BEATRIZ AKIZU | EUSKO IKASKUNTZA
Sorburutik hezkuntza "gizartearen palanka" dela sinetsita ekin zion bere ibilbideari Eusko Ikaskuntzak, iragan mendearen hasieran. XXI. mendean fermuki eusten dio erakundeak misio horri. Gizartean eragin nahi bada, hezkuntza da giltzarri. Hezkuntza-komunitateak gaur eta hemen dituen korapiloak askatu behar, ordea, horretarako. Eginkizun zaila jarri dio bere buruari Eusko Ikaskuntzak. Baina ari da. Ehun Zubigileen Foroarekin abiatu du Euskal Herri mailako parte-hartze prozesua eta helburua Euskal Hezkuntza Sistemaren Liburu Zuria izango da. Singularrean. Hiru egitura administratibotan banandurik baina, Eusko Ikaskuntzak singularrean konjugatzen baitu Euskal Hezkuntza Sistema. Lurraldetasuna du ezaugarri. Eta baita adostasuna ere. Korapiloak korapilo, horiek izendatu eta askatu, adostasunerako ekarpenak egin nahi ditu. Azken aurrekoa Eusko Jaurlaritzarekin antolaturiko 'Euskal Hezkuntza Sistema: Adituekin solasean, herritarren azpimarra' sinposioa izan da. Akizu da, Mario Zubiagarakin batera, prozesuaren jostun.
Urriaren 22 eta 23an 'Euskal Hezkuntza Sistema: adituekin solasean, herritarren azpimarra' izeneko sinposioa egin duzue. Hiru ardatz zituen sinposioak. Ondorioak ateratzeko goiz bada ere, zein izan ziren ardatz bakoitzeko azpimarra nagusiak?
Eusko Jaurlaritzak Eusko Ikaskuntzari egindako enkarguz elkarrekin antolatu genuen sinposio honetara irailaren 11n Eusko Ikaskuntzak antolatu zuen Ehun Zubigileen Foroan landutako gaiak ekarri genituen, sakontze bidean jartzeko. Adituen ekarpen eta proposamenak entzunez ekin diogu sakontze bideari, poliki-poliki solas bat eraikitzeko. Hiru ardatzetako lehena Hezkuntza, aniztasuna berdintasunean izan zen, eta gai zentrala segregazioa izan zen. Oraindik ez gaude ondorio zehatzak ateratzeko moduan, ekarpenak eskatuko dizkiegu partaide guztiei, sinposioaren diseinuak ez baitzuen aukerarik eman bertako partaide guztiekin solas bat irekitzeko —300 pertsona geunden online eta aurrez aurrekoan bilduta—. Segregazioari aurre egiteko hainbat proposamen eta azterketa luzatu zituzten adituek. Azpimarratuko nuke asko eskertu zela hain modu esplizituan segregazioaz hitz egitea eta segregazioa hitza bera erabiltzea. Gaia gordintasunean planteatzeak, batzuetan, aurre egiten laguntzen du. Argi gelditu zen ez dagoela segregazioari aurre egiteko formula magikorik, gaia oso konplexua baita. Beraz, ezin zaio modu homogeneo batean erantzun, oso errealitate desberdinak baitaude eta errealitate desberdin horietatik erantzunak emateko eduki ditzakegun baliabideak eta indarrak ere desberdinak baitira. Badago zereginik, baina egia da, baita ere, asko dagoela aztertuta, eta orain borondatea bilatu behar dela, eta borondate hori elkarlanean bilatu behar dela. Erantzukizun handiak dituzte erakunde publikoek segregazioari aurre egingo bazaio, baina guk, gizarte moduan, badaukagu gure erantzukizuna ere. Horrez gain, ardatz honetan azpimarratu zen errealiteari erantzungo diona ezagutza komunitariotik sortuko dena izango dela. Azken finean, segregazioa ez da hezkuntzaren arazoa soilik, baizik eta jendarteak erantzun beharreko erronka eta arazo bat da.
Bigarren ardatza hezkuntzaren antolamenduari buruzkoa izan zen. Parametro berrietan hitz egin zen hezkuntzaren antolamenduaz, beharrizanez eta zerbitzuez hitz egin zen. Zein ideia nabarmendu zituzten adituek?
