Nerabe guztiek izan behar lukete lagun talde baten esperientzia, onarpena eta ulermena eman eta jasotzeko aukera, Elena Aycart eta Ainhoa Martin hezitzaileen aburuz.

Adiskideek nerabezaroan har-tzen duten garrantziaren inguruan galdetu diegu Ainhoa Martin eta Elena Aycarti. 12 eta 14 urte daramatzate, hurrenez hurren, nerabeekin lan egiten, kale hezi-tzaile gisa. Nerabeentzat adiskideek duten garrantzia azaldu aurretik, nerabeak nola ikusten dituzten azaldu du Martinek. “Nerabezaroak baditu ezaugarri batzuk, baina ezin zaio orokortasun bat eman; ezin da esan nerabeak ‘horrelakoak’ dira. Jaume Funesek dioen bezala, ‘nerabezaroak’ eta ‘nerabeak’ daude; pertsona bakanak dira, eta hala hartu behar ditugu eta, are gehiago, geure seme-alabak baldin badira”. Helduak nerabearengana gerturatu nahi badu, Martinen eta Aycarten arabera, lehenik eta behin, helduaren ikuspuntuan jarri behar da arreta: “Etiketak kendu, konparazioak saihestu, eta aurrean duguna ‘nerabe’ bat bezala ez,  munduko pertsona garrantzitsuena balitz bezala hartu behar dugu”. 11-18 urte bitarteko gazteak ulertu nahi baditugu, eta prozesu horretan lagundu nahi badiegu, hezitzaileen arabera, begirada ulerkorra izan behar du helduak, “ez epailea”.

Etiketen gainetik eta begirada ulerkorrarekin begiratzeaz gain, nerabezaroa trantsizioko etapa gisa ikustea saihestu behar dugula dio Aycartek: “Badirudi haurrak eta nerabeak helduak izateko prestatu behar ditugula, eta ez luke hala izan behar, garai bakoitza bizitzen, gozatzen eta aprobetxatzen ikasi beharko genuke, eta baita nerabezaroa ere; eurek gainera, halaxe bizi dute, etorkizunean pentsatu gabe, gaurkoa axola zaie”.

Pertsonaren eraikuntzan, ‘continuum’ baten barruan ulertzen dute, beraz, nerabezaroa. Honenbestez, haurtzaroan bezala, eta helduaroan egingo duten bezala, gazteak, etapa honetan ere, identitatea eraikitzen ari dira. Bilaketa horretan, gorpu-tzean ematen diren aldaketek eragin handia izan ohi dute. “Helduak bilaketa horretan nerabeari lagundu egin beharko lioke nor den ezagutzen, bere burua ezagutzen, zer gustatzen zaion...”, azaldu du Aycartek. “Helduak hor egon behar du, presentzia eskaini behar dio nerabeari, haren ondoan egon...”, erantsi du Martinek. Baina ondoan egotea, hezitzaileek zehazten dutenez, ez da galderak egiten egotea: “Galdetzen badiogu, ‘zer moduz bart parrandan?’, edo ‘zer moduz neska-lagunarekin?’, geuk ere prest egon behar dugu antzeko galderei eran-tzuteko. Ondoan egoteak, zuk gazte hori ezagutzea eta gazte horrek zu ezagutzea esan nahi du”.

Identitatearen bilaketa horretan, nerabezaroan lagunek pisu handia hartzen dute, euren antzeko egoeran dauden kideengandik ulermena eta onarpena jasotzen dituzte, oroz gain. “Lagunekin egoteak babesa ematen du, euskarria ematen du eta identitatea ematen du; ‘ez nago bakarrik’, sentitzen dute. Adiskideekin, interesak partekatu ditzakete,  gatazkak izango dituzte, baina ga-tazka horietatik ateratzeak dakar-tzan emozio oso positiboak biziko dituzte; konfiantza ematen dute lagunek, maitasuna, zailtasunak daudenean helduleku bilakatzen dira... Elkar ulertzen dute eta ulertuak sentitzen dira”.

Haurtzaroarekin eta helduaroarekin erkaturik, nerabezaroko adiskidetasunaren ezaugarrietako bat inten-tsitatea da, nerabezaroaren ezaugarrietako bat baita dena intentsoki bizitzea. “Nerabe baten egun arrunt bat hartzen badugu —azaldu du Martinek—, bere egiteko nagusia lagunekin egotea izango da, hori da beraientzako gauzarik garrantzi-tsuena: esnatu, prestatu eta eskolara joaten dira; askori ez zaie batere interesatzen klasean esaten dena, baina lagunekin daude, eta atsedenean haiekin egongo dira, eta hori nahikoa dute, eta gero arratsaldean ere bai. Harreman horiek izatea bilatzen dute. Lagunekin daudenean daude benetan ondo”.

