Kulturak, hartzaile eta sortzaile moduan, norbere identitatea eta taldeko pertenentzia indartzen ditu.

 

Nerabeak ongien egokitzen zaion sormen diziplina aurkitzeko, gurasoaren egitekoa izango litzateke txiki-txikitatik kulturan ere heztea, Gotzon Barandiaran idazle eta kultur eragilearen arabera.

 

Behin eta berriz entzuten dugu txiki-txikitatik eta bereziki nerabezaroan zaindu beharreko faktoreak direla elikadura, kirola, harremanak… eta gutxiago hitz egiten da kulturak nerabeei ekartzen dizkien onurez, hala hartzaile moduan, nola sortzaile moduan. Unescok, adibidez, kulturaren bidez elikatzen den pentsamendu alternatiboaren onurak nabarmentzen ditu: “Arazoen aurrean soluzio sortzaileak bultzatzen ditu; tolerantzia eta sentiberatasuna bezalako ezaugarriak azaleratzen ditu eta dibertsitatea eta elkarrizketa interkulturalari mesede egiten dio; funtsean, norbanakoaren eta komunitatearen osasunari mesede egiten dio”.

Kultura nerabezaroan bidelagun izateak ez du esan nahi gure nerabea pianista bikaina izan behar denik, ezta bertso-eskolan aritu behar denik ere. Kulturaren diziplina desberdinek, izan literaturak, arte bisualek, antzerkiak, musikak, dantzak, argazkilaritzak, marrazkilaritzak, arte plastikoek zein bertsolaritzak nerabeari bestelako mundu posible berriak irudikatzen laguntzen diote, eta baita euren burua ezagutzeko aukera ematen ere. Pelikula on batek gure aldartean eragiten du; lagunekin kontzertu batean ongi pasatzeak kidetasuna sustatzen du; antzerkian gure eginkizuna betetzeak talde-konpromisoa sustatzen du; munduko literaturek urrutira eraman gaitzakete…

Baina kultura ez da soilik hartzea, kultura ematea ere bada; sortzea, alajaina. Hori da Gotzon Barandiaran idazle eta kultura dinamizatzailearentzat nerabeengan indartu beharreko kultur alderdia.

 


 Sormena sustatu behar da pertsonaren garapen integralerako ezinbestekoa delako. Sentitzen eta pentsatzen duguna ulertzeko eta adierazteko baliabidea da kultura. Aldiz, sentitzen duguna eta pentsatzen duguna adierazteko gaitasunik ez edukitzeak, besteak beste, frustrazioa sortzen digu; gabezia izugarria baita adierazteko ezintasunak edukitzea



 

Emozioak eta gogoetak astintzeko elikagaia

Nerabezaroa emozioz eta aldaketaz beteriko garaia izanik eta kultur diziplinek emozioak eta gogoetak astintzeko duten gaitasuna kontuan izanik, bidelagun bikainak dira nerabezaroa eta kultura. Alabaina, kulturaren bidez, kanpo eta barne munduak esploratzeko eta adierazteko, hezi egin behar dira nerabeak, ahal dela txiki-txikitatik kulturan ere. Gustatzeko eta adierazpidea aurkitzeko, diziplina ezberdinak probatu behar dituzte nerabeek. Eta hori izango litzateke gurasoen egitekoa, elikadurarekin edo kirolarekin egiten dugun moduan, kultur adierazpideetan hezi beharko genituzke, haiek aukera dezaten. Horrekin batera, eta kulturaren bidez adierazteko, baliabideak eman behar zaizkie nerabeei, Barandiaranen aburuz.

 


Bai arte plastikoen bitartez, dantzaren bitartez, musikaren bitartez, literaturaren bitartez, hau da, kultur adierazpideen bitartez, haurrek eta nerabeek sentitzen dutena eta pentsatzen dutena adierazteko moduak daudela ikusaraziko bagenie, tresna eta baliabide horiek probatzeko eta eurenganatzeko aukera izango balute txiki-txikitatik, askoz sanoago ibiliko ginateke; beste jendarte bat edukiko genuke


 

Norbanako bakoitzak ondoen egokitzen zaion sormen adierazpidea bilatzeari garrantzia handia ematen dio Barandiaranek: “Batzuk hitzari lotuko zaizkio, baina beste batek agian ez du ez idatziz ez ahoz gaitasun berezirik, eta agian musikaren bitartez lortzen du komunikatzea, edo dantzaren bidez... Aukerak zabalak dira, literatura, musika, arteak, dantzak, antzerkia, argazkigintza, zinema... Zaila da diziplina bat bera ere ez gustatzea”.


