Korrontea. Zenbaki honetan, bi aldiz bederen atera da “korronteak eraman zai-tzan utzi” esamoldea. Iruñeko aita talde bateko kide batek halaxe dio: “haurra jaiotzean egoera gogorrak bizi izaten dira, eta inork ez dugu ikasi egoera horiek kudeatzen, eta azkenean errazagoa da korronteak eraman zaitzan uztea”. Gizontasun-hegemonikoaz ari da Montxo Gota Vega, haurrak soilik amaren ardurapean uzten dituen haziera-ereduaz. Myrtha Chockler psikomotrizista argentinarrak ere korrontea aipatzen du: “Korronteak eraman nazan utz dezaket, baina nik aukeratuko dut zein korrontek eraman nazan”.

Kontzientzia aipatzen du Choklerrek norberak nahi ez duen korronte horiek eraman dezaten ez uzteko antidoto gisa: “ Norberak erabakitzen du zer nolako bizi-eredua jarraitu nahi duen. Hau ez da gizarte monolitiko bat: hemen bertan, Euskal Herrian, denetik dago.  Kontzientzia hartzen goazen neurrian, erabaki egiten dugu bizitzak eraman gaitzan uzten dugun edo norberak bere bizitzako zati bat eramateko eskubidea duela onartzen dugun. Norberak erabakitzen du, abiadura handiko trenean sartu ala ez”.

Kontzientzia. Chocklerrek bezala, Estitxu Fernandez psikologo eta kazetariak ere kontzientzia  hartzearen garrantziaz hitz egiten du haurdunaldiko atalean. Sei urte inguruko ikerketaren ostean ‘Gure erditzearen jabe’ izeneko liburua argitaratu berri du eta bertan dio erditzea asebetegarria izan dadin andreak zein premia dituen, zer nahi duen eta zer behar dituen kontziente izatea dela gakoa. Erditze prozesutik “asebeteta” eta “gustura” ateratzeko, psikologoaren esanetan, garrantzitsua da kontziente izatea, hartutako erabakiak agian idealenak izan ez arren, norberak hartutakoak direlako eta horrek satisfakzio handiagoa eragiten duelako.

Baina ezin uka, indar handia du korronteak, edo korronteek. Norberetik —norberaren kontzientziatik, nahi bada— pasa gabeko teoriak, ideiak eta ikusmoldeak ere korronteak baitira azken finean. ”Haurraren beharrak, nahiak, keinuak antzemateko begirada garatuko du helduak, eta gure haurraren ñabardurak ikusten goazen neurrian, diskurtso, korronte eta teorietatik harago ikusten hasiko gara—dio Chocklerrek—. Baina, lehenik eta behin, begira diezaiogun geure haurrari”.