Asisko Urmeneta | Marrazkilaria
Haurrekin ikusteko filmak, irakurtzeko liburuak edo entzuteko musika aukeratu behar denean, gurasook gauza didaktikoetara jotzeko joera izaten dugu. Eta instintu edo sen hori, guraso bilakatzean sortzen da. Nik, hasteko, ezagutu ditut lehendik ezagutzen ez nituen sen batzuk, guraso izan ondotik. Bata izaten ahal da babesa; sekula sentitu gabea, haurrak eduki arte. Eta beste izaten ahal da hezi-nahi hori; mahai jolasak joko didaktiko bihurtzeko joera hori; ohartu ere egin gabe, heziketa bide guztietatik etorriko dela, egokilanduz gero. Edo eta batere landu gabe ere berdin ongi.
Horregatik, nik pentsatzen dut den-dena didaktikoa dela, eta gehienetan, gozamen hutsaren aldeko hautua ere egin behar dela. Ludismoa, jolasa, solasa eta libertitzea. Iparraldean erabiltzen den aditza da libertitzea. Seguraski erro etimologiko bakarra duke, baina niri gustatzen zait erratea libertitzeak libreago ere egiten gaituela. Beraz, irakurri-so egin-entzun, ongi pasa eta askeago egin gure burua.
Libertitzearen barnean, ikuspegi kritikoa garatzea inportantea egiten zait, eta haurrekin begiratu, irakurri edo entzuteak hori dakar, bi adieratan laguntzea: alde batetik haurrekin egotea, eta kidetzea —beldurrezko edo bortxazko eszenarik baldin bada— eta bestetik, dudak eta galderak argitzen saiatzea, eta horrela, didaktismo hutsetik atera, eta ikuspegi kritikoa garatzea.
Filmek horretarako hizpide ematen dute. Errate baterako, berriki Un monstre à Paris (Munstro bat Parisen) filma ikusi dugu familian denok elkarrekin. Superprodukzio horietako bat da eta ongi pasatzeko egina da. Baina baditu erreferentzia kulturalak, naturalak eta abar, eta filma ikusi bitartean edo bukatutakoan, horiek aipatzeko aukera ematen du. Istorioa joan den mendearen hasiera aldean kokatua dago, eta Toulouse-Lautrec margolariaren pertsonaia karikarizatu bat agertzen da, eta baita Nasiko zimino harrigarriarena ere. Bada, filma ikusten bukatu, eta ordenagailua piztuta genuela probestuz, bilatzaileetan Toulouse-Lautrecen obrak ikustera sartu ginen, pertsonaia izkutua identifikatu, eta baita Nasiko ziminoa ere. Bestalde, gozamenetik atera gabe, gidoiaren edo pertsonaiaren inguruan duten ikuspegiaz hitz egiten zigun alaba zaharrenak.
Fantasiaren apologia egiten dut nik. Arras inportantea iduritzen zait fantasia gozatzea, garatzea, eta fantasia egiten ikastea. Eta horretan Hayao Miyazakiren filmak gomendatuko nituzke. Enetako ezinbesteko erreferentzia bat da Miyazaki, eta haren faktoriako hiru film azpimarratuko nituzke. Lehena Mononoke Hime (Mononoke Printzesa). Behar bada ez da txiki-txikiendako, zeren egiazki bortitza baita eta puntu beldurgarriak ditu. Baina adin batetik gora erabat gomendagarria da haurrekin ikusteko. Mitologiarekin batera halako kosmogonia bat garatzen du, oraiko mundua nola sortu den kontatuz, aitzinateko legenda baten barruan kokatua. Hor sartzen ditu Japoniako pertsonaiak, dibinitateak, atmosfera, historia, industria... denetarik. Eta beti bezala, generoaren ikuspegitik Miyazaki izugarri interesgarria da. Zeren Japonia den bezalako herrialde bat izanda —oso patriarkala, batzuetan misoginoa izateraino—, deigarria da hango egile batek, fantasia baliatuz, nola kokatzen dituen protagonisten artean emakumezkoak, eta zer pisu eta garrantzi ematen dizkien. Gainera, manera sinesgarri batez: fantasia bada ere, oso ongi pasatzen da.
Bigarrena Totoro auzokidea da. Ikaragarri polita da txikiendako, eta Miyazakiren aipaturiko bertuteak agertzen dira: generoa, fantasia, mitologia —tradizioan oinarritua, berritua eta biziki modernoa ere bai—, umorea, samurtasuna... Maisulana da, maisuki marraztua eta arras ongi kontatua, lirismo handiz.
Hirugarrena Kiki, la petite sorciére (Kiki sorgin ttipia) da. Aurrekoetan aipatutako elementuak agertzen dira hemen ere, eta Totoron bezala, istorioa hasi eta buka ikusten duzu batere luze egin gabe. Film honek badu berezitasun bat: traman ez dago gaiztorik. Ohituak gaude haurrendako materialetan moral hori, manikeismo hori ematen: ez zaitezela gaizto izan, izan prestu, izan zintzo eta abar. Bilauak oso karikarizatuak agertu ohi dira, eta fin gaiztoa bildu izaten dute, zintzoa sufriarazi eta gero. Film honetan ez da ageriko moralik, eta hori eskertzekoa da. Ezohikoa izaten baita Mendebaldeko filmografian bilaurik gabeko film luzeak topatzea.