 

Guk Hertzainak, haiek reggaetoia

Beste gaietan gertatzen den moduan, nerabeen eta helduen kultur zaletasunak desberdinak izango dira kasu gehienetan, eta haiek pantailen bidez sortzea edo manga irakurtzea, edo reggaetoia edo trapa edo guk ezagutzen ez ditugun tribu musikalak jarraitzea nahiago izango dute. Horren onura eta aberastasuna nabarmentzen ditu Barandiaranek, nerabeak esperimentaziotik iritsiko baitira zaletasunera, eta argi izan behar dugu kulturan ere ez garela haien eredu eta iturri bakar izango.


Kultur transmisioaz asko hitz egiten den honetan, Barandiaranek zehazten du transmisio horretan gurasoen egitekoa ez dela zertan kultur jakintza transmititzea, gozamenerako eta bizipenerako aukerak eskaintzea baizik: “Kontua ez da jakintza bat ezagutu behar dugula, izen bat edo data bat ikasi behar dugula. Bizipenari eman behar diogu garrantzia. Praktikarako aukerak eman behar ditugu. Kontua ez da euskal kulturgintza garaikidearen historia ezagutaraztea, tresnak eman behar dizkiegu haurrei eta nerabeei eurek proba dezaten. Gero bakoitzak erabakiko du hortik jarraitu ala ez, baina gutxienez jakin dezatela sentitzen eta pentsatzen dutena adierazteko modu asko daudela, eta kultur adierazpideak oso anitzak direla”.


Hala ere, euskal kulturaren transmisioak gurasoei ariketa kontziente bat eskatzen diela uste du Barandiaranek: “Guraso moduan ariketa teoriko bat egin behar dugu: gu gara transmisiorako hiru kanal garrantzitsuetako eragile inportanteenak, eta horren kontzientzia hartu behar dugu: dantza eskolara bidaltzen ditugu haurrak; musika eskolara; bertso eskolara bidaltzen ditugu, baina gero, guk zer kontsumitzen dugu? Zer harreman daukagu guk musikarekin? Joaten al gara elkarrekin kontzertuetara? Etxean entzuten al dugu musikarik?”. Ariketa egitea proposatzen du baita ere euskal izenondoaz. “Ezin gara zaletu ezagutzen ez dugun horrekin”, nabarmendu du Barandiaranek. “Ez badut euskaraz egiten den kultura ezagutzen, ez naiz zalea izango, hori argi dago. Ezagutzen ez duzuna ez duzu maitatzen, eta maitatzen ez duzuna ez duzu transmititzen. Maite duzuna eta zerbait eragin dizun hori transmititzen eta partekatzen duzu, 'ikusi al duzu hau?', 'entzun al duzu hau?', 'irakurri al duzu hau?'... Horrela elikatzen gara”.

 

 


Dantza taldeetan milaka pertsona daude gaur egun eta horrek sareak trinkotzen ditu, jendea elkarrekin dago proiektu baten alde, jendea zoriontsua da, motibatua dago... Talde txikien zein handien kohesiorako tresna garrantzitsua da kultura


 


Nerabezaroan hain garrantzitsua den espresio bide izateaz gain, norbanakoaz haragoko onurak ditu kulturak. Pertenentzia sentimendua indartzen du kultur diziplina bat partekatzeak, nerabezaroan hain garrantzitsua den zerbaiten parte eta kide izaten laguntzen du. Kulturgintzaren inguruan sozializatzeak, dantza-taldean, musika bandan, irakurle-klubean harremanak eta interakzioak sortzeak eta erreferentzia eta zaletasun batzuk partekatzeak, munduan egoteko eta munduari begiratzeko kodeak partekatzeak, finean, gozamena eta ongizatea dakartzala ikusten du Barandiaranek: “Dela antzerki eskola batean, dela bertso eskolan, dela kontzertu batean, dela dantza eskolan... interakzio horrek asko betetzen zaitu pertsona gisa eta giro on horretatik elikatzen da komunitatea. Dantza taldeetan jende asko dago gaur egun eta horrek sareak trinkotzen ditu, jendea elkarrekin dago proiektu baten alde, jendea zoriontsua da, motibatua dago... Talde txikien zein handien kohesiorako tresna garrantzitsua da kultura, eta badakigu hori nerabezaroan zeinen garrantzitsua den”. Kulturaz elikatzea ere gurasoen egitekoa izango da, bada, txiki-txikitatik, nerabeak osasuntsu haziko badira.