Askotariko iritziak entzun dira irailaren 14an Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren zirriborroari buruz. Gabeziak, hutsuneak eta zehaztasun falta aipatu dira, baina baita momentu hau probesteko deiak ere, Euskal Herrirako hezkuntza sistema propioa erdiesteko bidean.
Ikasturte hasierarekin batera etorri da Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren zirriborroa, eta segidan erreakzio soka. Steilasek “irmoki” kritikatu du, ELAk “hutsuneak” ikusi dizkio, LABek “gabeziak”, CCOOk zehaztasun falta nabari du hainbat gaitan eta Ikastolen Elkartea “atsekabetuta” agertu da. Euskalgintzaren Kontseiluak kezka adierazi du legeak ez duelako zehazten euskal hezkuntza sistemak zein hizkuntza ereduri jarraituko dion. EHIGEk adierazi du zirriborroak “ez duela jasotzen eskola publikoa izan behar dela euskal hezkuntza sistemaren ardatza”. EP-IU alderdiak uste du testuak “legebiltzarrak adostutakoari ez diola erantzuten”. Kritikak kritika, ELA alderdiekin eztabaidatzeko prest agertu da, LABek ekarpenak egin ditu, Ikastolen Elkarteak aukera baliatzeko “ausardia” eta “adorea” eskatu ditu eta Kristau Eskolek “onena” emateko “konpromisoa” agertu dute.
Batez ere, hainbat punturen gaineko zehaztasun falta azpimarratu dute eragile gehienek. Esate baterako, euskararen gaiaren inguruan aurreproiektua hankamotz eta lauso geratu dela uste dute ia denek. Steilasen iritziz “ez da euskara erdigunean jartzen”. LABek dio euskararen murgiltze eta mantentze sisteman oinarrituriko ikaseredu bakarra ezarri behar dela. ELAk irakas hizkuntza izateaz gain, euskararen presentzia eskolako jarduera guztietan bermatu behar dela azpimarratzen du —jangelan, eskolaz kanpoko jardueretan, jolas orduen zaintzan, autobus zerbitzuetan...— eta euskararen erabilera neurtu ere egin behar dela. Ikastolen Elkartea ez da ase murgiltze eredua jaso gabe ikusita. “Murgiltze eredua ez da jasotzen, ez ditu hizkuntza ereduak ezabatzen eta euskara ez du ikastetxeetako komunikazio hizkuntzatzat hartzen. Zirriborroak esparru eleanitza aipatzen du, euskararen protagonismoa lausotuz. Eleaniztasuna bai, baina hezkuntza euskalduna aldarrikatzen dugu, euskara eta euskal kultura protagonista nagusi eta lehentasunezko elementu dituena hezkuntza proiektuan”. Horrekin batera, euskal curriculuma ez aipatzea ere gabezitzat hartu dute, “belaunaldiz belaunaldi euskal kulturaren transmisioa ziurtatzeko ezinbesko elementua baita”.
Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren sorrera ontzat jo dute eragile gehienek, baina bertan sartuko diren ikastetxeen eskubideak eta betebeharrak ez zehazteak kezka eragin du. LABek “euskalduntzean, laikotasunean eta inklusioan” izan beharreko betebeharrak zehaztea eskatu du. Ikastolen Elkarteak zerbitzuan sartzen diren ikastetxe guztiek “eskubide eta betebehar berberak izatea” eskatu du, “dikotomia publiko-pribatua betikotu ez dadin”. ELAk, berriz, Gardentasun Mahaia sortzeko beharra azpimarratu du.
Segregazioaren aferak ere kezka sortzen du eta segregazioaren kontrako neurriak gehiago zehaztea eskatzen dute. Doakotasunak ere oraindik erantzunik gabe geratu diren galdera asko sortu ditu.
Aurrera begira jarrita
Ekarpenak egiteko epea irekita dago eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak horixe azpimarratu du: “Baikorra naiz, eta zuhurtziaz jokatzen jarraituko dugu. Aukera paregabea daukagu XXI. mendeko hezkuntza eraldatzailea aurrera eramateko, euskal hezkuntza sistema propio baterako urrats esanguratsua egiteko”. Administrazioa aldaketak egiten ari dela gogorazi du, besteak beste segregazioaren aurkako neurriak datorren ikasturtetik aurrera indarrean egongo direla esan du, eta doakotasuna “prozesu bat” izango dela. Bidea “denok elkarrekin” egin beharrekoa dela azpimarratu du. Baikortasunik galdu gabeko mezuak izan ditu Pello Otxandiano EH Bilduko programa zuzendariak ere: “Hezkuntzaren arloan dagoen aukera ezin dugu galdu. Gure onena jarriko dugu aukera hau baliagarri izan dadin. Argi daukagu euskal hezkuntza sistema propio baterako trantsizio legea izan behar duela”. Norabide horretan, hezkuntzaren gaineko “mugarik gabeko eztabaida bat” egin asmo dute. Euskal Herrirako hezkuntza sistema propio bat lortu nahi bada, ezinbestekoa izango da begirada luzatzea, bakoitzak bere egoerari begiratu ordez herri gisa begiratzea, pentsatzea, hausnartzea eta eztabaidatzea.