Liburuen egokitzapenetara etorririk, interesgarria egiten zait Robinson Crusoeren inguruko filmografia. Esate baterako, Pixar-ek egin du animaziozko bat, eta badira oso maiz ateratzen diren bertsioak ere, aktoreekin. Eta hori interesgarria da, zeren liburuan —liburua garai hartakoa delako— esklabismoaren legitimatze natural bat aldarrikatzen du; baina egokitzapen berri hauetan guztietan berriz abentura eta exotismoa nabarmendu nahi dituzte, kolonialismo hura mozorrotuz, eta halako adiskidetasun bat eraikiz Robinsonen eta Ostiralen artean. Eta hala eta guztiz ere, haurrak kolonialismo paternalista horretaz konturatu egiten dira. Gure alabetako batek, 8 urte zituelarik, lagun bati zera kontatu zion: “Gizon bizardun bat iristen da irla batera, nagusitu egiten da, eta ondotik bertakoak ikasi behar izan du bizardunaren hizkuntza, baina gizon bizardunak ez du ikasi bertakoarena”. Pentsa zer mailako politika egin dezakeen formateatu gabeko buru batek. Analisi horiek ezinbestekoak dira...eta zein politak!
Soka berekoa da Elkano, garai hartako inperialismoa justifikatzen duena... oraiko egunean! Gainera, produkzioa Euskal Herritik egina da! Genero ikuspegitik negargarria da, eta gainera, oso nazionalismo barregarria ageri da hor: portugesak gaiztoak dira, espainolak zintzoak... Desproposito hutsa, goitik-beherakoa. Egiazki ongi deritzot ikusteari. Ni ez naiz zentsuraren aldekoa; alderantziz, nik uste dut dena ikusten ahal dela —hori bai, adinaren arabera gauza batzuk bistan da ezetz—betiere ikuspegi kritikoaren argitan. Entzun behar zitzaien alabei nola masakratu zuten filma!
Aipatu dut fantasia arras inportantea dela, eta horretaz aparte, Historia asko interesatzen zait, nola eta nondik kontatzen den. Eta adibidetzat jartzen dut Lur eta Amets, bai liburua eta bai filma ere. Merezimendurik batere kendu gabe erran behar da horrelako apusturik egiten dugunez geroztik, egin dezagun amodioz, eta argi eta indar pixka bat emateko... Epika dosi bat, otoi!
Filma gomendagarria egiten zait, oso gustura ikusten den filma da, baina baditu akats ttipi batzuk, akats ertain batzuk eta akats asaldagarri batzuk. Errate baterako, Orreagako atalean, betiko iruditeria agertzen da: lau artzain, harriak botaka mendi kaskoetatik. Garai hartan Euskal Herria bestela egituratua zegoen, instituzioak eta defentsarako entitateak bazituela ez da dudarik ezartzen. Eta guk, gure garaipen militarrik handiena izan dena —geroztik ez dugu horrelakorik izan— , ondorioz erresuma ekarriko zuena, gaitzeko inbaditzaileari aurre egiteko gai izan zena... anekdota komiko bat bezala kontatzen dugu, garai hartan Europan zegoen armadarik handiena lau artzainen harriek suntsitu ahal izan balute bezala. Horri presentismoa erraten zaio: gaur egunean geure burua babesteko egiturarik ez edukitzeak ez du erran nahi garai hartan ez geneukanik.
Sorgin-ehiza ere agertzen da, baina ez da kontatzen konkista baten ondorio eta lanabes izan zela, eta beraz, ez da ulertzen zergatik halako batean azaltzen diren hemen Logroñoko inkisidoreak (edo Bordeleko epaileak). Gertakariak ez dira artikulatuak aurkezten, baizik eta flashka, bata bestearen ondotik, continuum logikorik gabe. Gerra karlistetan berdin. Historiografia espainoletik kontatzen da, eta anaia-arreben arteko gerra izan zela erraten da... Eta gero, gaztetxeak, intsumisioa eta abar aipagai dira, argitu gabe derrigorrezko soldadutza, edo “odolezko kontribuzioa” espainiarrek inposatu zutela... delako gerra karlistak irabazi eta! Geroztik, euskaldunek Espainiako gerra kolonial guztietara joan behar behar izan dute... Intsumisioak plantoa egin zuen arte.
Iparraldeari dagokionez, erran nezake iraingarri samarra ere egiten zaidala film honetan, behin agertuko Iparraldean, eta nola agertzen den ikustea. Sara herria, Gipuzkoako andereño baten babesleku gisa agertzen da. Eta hortik at, ez da Lapurdirik gehiago, ez Zuberoarik, ez eta frantzes iraultzaren ondoriorik Nafarroa Beherean ere.
