Azken urteetan nabarmen hazten ari da etxean erditzen diren emakumeen kopurua. COVID-19ak sortutako pandemia hasi zenetik, gero eta gehiago dira etxean jaiotzen diren haurrak. Ospitalera joateko beldurrez, etxean lasaitasunez eta goxotasunez erditzea hobesten dute emakume askok. Aukera horren nondik norakoak ezagutu ditugu Josune Ibargoien Campo Donostiako Magale zentroko emaginaren ahotik. Argi esan digu: etxean erditzea ez da ospitalean erditzea baino hobea, ezta okerragoa ere. Emakume bakoitzaren beharrek gidatuko dute aukera bat ala beste egitera, eta aukera guztiak dira onak.

Emakumeei etxean erditzen laguntzeko asmoz sortu zuten Magale elkartea Josune Ibargoien Campo eta Clara Rosas emaginek 2014 urtean. Hasieran, etxeko erditzeak soilik laguntzen zituzten, baina emakumeek erditze ondorengo laguntza ere behar zutela ikusita, Magale zentroa zabaldu zuten Donostian. Etxean erditzeko asmorik ez duten baina bestelako prestakuntza edo informazioa nahi duten hainbat familia gerturatzen dira Magalera, eta horrek lantaldea zabaltzea ekarri du: gaur egun hamahiru profesional aritzen dira bertan lanean eta horietatik sei emaginak dira.

Etxean erditzen diren emakumeen kopuruak nabarmen egin du gora Josune Ibargoien emaginak azaldu digunez: “Pandemia hasi zenetik igo da, batez ere, etxeko erditzeen kopurua. Ospitalera joateko beldurrak bultzatu ditu emakumeak etxean erditzera. Ordura arte hiruzpalau erditze izaten genituen hilero eta bat-batean, pandemia hasi zen hilabetean bertan, beste zortzi familiek deitu ziguten esanaz erditzear zeudela eta ez zutela ospitalera joan nahi beldur handia zutelako. Orain, hilero zortzi erditze laguntzen ditugu, gutxi gorabehera”.

Uneoro harremanetan
Etxean erditzeko, ordea, badira bete beharreko bi baldintza: lehena, ume bakarra etortzea eta bigarrena, haurdunaldia arrisku baxukoa izatea. Haurdunaldia arrisku baxukoa bada eta 20. asteko ekografian dena ongi dagoela ziurtatuz gero, emakumea Magalekoekin harremanetan jar daiteke etxeko erditzea prestatzen hasteko: “Lehenengo bisita 22-24 asteen artean egiten dugu. Elkar ezagutzeko izaten da, informazioa emateko eta zalantzak argitzeko. Erditze osasuntsua izatera iristeko lehen irizpideak ematen ditugu”, esan digu Ibargoienek. “Aurrera jarraitzea erabakitzen badute, bigarren bisita egiten dugu handik hilabetera eta analitikak, ekografiak… jasotzen ditugu”, jarraitu du. Handik hiruzpalau astera egiten dute hirugarren bisita, erditzean sor daitezkeen arazoei buruz hitz egiteko. Beldurtzeko asmorik gabe egiten dute, baina egoera bakoitzean zer gerta daitekeen eta emaginek egoera horren aurrean zer egingo luketen jakitea garrantzitsua dela uste dute. Adibidez, ospitalera eraman behar izatekotan, nola egingo luketen azaltzen diete, baina ospitaleratzeak kasu gutxitan gertatzen direla dio Ibargoienek: “Ospitaleratzeen kopurua %20 izaten da. Eta normalean urgenteak ez diren arrazoiak izaten dira: adibidez, poltsa puskatzean ur zikinak botatzen direlako, edo etxean pare bat egunez egon ondoren erditzea aurrera ez doalako”. Ehun kasutik bakarrean izaten da larrialdiren bat eta kasu horietan, anbulantziaz joaten dira erietxera.

Erditu aurretik egiten dute emaginek azken bisita. “37. astean egiten dugu laugarren bisita haien etxean. Hartara, guk ere espazioa ezagutzen dugu. Erditzeari buruz hitz egiten dugu, etxea ikusten dugu eta igerilekua non jarriko dugun erabakitzen dugu. Whatsapp-eko taldea ere sortzen dugu familiarekin harremanetan egoteko”, jarraitu du Ibargoienek.

