Uxue Alberdi | Idazlea

Harritu samarrik ari naiz lehen lerrook idazten. Haurrak lo daude, leihoa zabalik, kanpoan kale-garbitzaileen burrunba eta txoriak. Bero dator eguna. Abuztua da Getarian, herriko jaiak. Gozamen ia sakratutzat dut hau: inor baino lehen esna-tzea eta kafearekin irakurtzea edo idaztea, ilunpetan neguan eta lehen argi-printzekin udan. Denak lo daudela, ez naiz inoren ama, bikotekide, alaba. Letrekiko naiz egunarekiko adina. Halako batean ahots txikiren bat aditzen da, eztul batzuk: bakardade ebakiaren eragozpenak egun konpartituaren pozari egiten dio lekua.

Eta hara nire harriduraren motiboa: ohartu naiz artikulu honetarako eskatu didatenarekin estu lotuta daudela guraso modura atsegin handia sortzen didaten momentu asko. Haurrekin gehien gozatzen ditudan tarteak sarri kulturarekin lotuta daudela konturatzeak sorpresa eragin dit. Neure buruarekin, lagun helduekin eta seme-alabekin lotzen nauten plazer-hariak berdintsuak izatea da harritu nauena, nitaz hitz egiten dutelako hariok, eta inguruarekin harremanetan jartzeko dudan moduaz. “Elkarrizketa intelektualak paregabeki erotikoak” izan daitezkeela irakurri nion idazle bati. Baiki. Emadazue hitza, kantua, irudimena, musika eta solaskide on bat eta moldatuko naiz.

Hitza, kantua, istorioak, musika, solasa. Maitasun beteaz gain, ez dakit besterik emango ote diedan, suminerako eta alaitasunerako jaidura basatiaz gain. Hutsunetik beste inondik eratorri ezin den pasio txinpartaria, sentsibilitate gehiegizkoa, hitzei salbamendu oholei bezala heltzeko joera. Genetika traidorea. Ez dute nirekin ikasiko bizikletan, ez ditut eskala-
tzera eramango, ez naiz inoren entrenatzailea izango... Leiho bat ireki ahalko diet egunsentian eta ilunikaran kale-garbitzaileen burrunba eta txorien kantua aditzeko. Askoz gehiago ez. Eta horrekin konforme.

Album ilustratuekin hasiko naiz, maite-maiteen ditugun batzuk zerrendatzen. Burura etorri zaizkidanen artean, hiru Koldo Izagirrek itzulitakoak dira: Buruko hura nork egin zion jakin nahi zuen satortxoa, Urdaburutarrak eta Larremotzeko sorgina. Semeak bi urte betetzerako erritmikoki ebakiz eta gaizto ahotsez kantatzen zuen “Idiak kendu, baratzak hustu / jateko harri gordinak / horiek denak ekarri ditu / Larremotzeko... —eta ia oihuka— sor-gi-nak!”. Kuttunen zerrendan sartuko nituzke Amonatxoak, Elmer, Urdin txiki eta hori txiki, Igela igela da, Ama Medusa, Mailu zopa... Eta perlatxo bat: Olivier Ka eta Martine Perrinen Nire sekretuen zuhaitza.

Udan klasikoak irakurtzea gustatzen zait, Suite Frantsesa amaitu berritan Madame Bovary-rekin ari naiz orain. Hondar alez beteta daude. Itsasertz beretik, zazpi urteko alabarekin Matilda eta Alizia herrialde miresgarrian konpartitu berri ditut. Lehen aldiz sumatu diot testu “zailegi” bat irakurtzeak eragiten duen plazer hori, atsegin exijentea eta exijentziaren atsegina, hain ezaguna niretzat, hain hunkigarria harengan. Begirada hori, “zer esan nahi ote du honek zehazki?” galde lezakeena edota adierazi “itxaron, apur batean gelditu nahi nuke honetan pentsatzeko, zera hau sentitzeko” edo “noraino luzatuko ote da ideia hau?”. Erotika. Barruan kabitzen ez zaizkion kontuak gusta-tzen zaizkio irudimenari. Besarkaezinak. Iritsezinak. Konpreniezinak. Berandu baino lehen eskaini nahi nizkioke Altxorraren uhartea, Moby Dick, Printze txikia, Momo, Istorio amaiezina... Tartean, Nur eskatuko dit, eta pozik irakurriko diot.

