Geroa hobea izan dadin orainean aldaketak egitea beharrezkoa izaten da batzuetan.

 

Bizi garen abiadura gehiegizkoan, ordea, gehienetan pentsaezina zaigu pause botoia sakatzea. Eta hain zuzen ere, horixe egin dute Lakuntzako Herri Eskolan. Batzuen begietara denbora galera izan daitekeen hori, etorkizuneko inbertsio ezin hobea bihurtu dute eta oinarri sendoak jarrita eta indartuta ari dira orain lanean Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleak.

 

Geroaren bidean jarria dago Lakuntzako Herri Eskola eta horrelaxe deitu zioten 2023-24 ikasturtean Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleekin egin zuten proiektuari. Apustu ausarta egin zuten: iraganetik zetozen arazoak atzeman, horiek landu eta etorkizunerako oinarri sendoak finkatuta amaitu zuten ikasturtea. Hala azaldu digute Maia Ginea Lakuntzako Herri eskolako zuzendariak, Elena Montoro Lakuntzako Herri eskolako orientatzaile ohiak (aurten beste eskola batean ari da lanean) eta Eloy Capapay neurogarapenean adituak. Andrea Etxebarria Pedagogo Terapeutikoa eta gizarte hezitzailea ere buru-belarri aritu zen proiektuan lanean.

LHko 4. mailako ikasleen taldeak arazo handiak zituen: irakurketa eta idazketa finkatu gabe izateaz gain, ikasleek portaera arazoak zituzten, arazoen aurrean jokatzeko zituzten moduak ez ziren egokiak, ikasgelan geldirik egoteko zailtasunak zituzten… Taldeak, orokorrean, zailtasun handiak zituen. Irakasleek askotariko saiakerak egin zituzten, eta haien alde zuten taldea txikia zela, hamar ikaslekoa, eta familiak oso inplikatuta zeudela, baina egoera ez zen aldatzen eta ez zekiten blokeo hori nola gainditu. Montorok neuropsikologian eta hezkuntzan masterra du eta arlo horretatik zerbait egin zitekeela pentsatu zuten. Montorok neurogarapenari buruz eskaini zuen hitzaldi batean ezagutu zuen Capapay eta eskolan parte hartzeko gonbidapena luzatu zion. Capapayk gonbidapena onartu, eta hainbat terapeutarekin harremanetan jarri zen: Joseba Badiola eta Joakin Azkarate osteopatekin, Begoña Perez eta Leire Serrano optometristekin eta profesional neuroauditiboekin. Alderdi horiek guztiak —bisuala, entzunezkoa eta mugimenduari dagokiona—  kontuan hartuz gero, ikasgelan aldaketa handia gerta zitekeela pentsatu zuten. Hala azaldu du Capapayk:“Taldean ezagutzak partekatuz lan egiten baldin badugu, guztiok irabaziko dugu. Urte asko daramatzat neurogarapenaren arloko esku-hartzeak egiten eta esku-hartze horiek garunaren garapenaren ordena jarraitzen dutenean eraginkorragoak direla ikusi dut. Lehenik narrasti garuna garatu zen, ondoren emozionala eta ondoren neokortexa. Zailtasunaren jatorria bilatzen dugunean, lehenik egitura eta alderdi motorea lantzen ditugu, ondoren entzunezkoa eta azkenik ikusmena. Adibidez, erditzean bentosak edo forcepsak erabili diren kasuetan, garezurra mugituta gera liteke eta informazioa ez da garunera behar den moduan iristen. Osteopatiarekin hori guztia konpondu liteke eta osteopatek esku-hartzea egin aurreko eta ondorengo audiometrien bidez, batetik bestera alde nabarmena ikusi genuen”.

 


Esperimentua izan zen, konfiantza genuen, baina ez genekien zer aterako zen

Maia Ginea, Lakuntzako Herri Eskolako zuzendaria


 

Montorok azaldu duenez, gaur egungo neurogarapenaren gaineko ikerketetan oinarrituta aritu ziren lanean: “Adituek dioten moduan, haurrak nerbio-sistema zentralaren heldutasun maila jakin bat lortu behar du arrakasta akademikoa lortzeko. Zeregin horri ikusmenari, entzumenari eta mugimenduari dagozkion tresna egokiak garatu gabe aurre egiten badio, litekeena da porrot egitea. Kasu askotan, ikasteko zailtasunak antolamendu neurologiko osatugabearen ondorio dira, eta antolamendu hori haurrak hazteko izan duen moduaren emaitza da. Motrizitatearen garapena kontuan hartzea garrantzitsua da; garrantzitsua da haurra arrastaka eta katamarka ibiltzea, korrika egitea eta salto egitea. Mugimenduaren garapena egokia ez baldin bada, haurrak koordinazio zailtasunak izan ditzake, traketsa edo urduria izan liteke eta orientazio espazialari eragiten dioten orekarako zailtasunak ere izan ditzake. Horrek guztiak, alderdi akademikoan eragingo du; bai irakurketa-idazketan eta baita matematikan ere. Koordinazio-, oreka- eta jarrera-kontrol arazo horiek ikasteko zailtasunen aurrekoak izaten dira”.