Hezkuntza erdigunera eraman nahi badugu, gobernantza eredu berriak behar ditugu, bai gizarte antolamenduari begira eta baita hezkuntza komunitateari begira ere. Proposamen oso uztargarriak jaso genituen sinposioan, ikuspegi makro batetik, ikuspegi meso batetik eta ikuspegi mikro batetik. Arazoei erantzuteko kontziente izan behar dugu, hasteko, zer-nolako beharrak eta baldintzak ditugun gizarte moduan. Bizi baldintzei buruz ari gara hizketan, gizarte ereduaz ari gara, eta horiekin lotutako balioez itaundu beharko genuke komunitatea. Askotan pentsatzen dugu arazoak hezkuntzak dituela eta ez, arazoak jendartean daude, eta hezkuntzak islatzen ditu. Hezkuntzaren antolamenduak beste eredu batzuk behar ditu, hasi hezkuntza politiketatik, hezkuntza komunitatera arte. Eredu desberdinak proposatu ziren, nabarmenduz komunitatearen ezagutza sendotzea garrantzitsua dela eta horri begirako neurriak, ereduak eta gobernantza ereduak jarri behar direla bidean, beti ere erantzukidetasunean, parte-hartzean, kultura demokratikoan eta kultura komunitario horizontalean oinarrituta. Badaukagu zer ikasi eta zer landu eremu horretan.
Hirugarren ardatza 'Hezkuntza berrikuntzaren gizartean' izan zen; eztabaidarako esparru zabalena da.
Ezagutzaren gizarteaz ari garenean hainbat aldagai uztartzen dira, besteak beste, aldagai sozioekonomikoa eta aldagai kulturala, eta gure erronka pertsona, honen garapena (eta pertsonaren garapena esaten dugunean ezagutzaren garapenaz, garapen emozionalaz eta harremanetarako garapenaz ari gara) eta komunitatea erdigunean jartzea baldin bada, tresnak eraiki beharko ditugu hori ahalbidetzeko. Tresna eraldatzaile horiek sortzeko, bestalde, kritikotasunaren garapenerako erremintak eskaini behar ditugu, eta puntu horretan jarri zen azpimarra sinposioan. Oso errealitate ziurgabean bizi gara, aldaketak gero eta bizkorragoak dira, ematen du ez dagoela etorkizunik, edo etorkizuna galdutzat ematen den gauza bat dela, baina etorkizuna eraikitzen dugun orainaren araberakoa izango da, hori oso presente eduki behar dugu, bereziki hezkuntzan. Hor egiten da beste azpimarra bat: etorkizuna eraikitzeko, egungo bizi baldintzak hobetuko edo eraldatuko dituzten tresnak modu komunitarioan eraiki behar dira, eta horretarako, kritikotasunaren garapena eta gaitasuna landu behar dira, baita kreatibitatea, sorkuntza, gizarte zientziak, humanitateak… ere. Garapenaz daukagun kontzeptuari buelta bat emateko garaia da, eta aipatu ditudan balio horiek duten rolaz itauntzekoa.Erantzukizun handiak dituzte erakunde publikoek segregazioari aurre egingo bazaio, baina guk, gizarte moduan, badaukagu gure erantzukizuna ere
Erantzukizun handiak dituzte erakunde publikoek segregazioari aurre egingo bazaio, baina guk, gizarte moduan, badaukagu gure erantzukizuna ere
Buelta eman beharreko beste puntu baten gisan honakoa nabarmendu zen: hezkuntzan dauzkagun debateak eta zailtasunak gizartean daudenak dira. Baina, era berean, Mario Zubiagak nabarmendu zuen hezkuntzak gizartean duen funtzioaz hausnartzeko abagunea dela hau: zertan izan kontserbadore eta zertan ez; zeri eutsi eta zer aldatu gizarte bezala hezkuntzatik. Nola ikusten duzue debate bikoitz hau gizarte mailan?
Konplexua da, bai. Zer da lehenago, bata ala bestea? Biak batera eraman beharreko elkarrizketak dira. Gure herria ondo kokatu nahi badugu mundu globalizatu eta aldakor honetan eta izate pertsonalak eta komunitarioak garatu nahi baditugu daukagun egoera aldakor honetan aurrera egiteko, hezkuntzak gizartearen palanka bihurtu behar du. Baina, noski, gizarte ereduaz eta balioez hitz egin behar dugu, zehaztu egin behar dugu, modu eraldatzaile batean zehaztu ere, zein diren gure gizarte balioak eta ereduak. Eta definizio horretan funtsezkoa izango da gazteen ahotsa eta inplikazioa, eta oso garrantzitsua izango da euren begiradatik diseinatutako guneak abian jartzea. Nahiz eta belaunaldi arteko espazioak partekatu, ez ditugu sasoi eta errealitateak partekatzen. Eztabaida bikoitz hori ondo egin ezean, arrisku handia dago etorkizuneko bizi baldintzak baldintzatzekoa, eta horretarako eurek, gazteek, toki berezia behar dute debate horietan.
