Andrea Arrizabalaga Ana Revuelta Maider Urrutia | ARTAZIAK taldeko kideak
Maiz “isilik egon” edo “ez ukitu” moduko esaldiekin lotzen ditugun arren, erakusketek, kontzertuek edota dantza emanaldiek, ikasteko eta ondo pasatzeko aukera eskaintzen dute.
Artaziak taldean urteak daramatzagu arte hezkun-tzan eta mediazio lanetan, hau da, kultur ekoizpenak eta pertsonak elkartzen eta ikas prozesuak garatzen. Tartean haurrei eta helduei zuzendutako saio ugari egiteko aukera izan dugu. Oso interesgarriak eta dibertigarriak izan daitezke. Ondorengo testuan, aukera ezberdinen inguruan arituko gara.
Lehenik eta behin, aipatu beharra dago familiei (eta familiaren esanahirik zabalenena adierazi nahiko genuke) zuzendutako eskaintza gehiena nahiko puntuala dela. Orokorrean, ordu batzuetako saioak izaten dira, jarraipenik gabekoak, larunbat edo igande goizeko formatuan, kasik asteburu euritsuetan jardueraren bat egiteko baliabide gisa aurkezten direnak. Interesgarria litzateke saio bakan horietaz gain, poliki-poliki, beste mota bateko proiektuetara jotzea, hala nola, saio bat baino gehiagoko proiektuak, edukiak jorra-tzeko parada eskaintzen dutenak, eta elkarrengandik ikasteko tartea uzten dutenak.
Hala ere, esan bezala, badira oso jarduera interesgarri eta atseginak, txikiek eta helduek elkarrengandik ikasteko eta elkarrekin gozatzeko modukoak. Aukeraketa errazteko, honako irizpideak jarraitu ditugu:
- Haurrei eta helduei (batera) zuzendutako tailerrak eta ekimenak izatea.
- Kultura garaikidearekin lotura izatea.
Zergatik elkarrekin?
Egia da, ez daudela kultur ekoizpenetara “familian” hurbiltzeko aukera gehiegi, ordutegia dela, formatoa dela… Baina modu egokian gertatzen denean, oso bizipen esanguratsuak izaten dira hauek, denentzako berria den momentu batean murgiltzen garelako, istorio, pertsonai edota amets berriak partekatuz. Garrantzitsua da metodologia ezberdinak eskaintzea familiako kide guztiek jardueraren barruan bere lekua izan dezaten, eta ez daitezen bilakatu “umeentzako” jarduera baten “laguntzaile” edo “zaintzaile”. Bakoitzak ezagutza eta trebezia ezberdinak ditugu eta jarduerak garatzeko denak dira beharrezkoak.
Zergatik Kultura Garaikidea?
Arte garaikidea, arte biziak, dantza garaikidea, performanceak, soinua,… Horrelako ekoizpen eta adierazpideak tresna eta aitzakia baliagarriak eskaintzen dituzte gai ezberdinak lantzeko. Garaikideak izanik, gure garaikoak diren gai eta kontuak sarriago agertuko dira, normalean ikusten ez ditugun formato eta kodigoetan. Proposamen hauek hausnarketa eta ikerketarako espazioa eskaintzen dute, esanahia itxia izan ordez, esanahi ezberdinak eraikitzeko aukerak irekitzen baitituzte. Arte garaikidean, normalean, ez dira mezu argi eta zuzenak helarazten, eta ondorioz pentsamendu dibergentea martxan jarri behar dugu eta erantzun berriak bilatu: Zer da hau? Nola egina dago? Zeri buruz hitz egin dezake? Beste nonbait jarriko bagenu esanahia aldatuko litzateke?...
Honekin batera, artista edo kolektiboaren sortze prozesuaren parte izatea posible da, hau da, artelana eraikitzen ari den bitartean, eta ez bakarrik behin bukatuta dagoenean, ikusle paperean. Bestetik, askotan hitz egiten da sormena garatzearen garrantziaz. Gure ustez pertsona guztiok dugu sormenerako gaitasuna. Sortzailea izatea, arazoei konponbide berri bat bilatzeko eta ematen diguten informaziotik harago joateko gaitasuna da. Dena den, gure jendartean, ikasteak, gero eta harreman handiagoa du erabilera zuzenarekin, zentzu utilitarista ematen baitzaio ikas prozesuari. Baina, zein inportantea den baita ere, erabilera konkreturik edo zehatzik ez duten gauzak egitea, “fantaseatzea”, ikerketa eta esperimentu txikiak garatzea, jolastea, gauza txiki batean denbora pasa-tzea… arte hezkuntzak horretarako tartea uzten digu, hain zuzen ere. Horretaz guztiaz gain, ekoizpen artistikoetatik abiatuta begirada kritikoa landu dezakegu, mundua ulertzeko modu berriak ezagutu eta gure begirada propioa eraiki.
Gure bizilekutik gertu dugun kulturgune, lantegi edo museoetan badugu mota honetako eskaintza zabala, gaur bakar batzuk aipatuko ditugu:
Kamaleoiak gara! (0-99) Programa / Tabakalera
Programa hau ikuskizunentzako gunea da. Ez dira bereziki umeentzako sortutako ikuskizunak, baizik eta heldu eta haurrekin batera ikusi daitezkeenak. Horrela, adierazpide ezberdinak izaten dira musika, performancea, soinua, mugimendua... Batzutan artistei pieza moldatzeko eskatzen zaie, ez edukien aldetik baizik eta iraupena laburtuz, espazialidadea egokituz... Eta era berean, espazioa, haurrak eta helduak gustura egon daitezen prestatzen da (betiko moduan helduak umeen atzean eta urruti egon ez daitezen), eta isiltasun osorik gabeko ikuskizunak izaten dira.
Dantza familian (+ 4) / Ballet T
Saio hauek Victoria Eugenia antzokian izaten dira. Dantzari eta koreografo ezberdinek dinamizatzen dituzte eta oso parte-hartzaileak izaten dira. Gorputzak dira protagonista. Horrela, mugimendua, erritmoa, gure gorputzarekin dugun harremana eta besteekin ditugun harremanak lantzen dira, bizipenetatik. Horrekin batera, arte bizietara eta dantzara hurbiltzeko tresnak bereganatzen dira.
Familian (4-11) / Rekalde Aretoa
Tailer hauetan erakusketekin egiten da lana. Artelanak, familien errealitatetik abiatuta aztertzen dira, eta jadanik dakizkiten gauzetatik hasten da elkarrizketa.
Artelan batzuk aztertu ondoren (gure iritziak eman eta besteenak entzun) dinamika plastikoak plantea-tzen dira. Horrela heldu eta txikiek ados jarri behar dute lana aurrera ateratzeko, erabakiak komunean hartu eta beraien ekoizpenak eraiki behar dituzte. Ikas-prozesu horizontalagoak bultzatzen dira, normalean betetzen ditugun rolak (ikasle-irakasle, guraso-haur) kolokan jarriz.
Beraz, elkarrekin kulturaz gozatzeko gonbidapena luzatzen dizuegu.