Alizia Fernandez Huarte, Oiongo Ramiro de Maeztu eskolako irakaslearen iritzi artikulua.

 

Istorio batek dio behin ume bat amari begira zegoela, ama oilaskoa prestatzen ari zen bitartean. Labean sartu baino lehen, alboetatik zatitxo bana kendu zion piezari eta umeak, kuriositatez, ea zergatik egin zuen galdetu zion.

- Ez dakit, nire amak ere horrela egiten du eta horrela erakutsi zidan —erantzun zion amak.

Umeak, oraindik jakin-minez, amonari deitu eta berdina itaundu zion:

- Nire amak ere horrela egiten zuelako —erantzun zion amonak.

Birramona bizirik zegoenez, harengana jo zuten eta hona hemen bere erantzuna:

- Baina oraindik horrela egiten al duzue? Zatitxo horiek bandeja txikia zelako kentzen nituen eta oilaskoa labean ez zelako sartzen.

Berez, ipuintxo hau familiara mugatzen gaituzten eta ikusezinak diren leialtasunak saihesteko kontatzen da. Baina oraingoan, hezkuntza mundura ekarrita, hauxe da nire kezka: zenbatetan egiten ditugu gauzak, betidanik horrela egin direlako, jakin gabe zertan ari garen, zergatik edo zertarako? Zenbatetan testuliburu bati leialtasuna “zor” diogulako edo txikitako oroitzapenek bide hori markatzen digutelako? Zenbatetan sare sozialetako minutu bateko bideo batean material magiko bat saltzen digutelako?

Ikasleei eskatzen zaien eta libre egiten gaituen kritikotasuna hezitzaileon kasuan ere inoiz baino urgenteagoa da. Izan ere, mota guztietako guruak noiznahi agertzen dira: fitxa estereotipatuak, zentzurik gabeko dossierrak, metodo magikoak, trukoak eta saldu nahi diguten material ugari —neurozientziaren edo Montessoriren izenean—, garai bateko ilea ateratzeko saltzaileak bailiran. Ez dut esango proposamen interesgarririk eta baliotsurik ez dagoenik, baina garia dagoen lekuan, lastoa ere bai. Esango nuke gehienetan altxorrik onenak eta profesionalik jakintsuenak ondoko geletan aurki ditzakegula, agian baloratu gabe. Haiei galdetu diezaiekegu zergatik kentzen dizkioten oilaskoari zatitxo horiek labean sartu baino lehen. Agian azalduko digute. Agian, zergatia elkarrekin deskubritu dezakegu. Eta “truko” hori bai dela magikoa, eta musu-truk. Gure bidea kaxoi batean gordeta dagoen curriculumak markatu beharko luke eta zergatia edo zertarakoa, inoiz irakurri dugun liburu edo aldizkari horretan argiago ikusiko dugu.

Orain giroa bero-bero dagoela, ez baduzu “infoxikatu” nahi, edan iturririk freskoenetik eta fidagarrienetik oilaskoa laguntzeko; orain bai, oso-osorik —beti ere labean sartzen bada—.