Hori guztia kontuan hartuta, martxan jarri ziren: “Esperimentua izan zen, konfiantza handia genuen, baina ez genekien zer aterako zen. Eta familiei, klaustroari, Creena-ri —Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroa— eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduko Inklusio Zerbitzuari hasieratik esan genien espektatiba altuak genituen arren, ez genekiela nolako emaitzak lortuko genituen, sekula ez baita halakorik egin”, dio Gineak.

“Irakasleok ez dugu soilik ea ikasleak dislexia duen, gaizki idazten duen, despistatuta dagoen edo geldirik ez den egoten begiratu behar; ikaslea osotasun gisa ikusi behar dugu. Entzunezko alderdia —alderdi emozionalarekin lotura handia du—, alderdi bisuala —alderdi mentalarekin harreman handiagoa du— eta alderdi motorea —narrasti garunarekin lotura handia du— lantzen baditugu, gorputz fisikoaren, emozionalaren eta mentalaren multzoa osatuko dugu. Modu horretan, izakiaren antolaketa zuzena bilatuko dugu eta, horrez gain, pertsonaren garapen psikiko maximora eta emozionalera iristea errazago lortuko dugu. Apustua handia da, ordea, eta hasieratik dena oso ondo argudiatu genuen. IDUk —Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalak— hori guztia jasotzen du eta esperimentuarekin hasi ginenean inklusiorako jarraibideak betetzen zituela argi eta garbi ikusi genuen, baina tarteka kezka eta urduritasuna sentitzen genituen”, dio Montorok.

Kezka eta urdiritasuna bai, baina bide egokia hartu izanaren uste osoa ere bazutela esanaz jarraitu du: “Umea lehen aldiz katamarka ibiltzen denean hiru sistema aktibatzen dira, batera: bisuala, entzunezkoa eta motorea. Eta horietakoren batean —edo denetan— arazoren bat baldin badago, ikasketetarako zailtasunak ager daitezke. Ikasle batek irakurketan eta idazketan zailtasuna duela pentsatzen dugu, agian ez duelako kontzientzia fonologikoa ongi garatu, baina gure buruari egiten diogun hurrengo galdera hauxe da: zergatik ezin izan du kontzientzia fonologikoa behar den moduan garatu? Eta sistema horietan —bisualean, entzunezkoan eta mugimenduan—bilatzen saiatzen gara. Beraz, zerotik hasi ginen hiru sistema horiek lantzen, ikasteko zailtasunak garapenean izandako zailtasunen ondorio ote ziren egiaztatu nahi genuelako”.

 

Ikasleak gogotsu

Hori guztia zerotik lantzen hasteko, jakina, denbora behar zuten eta denbora izateko, hainbat gauza alde batera utzi behar izan zituzten; tartean, ikasgaiak. Ingelesa, Musika eta Gorputz Hezkuntza mantendu, eta gainerako edukiak alde batera utzi zituzten. Era berean, familiei jakinarazi zieten lehen ebaluazioan ez zutela notarik jarriko eta ikasle guztiek nahiko batekin gaindituko zutela. Bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan, behin proiektua finkatuta, eduki gehiago txertatu zituzten.

Hamar ikasleei hasierako balorazioa egin zieten irailean: irakurketa eta idazketa testa, matematikako testa eta emozioei buruzko testa pasa zituzten denek. Horren ondoren, Capapay Lakuntzako eskolara joan zen eta hainbat ariketaren bidez entzunezko alderdia eta alderdi motorea lantzen hasi zen. Hasieran hamabostero joaten zen Lakuntzara eta gerora, hilero joaten hasi zen. Capapayren lehen esku-hartzearen ondoren osteopatak joan ziren —sei saio egin zituzten irailetik ekainera bitartean— eta, azkenik, optometristen txanda izan zen; optometristek hiru balorazio egin zituzten, guztira.

 


Ikasle batek irakurketan eta idazketan zailtasuna duela pentsatzen dugu, agian ez duelako kontzientzia fonologikoa ongi garatu, baina gure buruari egiten diogun hurrengo galdera hauxe da: zergatik ezin izan du kontzientzia fonologikoa behar den moduan garatu?

