Mundu berri bat irekitzen zaie gaztetxoei lagunekin. Harreman erakargarriak, biziak, aldakorrak. Boterea ere tarteko izaten da: batzuk lider, besteak jarraitzaile... Nola bizitzen dute umeek? Eta gurasoek? Alexander Barandiaran MUko HUHEZIko irakasleak eta Hazitegiko koordinatzaileak lagundu digu harremanok ulertzen.

Haurren arteko harremanak ikertzen aritu zen Hubert Montagne psikofisiologoa eta txikitatik hierarkizazio bat agertzen dela ikusi zuen. Alegia, batzuek lider papera hartzen dutela, beste ba-tzuek jarraitzaileena... Modu naturalean gertatzen dela jabetu zen, baina ezinegonak eta kezkak sortzen ditu botere harremana den heinean.

Liderren kasuan, bi lider mota bereizten dira. Bata bere erakargarritasunagatik lider dena, proposamen erakargarriak egiten dituena, besteekin harremanak eraikitzea gustuko duena eta besteak zain-tzen dituena. Bigarren lider mota besteak menderatzean oinarritzen dena litzateke, berak esaten duena soilik egin behar dena eta bestela haserretu egiten dena, mehatxua eta agresioa eskaera eta eskaintza baino gehiago erabiltzen dituena. Lehenengoak lotura afektiboa bultzatzen duten jokabideak bul-tzatzen ez dutenak baino gehiago erakusten ditu, eta bigarrenak alderantziz. Bigarrena lider baino menperatzaile oldarkorra izendatu zuen Montagnerrek. Lider horien “azpian” jarraitzaileak edo Montagnerrek dioen moduan, menperatuak kokatzen dira. Horietako batzuk liderra bezalako jokabide lotesleak azaltzen dituzte eta lider izateko mekanismoak dituzte, etorkizunean hala izan dira haietako asko. Beste batzuk, menperatzaile oldarkorrak bezala, lotura afektiboa eraikitzea oztopatzen duten jokabide gehiago azaltzen dituzte. Eta horiez gain, isolatuak daude, edo taldetik at geratzen direnak, besteen agresioa jasaten dutenak.

Montagnerrek ikertzen jarraitu zuen eta ume bakoitzak hartzen zuen rolak atxikimendu motarekin zuela lotura konturatu zen: erakargarritasunetik erlazionatzen direnek atxikimendu segurua izan ohi dute, lider edo jarraitzaile izan. Ume horiek konfiantzatik erlazionatzen dira eta konfiantzarekin doaz harremanetara. Kasu horretan, nahiz eta lider izan, konfiantzatik erlazionatzen bada, elikatzen duen liderra izango da, besteak kontuan hartzen dituena. Aldiz, atxikimendu segurua izan ez dutenak lider menderatzaile, horien jarraitzaile edo isolatu izateko aukera gehiago dituzte Montagnerren ikerketen arabera.

Paradoxa
Alexander Barandiaran MUko irakasleak eta Hazitegiko koordinatzaileak dio umeek harreman horiek, lider zein jarraitzaile izan, ez dituztela modu kontzientea bizitzen, norberarekiko kontzientzia maila oraindik ez baita oso handia; alegia, ez du hausnartzen ‘nolako harremana daukat? Zerk bultzatu nau hori egitera?’. Helduok ere askotan ez dugu norberaren kontzientziarekiko maila altua. Inkontzienteki funtzionatzen dugu, umeak egiten duen moduan. Errazago egitean zaigu besteenaz konturatzea geureaz baino. Umeak bizi egiten ditu harreman esperientzia horiek, barrutik irteten zaionaren arabera. Bere bizitza historiaren eta momentuaren arabera erreakzionatzen du. Bere burua eraikitzen ari da, eta eraikuntza hori gertuko testuinguruak bere beharrei erantzun dion eta erantzuten dionaren araberakoa da.

Aldiz, beste aldean, gurasoek kezkaz bizitzen dute egoera, moralki epai-tzen dutelako. “Umeak egiten duena ez dute etikoki zuzena ikusten gurasoek eta harreman horretan dependentzia ikusten dute” dio Barandiaranek. “Noski dependentzia ez dela ona inorentzat, ez baita osasuntsua eta harremana orekatua ez dagoenaren seinale baita. Baina umeek ez dute hori ulertzen, lehen esan bezala, hausnarketa hori ezin dutelako egin oraindik. Horregatik, gurasoek ‘ez zenuke lagun horiekin ibili behar, zure irizpide propioak eduki behar dituzu...’ eta horrelakoak esatea alferrikakoa da. Umeak nahastu eta paradoxa batean sartzen dira, oraindik egiteko prest ez dauden zerbait egitea eskatzen zaielako: ‘Hau da irteten zaidana, baina gurasoek ez dagoela ondo esaten didate. Ez nuke egin behar, baina irten egiten zait’ pentsatzen dute umeek zeharo nahastuta. Ez da batere lagungarria paradoxa horretan sartzea umeak”.

