LGTBI kolektiboko pertsonek diskriminazioa eta erasoak pairatzen dituzte ikasle
bizitzan zehar. Enara Larrain irakasleak eta Psikologian doktoreak hainbat babes neurri proposatzen ditu; garrantzitsuenek LGTBI kolektibokoak ez direnei eragiten diete: “Benetako prebentzioa erasotzailerik ez egotea izango litzateke”.
Ikerketak ugariak dira, baina guztiek antzeko datuak azaleratzen dituzte: LGTBI kolektiboko pertsonen % 60k erasoren bat jasan du bere ikasle bizitzan. Enara Larrain irakasleak emandako datuak dira, 2019an Bullying LGTB-fobikoa Euskal Herriko nerabeetan: prebalentzia, aldagai psikologikoekiko lotura eta eragina osasun mentalean doktore tesia egin zuen, eta ordutik datuek ez dutela hobera egin antzeman du. Ikerketez gain, gertuko lagina baliatzen du Lanbide Heziketako irakasleak; 16-18 urte bitarteko nerabeekin lan egiten du: “Gaiari buruzko tailerrak ematen ditudanean beti ateratzen dira gazteen esperientziak. Ehuneko ehunean denek ikusi dute diskriminazio erasoren bat, genero orientazio edo identitate sexualagatik. Argi dago baietz, gaur egun oraindik LGTBI kolektiboko ikasleek erasoak pairatzen dituztela”.
Nola ekidin eraso horiek? Nola prebenitu diskriminazioa? Zer egin daiteke LGTBI kolektiboko ikasleak ere beste guztiak bezain libre eta babesturik senti daitezen? Larrainek dio txiki-txikitatik hasten dela diskriminazioa heteroarautik ateratzen diren pertsonekiko. “Diskriminazioa jasan dugun guztiok, lehendabizikoa Haur Hezkuntzan jasaten dugu: iruditeriaren murrizketa da. Erakusten dizkiguten irudi guztiak eta jasotzen ditugun mezu guztiak cis-heteronormatiboak dira. Ipuin guztietan, adibidez, irudiek beti betiko familiak erakusten dituzte, zuri kaukasikoak, seme-alabekin, txakurrarekin… Irudiek, mezuek eta ikus-entzunezkoetako materialek eskaintzen duten informazioa erabat murriztua da, eta horiek dira haurrek eskolan igarotzen dituzten lau orduetan edo gehiagotan etengabe jasotzen dituzten mezuak. Irudi horiek ez dute errealitatea erakusten, eta milioika errealitate ezkutatzen dituzte. Eta hori guztiok barneratu dugu: ume batek eskaintzen zaion iruditeria horretan ez duela enkajatzen ikusten duenean, bera izango da bere burua epaituko duen lehendabizikoa. Ondoren, bai ala bai, iruditeria horretan enkajatzen saiatuko da. Eta ikusten duenean ezin duela, horrek egoera are zailagoa bihurtuko du”. Horrez gain, hurrengo erasoa, “kontrol soziala” deiturikoa izango da: “Etengabe mezu cis-heteronormatibo horiek bidaltzen zaizkigunean, kontrol soziala bultzatzen da. Hau da, pertsona bat lerro normatibo horretatik aldentzen dela ikusten dugunean, segituan eraso desberdinen bidez saiatuko gara pertsona hori lerro horretara itzul dadin. Eta hor kokatuko lirateke bullyinga eta ciberbullynga”.
Txikitan eta haurtzaro osoan nahiz nerabezaroan heteroarautik eta genero estereotipoetatik ateratzen diren erreferenteak edukitzeak nor izateko aukera eskaintzen dio LGTBI haur horri, eta kontrol soziala saihesteko neurria da, Larrainen aburuz: “Iruditeria zabaltzeak erreferente batekin identifikatzeko aukera ematen digu, ‘hau existitzen da’ sentitzen dugu lehendabizi: ‘hau badago; ni ez nago gaizki, ez nago gaixo; ez daukat ezer konpondu beharrik; nik espazioa daukat…’ erreferenteak edukitzeak hori ematen digu. Baina erreferenteak izatea ez da soilik LGTBI kolektiboko pertsonentzat mesedegarri, Larrainek zehazten duenez: “Heteronormatibotik at dauden pertsonei eta genero estereotipoak betetzen ez dituztenei ere mesede egiten die; pertsona guztiei. Gu gizarte homofobo eta matxista batean bizi gara, LGTB fobiko batean bizi gara eta kosta egiten da autogarbiketa egitea; emozioak eta pentsamenduak aldatzea zaila baita. LGTB kolektiboko pertsona bat edo heteronormatiboaren lerrotik irteten den pertsona bat gertu baldin badaukagu, burua pixka bat irekitzen zaigu denoi”.
Diskriminazio edota bullying kasuak ez ezik, buru-osasun arazoak pairatzeko ere arrisku handiago dute LGTBI pertsonek,. “Baina zehaztu egin behar da; osasun mentaleko asaldurak, depresioa, antsietatea, estres post traumatikoa eta batez ere suizidio arriskua ez da handiagoa LGTB kolektibokoa izateagik, baizik eta horregatik pairatzen den diskriminazioagatik”. Buru osasuneko asaldurak saihesteko hainbat babes neurri aipatzen ditu Larrainek datuetan oinarrituta: “Faktore babesle garrantzitsua da pertsona orok gutxienez espazio segurua eskainiko dion pertsona bat ondoan izatea; lagun bat, familiartekoa, irakasle bat… zeinarekin ez den epaitua sentitzen. Ikerketek erakutsi dute harreman sanoak edukitzea antsietatea jaisteko eta zoriontasuna igotzeko faktore garrantzitsua dela”.
Babes neurri garrantzitsuenak ez die LGTBI nerabeei eragiten, baizik eta haiek diskriminatu edo erasotu ditzaketen berdinkideei. Gaiaz tailerrak eskaini dituenean Larraini bertaratutako gurasoek sarri esan izan diote ez luketela arazorik izango euren semea beste mutil batekin ibiliko balitz. “Nik beti galdetzen diet: eta pentsatu al duzu inoiz zure seme-alaba erasotzailea denik? Homofoboa denik? Matxista denik? Hausnarketa horri buelta eman behar diogu. Benetako prebentzioa erasotzailerik ez egotea izango litzateke, eta horretarako helduok, guraso zein irakasle, egin behar dugu lehendabizi autohausnarketa eta aldaketa”.