Une horretan bertan hasten dute guardia emaginek. Bi emaginek egiten dute guardia 24 orduz 5 astetan zehar. Eta erditzera ere bi emagin joaten dira beti. Etxean behar adina denbora ematen dutela esan digu Ibargoienek: “Ez dugu protokolo orokorrik. Egokitu egiten gara kasu bakoitzaren eta familia bakoitzaren beharren arabera. Orokorrean, baginan ukipenak egitea saihesten dugu eta beste seinale batzuetan jartzen dugu arreta: adibidez, emakumearen jarrera nola joaten den aldatzen, soinuak, fluxua… Aromaterapia erabiltzen dugu eta gure epidurala igerilekua da”.

Etxeko goxotasunean
Bikoteak asko laguntzen du etxean izaten diren erditzeetan. Etxean mugimendu askea izaten da, intimitatea, dutxa, janaria… Eta bere espazioa den horretan, emakumea erlaxatu egiten da. Emaginek ingurunea eta giroa zaintzen dituztela azaldu digu Ibargoienek: “Erditzearen zaindariak garela esango genuke eta gure esku hartzea ahalik eta txikiena izan dadin saiatzen gara. Dena ongi doala kontrolatzen dugu: taupadak ordu laurdenero entzuten ditugu, konstanteak hartzen ditugu… Baina saiatzen gara dena diskrezio handiz egiten. Ia-ia hor gaudela ez nabaritzeraino”.
Erditu eta gero laguntza ematen jarraitzen dute Magaleko emaginek: “Plazenta jaio arte eta txikiak bularra hartu arte geratzen gara etxean. Hurrengo egunean bueltatzen gara lehenengo zainketekin laguntzera eta hiruzpalau egunera, beste bisita bat egiten dugu. Gainera, telefono bidez egunero jar daitezke gurekin harremanetan”, esan digu Ibargoneiek. Behin haurra jaiotzen denean, familia etxean egoten da lau egunez eta bosgarren egunean orpoaren froga eta audiometriak egitera joaten dira ospitalera. Ondoren pediatrarekin izaten dute hitzordua haurrari errebisioa egiteko.

Etxean erditzeak emakumeei zer nolako onurak dakarzkien galdetuta, hori oso kontu pertsonala dela dio Ibargoienek: “Guk beti esaten dugu etxeko erditzea ez dela ospitalekoa baino hobea, ezta okerragoa ere. Emakume bakoitza mundu bat da, eta erditzea ongi joateko lasai eta babestuta sentitu behar du. Emakume batzuek ospitale batean makina askorekin eta medikuz inguratuta lortzen dute sentimendu hori, modu horretan egoera kontrolpean dagoela sentitzen dutelako, eta beste batzuek sentipen hori etxean lortzen dute intimitatea eta goxotasun handiagoa behar dutelako. Baina bata ez da bestea baino hobea”. 


Zerbitzu pribatua

Gurean, medikuntza publikoak ez du etxean erditzeko aukera bermatzen, eta familia bakoitzak bere poltsikotik ordaindu behar izaten du zerbitzua. 3.000 euro inguru ordaindu behar izaten dira etxean erditzeko. Beste herrialde batzuetan ez da halakorik gertatzen: Erresuma Batuan, esate baterako, etxeko erditzeak bultzatzen ditu administrazioak. Gai korapilatsua dela esan digu Ibargoienek: “Eusko Jaurlaritzara jo genuen duela zenbait urte eskaera hori eginez eta esan ziguten ez dutela inolako asmorik etxeko erditzeen aldeko hautua egiteko. Bilera desatsegina izan zen: jarrera oso itxia izan zuten eta gaia ahazteko esan ziguten. Orduz geroztik, etxean erditzen diren familia guztiei eskatzen diegu fakturarekin batera eskaera edota kexa bidera dezaten Eusko Jaurlaritzara, etxeko erditzeak osasun publikoaren barnean sar ditzaten eskatuz”.