Elena Montoro, Lakuntzako Herri Eskolako orientatzaile ohia


 

“Taldean bikoitza ikusten zuten lau ume zeuden. Mugimenduaren garapena lantzen eta guztiz eraiki gabe zituzten sare neuronal guztiak eraikitzen hasi ginen. Ebaluazioa egiterakoan informazioa garunetik nola ateratzen den begiratu ohi da eta topatzen dugunari izena jartzen diogu: arretari eusteko zailtasunak, irakurketa nahasmendua, idazketa nahasmendua… Baina, gure garunak hobeto funtziona dezan, sorburura joatea eta neuronen arteko konexioak lantzen saiatzea komeni da. Sarrerako sistemak hobetzen baldin badira, irteerakoak ere hobetu egingo dira”, azaldu du Capapayk. Pertsonaren egitura osteopatiaren bidez lantzen baldin badugu, beste guztia lantzeko aukera zabaltzen dela dio Capapayk eta audiometrien garrantzia azpimarratu du: “Audiometriaren bidez ikasle batek soinuak nondik datozen jakiteko, lanerako memoriarekin, arretarekin, irakurtzean ulermenarekin zailtasunak dituen ala ez jakin dezakegu. Entrenamendu auditiboarekin bi belarriek bat egitea lortzen dugu eta zailtasun horiek asko hobetu daitezke”.

Ikasleek taldeka egiten zuten lan eta Capapayk agindutako ariketak egitea egokitzen zitzaienean, bi edo hiru ikaslek ariketak egiten zituzten eta gainerakoek edukiak lantzen jarraitzen zuten. Gineak jarri du horren adibidea: “Ikasleekin emozioak lantzearekin batera irakurketa-idazketa lantzea izan genuen helburu eta, horretarako, bakoitzak bere emozioen egunerokoa egin zuen”. Haurren parte-hartzea handia izan zen hasieratik, gogotsu zeuden eta hobeto zeudela ikusi ahala, gehiago animatzen ziren Capapayk zehaztu duenez: “Ume bat jabetzen denean gaizki irakurtzen duela bikoitza ikusten duelako eta ikusmena landuz gero hobeto irakurriko duela esaten badiozu, animatu egiten da eta ulertzen du arazoa ez dela bere gaitasun falta. Batzuetan sufritu egiten dute euren garuna oraindik ez dagoelako prest agintzen zaizkien hainbat lan egiteko eta horrek autoestimuan eragin negatiboa du. Hasieratik ikusi zuten irakurketarekin, idazketarekin eta emozioekin lagunduko geniela eta ikasleek, familiek eta irakasleen klaustroak lanerako prestutasun handia izan zuten”.

Azken hiruhilekoan, haurren garuna horretarako prest zegoela ikustean, bisualizazioa eta meditazioa lantzen hasi zen Capapay: "Sinetsezina izan zen orainaren kontzientzia nola hartu zuten ikustea; jada ez zuten fokua iraganean eta etorkizunean hainbeste jartzen. Era berean, matematika lantzen hasi aurretik jarduerak ahalik eta egokien egiteko intentzioa lantzen genuen eta horrek animatu eta motibatu egiten zituen eta konfiantza ematen zien. Bihotzarekin, alaitasunarekin konektatzen zuten eta elkarri askoz gehiago laguntzen zioten”.

 

Emaitza ikusgarriak

Irailean egin zuten moduan, ikasleei probak egin zizkieten ikasturte amaieran bederatzi hilabete horietan izandako garapena ikusteko. Hobekuntza oso nabarmena izan zen denen kasuan, baina garunak bere denbora behar du berrantolaketaren ondoren kokatzeko eta probak uda ondoren egin izan balituzte, emaitzak are hobeak izango zirela dio Gineak: “Ikasleak udako deskantsuaren ondoren hobeto egoten direla diote adituek, garuna barrantolatzen delako eta konfiantza handiagoa izaten dutelako. Probak 2024ko irailean egin izan bagenitu, emaitza hobeak lortuko genituzkeen ziurrenik”.

