Joxe Mari Auzmendiren balioak argitan jartzen dituen liburua kaleratu du Hik Hasik. Hezkuntzaren une historiko honetan eredu eta akuilu behar luke haren izpiritu bateratzaileak. 

Euskal edagogoa lokatzetan: Joxe Mari Auzmendi, Hik Hasiren arima, A-tik Z-ra. Izenburu horrekin argitaratu du Hik Hasik liburu berria, edo are gehiago, ekarpen berria. Hik Hasiren aldizkariek, formazioek eta materialek helburu hori izan baitute hasieratik: euskal hezkuntzari ekarpena egitea. Ildo horri jarraiki, biografia bat baino gehiago den liburu honek ere ekarpen sutila bezain sakona egiten duela esan daiteke. 

Hik Hasiren arima izan zen Joxe Mari Auzmendi, eta haren bizitzako hainbat pasarte argitara emateaz gain, bizitzan zutabe eta helduleku izan zituen balioak aletzen dira liburuan. A-tik Z-ra, hitzez hitz, koherentziaz eta zintzoki praktikan jarri zituen balioak dira, hezkuntzako, herrigintzako eta kulturgintzako bere jardunean. Ez zuen liburu teorikorik idatzi; Joxe Mari Auzmendik egin egin zuen, jardun, aritu, lokatzetan murgildu. Eta horrelaxe irabazi zuen pedagogo titulua, berak inoiz esaten ez bazuen ere, askok jarritakoa edo aitortutakoa. 

Joxe Mari Auzmendiren hitzak esan berriz esan, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal. Merezi du haren balioak gogoratzeak eta gaurkotasuna emateak. Merezi du eta behar da. Behar da orratza eskuetan zuen jostunaren irudia, izpiritu bateratzailearekin aritzen zen eragilearen irudia. Ikastetxeetan, bileretan, kalean eta hezkuntza eragileen artean saregile lanak egiten zituela argi frogatuta geratu da liburuko orrialdeetan hainbat egilek kontatu dutenarekin. 

Horregatik, eredu eta akuilu izan daiteke une historiko honetan ere, zergatik ez. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Hezkuntza Legearen prozesua nola doan ikusita, liburuaren irakurraldia gomendagarria izan daiteke. Bakoitzak bere ezaugarriak defendatzea zilegi dela onartuta, horren gainetik egongo den begirada bat behar da zerbait eraikiko bada. Herri honi eta erdigunean kokatzen diren ikasleei eta pertsonei zor zaielako. Legeari egindako ekarpenen osagarri izan daiteke liburua, ikuspegi bateratzailearen aldarria daramalako Joxe Mariren izpirituak.

Erakunde autonomikoko agintariek bi printzipio nagusi ezarri dituzte: euskara eta gaztelera, biak gureak. Eta euskara eztabaida politikotik kanpo

Pako Sudupe