Askotan pentsatzen dugu arazoak hezkuntzak dituela eta ez, arazoak jendartean daude, eta hezkuntzak islatzen ditu
Zer funtzio izango du sinposio honek EAEn egin nahi den hezkuntza hitzarmenari begira? Zertan egikarituko dira sinposioan ateratako ondorioak?
Eusko Ikaskuntza eta Eusko Jaurlaritzaren artean antolatu dugun sinposio honetatik sortuko diren eduki eta txostenak Eusko Jaurlaritzak bere prozesua hornitzeko eduki gisa baliatuko ditu. Adostasun bideak ireki behar dira, bai Euskal Herri mailan eta baita Eusko Jaurlaritzak EAEn ireki duen bidean ere, eta bide horiek irekitzeko oso garrantzitsua da ezagutza, bai adituen ezagutza jasotzea baina baita hezkuntza komunitatean parte hartzen duten eragileen eta pertsonen jakintza jasotzea ere. Sinposioak eduki aldetik egin nahi dio ekarpena prozesuari.
Ematen du etorkizuna galdutzat ematen den gauza bat dela, baina etorkizuna eraikitzen dugun orainaren araberakoa izango da, hori oso presente eduki behar dugu, bereziki hezkuntzan
Eusko Ikaskuntzak abiatu duen prozesua zabalagoa da, Euskal Herri mailakoa baita. Koka dezagun zuen prozesua. Zergatik heldu dio Eusko Ikaskuntzak hezkuntzari halako sendotasunarekin? Zein izan da abiapuntua?
Eusko Ikaskuntzaren sorrerako gaia izan da hezkuntza. Bi helburu nagusirekin sortu zen gure erakundea XX. mendearen hasieran. Bat: Euskal Herriak behar zituen egiturak sortzea eta bi: tresnak sortzea errealitateari erantzuteko. Momentu hartan ere argi ikusi zen errealitateak gizarteari ezartzen zizkion erronkei erantzuteko hezkuntzari heldu behar zitzaiola, argi izan zuten gizarte baten muina eta palanka hezkuntza dela, eta orduan ere Eusko Ikaskuntzak ikusi zuen hezkuntza propiorako egituraketa bat behar zela. Eusko Ikaskuntzaren lehenengo kongresua hezkuntzarekin lotua egon zen eta Euskal Herri mailako unibertsitatea proposatu zuen. Oraina? Antzeko egoeran topatu gara. Duela hiru urte prozesu parte hartzaile bat ireki zuen Eusko Ikaskuntzak bere 18. Kongresuari begira, mendeurreneko markoaren baitan. Hainbat gai eta ardatz landu ziren orduan eta ikusi genuen hezkuntza zeharka agertzen zitzaigula arlo guztietan, bai garapen sozioekonomikoan edo gobernantzan edo kulturan edo hizkuntzan… Zalantzarik ez zegoen: gizartean eragiteko hezkuntzari heldu behar zitzaion. Horrez gain, eragileen artean ere uztardurak bilatzeko premia nabarmendu zen, Euskal Herri mailako printzipio eta oinarri batzuk adostu beharra ikusi genuen; adostasunetan oinarritutako bideak eta patxadaz hartu beharrekoak ireki behar zirela ikusi genuen, epe ertainluzeko ibilbideak. Horrela, 2019an heldu genion espreski hezkuntza sistemarekin lotutako prozesu honi. Eta gu, Eusko Ikaskuntza, hezkuntza sistemaz ari garenean Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sistemaz, Nafarroako Foru erkidegoko sistemaz eta Ipar Euskal Herriko sistemaz ari gara, jakinda bakoitza oso egoera eta errealitate desberdinean dagoela, bai sozialki, bai marko legalari eta eskumenei dagokienez ere. Hori guztia konplexutasun handia da, baina sinesten dugu elkarlanak ezagutza emango digula; elkarlanak erakutsiko digula errealitate desberdinei erantzuteko zer-nolako tresnak sortu diren leku eta egoera desberdinetan; elkar elikatzeko bide bat izango da. Beharrezkoa da euskal hezkuntza sistemaren inguruan marko partekatu bat osatzea. Gero errealitate bakoitzak bere premiak dauzka, eta jaitsiko gara premia horiek ikustera eta premia zehatz horiei ekarpenak eskaintzera.
