ABENTURA BAT DIRA UDALEKUAK HAURRENTZAT. EGUN ETA GAU MAGIKOAK. NOLAKO UDALEKUAK AUKERATU, BADA, GURE SEME-ALABENTZAT? TXATXILIPURDIKO UDALEKUEN KOORDINATZAILEAK ERANTZUN DIO HAZI HEZIRI.
Denetariko eskaintza daukagu... nondik hasi haur bat udaleku batzuetara edo besteetara eramateko? Zeintzuk lirateke gurasoak bere buruari eta haurrari egin beharko lizkiokeen galderak udaleku batzuk edo besteak aukeratzeko?
Zer nahi dugu haur edo gaztearentzat udalekuetan? Denboraren aprobetxamenduaren logikan jarraitu? Gozamena lehenetsi? Naturaz gozatzeko aukera eskaini? Harreman berriak egiteko aukera baliatu? Eskaintza gero eta zabalagoa da, mota guztietako udalekuak aurkitu ditzakegu, elkarte ezberdinek antolatutakoak, tematikoak, hizkuntza ezberdinak ikastekoak, bertso udalekuak… gure haur edo gaztearen benetako nahiak eta beharrak zeintzuk diren antzeman eta hauei erantzungo dien udaleku mota aukeratzea da gurasoon erronka.
Haurrek eserita, geldi eta kasu askotan isilik, aditzen, ordu luzeak egin dituzte ikasturte osoan. Orain oporrak: haurrek ikasturte amaieran zer premia nagusi dituzte eta udalekuek zer-nola bete ditzakete?
Ikasturteko loturetatik askatuta, denborak beste dimentsio bat hartzen du; udalekuetan, gozamena oinarri hartuta haur eta gazteen benetako izaerari lekua eskaintzen saiatzen gara. Bide honetatik, benetako parte-hartzea, autonomia edo harreman osasuntsuak lantzeko testuinguru paregabea eskaintzen die haur eta gazteei. Udaleku itxi edo kanpaldietan inten-tsitatea eta aukerak biderkatzen dira.
Irakasleari adi egin dute ikasturtea. Eurak protagonista senti daitezen, nola bultza liteke haurren parte-har-tzea aisialdian?
Benetan prest egon behar dugu honetarako. Parte-hartze errealerako espazioak eta estrategiak aurreikusi beharra dago. Prest al gaude haurrei eta gazteei entzun eta guk programatutakoa aldatzeko? Haurren benetako parte-hartzeak hezitzaileen rola eta lana ere asko aldatzen du.
Haurrak eskolako eta familiako ingurune ezagunetik aterako dira, kasu gehienetan hezitzaile eta kide berriekin... Nola lagun diezaiokegu haurrari seguru senti dadin udalekuen testuinguruan?
Haur edo gaztetxoak motxila handia dakar etxetik eta ezin dugu egun batetik bestera aldatu. Gune hezitzaileetan (udalekuak badira), haur eta gazteen autoestimua lantzea beharrezkoa da baita harremanak zaintzea ere. Tratu onetan oinarritutako harremanak dira haur edo gazteari seguru sentiaraziko diotenak, babestuta.
Aisialdian askotan laxoago jokatzen dugu hizkuntza-irizpideekin, ondo pasatzearen izenean... Aisialdian bizi dugun hizkuntza-ereduak zer eragin du gure hizkuntza-hautuan eta erabileran?
Gure hizkuntza helburua esaldi batean laburtu genezake; beraien bizitzako egunik politenak euskaraz bizitzea nahi dugu. Gozamena eta euskara lotzea.
Askatasunean eta gozamenean oinarritutako bizipen hauek euskaraz badira, hizkuntza hautua egiterako orduan euskararen alde egingo dute.