Adin horietan laguntasuna gara-tzen joaten da eta umeak hainbat gatazka bizitzen ditu: lagun batzuk zein puntutaraino diren lagun ikusten du, zein puntutaraino ez... Eta horrek gero eta garrantzi handiagoa hartuko du. Garai horretan baztertua izateko sentimenduak indar handia hartzen du. Eta umeak baztertua ez izateko gauzak egingo ditu, nahiz eta gurasoei ongi ez iruditu. “Baina hori umeak bizitu behar duen zerbait da. Eta gurasoek ere bai”. Horregatik, gurasoek egoera moralki baloratu beharrean, egoera ulertzen eta umeen ikuspegitik ikusten saiatu beharko lukete, Barandiaranen iritziz, horrela laguntzen zaielako. “Bizitzan prozesu batzuk pasa beharrekoak dira, zer garen deskubritzeko bizi behar ditugunak, zer nahi dugun eta zer ez jakiteko, zer den gure-tzako ona eta zer ez konturatzeko. Eta indartsuago sentitzen garen neurrian pasako gara jarraitzaile izatetik beste harreman mota batera”.

Gurasoen egitekoa
Gizakiaren ongizatearen adierazle nagusia harremana da. Harreman gatazkatsuetan ezinezkoa da ongi egotea. Gelakideekin, ondoko umeekin, familiarekin... Hori oso garrantzitsua da eta zaindu beharrekoa. Horregatik, harreman gatazkatsuetatik irteteko bidea haurrak pertsona esanguratsuekin eraikitzen dituen harremanak dira: harreman horiek nolakoak, halakoak izango dira haurraren ongizatea eta besteekin dituen harremanak. Konfiantzan, sakoneko onarpenean, maitasunean eta umeen beharretan oinarritutako harremanak egingo du indartsu umea. Barandiaranek azpimarratzen du garrantzitsua dela gurasoek seme-alabarekin duten harremana gero ume horrek izango dituen harremanetarako. “Etapa batzuk pasa egin behar dituzte bizitzan, eta ez bada arazo larria, pasa egiten dituzte. Kontua da beraiek jakitea gu hor egongo garela, onartu eta lagunduko diegula eta segurtasuna emango diegula. Horrekin nahikoa da. Hori da behar dutena. Norbera guztiz onartzea, bestea onartzea, bizitza bera onartzea. Gauzarik zailenetakoa da, baina Carl Rogersek dioen moduan, hori da bidea pertsonaren ongizaterako”.

Harreman horiek zaintzeko hainbat alderdi garrantzitsu aipatzen ditu Barandiaranek. Hasteko, garrantzitsua da helduaren kontzientzia maila. “Zer pentsatzen duen helduak ume horri buruz, zer proiektatzen duen ume horrengan, zer eredu duen buruan... Garrantzitsua da horretaz guztiaz kontziente izatea eta umea den bezala errespetatzea, helduaren espektatibak gailendu gabe. ‘Nik mendeko ez den pertsona bat nahi dut’ pentsatzen dute gurasoek; eta umea mendekoa dela ikusten badute, ez dute onartzen. Agian umetan mendeko izango da, pasa beharreko prozesu bat izango da eta helduaroan lortuko du mendekoa ez izatea. Antzeko gauza gertatzen da umeek gauzak partekatzea nahi dugunean. Umea txikitan egozentrikoa izaten da. Nik ez dut heldu egozentrikorik nahi, baina umetan pasa beharreko etapa bat izaten da. Gauza bera nerabeekin. Nik ez dut nahi bere burbuilan sartzen den eta gurasoetaz paso egiten duen neraberik, baina hori ere bizitzako etapa bat da eta onartu beharra daukat”. Umea den bezala onartzen ez badugu, konturatu egiten da eta horrek eragina du bere jokabidean. Onartua sentitzea funtsezkoa da buru-osasunerako, eta hasteko, etxean sentitu behar da onartua.
Bigarrenik, gurasoak kontziente izan behar du umearen beharrak eta bereak ez direla berdinak, eta bereizten jakin behar du. “Umeak aldatuz doaz bai ala bai, eta ideia hori ez da ahaztu behar. Horregatik da interesgarria umearen etapa ebolutiboak ezagutzea” dio Barandiaranek. “Lagunak aldatzen joango dira interesen arabera, bere bidea aurkitzen joango da... Harremanek ez dute betirako irauten, aldatuz joaten dira”, zehazten du Barandiaranek.

Umea aldatu ahala, berarekiko harremanak ere aldatu egiten dira. Ondorioz, gurasoak ere aldatu eta egokitu egin behar du. ”Hori ere bada gurasoak landu beharrekoa. Umeak oso-oso txikiak direnean kontaktu fisiko handia behar dute, asko edukitzen dira besoetan goxo-goxo... Handitu ahala kontaktu fisikoa ez da hainbestekoa izaten, eta nerabe direnean are eta gehiago urruntzen dira. Txikitan musu asko ematen dituzte eta denborarekin musuak gero eta garestiago dira. Hori horrela dela onartu behar du gurasoak eta harremana egoera bakoitzera egokitu. Maitasuna, segurtasuna... hori ez da aldatzen, baina formak bai”.

Ez da ahaztu behar umeek imitatuz asko ikasten dutela. Zer ikusi, hura ikasi. Gurasoek nolako harremanak dituzten, elkarri nola hitz egiten dioten, nola adierazten duten... ikusi egiten dute eta esaten zaionak baino pisu handiagoa du horrek. Guraso modura eredu ona izateak on egiten die umeei. Hori da egin daitekeen gauzarik onena.