Eusko Ikaskuntzaren sorrerako gaia izan da hezkuntza
Lurraldetasuna da zuen prozesuaren ezaugarrietako bat, eta baita, zuk diozun eran, aukera bat ere. Aldiz, lurraldetasuna muga gisa ikusten dugu askotan, ezarrita dauden mugengatik hain justu. Zer aukera ikusten diozue hausnarketa nazio mailan egiteari?
Hasteko, abiapuntu komun bat daukagu: marko kultural bat partekatzen dugu, hizkuntza bat partekatzen dugu, eta oinarrizko balio batzuk partekatzen ditugu: berdintasuna, aniztasuna, ekitatea… eta partekatzen dugun horretatik eraiki egin behar dugu marko bat. Askotan zailtasunetan eta mugetan, desberdintasunetan blokeatzen gara, baina bateragarritasuneko aukerak bilatu egin behar ditugu, horrek elikatuko gaitu errealitate bakoitzak dituen arazoei erantzuteko. Egia da Ipar Euskal Herriko eta Hegoaldeko egoerak oso desberdinak direla, eta eskolaren antolamenduaz hitz egiten dugunean zailtasunak daudela, Ipar Euskal Herrian ez dute eskumenik gaiaz erabakitzeko, baina, era berean, badaude aukerak mugaz gaindi edo lurraldeen artean bide amankomunak garatzeko lotune-lanak egingo dituztenak, bai curriculum aldetik, ikasketen aldetik, formakuntzaren aldetik…
Balioak partekatzen ditugula esan duzu. Oro har, hortaz, Euskal Herri mailako elkarrizketan, esan liteke balioez ez daukagula debaterik ala, hain zuzen ere, debate handi bat daukagu balioen inguruan?
Debate handi bat daukagu balioen inguruan. Partekatzen ditugu balioak, baina beste gauza bat da horiek sustatzeko eta aktibatzeko egiten duguna edo egiten ez duguna. Printzipio mailan denok gaude ados, inor ez dago segregazioaren eta desberdinkeriaren alde, denok ekitatearen alde egingo dugu, baina gero ikusten dugu ez garela kapaz. Denok ulertzen dugu euskara dela gure markoa, gure lotune eta kohesiorako balio, baina oraindik ere asko falta zaigu hori garatzeko eta lantzeko. Korapiloak dauzkagu, talkak ere badaude, gatazkak ere bai, hori nabarmena da, nahiz eta balio partekatuak izan. Balio horiek sustatzeko edo abian jartzeko dauden gatazkak eta korapiloak askatu egin behar ditugu, eta horretarako asko hitz egin behar da, asko hausnartu behar da eta elkarrizketarako guneak eraiki behar dira. Gune lasaiak, fokuetatik kanpoko guneak, desberdinak elkartuko gaituzten guneak… eta konprobatuta daukagu gai bati heltzeko, hurbilketa desberdinetatik heltzen bazaio, hezkuntzaz kanpoko eragile edo mugimenduetatik hitz eginda, adibidez, edo lurraldetasuna benetan aplikatuta hitz egiten baldin badugu, errazago egiten direla irakurketak. Lurraldetasunak ematen duen aniztasun zabal horrek, hau da, toki bakoitzetik egin diren bideak eta urratsak ezagutzeak, korapilo horiek askatzen laguntzen du eztabaidak gotortuta dauden guneetan.
Egia da Ipar Euskal Herriko eta Hegoaldeko egoerak oso desberdinak direla, badaude aukerak mugaz gaindi edo lurraldeen artean bide amankomunak garatzeko lotune-lanak egingo dituztenak, bai curriculum aldetik, ikasketen aldetik, formakuntzaren aldetik…
Urterik urte adostasuna bilatzeko ekarpen eta ahalegin ugari egin dira. 15 urte dira Nazio Garapenerako Biltzarrak Oinarrizko Hezkuntza Akordioa bultzatu zuela eta geroztik ere proposamen ugari jarri dira mahai gainean, HIK HASIren hezkuntza proposamena, esate baterako, Harian, EHIGE eta HEIZErena, Ikastolen Elkartearena… Ekarpen horiek guztiak nola ari zarete lantzen, zer leku izango dute zuen prozesuan, ez baikara hezkuntzan zerotik abiatzen.
