Eredutik ateratzen dena baztertu egiten dugu maiz.

 

Gorputz eredu jakin batentzat eta horren arabera pentsatutako gizarte batean bizi gara. Eredutik ateratzen dena baztertu egiten dugu maiz, eta horren erakusgarri da lodifobia.

 

Indarkeria estetikoaren parte da lodifobia, eta gizarteak hobesten duen gorputz eredu jakin hori lortzeko presioarekin lotuta dago. Kontu estetikoa baino gehiago da, ordea, eta kontrol sozialerako tresna ere badela dio Oihana Llorentek, Parean elkarteko kideak. Lodifobiaren ertzei buruz mintzatu da Llorente.

 

Zer da lodifobia?

Lodifobia pertsona lodiek jasaten duten bazterketa eta estigmatizazioa da; indarkeria, azken batean. Indarkeria hori maila sinbolikoan jasaten dute, diskurtsoetan, irainetan, jazarpenean, baina baita modu praktikoan ere: lana aurkitzeko aukera gutxiago izaten dute, eta, osasungintzan, adibidez, tratu okerragoa jaso ohi dute lodi izate hutsagatik… Botere harremana dago horren guztiaren atzean.

 

Zerk bultzatzen du lodifobia? Estetika kontu hutsa al da?

Estetika kontua ere bada, baina ez da hori soilik, kontrol sozialerako tresna ere bada. Kontrol sozialerako tresnak dira gorputzak —emakumeen kontrol sozialerako bereziki, nahiz eta gizonek ere jasaten duten azkenaldian—, eta lotura zuzena du horrek kapitalismoarekin. Etengabeko dietaren beharrizana edota gure herrietan zenbat gimnasio irekitzen ari diren ikusi besterik ez dago. Baina badu zerikusirik moralarekin ere, nagikeriarekin edo borondate faltarekin lotzen baitugu loditasuna. Aurreiritzi lodifoboak ditugu.

 


Presio estetikoak emakumeoi askoz ere gehiago eragin digu betidanik, baina azken urteetan ikusten ari gara mutil gazteek badutela gizarteak perfektutzat jotzen duen gorputza lortzeko joera bat

Oihana Llorente, Parean elkarteko kidea


 

Emakumeei gehiago eragiten al die oraindik?

Presio estetikoak emakumeoi askoz ere gehiago eragin digu betidanik, baina azken urteetan ikusten ari gara mutil gazteek badutela gizarteak perfektutzat jotzen duen gorputza lortzeko joera bat. Mutil gazte asko joaten dira gimnasiora gorputz gihartsuen bila; hori lortzeko, hainbat substantzia hartzen dituzte, edo obsesio izateraino zaintzen dute elikadura. Presioa oso nabarmena da nerabeengan.

 

Eta, haurren kasuan, nolako eragina du?

Are handiagoa da presioa. Oso beldurtuta gaude neskatila txikiek estetika kontuekin nolako presioa jasaten duten eta nolako jostailuak eskaintzen dizkieten ikusita: azala zaintzeko eta garbitzeko tratamenduak, makillajea, perfumeak, ukenduak, azkazalak margotzekoak… Oso belaunaldi gazteak erakartzeko ahaleginean ari dira.

 


Egiturazko bazterketa da. Mundua, gizartea, dena gorputz meheei, zuriei eta gazteei begira pentsatua dago, eta ordaindu egin behar du hortik ateratzen denak

Oihana Llorente, Parean elkarteko kidea


 

Lodifobiak modu praktikoan ere eragiten duela aipatu duzu. Aniztasuna denon ahotan dabil garaiotan, baina testuinguru askotan jasotzen dute bazterketa hori, ezta?

Egiturazko bazterketa da. Mundua, gizartea, dena gorputz meheei, zuriei eta gazteei begira pentsatua dago, eta ordaindu egin behar du hortik ateratzen denak. Entzun izan dugu hegazkinean joateko bi eserleku erosteko eskatu izan diotela behin edo behin pertsona lodiren bati. Eta osasun arloan ere, gero eta salaketa gehiago dago pertsona lodiei oso tratu txarra ematen zaielako.

 

Loditasuna utzikeriarekin lotzen delako, ezta?

Bai. Eta, askotan, beste gaixotasun batekin joaten dira medikuarenera, baina lehenengo 20 kilo galtzeko esaten diete. Bitartean, benetako gaixotasuna erabat zabaldu daiteke, eta horri ez diote kasurik egiten.

 

Zer egin dezakegu bazterketa hori gerta ez dadin?

Gure diskurtsoak berrikusi behar ditugu, egiten ditugun komentarioak edo txantxak, eta gure aurreiritziak berrikusi behar ditugu. Txikitatik hasi beharko genuke hori guztia lantzen. Autoestimua lantzen bereziki, hori baita presio estetikotik ihes egiteko modurik onena. Oso garrantzitsua da nork bere gorputza maitatzea. Hortik abiatu beharko genuke, eta errespetuz jokatu.

 


#eta hala ez bazan?

#eta hala ez bazan? Presio estetikoa ispilutik sare sozialetara izeneko hezkuntza-proposamena ari da lantzen Parean elkartea, Patata Tropikala Antzerki Laborategiarekin elkarlanean. Edurnezuriren ipuin klasikoaren berrirakurketatik abiatuta, sare sozialek eta edertasunaren estandar irrealek ezarritako presio estetikoari desafio egiten dio proiektuak, gazteen autoestimuan eta ongizate emozionalean eragin larria baitu presio horrek. Proposamenaren helburua da nerabeak ahalduntzea antzerkiaren eta hausnarketa kolektiboaren bidez, eta haien irudiarekin eta autoestimuarekin harreman osasuntsuagoa sustatzea.

Horren aurretik #eta hala ez bazan? Etxerako bidean beldurrik ez proposamena landu dute, Txanogorritxoren berrirakurketa eginez.