Lur Gallastegi, idazlea eta hizkuntzetako irakaslea.
Gallastegi Ingeleseko irakasle lanetan dabil aurten Donostiako Peñaflorida ikastetxean. Liburuak idazterakoan, haur eta gazte literaturan —bereziki 10-16 urteko irakurleei begira— sentitzen da erosoen.
Lur Gallastegi idazlea eta hizkuntzetako irakaslea da; Bilbon jaioa, Gasteizen Itzulpengintzako gradua ikasia eta gaur egun Donostian bizi dena. Ibilbide horrek arrasto nabarmena utzi du haren lanetan. 2016tik hamalau liburu argitaratu ditu, eta hamabosgarrena maiatzean kaleratuko duela aurreratu digu.
Ogibidez idazlea ez izan arren, zer ematen dizu idazteak zure bizitzan?
Niretzat, idaztea betidanik izan da behar bat, baina uste dut orain konturatu naizela horretaz benetan. Liburu bat idazten dudanean asebetetze izugarria sentitzen dut, eta poz horrek bultzatzen nau idaztera, besteak beste.
Txikitatik al datorkizu idazteko zaletasuna?
Bai. Idazle izateko fantasia hori ere oso txikitatik datorkit, eta nire testuinguruak garrantzi handia izan du. Alde batetik, etxekoak: gurasoengandik datorkit neurri batean nire alderdi sortzailea, nire kasuan hizkuntzekin eta idazketarekin lotuta. Bestetik, uste dut eragin handia izan duela Bilbon 80ko hamarkadan, familia euskaltzale batean jaio izanak ekarri didan testuinguru soziopolitikoak. Horretan, nire bizitzan oso garrantzitsuak izan dira ezker abertzalea eta feminismoa.
Liburu bat idazterakoan, zein dira ematen dituzun pausoak?
Liburu bakoitzean erabat ezberdinak dira ematen ditudan pausoak. Idazle batzuek liburu bat idazterakoan beti antzeko pausoak jarraitzen dituzte; nire kasuan, aldiz, antolamendua guztiz aldatzen da liburuz liburu. Hala ere, bada beti errepikatzen dudan zerbait: oharrak hartzea. Izan ere, liburu bat idatzi aurretik ohar asko hartzen ditut. Orokorrean, lehenengo abiapuntua hiru elementu hauetako bat izaten da: gai bat, pertsonaia bat edo leku bat. Horren atzean beti dago zerbait, arrazoi bat, zerbaiti buruz idazteko nahia; eta ohar horiekin guztiekin, istorio bat eraikitzen dut nire buruan. Horren ondoren hasten naiz idazten.

Idazten ari zarenean, batzuetan blokeo momentuak edo zalantzak etortzen dira. Zuk zer egiten duzu horrelako egoera baten aurrean?
Idazterakoan zalantzak edo blokeo uneak izaten baldin baditut, idazteari utzi egiten diot eta beste zerbait egiten hasten naiz. Denok izaten ditugu inspiraziorik gabeko uneak, eta halakoetan beti pentsatzen dut inspirazioa etorriko zaidala etorri behar badu. Horregatik, ez naiz urduritzen egoera horien aurrean.
Liburu bakoitzean erabat ezberdinak dira ematen ditudan pausoak. Idazle batzuek liburu bat idazterakoan beti antzeko pausoak jarraitzen dituzte; nire kasuan, aldiz, antolamendua guztiz aldatzen da liburuz liburu
2016. urtean Uda bat Senegalen izan zen argitaratu zenuen lehen liburua. Nola sortu zitzaizun liburu hori idazteko ideia, eta zer ekarri zizun esperientzia hark idazle gisa?
Uda bat Senegalen idazteko ideia gai jakin batzuk lantzeko nuen irrika horretatik sortu zitzaidan. Gai horiek ziren, besteak beste, ablazioa, haurren heriotza, emozioak eta emakumearen egoera munduko leku desberdinetan; hortik etorri zen, beraz, nire lehen liburuaren abiapuntua.
Liburua idatzi eta argitaratuta ikusteak, nolabait, ate asko ireki zizkidan eta erakutsi zidan posible zela liburuak idaztea. Esperientzia hark gehiago idaztera bultzatu ninduen, eta ordutik hamahiru argitalpen gehiago egin ditut.
Zure liburuetan askotan agertzen dira beste herrialde eta errealitate batzuk. Zergatik gustatzen zaizu irakurleak kanpora ere eramatea?
Egia da espazioek garrantzi handia dutela nire liburuetan. Hiriak askotan agertzen dira, baina hori irakurleak begia non jartzen duenaren araberakoa ere bada. Batzuek, adibidez, aipatzen didate hiriak asko aipatzea gustatzen zaidala, eta hirietan gertatzen diren istorioei buruz asko idazten dudala.
Azken finean, ni hiri batekoa naiz, Euskal Herriko hiri handienekoa: Bilbokoa. Horrela bizi izan dugu, eta nolabait horrela sinetsarazi digute ere; hiririk bada Euskal Herrian, hori Bilbo dela. Beste batzuek esaten didate nire liburuetako protagonistak ia beti emakumeak direla; beste batzuek, berriz, askotan sartzen ditudala antolakunde politikoak. Nire liburuetan agertzen diren istorioak niri edo nire ingurukoei pasatutako gauzak dira, izenik aipatu gabe; baina, nolabait esateko, idazten ditudan istorio guztiak egiazkoak dira. Nire liburuak beraz, fikzioa dira, bai, baina aldi berean egiazkoak ere bai.
Azken hamar urteetan idatzi dituzun liburuen artean, Go!azen telesaileko liburuak ere badaude. Zer desberdintasun aurkitu dituzu zuk idatzi ohi dituzun liburuak eta telesail batean oinarritutako liburuak idaztearen artean?
2022an eskaini zidaten Go!azen telesaileko liburuak idazten hastea. Erronka moduan hartu nuen, eta egia da prozesua erabat ezberdina dela nik sortu ohi ditudan liburuekin alderatuta. Izan ere, Go!azen dagoeneko sortuta dagoen unibertsoa da: pertsonaiak, euren nortasuna eta harremanak… Denak daude definituta, eta nik, nolabait, pertsonaia horiekin leku bat eta istorio bat asmatu behar izaten ditut, telebistan gertatuko ez den zerbait. Baina, aldi berean, ezin dut kontraesanean joan telesailean gertatzen denarekin edo ikusiko denarekin.
Go!azeneko liburuak idazteak badu bere alde polita: liburua idazteaz ni arduratzen banaiz ere, talde-lanean egiten dugun zerbait da. Baina, aldi berean, zaila ere izan daiteke: pieza askok bat egin behar dute, eta batzuetan gauzak aldatu daitezke prozesuaren erdian. Horregatik, sortze-prozesuan, ez dauka zerikusirik nik idazten ditudan liburuekin.

