Iñaki Agirrezabal | Literatur kritikaria eta aktorea

Arriskuan dauden EAEko ornodunak”. Izenburu hori du gure 9 urteko alabak orrialdeak pasatzen ikasi zuen garaian egunero behin eta berriro ‘irakurtzen’ zuen liburuak. 313 orrialdetako liburu lodikote horrek bazuen oso erakargarri egiten zuen zerbait barruan: animalien, batik bat hegaztien, orrialde osoko ilustrazioak. Koloretakoak, detaile handikoak. Saguzaharren eta sugeen orrialdeak azkar pasatzen zituen, baina Martin arrantzalea, Erlatxoria eta Okil txikiaren orrialdeei begira egoteaz ez zen berehalakoan aspertzen. Hainbeste gustatzen zitzaion irudi horiek ikustea, orrialde horiek bilatzea, aurkitzea... azkenean, zeloz jositako orrialde maiztu bat bihurtu zela 241. orrialdeko Martin arrantzalearen ilustrazioa.

Haurrak liburuak esku-esku izatearen ondorioetako bat izan ohi da liburu horiek puskatzea, marraztea, eta zikintzea. Baina beste ondorio bat ere badakar liburuak eguneroko objektu arrunt gisa eskura izateak: haiek erabiltzen ikastea. Gauza interesgarriak, ergelak, ederrak, itsusiak, beldurgarriak, aspergarriak... denetarikoak aurki ditzaketela ikastea. Eta edozein liburutan ‘irakur’ daitezke istorioak, baita arriskuan dauden espeziei buruzko liburu ofizialetan ere.

Aurrena, liburuetako ilustrazioak ‘irakurtzen’ baititugu. Begien aurrean azaltzen zaigun irudi horrek sortzen digun hori irudikatzerakoan. Hor sortzen dira istorioak. Ondokoari kontatzerakoan forma hartzen duten istorioak. Elkarri kontatuz, elkarri entzunez, galdetuz, eta ahal denean erantzuna bilatuz edo asmatuz.

Gaueroko komunikazio ekintza bat bihurtu zen laister liburuak ikustearena. Eta ohelagun bihurtu ziren ‘’10 oilo gara’’ (Sylvia Dupuis, Ibaizabal) ‘’Buruko hura nork egin zion jakin nahi zuen satortxoa’’,(Werner Holzwarth/Wolf Erlbruch, Kalandraka), ‘’Gruffalo’’ (Julia Donaldson/Alex Scheffier, MacMillan) ‘’Gose handiko beldarra’’ (Eric Carle, Kalandraka), ‘’Kokoriko’’ (Marisa Nuñez/Helga Bansch, Txalaparta), ‘’Bubu’’ (Cyril Hahn, Ibaizabal), ‘’Antton eta neskak’’ (Ole Könnecke, Alberdania), “Neu naiz indartsuena” (Mario Ramos, Ttarttalo), ‘’Piztiak bizi diren lekuan’’ (Maurice Sendak, Kalandraka) ‘’Monkey and me’’ (Emilv Gravett), ‘’The runaway train’’ (Benedict Blathwayt, Red Fox), “Alfie’’ (Shirley Hughes, Red Fox)...eta ilustrazioak nagusi ziren beste hainbat liburu. Ba-tzuk jatorrizko bertsioan (zenbait, atzerrian igarotako egunetan bertako liburudendetan erosiak); beste ba-tzuk euskarara itzuliak (euskal argitaletxeen eskain-tza oparoa da); beste hainbat gaztelaniazko moldean (etxeko helduok gure haurtzaroko etxeetatik ekarritakoak).

Auskalo zenbat aldiz ikusi ditugun liburu horiek. Ba-tzuetan, ordenean eta testua irakurri bitartean ilustrazioei begiratuz; besteetan, atzekoz aurrera; eta askotan, orrialde bakarreko ilustrazioari behatuz soilik. Gau batean liburu bakarrari dozena eta erdi irakurketa, hurrengoan dozena eta erdi libururi irakurketa bana... Errepikapen horrek adierazten digu zein liburu diren gustukoen. Zein liburu geratzen diren ohe ondoan. Aldiro obra berria irakurtzeak bezainbat edo gehiago dibertitzen gaitu askotan irakurri dugun liburua berrirakurtzean gauza berriak aurkitzeak edota oroitzapen zaharrak gogoratzeak.

Horrela hasi zen etxeko liburutegia liburuz betetzen eta husten... eta, halabeharrez, nahasten.

Ulermena areagotu ahala, album ilustratuetako testua bi edo hiru aldiz irakurrarazi eta gero, alaba bera bakarrik hasi zen moldatzen, gauaren zain egon gabe. Aurreko liburuez gainera, ‘’Amets egiteko liburutxoak’’ (Kalandraka) bilduma sartu zen irakurgaietan. Bilduma horretatik gustukoenak hautatu eta gero, testu gehien zutenak gaueroko irakurketarako geratu ziren, eta besteak aurreko album ilustratuen pilan. Gero eta testu luzeagoak azaldu ziren lo aurreko irakurketa liburuetan: ‘’Oilasko luma txatxua’’ (Marisa Nuñez/Helle Thomassen, Kalandraka) ‘’Volubilis” (Max Ducos, Kókinos), ‘’El camino que no iba a ninguna parte’’ (Gianni Rodari, SM editorial) ‘’Ipuin harrigarriak’’ (Joxe Migel Barandiaran, Elkar) ‘’Antonino apreta’’ (Bernardo Atxaga /Jon Zabaleta, Erein), ‘’Elefante txori bihotza’’ (Mariasun Lada/Emilio Urberuaga, Anaya), “Flannery eta bere Astakiloak” (Bernardo Atxaga/Jokin Mitxelena, BERRIA egunkariak eginiko berragitarapen bat)... Ahal zuen guztia berak irakurtzen zuen bakarrik; behar zuen zatia guk irakurtzen genion, edo laurbildu, eta piska bat asmatu ere bai. Ahoz ahoko istorioekin gertatzen den bezalaxe, ahoz gora irakurritako istorioa aldatuz baitoa; osatuz, moldatuz, egokituz unean uneko egoerari.

