Garazi Goia | Idazlea

Londresen bizi naizen eta 5 urte azpiko bi haur ditudan perspektibatik egiten dut ondorengo hausnarketa laburra. Bi dimentsio ezberdinetan oinarritutako ikuspuntua eta pentsatzeko modua landu ditudala (edo oraindik ere lantzen eta ikasten noala) esan behar.

Lehenengo dimentsioa praktikotasunetan eta aspektu logistikoekin erlazionatutako hori da. Eskolatik nork jasoko duen alaba; semea gaixo jartzen bada nor geldituko den etxean harekin; bilera garrantzitsu bat jarri didate azken unean eta berandu arte etxera ezingo naizela iritsi pentsatzeak sortzen didan kezka eta antzekoak. Hauek guztiak kudeatzeko orduan, nire inguruko beste asko bezalakoa sentitzen naiz eta konparaketak atsegin ez baditut ere, kasu honetan hori lagungarria egiten zait . Alegia, egoera hau da hemen “normala” dena: ez dauzkagu aitona-amonak edo familiako beste kide batzuk gertu laguntzeko. Beraz, modu pragmatiko batean hartzean dut dimentsio hori. Ez du merezi hipotesietan denbora galtzerik: nik aukeratu dut horrela egitea eta merezi du. Gainera, Londresen dauden baliabide eta aukera zabalek errazago egiten dute kudeaketa hori: haurren aisialdirako hamaika eskaintza daude, haur zaintza mota ezberdinak eta laneko ordutegietan malgutasuna adibidez.

Bigarrena alde emozionalagoa, neurtzen zailagoa dena, lanketa gehiago eskatzen duena da. Batetik, amatasuna eta nire ibilbide profesionala uztartzeak eskatzen didan esfortzua, lanaren eta familiaren arteko oreka hoberenaren bilaketan. Londresek eskaintzen dituen aukerak (profesionalak, sozialak, kulturalak) aprobetxatu nahi ditudalako; niretzat erreferentzia diren emakume asko bidean topatzen ditudalako  eta posible dela erakusten didatelako (eta niretzat hori ezinbestekoa delako); nire espazio indibidual aberatsago bat bilatu dudalako; ametsen atzetik joatea posible zaidalako. Baina batez ere, nire haurrei hori irakatsi nahi diedalako. Tamalez, beste leku batean banengo hori guztia ez zen posible izango.

Azkenik, korapilo handiena sortzen didan kontua, alde emozional horren esparruan baita ere: nire seme-alabek ez dakite zer den gertuko familia egunero hor haien “ondoan” (zentzu fisikoan) edukitzea. Niretzat hainbeste balio izan zuen hori, ni naizenaren oinarri sendoa ezarri zuena eta oraindik ere hainbeste eragin duena niregan. Pentsamendu horiek nire barrenean kontziliatzen denbora asko ema(te)n dut. Fisikoki ondoan ez eduki arren, harreman sendo eta aberatsak osatzean sinesten dut;   egoten garen une guztiak “kalitatezkoak” izan daitezen; nire haurrek oso presente izan dezaten harreman aberats bat 
sortzeak duen garrantzia (zorionez, urruntasunaren nozioaz ahazten teknologiak izugarri errazten du); baita nire identitate, hizkuntza eta herriak duten garrantzia ere.  Hala eta guztiz ere, helburua ez da nik izan nuen hura beste zerbaitekin ordezkatzea. Balio berdina duen (edo hobeagoa den) beste zerbait bilatzea baizik. Kontua da ez dagoela soluzio perfekturik eta inperfekziorik hoberenean bizitzea onartzea dela askotan zailena.