Erritmoa jaisteak berebiziko garrantzia du haurdunaldia modu kontzientean bizitzeko eta umearekin konektatzeko.

 

Lasaitasuna behar-beharrezkoa du haurdun dagoen emakumeak, bizitza berri bat sortzen ari baita haren barnean. Julene Armendariz pedagogo perinatalaren hitzetan, erritmoa jaisteak berebiziko garrantzia du haurdunaldia modu kontzientean bizitzeko eta umearekin konektatzeko.

 

Haurdun dagoen emakumea ez dago gaixo, baina haren gorputzean aldaketa handiak gertatzen ari dira eta atsedena, patxada eta erritmoa jaisteko beharra du. Erritmoa lasaitzea ez da kapritxo hutsa Julene Armendariz pedagogo perinatal eta Erroa osasun mental perinatala sustatzeko elkarteko kideak dioenez: “Estresa normalizatu egin dugu eta modu horretan bizitzen ikasi dugu, baina emakumea haurdun gelditzen denean, sistemaren aldetik sentitzen duen presioa eta abiadura sostengaezina gerta dakioke. Sistema sinpatikoa aktibatuta dugula bizitzen ohitu gara eta haurdun dagoen emakume batentzat oso kaltegarria da hori. Izan ere, nerbio sistema sinpatikoa aktibatua dagoenean, gorputzeko funtzio garrantzitsuei arreta eskaini beharrean, urgenteak diren funtzioetan zentratzen gara eta hori ez da egokia bizitza berri bat sortzen ari den gorputzarentzat”.

Garrantzitsua da ikustea naturak lasai nahi gaituela, ama lasai dagoenean eta seguru sentitzen denean, umearekin konektatzen hasi daitekeelako. Bestela, konexioa ezinezkoa izango da Armendarizen hitzetan: “Estresatuta gaudenean biziraupen hutsean gaude. Sistema parasinpatikora pasatzen denean eta patxadaz eta seguru dagoenean, amak umearekin konekta dezake, umea sentitu dezake eta elkar ezagutze intuitibo horretan hasi daitezke. Baina horretarako gelditu egin behar da, bai ala bai”.

 


Amaren osasun mentala ongi ez baldin badago, umearena ere ez da ongi egongo eta horrek eragina izango du haren garapenean

Julene Armendariz, pedagogo perinatala eta Erroa osasun mental perinatala sustatzeko elkarteko kide


 

Sarearen garrantzia

Laguntza sarea ezinbestekoa da haurdun dagoen emakumea seguru sentitu dadin. Patriarkatuaren aurreko bizimoduan tribuan bizi ginen eta orain ere sareak oso garrantzitsuak dira: “Sarea aipatzen dugunean familiaz ari gara maiz, baina gaur egun sortzen ari diren familia eredu ezberdinetan lagunak ere oso garrantzitsuak dira. Badira whatsapp taldeak sortzen dituzten sareak eta haien artean antolatzen direnak egunero amak jatekoa izan dezan edo nonbaitera joateko laguntza behar baldin badu, norbaitek lagundu diezaion. Ama, zaintzen duten pertsonekin harremanetan dagoenean, barne erreboluzioak jaisten hasi daiteke”.

Bikoteak ere rol garrantzitsua jokatzen du zainketa lan horietan, jakina: “Haurdun dagoen emakumearen beharrak identifikatzea oinarrizkoa da, zertarako dagoen prest eta zertarako ez ikustea. Komunikazioa lantzea oso garrantzitsua da eta bikoteak eskuragai egon behar du amak eta umeak behar dutena eskaintzeko. Bikote harremana beste fase batean sartzen ari dela ulertzea gakoa da eta berregituraketa bilatu behar da. Amaren pentsatzeko modua eta sentitzeko modua aldatzen dira eta hori ere aintzat hartu behar da”.

 

 

Ez gara kontziente bizitza sortzeak zer-nolako dimentsioa hartzen duen

Julene Armendariz, pedagogo perinatala eta Erroa osasun mental perinatala sustatzeko elkarteko kide


 

Badugu zer eraldatu

Oso garrantzitsua da, beraz, estres maila jaistea. Haurdunaldia estres maila altuarekin bizi duten emakumeek erditze goiztiarrak izateko aukera handiagoa dute, adibidez. Eta momentuko ongizate mailari ere erreparatu behar diogu Armendarizen hitzetan: “Estres maila altuak emakumearen osasun mentalean eragin kaltegarriak izan ditzake, antsietatea sortu dezake eta horrek, zenbait kasutan, erdiondoko depresioa ekar dezake. Amaren osasun mentala ongi ez baldin badago, umearena ere ez da ongi egongo eta horrek eragina izango du haren garapenean”.

Amak atsedena behar du, baina ia-ia azken egunera arte lanean jarraitu behar du askotan. Armendarizen hitzetan ideala izango litzateke emakumea haurdun dagoen momentutik baja hartzeko aukera izatea: “Patriarkatu aurreko gizarteetan emakumea jainkosa bat zen, duen sortze gaitasunagatik hain zuzen ere, baina orain oso bestelako egoeran gaude. Sistemaren zama eta tratu txarra gure gorputzean jasaten dugu eta hori ez da posible. Ez gara kontziente bizitza sortzeak zer-nolako dimentsioa hartzen duen”.

Ongizatea ez dago bizitzaren erdigunean Armendarizen ustez: “Bizitzaren erdigunean produktibitatea, kapitalismoa eta erritmo bizia daude, eta ongizatea erdigunean jartzen dugunean, sistemarekin talka egiten dugu”. Talka eginda ere, haurdunak bere burua zaintzea ezinbestekoa da, ordea: “Legeak eta egiturak aldatzeko exigitu behar dugu eta gure artean saretu behar dugu. Zeren ezin dira haurdunaldi bat, erdiondo bat eta haziera bat ongi bizi bakarrik baldin bagaude”.

 


 
Amaren estresa eta umearen erregulazio emozionala

Amaren sabelenean dagoen umearen nerbio sistema amaren nerbio sistemarekin koherentzian sortzen hasten da. Umeak, horren nolabaiteko kopia egiten du gutxi gorabehera zazpi urte dituen arte. Amak haurdunaldian estres maila altua bizitzen duenean, kortisol maila altuak dituenean, umeak egoteko modu hori ona dela erregistratutako du Armendarizen esanetan: “Gerora esango dute umea oso piperra dela eta oso aktibatuta dagoela, baina hori gertatzen da bizitzeko modu egokia hori dela ikasi duelako. Nerbio sistema kableatu elektriko bat da eta kableatu hori nola sortu den, zer ezaugarri dituen eta zer testuingurutan sortu den, hori errepikatuko du umeak. Amaren estresak erregulazio emozionalean eragingo dio umeari”.