Zinema, eta beste hizkuntzak

‘’Piztiak bizi diren lekuan’’ liburuaren animaziozko film laburra ikusi genuen behin internet bidez. Eta gero beste behin, eta gero..... Eta hor beste mundu bat deskubritzen hasi zen alaba: zinema.

Ezaguna dugun istorio hori beste lengoaia batean jasotzea erakargarria egin zitzaion, baita beste hizkun-tza batzuetan ere. Internet sareari esker, animaziozko film laburrak eta pelikulak hasi ziren etxera sartzen. Asko, gure ume garaikoak: Heidi, Pink Panther,... eta Asterix.

Alabak bost urte inguru zituela, film luzeago eta ustez konplexuagoen txanda iritsi zen: Ponyo, Totoro, Nausicaä, Chihiro,... Hayao Miyazaki marrazkilari eta zinema zuzendari sonatuaren film horietako batzuk auzoan neguko igande arratsaldeetan antolaturiko haurrentzako zinema emanaldietan ikusi genituen estreinekoz. Gaur egun, film kuttunenak dira etxean.
Filmak behin eta berriz ikustea, txandaka bat edo beste aukeratzea, liburuekin batera, gaueko komunikazio tarte horren elementu bat gehiago bilakatu zen.

Asterixen filmeei esker haren komikiak irakurtzen hasi ginen. Berak bineta ikusten zuen bitartean guk testua irakurtzen genion. Etxean zeuden Asterixen komikiak behin eta berriz irakurri genituen. Komikietako bat katalanez eskuratu genuen Oloten (Girona, Herrialde Katalanak), Sant Jordi egun batez, eta irakurri genuen “Asterix i els Pictes” hura ere. Behin baino gehiagotan.

Bat-bateko itzulpenean trebatzeko balio izan dute beste hizkuntza batzuetan idatzitako liburuek. Roald Dalhen asko izan dira bat-batean euskaratu ditugunak, gaztelaniatik: “El gran gigante bonachon” (Alfaguara), “Agutrot” (Alfaguara),... Baita ere Astrid Lindgrenen pertsonaia ezagun Pippiren hainbat istorio. Edo Waldemar Bonsels idazle alemaniarraren Maya erlearen abenturak.

Lo hartu aurreko une horretan, berebiziko garrantzia hartu zuen ia urtebetez, egunero ez noski baina maiz, ahoz gora era inprobisatu batean euskaratuta irakurri genuen liburu gogoangarri bat: “El maravilloso viaje de Nils Holgersson a través de Suecia” (Selma Lagerlöf, Círculo de lectores).
Gaur egun, bederatzi urterekin, alabak euskarazko liburuei eusten die batik bat. Eta ikustekotan, euskarazko filmak nahiago. Beti ere jada oso ezaguna eta kuttuna duen film bat izan ezean. Elkar argitaletxearen Itzul eta Sor bildumetako liburuak maiz irakur-tzen ditu. Ohean orain ere, baina larunbat eta igande goizetan batez ere. “Eskubeltza taldearen abenturak”, “Ketxusen zooa”, “Esaera zaharrak eta txiste berriak”, “Nikolas txikiren abenturak”... gure umetako liburu ugari ari da irakurtzen. Baita ere Ipurbeltz aldizkariak ere. Garai batean irakurri eta ikusitako komiki, gutun eta jolasekin, alabak ere gozatu du. Eta Gabairen bilduma ere ikusi dugu ia osorik. Edo Justin Hiriart saila (Erein).

Liburutegian zeuden irakurgai horiez gainera, gauetan guk kontatuta entzun dituen hainbat libururen euskarazko bertsioen txanda da orain: “Matilda”, “Super-Azeria”, “Tom Sawyer” … edo “Alizia”. Baita euskal idazleen lanena ere: “Metro bateko letrak” (Julen Gabiria, Elkar), “Julieta, Romeo eta saguak” (Mariasun Landa, SM editorial), “Rita” (Mikel Valverde, Elkar),...

Egunetik egunera liburutegi osatuagoa, eta, nahasiagoa dugu etxean. Gainera, alabari, haren lau urteko anaiak hartu dio lekukoa. Liburuak sartu, atera eta erabili ahala zailagoa da haiek ordenean txukun edukitzea. Behintzat, ez dute hautsik hartzen. Ez behin-tzat “Arriskuan dauden EAEko ornodunak” liburuak. Oraingoan, ordea, erabileraren erabileraz, saguzaharren orrialdeak dira hausteko arriskuan daude orrialdeak. Josiko ditugu zeloarekin.