Ikasturte amaieran eginda ere, emaitzak ikusgarriak izan ziren Montorok azaldu duenez: “Zenbait ikasle 0tik 7,5era; 0,7tik 6,7ra edota 5,3tik 9ra egin zuten jauzi matematikan. Irakurketarako abiadurari dagokionez ere, hobekuntza handia izan zen eta idazketan aldaketa handia ikusi genuen. Ikasle batek irailean egindako idatzian, esaterako, dena nahasita ageri zen eta ekainean jada hitzak garbi ikusten genituen: ‘eskola’, ‘eta’, ‘niri’, ‘ez’… Horrez gain, testuan hitzen arteko hutsuneak eta paragrafoak ikusten genituen”. Bazen matematikan arazo handiak zituen ikasle bat eta haren kasuan hobekuntza oso nabarmena izan zen: “Kasu horretan ikasleak matematiken nahasmendua zuela esatea izango litzateke ohikoena, baina esku-hartze globalarekin garunaren antolaketa egokia lortu zuen eta gaur egun bere prozesu akademikoa normaltasunez egin dezake”, dio Capapayk.

 


Hasieratik ikusi zuten irakurketarekin, idazketarekin eta emozioekin lagunduko geniela eta ikasleek, familiek eta irakasleen klaustroak lanerako prestutasun handia izan zuten

Eloy Capapay, neurogarapenean aditua


 

Emozionalki ere aldaketa handiak ikusi zituzten: ikasle batzuek euren izaera atera zuten eta mugak jartzen hasi ziren, beste batzuk lasaitu egin ziren… Arlo akademikoa hobetzeaz gain, haien buruarengan konfiantza lortu zuten. Emaitzak apartak izan zirela berretsi du Gineak: “Ikasgelan lanean eta lasai egotea lortu genuen. Lehen ikasgelako atea itxi behar izaten genuen sekulako iskanbila egoten zelako. Irakasle guztiek azpimarratzen zuten aldaketa eta horrek ikasleak asko motibatu zituen”. “Gatazkak gutxitu ziren, elkarri laguntzen hasi ziren, euren gauza pertsonalak besteekin partekatzera iritsi ziren… Haur batek zailtasun handiak zituen eta haserrealdi oso gogorrak izaten zituen, leherketa handiak izaten zituen eta askotan eskolatik alde egiten zuen. Haur horren amak gaur egun beste seme bat duela esaten du eta ikaslea ere kontziente da izan duen aldaketaz”, azaldu du Montorok.

Hori guztia bederatzi hilabetetan lortu zuten. Poz handia sentitu dute egindako lanaren emaitza ikusita eta hunkituta hitz egiten dute Gineak, Montorok eta Capapayk. Familiak ere oso gustura daude bizi izandako prozesuarekin eta euren esker ona adierazteko bazkari batera gonbidatu zituzten proiektuan parte hartu zuten irakasle eta profesional guztiak. Izan ere eskolan soilik ez, etxean ere aldaketa handia sumatu zuten ikasleen senideek: haur batzuk euren kabuz irakurtzen hasi ziren, gurasoek eskatu gabe gauzak jasotzen hasi ziren… Familiak eta eskola gerturatu ziren eta irakasleen eta etxekoen arteko informazio trukaketak eta elkar ezagutzak hainbat arazo konponbidean jartzeko aukera eman zien. Ikasleak oso gustura aritu ziren eta aurten ere, 5. mailan, lan handia egiten ari dira.

 

Utopia errealitate bihurtuta

Lakuntzan egin dutena ikastetxe guztietan egitea oraingoz utopia dela dio Montorok, baina posible dela ariketa egokiak prestatuz gero: “Guk bagenekien hau utopia bat zela eta gaur-gaurkoz ezin dela horrelakorik egin ez Nafarroako ikastetxeetan ezta beste batzuetan ere, baina ikasgela horretan egin zitekeen eta egitea erabaki genuen. Ikasteko zailtasunen oinarrian beste arazo batzuk daudela aintzat hartzea eta horien jatorria zein den ezagutzeak asko laguntzen duela erakutsi nahi genuen”. Montororen hitzetan  programa hau ona, polita eta merkea da. Eraginkorra da, praktikara eramaten denean gozatu egiten da eta beharrezkoa den materiala geletan dago.

Orain, Lakuntzako Herri Eskolan prebentzioari dagokion garrantzia eman eta aurreko ikasturtean egindakoa sistematizatu nahi dute Gineak azaldu duenez: “Alderdi motorea lantzeko ariketak ezarri nahi ditugu, irakasleok gidatuta eta ikasle guztiekin, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailan irakurketa eta idazketa barneratzeko unea delako”.

Proiektuak iraun bitartean gehien errepikatu zuten esaldia “inor ez da inor baino gehiago” izan zen eta elkarri laguntzea, ardatzetako bat. Elkarri lagunduz zailtasunei aurre egitea eta egoera iraultzea lortu zuten eta utopia errealitate bihurtuta, indarberrituta jarraitzen dute Lakuntzako Herri Eskolan, geroaren bidean.