Hernaniko Gu Geok plataformaren moduko ekimenak erreferentzia pozgarriak eta pizgarriak zaizkigu. Hernaniko ikastetxe guztiek bat egin dute herriko “ikastetxeetan euskararen erabilera eta euskal kulturaren transmisioa bizitzen ari diren moteltzeak kezkatuta” eta beste ikastetxeetan hausnartzeko, lantzeko eta inplantatzeko moduko dekalogoa osatu dute.
Eskolak euskalduntzen du gaur egun. Euskaraz gehien egiten den eremua heziguneak dira, familian, kalean, aisialdian edota lanean baino gehiago egiten da euskaraz eta haurrak eta nerabeak dira euskara gehien dakitenak. Kike Amonarrizek emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroako iparraldean ia euskararen ezagutzaren unibertsalizaziora iritsi gara haurren eta gazteen artean. Baina ezagutzatik erabilerara, badakigu herren egiten duela euskarak, baita haurren eta nerabeen artean ere. Eta eskolatik kanpo, beltza edo gorria, ez da erraza euskararen egoera, badakigu. Iñaki Iurrebasok kale-erabileraren datuei erreparatuta “minorizazio gorria” deitzen dio egoerari: kaleko erabilera %12 inguruan ei dago.
60-70etan euskararen biziberritzeak izan zuen goraldi edo pizkundeak 2020aren bueltan geldialdia bizi duela erakutsi dute Iurrebasoren datuek. Ildo beretik, Euskalgintzaren kontseiluak, euskara eta euskal hiztunen komunitatea “larrialdi linguistikoan” daudela adierazi du hilabete honetan European Language Equality Network-en Batzar Orokorrean, Bilbon: “Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren azken hamarkadetako susperraldia moteldu denaren zantzuak agerikoak dira azken urteetan. Hiztun kopurua zenbaki absolutuetan handitzen doan arren, hainbat dira aurrerapen horren ahultasuna agerian uzten duten gertakariak. […] Hori guztia aintzat harturik, adierazten dugu euskara eta euskal hiztunen komunitatea larrialdi linguistikoan dagoela”.
Testuinguru honetan Hernaniko Gu Geok plataformaren moduko ekimenak erreferentzia pozgarriak eta pizgarriak zaizkigu. Hernaniko ikastetxe guztiek bat egin dute herriko “ikastetxeetan euskararen erabilera eta euskal kulturaren transmisioa bizitzen ari diren moteltzeak kezkatuta” eta “euskararen erabilera azkartzeko xedeari erantzuteko, eta euskaren erabilera sustatzeko, euskal kulturaren transmisioa indartzeko eta euskararen egoeraren kontzientziazioan sakontzeko helburuarekin”. Beste ikastetxeetan hausnartzeko, lantzeko eta inplantatzeko moduko dekalogoa osatu dute Hernanin, besteak beste, soziolinguistikan, kultur transmisioan, hizkuntzaren kalitatean, euskal curriculumean edota motibazioan oinarriturik. Larrialdi linguistikoan, bada aurrera egiteko heldulekurik.
Ez bada beharrezkoa bere lurraldean, hizkuntza batek jai du
Txillardegi