Asko egin da, asko eta ondo dago eginda. Orain horiek denak bide berean jartzea tokatzen zaigu, partekatzea eta uztartzea. Gure lana ez da izango gauza berriak sortzea, baizik eta uztartzeko modu berriak abian jartzea eta modu kolaboratiboan eta parte-hartzailean egindako hori guztia bidean jartzea.
Abiapuntua aipatu dugu, Eusko Ikaskuntzaren prozesuaren helmuga zein litzateke?
Gure helmuga Euskal Hezkuntza Sistemaren Liburu Zurirantzat joatea litzateke. Oraindik ibilbidea gelditzen da, baina bidean proposamenak uztartzen joango gara eta urrats zehatzak ematen. Ibilbide horrek hainbat fase izango ditu, orain hastapenetan gaude. Saretze-prozesu handi bat daukagu aurretik: lehenengo Ehun Zubigileekin lehen saretze-ariketa egin dugu, hortik idatziko dira lehenengo lerroak eta poliki-poliki, parte hartuko dugun guztion artean Liburu Zuriaren ibilbidea zehaztuko duen metodologia, pausoak eta abarrak definituko ditugu. Baina asmoa Euskal Hezkuntza Sistemaren Liburu Zuria denon artea idaztea da.
Eskuz esku hezkuntza komunitatearekin ari zarete lanean. Termometroa jarrita, nola dago hezkuntza komunitatea, nekaturik ala gogotsu, gisa honetako hausnarketa prozesu parte-hartzaile bati ekiteko?
Komunitatea, alde batetik, nekatua dago, urte askotako prozesuak dira, eta korapilo batean sartuta gaude; komunitateak erantzunak behar ditu, batzuk epe motzekoak eta beste batzuk epe luzekoak. Baina orokorrean sentitzen ari gara komunitateak gogoa daukala; batez ere gauzak modu desberdin batean hausnartzeko gogoa ikusten da, premia dago elkarrekin hitz egiteko eta eztabaidatzeko; nik ilusioarekin ikusi dut jendea. Ehun Zubigileen Foroan oso nabarmena izan zen jendearen gogoa. Nahiz eta korapilo handiak egon eta talkak ere egon badauden, adostasunerako oinarri sendo bat dagoela ikusi dugu. Ikusita adostasunerako oinarri sendo bat dagoela, eta eztabaidatzeko eta irtenbideak bilatzeko gogoa dagoela, orain dagokiguna da guneak eta uneak eskaintzea hausnarketari eta elkarrizketari, benetan, bai epe motzeko erantzunak behar dituzten horiei erantzun adostu bat emateko eta baita epe luzerako ibilbide hori egiteko ere. Ez dira bide errazak. Parte hartzea beharrezkoa da, baina ondo egin behar da. Hurrengo pausoak zehazteko erronka daukagu parte hartzen ari diren guztiekin, eta zabaldu egin behar dugu oraindik ere beste gune batzuetara, jende gehiagorengana zabaldu behar dugu gure proposamena.
Zein izango dira epe motz-ertain bati begira egingo dituzuen hurrengo urratsak?
Epe ertain motz bati begira diseinatzeko dauzkagu ekimen zehatzak. Ehun Zubigileen Foro horretatik sortutako lehentasunen artean hasiko gara hurrengo pausoak eta hurrengo foroak egiten. Ondoren jaiste eta zentratze ariketa bat egin behar dugu. Liburu Zuriari begira, hurrengo foroa gazteei zentralitatea emango diena izango da, belaunaldi arteko izaerarekin jarraituko du baina gazteei emango diegu zentralitatea, eta Nafarroara eta Ipar Euskal Herrira hurbilduko gara.
Debate handi bat daukagu balioen inguruan. Partekatzen ditugu balioak, baina beste gauza bat da horiek sustatzeko eta aktibatzeko egiten duguna edo egiten ez duguna. Printzipio mailan denok gaude ados, inor ez dago segregazioaren eta desberdinkeriaren alde