Kolonbiako Cauca departamentuan eredu kooperatiboan oinarrituriko haur eskola bat sortzeko lanean ari dira La Esperanza kooperatibako kideak; bertako komunitateetako kideek nahiz FARCeko emakume borrokalari ohiek osatzen dute taldea. Proiektu pilotua izango da, eta herrialdeko beste 26 komunitatetara zabaldu nahi dute ondoren.
Kolonbiatik Euskal Herrira bidaia egin dute apirilean La Esperanza kooperatibako hainbat kidek zenbait euskal hezkuntza-proiektu bisitatzeko, beren herrialdean abian jarri nahi duten haur-eskolarako baliagarriak izan daitezkeen esperientziak, ideiak, ereduak ezagutu asmoz. Haurren tailerra proiektua dute eskuartean, 0 eta 5 urte arteko umeentzako doako haur-eskola sortzea helburu, beti ere eredu kooperatibo batean oinarrituta. Kolonbiako Cauca departamentuan kokatuko da haur eskola, La Elvira zonaldean, eta inguruetako komunitateetako haurrei ez ezik, FARC-eko gerrilari ohien seme-alabei leku egitea nahi dute bertan. Izan ere, La Esperanza kooperatiba FARC-en borrokan ibilitako hainbat emakumek sortua da.
“Gure asmoa da haur-eskolaren lana komunitateek egiten duten lanarekin uztartzea, haurrak modu alternatibo batean hezteko. Horregatik gaude hemen, Euskal Herriko esperientziak ezagutu eta bertan ikasitakoa gure herrialdean aplikatu ahal izateko, komunitateekin elkarlanean. Balioak dituen belaunaldi berri bat eraiki nahi dugu, bakean sinesten duena, bakea nahi duen gizarte bat sortzeko”, azaltzen du Darly Sanchezek, haur-eskola berrian hezitzaile izango den lagunetako batek. Euskal Herrian esperientzia interesgarriak ezagutu dituztela dio, eta bereziki deitu die arreta ikastoletan abian den Konfidantzaren Pedagogiak. Dena dela, Juan Camilo Londoñol zehazten duen moduan, aurrean duten erronketako bat izango dute hemen ikusitakoa eta ikasitakoa @gure herrialdearen gizarte, kultura eta geografia baldintzetara egokitzea".
Batetik hamaika sortu
Ez da erronka bakarra izango, ordea. Izan ere, proiektu pilotua da La Esperanza kooperatibak Caucan abiatua, eta oinarriak ondo zehaztea eta proiektu arrakastatsua sortzea dute helburu, ondoren eredu hori Kolonbiako beste hainbat zonaldetara zabaldu ahal izateko. “Armarik gabeko bizitzara edo armarik gabeko borrokara egin genuen ibilbidean, 26 zonaldetan kokatu ginen, eta horietan abiatu genuen armagabetzeprozesua. Baina FARC-en baitan ginenean 100 unitatetan banatuta geunden, beste hainbeste erregiotan. Gutxi gorabehera geneukan lurralde antolaketa horri erantzunez eta gure oinarri sozialarekin bat eginez, orain arte 127 kooperatiba sortu ditugu”, dio Londoñok. Horiek ondoren Ecomun izeneko kooperatiba batean biltzen dira, eta horrek kudeatzen eta antolatzen du FARC-eko gerrilari ohiak lan eta gizarte mundura berriro txertatzeko jarduna. “Haurren tailerra proiektuak ere helburu horri erantzuten dionez, besteak beste, espero dugu pilotu hau ondoren beste zonalde batzuetan errepikatzea. Ederra lizateke beste 127 kooperatiba horietara eramatea, baina hasieran zaila izango da”, Londoñoren esanetan.
Sare horren bidez, zonalde horietako haurrei bestelako hezkuntza bat ematea dute helburu. Izan ere, Kolonbiako hezkuntza-sistema publikoak “boterean dagoen klasearen beharrei erantzuten die”, Londoñok salatzen duenez, eta “ez dugu nahi gure haurrak kapitalari sumisioko logika batean heziak izatea, beren herriarekiko gorrotoan. Beraz, pedagogia eta hezkuntza eredu propio bat sortu nahi dugu, gure elkartasun, askatasun balioak berreskuratuko dituena, eta ahalbidetuko duena bestelako subjektu politiko bat sortzen hastea, posizio politikoa eta kritikarako gaitasuna izango duena, eta erabakiak hartzeko gai izango dena”. Horrenbestez, oraingoz haur eskola baten sorreran jarri badituzte ere indarrak, luzera begirako xede dute hezkuntza-aro guztia hartuko duen eredu bat sortzea, unibertsitateraino. “Orain egindako bisitetan batik bat lehen haurtzaroan jarri dugu arreta, baina ikastolen proiektu kooperatiboaren baitan Lehen eta Bigarren Hezkuntzako esperientziak ere ezagutu ditugu, eta Mondragon Unibertsitatean ere izan gara. Ulertu dugu nolabaiteko autonomia duen proiektu hau sortzeko aurretik 40 urteko prozesu bat egin dela. Beraz, guk ere ezingo dugu hilabete batzuen buruan unibertsitate kooperatibo bat martxan jarri, baina gure helburua izango da norabide horretan lan egitea”, Londoñoren hitzetan.
Finantzaketaren korapiloa
Euskal Herriko bisita amaitzean Italiara abiatzekoa da kolonbiar taldea. Izan ere, herrialde horretako Friuli erregioan kokatzen den Noncello kooperatiba sozialari esker lortu dute Haurren tailerra proiektua abian jartzeko 2 urterako finantzaketa, eta hara ere egingo dute bisita. Horretaz gain, Venecia aldean ere izango dira, Reggio Emiliako ereduan oinarritzen diren eskola txiki batzuk bisitatzen. Italiatik bueltan Katalunian egingo dute azken geldialdia, hainbat hezkuntza-proiektu bisitatzeko.