Nora Arbelbide | Kazetaria

Badakizue Disneyren Elurretako Erreginaren kantu famatu horren zenbat euskal bertsio existitzen diren? Ba, hiru minutuko bilaketa batek hiru ber–tsio eman dizkit.

Eta bai, horretara kondenatua aurkitu nauzu azken aste hauetan. Alaba zaharrena Elurretako Erregina I filmaren eraginetik azkenean ateratzen ari zela, orain bigarren alaba heldu zait Elurretako Erregina II filmaren marketingak harrapaturik.
    
“Libérée! délivrée!!!” etengabeak. Artilleria pisua hor. Nonbaitik ere, gainera, frantsesez iritsi direnak gurera. Obsesio horretatik nola askatu? Barkamenak hitz joko horregatik. Horri begira, non euskara? Non euskal kultura?  

Hauxe erantzunetako bat —ez dakit norena den esaldi hau baina identifikatzen naiz erabat—: “Lehen printzipioak nituen, orain, haurrak”. Bada txantxa, baina bada egiatik ere.

Horra ni, beraz, ordenagailu aitzinean, arkeologia lanetan, Youtube plataformaren barrena, ea kantu horren euskal bertsiorik existitzen ote den, gutxienez hori. Elurretako Erregina aitzaki, frantsesez mintzatzen hasiak baititut haurrak. “Erreginak ez daki euskaraz, ama!”

Altxor bitxi batzuk aurkitu ditut bilaketa horretan. Alabek gustukoak izan dituztenak: orain “Libre naiz! Aske!!!!” oihukatzen ari zaizkit, gutxienez.

Eta beste zenbat adibide horrela...
“Ama, ez dut gustukoa hori!
- Zergatik?
- Ez da arrosa”.
“Ama! Begira! Hello Kitty!”
Ez baikara mendi punta batean bakarrik bizi. Nola eraikitzen diren gustuak, genero ikuspegiak, mundua esplikatzeko moduak, mundua bizitzeko moduak... kultura, hots. Kontsumo produktuak baino anitzez haratago. Egun guztiz, haurrak iratzartzen diren minututik, gaueko amets gaixtoek eragin oihuetatik lasaitzeraino. Haurrek begien aitzinean miraila bat ezartzen didate beti, parez pare. Nire egunerokoa, munduarekin dudan harremana galdezkatzen didana.

Artetik, nahiko nuke zehaztu anitz mindu ninduela Peio Etxeberri-Aintxartek Enbatan 2018ko azaroan idatzi zuen artikuluak, non, “Maialen Lujanbioren bertso, Joseba Sarrionandiaren liburu, Laboaren kantu edota Asiskoren marrazki” baten aitzinean “zoratzera” behartuak ginela baitzioen,  euskaldunak izateko.

Hori balitz bezala arazoa. Non eta egoera itolarri honetan. Nola, eta frantsesez idatzi zuelarik artikulua.  
Orduan, ez, ez daukat formularik, ez daukat produktu zerrendarik, behar den bezalako euskaldunak izateko... Paso. Esperientzia batzuk bizi izan ditut, eta horiek aipa ditzaket.

Edozein gisan, haurrekin, gezurrik ez. Behartzeko aukerarik ez. Diglosia egoera honetan, hauskortasun honetan, euskara, eta euskararekin batera euskarak garraiatzen duen mundu hori nola maitarazi? Hori dut etengabeko galdera. Nire gustuak galdezkatzeko balio dit ariketak, nire plazerak aurkitzeko.

Orduan, “Aske naiz! Libre!” kantua, ezinbestean. Debekatzeak, deus onik. Baina horren ondoan, begirada kritikoa zorrozteko ahaleginak egiten saiatzen naiz, hasteko. Adibidez, nola askatzeko memento horren kantua erabiltzen duten marrazkilariek Elurretako Erregina nehoiz baino sexiagoa egiteko, takoinekin eta guzti, askatasun hori hiper sexualizatuz.

Eta begirada kritikoaz gain, beste proposamen batzuk ere ekartzen dizkiet. Proposamen iturri bezala ikusten dut nire burua. Hori bai, ez ditut bakarrik haurrentzat pentsatu gauzak jartzen. Hemen zenbait adibide, ez direnak gomendioak, e! Lourdes Iriondoren Maitasun honek zugan dirudi, Aire Ahizpek kantatu Euskal Herri Poeta, bada ere Laboak kantatu Pello Pello 
—barkatu Peio! (ez)—, edo Oskorriren Kattalin kantuaren bertsioek segituan harrapatu dituzte. Bereziki, Kattalinen “ile gorri baita zorri”, alaben buruetatik zorriak nola kendu ezin asmatuz ari garela azken hilabete hauetan. Ironia transmititzeko balio dezakeen kantua izan daitekeena, bide batez.

Bada ere lurrarekiko harremana. Alabak, lohi gainean ibiltzeaz beldur diren haurrak izatea ez bainuke nahi. Ondorioz, nire adixkide laborariaren etxera goaz eta gasna nola egiten duten ikasi bide batez. Folklore edo nostalgiatik urrun, zentzu bila beti.

Orduan, Iratiko bidea ere hartuko dugu. Behorlegi Tuturru mendiak irudikatzen duen herensugeari begiratuko diogu. Hortik herensugearen bizkarrezurra ikusi daiteke Behorlegi mendian, saihetsetik begiratzerakoan. Eta bizkarrezurrari begira kontatuko diet Altzaiko artzainak nola hil zuen herensugea. Behi baten larrua hartu eta lastoz betez. Lasto barnean su txiki bat piztu eta larrua josi zuen gero artzainak, herensugeak uste ukan zezan haragizko behia zela. Herensugeak behia jan eta su hartu zuen, eta hegaldaka joan ur bila. Ahuzkiko iturriko uraren bila agian? Ahuzki zein ederra den ohartzeko aitzaki ezin hobea. Edo, preseski, herensugea harri bilakatu zen orduan, eta Behorlegin kokaturik gelditu? Ipuinen xarma agortu ezina iruditzen zait. Ez zaharrak direlako, baizik eta eraginkorrak. Mendeak zeharkatu badituzte, ez da kasualitatea.

Libertimendua edo Maskarada bezalako hitzorduak ere loriagarriak zaizkit. Hor ere, ez tradizioak direlako, ez egiazko euskaldun egiten gaituelako, baizik eta hor zuzenki bihotzera doan uneak bizi ditugulako. Aski ditut bi alabak begiratzea une horietan, ikusteko hor ere ez dagoela gezurrik. Ez dute harrapatuko nik harrapatuko dudana, baina zirtzilen txisteekin irriz karkailaka ikusi ditudalarik, asmatzen ari garela argi dut.

Libertimendua bukatu eta, Mutxikoak denek elkarrekin dantzatzeko unea heldu delarik, eta lagun batek alaba nagusienari eskua hartu eta dantzatzera gonbidatzen duelarik, nahiz eta ez jakin oraindik dantza hura, hor ere zerbait pasatzen ari dela argi dut. Ikasteko une egokiagorik ezin. Horrelakoetan bizi plazerek ez dute preziorik. Horrelako egun batean, behin eguna bururatu eta, Baionara sartu ginela –Baionan bizi baikara– ilun nabarrean harresien ondoan punki banda bat bestan ikusi genuen, garagarno edaten: “Ama! Zirtzilak!”, bota zuen alabak, irriz. Hots, Elurretako Erreginaren kultura aseptiko hori hor bada ere, zirtzilek ez dute oraindik azken irria bota.