokorra izan, hainbeste denbora elkarrekin emanda ohitura politak hartu dituzte anaien artean, zaharrenak txikienei irakurtzea adibidez…” Beste gakoetako bat telebistari muga jartzea izan da, haurren bati gehiago luzatu izan zaionean pantailaren tartea hurrengo tartea murriztu zaio: “Eguerdian luzatuz gero, iluntzean ez dago telebistarik, eta ez esandakoan ez denez…” hala ohitu dira anaiak.


Estresantea izan da irakasle-lana baina umea zaindua ikustea lasaigarria izan da
 

Beatriz Barriola


Behin lantegi handietara lanera itzuli zirenean, Intzaren jardunaldi murriztua Eduren arratsaldeko erreleboarekin konbinatu ahal izan dute ordutegi malgutasunari esker, guraso bata edo bestea uneoro semeez arduratu ahal izateko. Guraso-lana txandakatzea eta auzokoen laguntza izan dira kontziliatzeko gakoak, ikasturtean aitona-amonekin kontatzen badute ere larrialdi-egoeran distantzia mantentzea erabaki baitute: “Auzokoak eta biok lehendik ere elkarri laguntzen genion, baina orain asko estutu da gure arteko harremana; haiek beharra dutenean guk hartzen ditugu euren seme-alabak, eta guk denbora behar dugunean eurekin egoten dira gure hiru semeak, eta ez bakarrik dentistarenera edo bileretara joateko, baita geuretzat denbora hartu eta ibiltzera edo mendira joateko ere”.

Lau familietatik hirutan konfinamendu osoan amak etxetik atera dira lanera, Goraneren hasierako asteak kenduta, jardunaldi murriztuan guztiak —INEren urtarrileko datuen arabera, Hego Euskal Herriko emakume beharginen %27 inguruk lan egiten dute lanaldi partzialean; gizonen artean, berriz, %7k bakarrik, eta emakumeen batez besteko pentsioa gizonena baino %38 txikiagoa da lurralde horietan—, eta irteera hori arnasa eta ihesbide izan da emakumeentzat: “Kontraesankorra dirudi, lanean tentsio handia bizi genuen, baina era berean neuretzako denbora eta espazioa izan da lanera joatea”, diote Ixiarrek eta Goranek. Intzak ere, tentsio gutxiagorekin, beretzako espazio bezala balioetsi du lanera joatea, “niri on egin dit egunero irten eta errutina hori mantentzeak”.

Aldiz, irakaslearen kasuan, ekainaren 19an lantokira itzuli beharra ekuazioa hankaz gora jarri duen faktorea izan da, gogorra bada irakasleentzat ekaineko aldapa aurtengoa are zailagoa izan da, eta ordu luzeak egin behar izan ditu alaba gabe. Goizean goiz irten eta gaueko hamarretan bidali dio kazetariari mezua: “Oraintxe iritsi naiz etxera, egoera asko zaildu zaigu. Bihar deituko dizut”. Ezin erreportaje honetarako lekukotasuna emateko ere tarterik hartu. Bilerak, klaustroak, informeak… azkenik larunbat goizean telefonoz hitz egitea lortu dute irakasleak eta kazetariak. Horixe du telelanak, zapatu goizak ere lanerako baliatzea, ordu estra bezala kontatu gabe. Hainbat ikerketaren arabera, besteak beste NordVPNk eginikoa bi orduz luzatu dira lan-jardunaldiak telelana ezarri den enpresetan. Telelanak ez du mugarik, norberak ezarri behar ditu lehentasunak. Kazetariaren 2 urteko semeak ere ez du ordutegiez ulertu nahi, eta “bulegoan” jende hotsa entzunda, atea gurutzatu eta jakin-mina asetzera sartu nahi izan du. Hiru hilabete hauetan ohitu da umea Zoom, Jitsi edo Meet bidez pantailaren beste aldean ikusten dituen pertsonak agurtzera, eta oraingoan pantaila itzalita eta ahotsa telefonotik datorrela ohartzean aski interesgarri ez balitz bezala, bularra eskatu dio amari plazara irten aurretik; hark argi ditu bere lehentasunak.


Niri on egin dit egunero lanera irten eta errutina hori mantentzeak
 

Intza Barandiaran