Allande Etxeleku Baionako Bernat Etxepare Lizeoko terminaleko ikaslea
Ukaezina da egunerokoan inguratzen gaituzten teknologiak etengabean garatzen direla. Begiak erakartzen dituzten pantaila horiek edozein arlotan aurki ditzakegu. Alabaina, antzinatik erabiltzen den paperaren ordezkatzekotan dira.
Frantziako gobernuak egindako azterketa batek ohartarazten du frantsesen herenak haien burua “irakurle handitzat” dutela. Irakurle horien artean, % 63k paperezko liburuak irakurtzen ditu. Beste % 20ak paperezko zein liburu digitalak kontsumitzen ditu. Azken % 3k aitortzen du liburu numerikoen zale baizik ez direla. Azken kategoria horren proportzioa handitzen doa hilabeteak eta urteak joan arau. Egun batez, liburu digitalek liburu fi sikoak ordezkatuko ote dituzte?
Lehendabizi, bistakoa da liburu digitalak ezinago erabilgarriak direla. Nehork ezin du kontra egin bere eskuko zakuan liburutegi oso bat eramatea erosoa dela. Sakelakoetan zabaltzen diren irakurtzeko aplikazioei esker, irakurle modernoek edozein gertalditan esaldi batzuen zeharkatzeko gaitasuna dute. Horrekin batera, liburu digitalen eskuragarritasunak eta prezio apalek sekulako pisua ukan dezakete bi arloetariko bat aukeratzeko denboran.
Hala eta guztiz ere, paperezko liburuak dira oraindik gehienik kontsumituak direnak. Niri dagokidanez, oraindik ez da iritsi liburu digitalek liburu fi sikoei protagonismoa kendu dieten ordua, eta ez dago iristeko prest. Paperezko liburu baten hostokatzea ez da begiko esperientzia bati mugatzen. Eskuzko baita usna sentipenak agertzen dira ere. Nehork ez al du sekula liburu bat eskuetan hartu bere orrialdeen usaintzeko, berriz apalean pausatu aitzin? Liburu fi siko batek bere erabiltzaileak beste mundu batera murgiltzen ditu. Liburu digitalek, ordea, manera batetik edo bestetik sareari konektatuak direnez, irakurleak betiko munduan mantentzen ditu era batean. Bestalde, liburu numerikoen estandarizazioa gertatzen baldin bada, liburutegiaren industria, pareka ezina dena bere produktu eta bezeroei esker, arrunt gainazpikatu liteke. Paperezko mundu hori ez da iraulia izan behar, gizarteak pantailekiko duen mendekotasuna areagotu ez dadin. Liburu bat irakurtzeak ez luke gehiago zentzu izpirik orrialdeak eskuz ez baldin badira gehiago itzultzen.
Laburbilduz, liburu digitalek abantaila handiak erakusten dituzte, erosotasun mailan batez ere. Halaber, liburu bat ezin da pantaila baten gibeletik ikusi. Liburuak paperean eta ankrearekin irakurtzen segitu behar dugu.