Nerabezaroko adiskidetasunaren beste ezaugarri bat da, haurtzaroan ez bezala, lagunak kontzienteki aukeratzen dituztela lehen aldiz, erabakiak hartzeko autonomia baitaukate dagoeneko nerabeek. “Lagunak aukeratu egiten dituzte, zurekin bai eta zurekin ez; eta batzuk kanpo gelditzen dira, eta hori da benetako arazoa”.

Arazoa ez da lagunekin orduak ematea, lagunak gurasoen gustukoak ez izatea edo lagun-taldea gatazka-tsua izatea; arazoa, bene-benetan, hezitzaileen aburuz, lagunik ez edukitzea da. “Gero eta gehiago ari gara aurkitzen oso bakarrik dauden gazteak; batzuek haurtzarotik ez dute ikasi lagunekin egoten, edo beste batzuek haurtzaroan lagunak izan dituzte eta gero ez”. Lagunak edukitzea garrantzitsua baino are gehiago, “funtsezkoa” dela diote. “Lagun-taldean egotearen esperientzia bizitzen ez dutenek, gero zailtasunak dauzkate, zerbait falta zaie: lagunak falta zaizkie”.

Nerabe guztiek lagun-talde bat edukitzearen esperientzia bizitzea bermatu beharko litzateke, hezitzaileen arabera: “Lagunak oso garrantzitsuak dira, eta izan behar dira. Ez baldin badaude, helduok nerabeari eskaini behar dizkiogu baliabideak lagun-talde baterako sarbidea izan dezan; eta hori elikatu, inor baztertu gabe”. Beraiek, hezitzaile gisa, kale heziketako programetan beti lagun- taldean egiten dute lana, sekula ez bakarka. “Gure programako tresna hori da, lagun-taldea. Gazte bat bakarrik baldin badago, talde bat sortzen dugu, talde ez-naturala izango da, baina talde-esperientzia hori bizi izan dezaten baliabideak erraztu behar dizkiogu bakarrik dagoenari”.

Gurasoen lekuan jarrita ere, seme-alabak ez baldin badauka lagun-talde naturalik, bere zaletasunen inguruan talde bateko ateak ireki-tzen laguntzea gomendatzen dute. “Garrantzitsua da esperientzia hori bizitzea, besteekin partekatzea, besteak onartzea eta besteek zu onartzea. Esperientzia hori bizitzea. Besteek baloratzea zuk egiten duzuna, galdetzea, entzutea... hori nerabe horientzat ikaragarrizko elikadura da. Lagun-taldea funtsezkoa da”.

Adiskideek garrantzia handia dute nerabezaroan, baina baita familiak edo beste helduek ere. “Helduok uste dugu nerabeek ez gaituztela baloratzen, baina behar beharrezko dute helduaren presentzia eta kontrapisua. Helduak erreferentzia dira beraientzako eta, horregatik, garrantzitsua da nerabeen eta helduen artean esperientzia positiboak egotea —eta ez denbora guztian agindu eta arauemaile hutsa izatea—, erreferentetzat har gaitzaten”. Alabaina, garrantzitsutzat jotzen dute rolak bereiztea: “Ez dugu ahaztu behar heldua heldua dela, eta ez seme-alabaren adiskidea; gerturatu, hitz egin, lagundu, galdetu, egon, itxaron, alboan egon... baina uneoro gogoratuz ez garela bere lagunak”.

Heldu bat baino gehiagoren erreferentziak eskaintzeari ere garrantzi-tsua deritzote. “Nork bere nerabezarora jotzen badu, bakoitzak irakasle bat edo begirale bat edo norbait gogoratuko du unean uneko erreferente gisa, norbaitekin identifikatzen ginen; garrantzitsua da erreferente-tzat har ditzaketen hainbat heldurekin —gurasoak, kirol entrenatzailea, irakaslea, begiralea...—  izatea harremana”.

Nerabeengana gerturatzeko, hasieran esan bezala, helduak begirada ulerkorra izatea hobesten dute hezitzaileek. “Porro bat erre dutelako, edo kondoi bat topatu diegulako, alarma pizten da, badirudi dena oker doala, baina itxaron, begiratu etxean, gurekin zer moduz dagoen, eskolan nola doan, lagunak dituen...eta ondoren komunikatu, konfiantza eman, eta adostasunetara iritsiko gara, hitz egin baitaiteke beraiekin, arrazoitu eta adostu”. Eta alderdi negatiboei begiratu beharrean ikusi nerabezaroak dituen ezaugarri positiboak ere, sormena adibidez. “Nerabeak oso sortzaileak dira eta ikaragarrizko energia dute, gauza asko dakizkite egiten eta helduoi gauza askotan lagun diezagukete, eta horrek gure arteko harremana hobetzen lagunduko du eta eurekiko konfiantza azalduko diegu”.