Berezko gaitasuna du gizakiak hizkera, ahozko lengoaiaren erabilera. Baina batzuetan, berezkoa den bide horretan zailtasunak sor daitezke, eta hizkera garatzeko bidelagunak behar izaten dituzte hainbat haurrek. Hain zuzen zeregin horretan aritzen da Nahia Arzeluz psikologo eta logopeda.
Soinu batzuk besterik ez dira lehenengo. Hilabeteen buruan, haurraren soinu jario horretan, hitzak sumatzen, intuitzen hasiko dira ingurukoak, ama esan ote duen susmatzen. Pixkanaka gero eta garbiagoak izango dira hitzak, eta hitz bat bestearekin josiz esaldiak hasiko dira agertzen, hasieran labur eta oinarrizkoak. Berezko prozesua du haurrak lengoaia garatzea, espreski irakatsi gabe bere gaitasunetik ikasiko duena, entzutetik eta behatzetik. Baina, berezkoa den bidean ere bada aldaparik, eta haur zenbaitek zailtasunak izaten dituzte ahozko lengoaia garatzerakoan. Horiei laguntzea du zeregin, besteak beste, Nahia Arzeluz logopeda eta psikologoak Beasaingo Kresala zentroan.
Helduekin, haurrekin eta nerabeekin egiten du lan Arzelusek. Haurren kasuan, hizkerarekin loturiko arazoen abanikoa anitza da, eta haur nahiz nerabe horiek izan ditzaketen arazoen larritasuna ere bai. Batzuk dislalia soil batekin agertzen dira kontsultan. Hau da, soinu zehatzen bat falta dute. Ezagunena r hizkia esateko zailtasuna da, gurean oso ohikoa, eta sozialki onartua nolabait. Dislaliak, ordea, bestelako arazoen sintoma ere izan daitezke. Arazo horien artean daude hizkuntza atzerapena edota mintzamenaren eta hizkuntzaren garapen-nahasmendu deritzona, gazteleraz TEL bezala ezaguna. Bi kasuetan, dislaliak agertuko dira hizketaren hastapenean.
Hizkuntza-atzerapena dutenen artean, soinu batzuk esateko arazoak egon arren, eta, ondorioz, hizkera infatilizatua erabiltzen badute ere, oro har nahiko lexiko zabala izango du haurrak eta esaldiak antola-tzeko gai izango da, zailtasunak izan arren. “Agian soinu batzuk ez ditu lortu eta ondorioz fonologikoki kutsatua dago hizkera. Ondorioz, lau urteko haur batek haur txiki batek bezala hitz egin dezake. Adibidez, ohikoa izaten da k soinuaren ordez t erabiltzea. Soinu primitiboenak p, t eta k dira, haur batek ustez lehenengo ikasten dituenak, baina zenbait haurrek lortu gabe izan ditzakete, eta, hala, katua esan beharrean tatua esango dute”, azaltzen du Arzeluzek. Horrez gain, txistukariak asko erabiltzen dituzte (s, z, x, ts, tz eta tx euskaraz) eta omisioak izaten dituzte esaldietan.
Horren aurrean, plangintza bat prestatu ohi du logopedak, eta pixkanaka hasten dira haurrak ordu arte garatu ez dituzten fonemak lantzen. “Jada eskolan idazketa-irakurketa prozesuarekin hasita badaude, zailtasunak izango ditu alor horretan ere, hitz egiten duten bezala garatzen joango baitira idazketa. Hizketa zailtasunei bidean beste zailtasun batzuk gehitzen zaizkie, alegia. Beraz, komeni izaten da 5 urte baino lehen esku hartzea. Dena dela, ikusten da zailtasun artikulatorioa dela eta landuz gero eboluzio ona izaten dute, nerabezarora arazoa konponduta iristen dira”, Arzeluzen esanetan.
Nahasmenaren erresistentzia
Mintzamenaren eta hizkuntzaren garapen-nahasmendua dagoenean, aldiz, konplikatuagoa da arazoa erabat gainditzea. Izan ere, “nahasmen bat dagoenean, hori betirako izaten da. Asko landu dezakezu eta maila polit bat izatera irits zaitezke, baina beti izango duzu zailtasun maila bat, besteek ez daukatena; dislexia bat dagoenean bezala”. Gainera, lengoaia atzerapenean ez bezala, “eboluzioa mantsoagoa da eta erresistentzia handiagoa dute tratamenduen aurrean”.
