Haurren loa kezka iturri izaten da guraso askorentzat.

 

Haurren loa kezka iturri izaten da guraso askorentzat. Lo falta, lokartzeko ezina, gauean zehar esnatu eta berriz loak hartzeko erronka edo hori gertatzeko beldurra... pilatzen dira haurra jaiotzen denetik.

 

Haurrarengan fisiologikoki eta biologikoki beharrezkoa den lo egiteko moduak gurasoen lo beharrekin talka egingo du ezinbestean. Haurraren loak gurasoena baldintzatuko du eta gurasoen lo faltak eragina izango du haien egoera fisikoan nahiz emozionalean.

Haurrak, esnatu egin behar du; haren fisiologiaren parte da. Espezie gisa, biziraupena bermatzeko mekanismo bat da. Gizakumeak zaintzailearen beharra du elikagaia eta babesa bermatzeko. Hain zuzen ere, zaintzailea ondoan duela ziurtatzeko esnatzen da. Gainera, 6 hilabete arteko haurrek hipogluzemia arazoak izan ditzakete ez baldin badira erregularki elikatzen. Rosa Jové idazleak Dormir sin lagrimas (Malkorik gabeko loa) liburuan dioen moduan, pediatrentzat kezkagarriago izan ohi dira elikatzeko ere esnatu gabe loaldi luzeak egiten dituzten haurtxo txikiak, sarri esnatzen diren eta elikagaia nahiz gurasoen zaintza ziurtatzen dutenak baino.

Gurasoen ezinegona arindu dezake fase bat besterik ez dela eta loak ere garapen bat behar duela ulertzeak. Izan ere, Jovék liburuan azaltzen duen moduan, loa prozesu ebolutiboa da, elikaduraren edo mugimenduaren moduan, haurraren garapenaren baitan kokatu beharrekoa: “Haur osasuntsu guztiek, hasieran gauean sarritan esnatu edo lokartzerakoan arazoren bat izan arren, egunen batean normaltasunez egingo dute lo”.

 


Haur osasuntsu guztiek, hasieran gauean sarritan esnatu edo lokartzerakoan arazoren bat izan arren, egunen batean normaltasunez egingo dute lo

Rosa Jové, Dormir sin lágrimas liburua


 

Aldaketen hasiera

3 hilabetetik aurrera, haurrak mugimendua garatu ahala, bere loa ere aldatzen hasiko da. Izan ere, gorputza biratzen hasiko da, eskuen eta hanken mugimendua ugariagoa izango da, lau hanketan jartzeko saiakerak egingo ditu... Haurraren gastu energetikoa handiagoa izango da, eta, beraz, deskantsu fisikoarekin loturiko ez-REM loa edo lo lasaiaren fasea luzeagoa eta konplexuagoa izango da. Izan ere, 6-7 hilabeterako garatuak izango ditu ez-REM loaren lau faseak. Bestalde, lo zirkadianoa garatzen hasten da, hau da, loa batik bat gauean pilatuko da, eta egunean pare bat siesta egingo ditu. Gainera, haurra gutxiago esnatuko da loaldian zehar.

8 hilabetetik aurrera haurraren loa konplikatzen hasiko da berriro ere Jovék dioenez: “8 hilabete ingururekin haurrak badaki zaintzailea eta bera pertsona desberdinak direla. Eta zaintzailea desagertzen denean, larritasuna dator (...). Haurra konturatzen da lotara doanean gurasoengandik bereizten dela, eta ahalik eta gehien saiatuko da lotarako unea atzeratzen. (...) Beraz, lasaitzen lagundu behar diogu lotara joan aurretik. Zein da horretarako modurik ezagunena? Konpainia egitea!”.

 


Lasaitzen lagundu behar diogu lotara joan aurretik. Zein da horretarako modurik ezagunena? Konpainia egitea!

Rosa Jové, Dormir sin lágrimas liburua


 

3 urterekin gaueko esnaerak nabarmen gutxitzen hasiko dira. 6 urte ingururekin ez-REM aldiko lau faseak erabat ezarriko dira, eta heldu baten loaren nahiko antzekoa izango da haurraren loa. Hala, 8-9 ordu inguruko loaldia egiten hasiko da eta esnatzeak ia erabat desagertuko dira.

Zurrunbiloa handia izango da etxe batzuetan: prozesu horretan gurasoek loa eta atsedena behar bestekoak ez izateko beldurra sentituko dute eta egoera hori estuki lotua egongo da, besteak beste, helduon lan baldintzekin. Laneko ordutegiek, nekeak, estresak… Denak izango du eragina eta gaua iristea tentsio iturri izan daiteke hainbat etxetan: izan ere, gurasoek ere lo egin behar dute ezinbestean haurrak lotarako beharrezko duen atmosfera eta bizimodu atsegin eta lasaia eskaintzeko. Baina haurrak ez badu ondo lo egin gurasoak erretxinduta eta akituta egongo dira, eta horrek ez du lagunduko haurrak lo ondo egin dezan... Etxe askotan ez da erraza izaten gurpil horretatik ateratzea, baina denbora kontua da eta urte batzuen buruan denek lo ongi egiteko aukera izango dute. Bitartean, familia bakoitzak erabakiko du nola antolatuko den haurraren loak helduen loari ahalik eta gutxien eragin diezaion.

 


Bularra eta loa

Amak haurra edoskitzen duen kasuetan, sarri amak hartzen du bere gain haurraren esnatzeek dakarten zama. Izan ere, esnatu den haurrak, zenbaitetan amaren kontaktua sentitzearekin edo ahotsa entzutearekin aski izan arren, maiz titia eskatuko du berriro lokartzeko. Horrek ama gauean zehar haurra adina aldiz esnatzea eta haren atsedenaren kalitatea asko murriztea dakar. Kasu horretan garrantzi handia hartzen dute bikoteak edo inguruan ditugun pertsonek; umearen kargu eginez, amari atsedenerako tarteak izateko aukera emango diotelako.