Sormenerako bi gauza behar direla esango nuke: batetik, kontzientzia hartzea, hau da, "ni naizen honetatik sortzen dut" ulertzea; eta, bestetik, ahalduntzea, alegia, "bururatu zaidana egin daiteke" sentitzea
Idazleaz gain, hizkuntzetako irakaslea ere bazara bigarren hezkuntzan. Gelan, nola lantzen duzu sormena ikasleekin?
Gaur egun oso zaila dela esango nuke. Egia da testuinguruak ez digula laguntzen: Bigarren Hezkuntza antolatuta dagoen moduak ez du errazten, eta EAEko Hezkuntza Sailak ere ez du askorik laguntzen. Oso espazio gutxi dago sormenerako. Hala ere, beti izaten da tarteren bat sormen hori lantzeko; egoerarik gogorrenetan ere, norbaitek nahi baldin badu, badago tartea.
Niri, bereziki, begia joaten zait bulkada sortzaile hori duten ikasleengana. Uste dut bulkada hori izan dugunok badakigula zer den: askotan deserosoak izan gara irakasleentzat; batzuetan gidoitik ateratzen ginelako, beste batzuetan irudimenaren bidez edo errebeldiaren bidez "ihes" egiten genuelako… eta oso urrun egon gara ikasle "perfektu" horretatik. Horregatik, nik azkar identifikatzen ditut. Iruditzen zait garrantzitsua dela haien bulkada hori ez itzaltzea. Eta, oro har, sormenerako bi gauza behar direla esango nuke: batetik, kontzientzia hartzea, hau da, "ni naizen honetatik sortzen dut" ulertzea; eta, bestetik, ahalduntzea, alegia, "bururatu zaidana egin daiteke" sentitzea. Bi gako horiek dira sormenaren oinarriak. Gaur egun zaila da, ez dugulako sortzea errazten duen testuingururik; baina bulkada sortzaile hori dakarten ikasleei ezin zaie moztu. Horrelakoak izan garenok badakigu zein zailtasun topatu ditugun askotan bidean, bereziki irakaskuntzan.

Gurasoei eta hezitzaileei zer gomendio emango zenieke haurren sormena elikatzeko?
Nik esango nieke herri honi begiratzeko, hau da, Euskal Herriari. Azken hamarkadetan, adibidez, Ez Dok Amairu, Ikastolen mugimendua, Korrika, bertso eskolak, gaztetxeak, EHZ jaialdia, greba orokor feminista, maskaradak eta libertimenduak, edo Elhuyar bera sortu dira; eta horiek guztiek sormenarekin dute lotura zuzena. Horren atzean, nire ustez, hiru osagai daude: testuinguru soziopolitiko bat, kontzientzia hartzea eta ahalduntzea. Norbaitek sinesten du: “gu hau gara, eta hau ez da existitzen; beraz, zerbait berria egin behar dugu, eta egin dezakegu”. Horregatik, familiei eta hezitzaileei gomendatuko nieke begiratzeko eta aztertzeko Bilboko Bira, Aiaraldeko Ideien Faktoria, Azpeitiko Dinamoa, Gernikako Astra edo Oreretako Lekuona Fabrika bezalako proiektuak, besteak beste. Zer gertatu da toki horietan? Zergatik sortu dira sormenerako gune horiek? Galdera horiek eginda, pista asko ematen dituzte.
Egia da gaur egungo gazteek —10 eta 25 urte bitartekoek— beste testuinguru bat dutela: pantailak, sare sozialak… Baina ziur nago sortuko dutela, belaunaldi guztiek sortu dutelako. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zait sortzaileak dauden lekuetan aipatu berri ditudan galderak egitea: “zer gertatu da hemen?”, “zergatik sortu da?”, “nondik atera da?”. Euskal Herrian, gainera, munduko beste leku askotan gertatu ez diren gauzak gertatu dira; beraz, galdera da: zein izan dira baldintzak? Goazen baldintza horiek sortzera. Hortxe dago, nire ustez, benetako gakoa.