Berandu hitz egiten hastea eta dislaliak agertzea izan daitezke nahasmenaren lehen sintomak. Horregatik, lehen une batean gurasoek pentsatu ohi dute lengoaiaren atzerapen bat dela arazoa, baina “oso desberdina da, forman asko aldatzen da atzerapen bat duenaren eta nahasmendua duenaren adierazpena”. Izan ere, atzerapenean ez bezala, nahasmendua dagoenean haurrak zailtasunak izango ditu esaldi ordenatuak egiteko, alegia, hitzak hurrenkera egokian jartzeko esaldiaren barruan. Horretaz gain, zailtasunak izaten dituzte aditzekin, aditz denbora egokiak erabiltzerakoan, euskararen kasuan hitzak deklinatzerakoan… “Ondorioz, hitz egiteko modua telegrafikoagoa izaten da; guraso batek esaten zidan ‘atzerritar batek bezala’ hitz egiten zuela bere haurrak”.
Dena dela, nahasmendu bakoitzak bere ezaugarriak izan ohi ditu. Horregatik, haur bakoitzaren nahasmenaren ezaugarrien arabera, bere neurrira eginiko plangintza presta-tzen du Arzeluzek, eta tratamendua modu indibidualean egin ohi dute: “Ebaluazioa egiten diogu haur bakoitzari: erregistro fonologikoa nola dagoen; lexikoaren maila; hizketaren edukia, forma eta erabilera... Haurraren gabeziak edo ahuleziak eta indarrak modu objektiboan ezagu-tzeak asko laguntzen du ondorengo lan plangintza antolatzen”.
Hizkuntzaren nahasmendua duten haurrek zailtasunak izan ditzakete ikaskuntza prozesuan ere. Idazten eta irakurtzen ikasteko arazoak izan ditzakete baita entzuten duten eta irakurtzen duten hori ulertzeko arazoak ere, hizkuntza bera menderatzen ez duten neurrian.
Diagnosiaren garrantzia
Haurrari hizkeran izan ditzakeen arazoak gainditzen laguntzeko, oinarrizkoa da zehazki zein den bere arazoa jakitea, eta lehenik eta behin diagnosi azterketak egiten dira. Horiek ezarririko estandar batzuei erantzuten dieten test-ak izaten dira, eta test horietako bakoi-tzak arlo zehatz bat aztertzen du (lexikoa, aditzen erabilerak…).
Eta behin diagnostikoa eginda, gurasoak asko lasaitzen direla dio Arzeluzek. Izan ere, “ulertu egiten dute ordu arteko ahaleginek zergatik ez duten fruiturik eman, eta frustrazio hori gainetik kentzen dute”. Dena dela, batzuetan zailtasunak izaten dira diagnosi proba egiteko: “Azterketa egiteko haurrak hitz egiteko gai izan behar du. Baina agian iristen da kontsultara 3 urteko haurra kasik hitz egiten ez duena, bi silaben errepikapena, adibidez ‘baba’, erabiltzen duena objektu desberdin ugari izendatzeko, keinuen bidez komunikatzen dena nagusiki… Horrelako kasuetan, hizketa gehiago garatu arte itxaron behar da eta test-ak egin ahal izateko. Dena dela, jada alertan zaude”.
Nola eragiten du haurrarengan?
Gurasoentzat lasaitasuna badakar diagnosiak, haurrek nola bizi dute arazoa? Arzeluzek denetarik ikusten du bere kontsultan. Adin batetik aurrerako haurrak, 5-6 urtekoak, jabetu ohi dira duten zailtasunaz, “baina baur batzuei ez die gehiegi eragiten, eta, zailtasunak zailtasun, asko hitz egiten dute”. Beste batzuei, aldiz, “eskolan zerbait esan dietelako, edo sentiberagoak direlako, autoestimuan eragin egiten die eta askorik ez hitz egitea erabakitzen dute. Haurraren nortasunaren araberakoa ere izaten da”.
Zailtasunak zailtasun, tratamenduaren laguntzarekin, oro har, nerabezarora arazoa bideratuta iristen dira haurrak. “Norberak egindako lanaren araberakoa ere izango da: asko irakurri duenak lexiko hobea izango du, esaldi konplexuagoak egiteko gai izango da…”.