Juan Padron egileak Kuban Elpidio Valdes pertsonaia egin zuen. Batzuetan ikusi izan dugu haurrekin etxean. 1970. urtean sortua da eta oso marrazki sinpleekin egindako abentura gustagarriak dira. Bere istorioetan Kubako Independentzia gerra kontatzen du, epikatik eta umoretik. Hor ez da erraten anaia-arreben arteko gerra dela, baina espainiarren kolonialismoaren kontrakoa. Honen eta Lur eta Ametsen arteko aldea ez dago kalitatean, baizik eta errealitate geopolitikan: Kuba errepublika subiranoa da, eta kontatzen ahal du nahi duena, fiertasunaz; hemen ezin da, ez baitugu guk agintzen geurean.
Lur eta Amets liburuari dagokionez, inportantea egiten zait marrazkiek adierazten dutena aztertzea. Eta hemen ere, akats arinak, ertainak, bai eta asaldagarriak ere ikusi ditut. Txikien artean, adibidez: erromatarren merkatu batean tomateak salgai ikustea. Tira, bada!
Akats larrien artean, bada asaldagarria oso egiten zaidan bat. Errana dut gure historia ezin dugula kontatu nahiko genukeen bezala, hain zuzen libre ez garelako. Historia hurbila kontatzen denean liburu eder honetan, testua aski zuzena zait, baina marrazkietan Franco ageri da agure potolotsu goxo baten plantan , ez armarik, ez odolik, ez deus gaitzesgarririk ez duena. Eta bere bi boten artean terrorista bat ageri, arratoi baten tamainakoa, beltz-beltza, armatua, ETA ordezkatzen duena. Izen-deiturarik gabe, aurpegi ezagunik gabe, ez zaizkio begi gaiztoak baizik nabarmentzen kaputxaren barnetik. Ez dugu uzten ahal ondoko belaunaldietarako irudi hori, azalpen gehiagorik gabe! Izan ere, irudia zerbait bada gure bizian. Nori ez zaio gogoan gelditu txikitan ikusitako irudi bat? Eta orain guk kontatuko gure historia, eta nola kontatuko dugu, Santillanak egingo lukeen prismatik?
Ezin aipatu gabe utzi Kalabaza tripontzia, Lotura Films-ekoa hau ere. Bere garaian, ahal zen moduan, orduko bitartekoekin eta giroan egin zen, eta oso gustura ikusten den filma da. Kalitate aldetik nabari da garai hartakoa zela (1985ekoa) eta aurrekontu apalekoa. Duina, ordea. Gure haurrei asko gustatzen zaie, aitamei ere bai, eta behin eta berriz ikusia izan da gure etxean; haur bakoitzak bere garaian, eta behin eta berriz. Izan ere, haurrentzako bada ere, kokina da.
Gero, gure haurrak handitu ahala, niri asko gustatu izan zitzaizkidan J. R. R. Tolkien-en liburuak, bai Hobbita eta bai Eraztunen jauna ere. Gaur egun, liburuez gain filmak ere badaude. Gure belaunaldian liburuak irakurri genituen batik bat, eta gaur egun, berriz, filmak ikusten dituzte. Baina horretan ez naiz tematzen. Niri irudia asko interesatzen zait, eta gainera, nik uste dut normala dela. Guk gure garaian orain diren tresnak eta ahalak eduki izan bagenitu, seguraski horrela ibiliko ginen.
Bada bestalde, txikitan irakurri nuen eta asko gustatu zitzaidan liburu bat: Kenneth Grahgame-ren Haizea sahatsetan. Klasiko bat da, eta zinemarako egokitzapenetara ere jauzi egina du. Haurrekin batera oso-oso gustura irakurtzen den liburua da. Umore fina du, eta animaliak dira protagonista. Eta noski, haur handiagoentzat, 13 urtetik gora-edo, animaliak protagonista dituen baina maila bat gogorragoa den, ongi irakurtzen den eta errotik kritikoa den liburu bat: George Orwell-en Abereen etxaldea. Laburra da, eta bere laburrean, estalinismoaren karikatura bortitza egin zuen, baina edozein manipulazio eta autoritarismoren kiritika ere bada.
Musika aldetik, gure etxean harrera handiena Potx eta Lotx pailazoek ukan dute. Bestalde, Irrien Lagunak aldizkariaren harpidedun gara eta hor ere bada materiala irakurtzeko, ikasteko eta libertitzeko.
Eta komiki aldetik, handixeago direnentzat Xabiroi: kalitatezko komikiak, eta euskaraz. Gurean, komikiak taldean baino, modu indibidualean irakurtzen dira. Filma ikustea ekintza soziala da, elkartu egiten gara begiratzeko. Eta berriz komikia irakurtzeko, logelan, komunean edo sofan, norbera bere horretan sartzen da istorioan. Bi atsegin mota ezberdin.