Birziklatzeak duen garrantzia inork gutxik jarriko du zalantzan gaur egun, baina bada birziklatzea baino garrantzitsuagoa den ekintzarik: murriztea, hain zuzen ere. Murriztu, berrerabili eta birziklatu. Hori izango litzateke sortzen dugun zaborra kudeatzeko ordena egokia, baina beti ere ideia hau garbi izanda: hondakinik onena sortzen ez dena da.

Haur Hezkuntzatik Batxilergoraino eta Lanbide Heziketan ere lantzen dituzte hondakinak kudeatzeko programak Cristina Enea Fundazioan. Mateo Regla, Cristina Enea Fundazioko ingurumen teknikaria, sortzen dugun zaborra murrizteak duen garrantziaz mintzatu da.

Cristina Enea Fundazioak zaborraren kudeaketarekin lotutako hainbat egitasmo bultzatzen ditu. Zein dira, eta zer helburu dute?

Ikastetxeetan, bi egitasmo bultzatzen ditugu: Eskolan konposta eta ONdakin izenekoak. Eskolan konposta programaren helburu nagusia eskoletan sortzen diren hondakin organikoei bigarren bizitza ematea da. Konpost-ontzia jartzen dugu eskoletan, eta ikasleak dira horren arduradunak. Prozesu guztia ikusten dute, hasieratik amaierara: elikagaiak hondakin nola bihurtzen diren ikusten dute, eta ondoren, hondakin horiek ongarri nola bihurtzen diren. Izan ere, parte hartzen duten ikastetxe gehienek baratzea izaten dute, eta baratzea ongarritzeko erabiltzen dute konposta. Beraz, ikasleek prozesu osoa eta zikloa AHALDUNTZE ESKOLA nola ixten den ikusten dute.

ONdakin programarekin, berriz, antzekoa egiten dugu, baina hondakin organikoetan zentratu beharrean, gainerako hondakinekin aritzen gara. Hondakinen murrizketan eta birziklapenean sakontzea da helburua. Jasangarritasunaren alorrean pausoak eman nahi ditugu, ikasleak benetan kontziente izango diren eta sentsibilizatuta egongo MURRIZTU, BERRERABILI ETA BIRZIKLATU diren etorkizuneko hiritarrak izan daitezen.

Kasu horretan, hainbat ontzi jartzen dituzue ikastetxeetan?

Bai. Ikastetxera joaten gara, eta diagnostikoa egiten dugu, haien beharrak, gabeziak eta zailtasunak identifikatzeko. Ondoren, behar fisikoak eta materialak asetzeko hornitze-prozesua egiten dugu. Normalean, ikastetxeek bi programetan batera parte hartzen dute, bata bestearekin lotzen saiatzen baikara beti.

Asko hitz egiten da birziklatzearen eta berrerabiltzearen beharraz. Baina lehen pausoa murriztea da, ezta?

Gaur egungo gizartearen ibilbidea ikusita, “erosi-bota-erosi” gurpiletik atera behar dugula eta egoerari aurre egin behar zaiola ikusten dugu. Ulertzen dugu birziklatzea baino, lehen pausoa murriztea dela, eta ikasleekin alderdi hori sakonki lantzen saiatzen gara. Horregatik ematen diogu halako garrantzia Eskolan konposta egitasmoari, ulertzen dugulako hondakin organikoak ez direla hondakin hutsak, ondoren lurrarentzako ongarri bihurtzen direlako. Eta erabilera bakarreko gailuen edo lehengaien kasuan, ordezkoa izaten dutela eta horien erabilera murriztea garrantzitsua dela azpimarratzen dugu. Erabilera bakarra duena eta murriztu ezin dena birziklatu behar dela esaten diegu, baina, lehenik, ahal dela, murriztu egin behar dugula.

Munduak hartu duen bidea ez dela jasangarria eta egoerari aurre egin behar diogula azpimarratzen dugu beti. Izan ere, norbanakook hasi behar dugu murrizten edota hainbat tresna eta ondasun berrerabiltzen. Agintariei neurriak har ditzaten eskatzea ongi dago, baina geuk ere ardura dugu.

Hainbat koloretako edukiontziak ikusten ditugu kalean, baina horietara botatzen ditugunak baino askoz ere gauza gehiago birzikla daitezke. Horren gaineko kontzientziarik ba al da?

Belaunaldi berriek oso ongi dakite zaborra nola sailkatu behar duten. Helduek baino gehiago dakite gaiari buruz.

Kontzientzia maila handitzen ari dela esan nahi du horrek, ezta?

Haurrek gaia ezagutzen badute gurasoek transmititu dietelako da… Bai. Baina, askotan, haurrek gurasoek baino gehiago jakiten dute. Hezkuntza formalean egiten den lanketak eragin handia du. Haur askok automatikoki birziklatzen dute, eta zalantza dutenean galdetu egiten dute. Niri iruditzen zait helduok baino askoz ere arduratsuagoak direla. Hondakinen gaiarekin, behintzat, hala da.

Badira birziklatu edo berrerabili ezin daitezkeen hondakinak. Zer egin horiekin? Zein da alternatiba?

Alternatiba argia da: birziklatzeko aukerarik ematen ez duten material horietatik, ia guztiek dute berrerabil daitekeen ordezkoren bat. Eta horiek erabiliz gero, hondakin gutxi joango lirateke errefusaren ontzira. Garrantzitsuena murriztea eta berrerabiltzea da, eta birziklatzea azken pausoa da. Errefusera doan bakarra hautsa, zigarrokinak eta puskatutako edalontziak eta platerak dira. Gainerako guztiak ordezkoa du, edo berrerabil liteke. Plastikozko jostailuak normalean ezin dira birziklatu, kostua altua izaten delako, baina horien ondoan, adibidez, badago beste aukera bat: egurrezko jostailuak.

Hondakinik onena sortzen ez dena da. Hori da Cristina Enea Fundaziotik azpimarratzen dugun ideia. Murriztu ezin badaiteke, berrerabili, eta berrerabili ezin baldin bada, birziklatu. Gauzak ongi eginez gero, birzikla ezina den errefusa oso gutxi izango da.