Filmei dagokienez, alabak orain arte euskarazkoak ikusi ditu, oraintsu hasi zaio ernetzen beste hizkun-tza batzuetan arakatzeko jakin-mina. Dialogoak buruz ikasteraino pasa dugu Gartxot. Filmaren harira, udazkeneko oporraldi bat igaro genuen aspaldi Zaraitzuko bazterretan, Gartxoten bidea ibili genuen eta Elkorretako haitzuloan bardoentzako marrazkiak eta bertsoak utzi genituen. Ordutik, urtero joaten gara Itzaltzura urtarrilez, Gartxot Eguneko kultur proposamenez eta lagunez atsegin hartzera. Alabaren filmotekan daude Asterix eta Obelix-en hainbat, Kirikou eta sorgina, Harry Potter... Ez aspaldi Grufaloa ikusi genuen zineman, baita estimatu ere erritmo moteleko filma, ipuinen pausoan doana, sinple, fantasiarantz.

Telebistan, Merli telesaila elkarrekin ikustera gakotu gara azken boladan, alabak interes biziz jarraitzen ditu filosofia irakasle kataluniarraren eta peripatetikoen gorabeherak. Lehenagokoa izan zen Pipi Kaltzaluze, oxigeno-goxoki bat bezalakoxea. ETBk bide horretatik jarraituko balu... zakurrek txorrotxio egingo lukete.
Antzerkian, Marie de Jongh konpainiaren Amour eta Izar aipatuko nituzke. “Haur-antzerkia helduentzat eta antzerki heldua haurrentzat” irakurtzen da haien aurkezpen orrian, eta kategoriak nahastuz artea deskategorizatu baliteke... gozatu ederra hartu genuen 2, 7, 34 eta 60 urteko lau lagunek.

Denok aldi berean eta nork bere erara gozatu ditugun kultur proposamenei buruz pentsatzera eraman nau honek. Ezinbestekoa: Eako poesia egunak. Dena dute: hitza, musika, fantasia, lagunak, solasa... eta itsasoa. Han bizi izan ditugu, esaterako, Aho bete amets: haurrak, poesia eta gu errezitaldia, Errime taldearen kontzertua eta Metrokoadroka sormen laborategiaren hainbat lan. Aurtengo poesia egunetatik bueltan izan genuen, hain zuzen, Zumaian Gure zirkuaren karpan mundutik lurruntzeko parada, eta negar egin genuen hunkituta. Ez nuke ahaztu nahi Mursegok eskainitako “familientzako kontzertu berezia” edo artista beraren beste edozein kontzertu, izan familientzakoa edo inurrientzakoa. Haurrekin joan ginen, adibidez, Harkaitz Canok eta Mursegok muntaturiko Porto ikuskizunera eta, bi urteko mutikoak “ipuinak ez, musika bai” leloa asmatu zuen arren, ederki gozatu genuen. Esan gabe doa: Harkaitz, ni beti zurekin. Itsasoa etxe barruan, Tigre batekin bizi, Zer demontre dago aulkien azpian?, Orkestra lurtarra. Ez galtzekoak.

Eta amaitzeko: kantua, bertsoak eta lo-aurreko ipuinak. Asko kantatzen dugu etxean. Denok. Era guztietako abestiak, bertso zaharrak eta berriak, ikasiak eta asmatuak. Gertaeraren batek astintzen gaituenean —haserrealdi gogorren bat, sustoren bat, albiste zirraragarriren bat...— bizitakoa bertsotan kontatzeko ohitura dugu, inprobisatuz, akatsez beteriko ahapaldietan gure suminari, izuari, harridurari, pozari hitzak jarriz. Ezer ulertu aurretik, kantatu. Aspertuta gaudenean, kantatu. Tristurari, beldurrari, alaitasunari, amorruari... kantatu. Arnasa hartzeko... kantatu.

Ahots bat, eztul batzuk... Badatoz. Akabo, bakea. Egun on, bizitza.