Maialen Lopez Luengo Plaiaundi LHIIko zuzendari exekutiboaren testua.
Gizartea abiadura bizian doan honetan balioak bidean galtzen ari direla dirudi: errespetua, ardura, elkartasuna… Balioak ez dira gehigarri bat; gizarte osasuntsu baten oinarriak dira. Eta hezkuntzako eragileok badugu zeresana balio horiek lantzeko eta transmititzeko.
Lanbide Heziketan, azken urteetan, urrats interesgarriak egiten ari dira. Aurten, adibidez, Produkzio-sistemari aplikatutako iraunkortasuna modulua lehen aldiz irakasten ari gara. Ongi etorria izan da: iraunkortasuna ez baita ingurumenari dagokion kontua soilik, balioetan oinarritutako ikuspegi bat da; pertsona, langile eta komunitate gisa arduratsuagoak izateko gonbita.
Plaiaundi LHIIn aspalditik egiten dugu balioen aldeko apustu irmoa. Ikasturte honetan, gure lerro estrategikoetako bat diren balioetan jarriko ditugu indarrak. Hori dela eta Balioak+ izeneko taldea sortu dugu, Plaiaundiko komunitatean elkartasuna, inklusioa eta errespetua lantzeko asmoz. Ez gara hitzetan soilik geratzen, hitzetatik ekintzetara egin dugu: elkartasun kanpainak burutuko ditugu, jardunaldi bereziak, eta batez ere, gure eguneroko jardueran balioak zeharkako gaitasun gisa lantzen ari gara. Balioak ez baititugu ikasgai edo modulu gisa ulertzen, gure egunerokoan presente izan beharreko ezaugarri gisa baizik.
Maiz pentsatzen dut: nolako ikasleak bidali nahi ditugu lan mundura? Teknikoki trebeak, jakina, baina baita gizatiarrak ere. Zeren, azkenean, lanbideak aldatzen dira, baina balioek eusten diote norberaren bideari. Eta bide hori bakarka ez, elkarrekin egiten da. Ondorioz, geuk ere nolako irakasleak izan nahi dugun eta zer-nolako gizartea osatu nahi dugun hausnartzera garamatza horrek.
Balioetan heztea ez da lan erraza, baina bai beharrezkoa. Eta hezkuntzatik, pausoz pauso, bihotzak pizten jarrai dezakegu.